Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iparragirreri begira… jarriak eta kontrajarriak

Iparragirreri begira… jarriak eta kontrajarriak

Amatiño 2021/01/01 10:00
Lau haizetara “eman eta zabal zazu” aldarrikatu zuen Iparragirrek beste lau aire baino ez zituen argi izan: Gurutzea, Arbola, euskara eta Foruak, munduan zehar ibiltzeko --kapelaz, ez txapelaz-- nahiko eta sobera zitzaizkiolakoan.
 Iparragirreri begira… jarriak eta kontrajarriak

Pedro Berriochoa

Jose Maria Iparragirre (Urretxu, 1820 – Itsaso, 1881) jaio zeneko berrehungarren urteurrena dela-eta, Pedro Berriochoa Azcárate (Urretxu, 1958) historialariak burutu du “A corriente y contracorriente “ deritzan ekarpena*, non 'Gernikako Arbola'ren egilearen nondik norakoa aztertzen duen bi partetan partitua eta berecia, Axularrek esango lukeenez.

Aurrenengoa, Iparragirreren bizitzaren zertzelada eta gertakari biografiko objektiboei atxikia da gehienbat. Bigarrena, aldiz, haren izaera, portaera eta jokaera jarriei zein kontrajarriei buruzko xehetasunez osatua, iruzkin luze edo saiakera labur antza. 

Berriochoaren 'estudioa' edo tesia zera da: Iparragirre, Euskal Herriak bere egin duen (zuen?) sinboloa den arren, behar bada ez zen sekula sorterrian erosoegi sentitu, ez zen inondik ere garaiko euskaldun peto-petoa izan, eta guztia gutxi balitz bezala, euskal larrain ideologiko bakoitzak mitoa baliatu nahi izan du, nork bere interesen arabera gura eta komeni bezala.

Besteak beste, Berriochoak zuzenean, erdizka nahiz autu-mautuan dioenari jaramonik --interpretazio librean-- egingo badiogu, Iparragirre izan zen karlistek nahi baino liberalago, liberalek nahi baino eliztarrago, eliztarrek nahi baino gorriago, gorriek nahi baino abertzaleago, abertzaleek nahi baino espainiarrago, arlotetzat hartu zuten espainiarrek sumatu baino kultuago, sasikultuok gura baino emakumezaleago, emakumeek maite baino potro handiago, astapotrotzat jo zutenek uste baino poetago, poetek iritzi baino bertsolariago eta bertsolarien gustuko baino artistago. Alegia, denok nahi omen zuten Iparragirre euren inguruan, baina inork ez zion Jose Mariri barkatu berak nahi zuen bezala izatea.

Nonbait, lau haizetara "eman eta zabal zazu" aldarrikatu zuen Iparragirrek beste lau aire baino ez zituen garbi izan: Gurutzea, Arbola, euskara eta Foruak, munduan zehar ibiltzeko --kapelaz, ez txapelaz-- nahiko eta sobera zitzaizkiolakoan.

Iparragirre ez zen izan “eguzkia nora, zapiak hara” gogoko zutenetakoa. Hamalau urterekin etxetik alde egin zuenetik Diputazioei laguntza eskaka zendu zen arteraino, bere buruaren jabe nahi izan zuen izan, inork ezarritako molde jarriei eta kontrajarriei so gelditzeke.

Zer gerta ere, Berriochoak honelatsu amaitzen du bere herrikidearen gaineko 50 orrialdeko lana: Seguramente, nunca alcanzó la excelencia en nada. Ni en su vertiente lírica ni en la musical. Fue un hombre de momentos, de sentimientos, espontáneo, intuitivo y directo. Sus canciones quizás no estén hechas para los grandes escenarios, para los elegantes palacios de música, pero son ideales para la sobremesa, para los momentos de amable camaradería. Doscientos años después de su muerte, aunque algo olvidado, sus versos continúan alegrándonos a algunos los oídos y el alma. Que sea por dos centenarios más.

Hala bedi.

---oo0oo---

** Nacionalización, Estado y violencias políticas. Dimensión social, discursos y prácticas (siglos XIX-XXI) Euskal Unibertsitate Sistemaren A Tipo Talderaren baitan, Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministeritzaren sustapenaz eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzaz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: