Mutil-dantzak eta nesken parte-hartzea
Atzo ETBtik deitu zidaten udako arratsaldeko programaren batean horren inguruan aritu nahi dutelako. Emakumeen parte hartzearen aldekoa ala aurkakoa naizen galdetu zidaten atzo telefonoz. Aldekoa naizela esan nien, baina ez dudala uste kontrakoa kriminalizatu daitekeenik komunikabide batzuk egiten ari diren moduan. Atzo Berriak ateratako artikulu bat pasa zigun Josu Garatek. "Ez al da larregitxo "sexu erasoak festetan" izenburupean Elizondoko mutildantzen gaineko afera sartzea?" galdetzen zuen Josuk, eta arrazoi guztia du. Berriaren artikulu hori bai dela eraso sexista bat. "Sexu erasoak festetan" du izena, eta Iruñeko San Ferminetako sexu erasoen ondoan Elizondon mutil-dantzetako auzia jartzen du, maila bereko kontuak balira bezala.
Elizondon Udalak erabaki du emakumeek eskubidea dutela mutil-dantzetan parte hartzeko, eta alkatesak berak dantzatu ditu Santiago egunean mutil-dantzak, beste gizon eta emakume batzuekin batera. Horren aurrean, zenbait gizonezkok plaza utzi eta ez dute dantzatu. Ez dut uste hori eraso sexista bezala katalogatu daitekeenik. Gizon horiek festa eta dantza hori modu batera ulertzen dute, emakumerik gabe, eta ikusi dutenean emakumeek ere parte hartuko dutela, beraiek beren burua erretiratu dute bertatik. Berdintasunaren ikuspuntutik ez da jarrera positiboa izango, baina uste dut ezin daitekeela hori eraso sexistatzat jo, ezta horrelakoekin nahastu.
Horrekin batera, ETBko kazetariari aipatu nion komunikabideen gai honekin jokatzen duten papera erabat makurra dela, atentzioa liskarra dagoen tokian bakarrik jartzen dutelako (eta liskarra ez badago, eztabaida bakarrik badago liskarra pizteko ahaleginak egiten dituzte) eta aldiz, emakumeek parte hartzea festetan normaltasunez txertatzeko ematen diren urratsei ez zaie inolako arretarik eskaintzen. Ondorioz, badirudi festa eta tradizioen mundu hau erabat atzerakoia eta matxista dela, eta neurri batean halaxe da, baina gizartea bera den oso antzeko neurrian, eta ez komunikabideek erakusten duten proportzioan.
Gai honen inguruan sarrera idatzi du AraksuEhe-k bere blogean , eta hor ere iritzi trukean ari gara. Nire ustez, dantza taldeotan emakumeen berdintasuna aztertzeko, hitzegiteko, eztabaidatzeko, ausnartzeko eta noruntz jo nahi dugun pentsatzeko beharra dugu, eta ni behintzat, nire taldean gai hori argitzen ez dugun bitartean, ez naiz inor sentitzen beste taldeetan eta beste tradizioetan egiten dutena epaitzeko.