Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eta orain, zer?

Eta orain, zer?

Amatiño 2010/11/11 00:10
Sekula izan den lehen kazetari euskaldun lizentziatua, euskal irratigintzaren aitzindarietakoa, euskarazko irrati publikoaren aurrenengo zuzendaria, munduko irratirik handienetakoaren nazioarteko albistegi-burua, Erromako Unibertsitate Gregorianoan master-irakaslea… Ea nork eskaini dezakeen curriculum hoberik eta hala ere… hala ere ezin esan, tamalez, “aurkezpenik behar ez” duenik. Berrogei urtetik beherakoen artean bai behintzat.

Ignazio Arregi S.I. irrati-maisuak “nolabaiteko autobiografia edo memoria” (Eta orain, zer? Alberdania, 2010) eskaini digu, apal-apal, lasai asko, patxada handiz, berrogei urtez informazioaren erabakiguneetan aritu izanaren esperientzia ezin arruntago bailitzan. Berrogei urte ez dira artalak edozein lanbidetan, baina dezente mordoa gero informazioaren lehen lerroan eta ikaragarri asko, berriz, zuzendari-arduretan.

Loiola Irratian (1961-1982), Arregik ETAren hasierak ezagutu zituen, euskal elizaren lehen protestak, euskara batuaren auzia, Carrero Blancoren kontrako atentatua, Txiki eta Otaegiren heriotza-zigorra, Francoren heriotza, Everesterako lehen bi euskal espedizioak,  ikurrinaren aldarrikapena, Konstituzioaren eta Gernikako Estatutuaren erreferendumak,  lehen Eusko Jaurlaritza, Tejeroren golpea, Joan Paulo Bigarrenaren bisitaldia Loiolan eta Xabierren…

Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria egituratzea eta antolatzea egokitu zitzaion gero, Eusko Irratiaren lehen zuzendari nagusi (1982-1986) gisa, eta ondotik hogei urte inguru Erroman, Vatikano Irratiak nazioarteko informazio-ardura eskaini zionez gero: Txinako katolikoen egoera, Vatikanoaren harremanak Israelgo gobernuarekin, askapen teologiaren mugimendua, moral-kontuak, biotetika-eztabaidak, Ambrosiano Bankuaren afera, Ipar Ameriketako zenbait apaizen pedofilia, Aita Arruperen heriotza eta santutze-aldarria, Ibarretxe lehendakariaren egitasmoa, Kuwait, Irak, Pekin, Kuba eta Balkanetako gatazkak… Guztiak ere gai konplexu samarrak, berez, eta zer esanik ez Vatikanoren Servizi informativi centrali  direlakoen ikuspegitik mundu guztian barrena.

Arregi kazetaritzaz diplomatu zen 1965an Milango Unibertsitate Katolikoan, Espainian fakultaterik ere ez zen garaietan eta berrogei urte geroago Erromako Unibertsitate Gregorianoan amaitu zuen irratigintza irakasten. Baita, ETB, TVE zein Euskadi Irratiarentzat Erromatik bertatik berriemailearenak egiten ere.  Telebistarako zuzenean egin zituen azken kronikak Juan Paulo II.ren hiletak eta Benedikto XVI.ren kargu-hartzea izan ziren, 2005an. Ordurako 74 urte zituen.

Izan ere, ahaztu egiten zaigun arren, Ignazio Arregi maisuak 80 urte beteko ditu datorren urtean. Bizitza osoa  kazetaritzari emana, euskal kazetaritzari eta euskal kazetaritzaren izen onari. Eta orain, zer? galdetzen dio berak bere buruari, orain arte eginbeharrekoak oso garbi eduki izan balitu bezala. Baina, behar bada, Ignazio Arregi ez garen gainerako guztiak gara geure buruari galdetu beharko geniokeenak: Eta orain, zer? Hau da, ez al dugu guk geuk ezer egin behar? Ez al gaude guztiok ere zorretan? Ez al diogu ezer eskertu behar? 

                        Arregi

Jaime
Jaime dio:
2010/11/11 18:04

Lakuatik etorri berri nintzela, Eusko jaurlaritzak Bilboko Gran Vía 85ean zeukan,eta daukan, egoitzan Inaxio Arregi ezagutu nuen, garai haietako Eusko Irratiko zuzendari zelarik; oker ez banago 1983an izango zen. Hainbat solasaldi izan genuen, laburregiak nire gustorako, baina hala eta guztiz ere, nahiko luzeak gizon baten jakituria, bizitasun eta goxotasuna aurkitzeko. Batzutan, haren zelatan egoten nintzen berakin hitzegitekoaren aukera ez galtzeko. Ez ditut inoiz ahaztuko haren ahots samur eta euskara dotore eta goxoa. Ez dut uste berriro ikusiko dudanik, baina bihoa hemendik nire omenaldi xume hau, eta datorren urtean bete ditzala laurogei urteak eta gehiago ere...Jainkoak nahi badu.

inazio
inazio dio:
2011/07/04 14:44

Nor zara, Jaime? Benetan eskertzen dizkizut hemen jarri dituzun hitz hoiek. Ezin gogoratu naiz nor izan zaitezken. Pozik jarriko nintzateke zurekin harremanetan. Laister arte.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: