Azkaindarrak, jauzi eta ebats!
Dantza-jauziak ez datoz bat azken hamarkadetan euskal dantzen inguruan 
indartu diren topikoekin. Ikusteko baino, dantzatzeko eginak daude. Ez 
da hanka ilargiraino altxatzeko ahaleginik egiten, eta ez da kabriola 
eta jira-bira konplikaturik egin beharrik ere. Ez dute adin mugarik, ez 
dago sasoian egon beharrik, eta lesionatzeko arriskurik ere ez dute. Eta
 hala ere —edo hain zuzen ere horregatik, besteak beste—, dantza 
egitearen plazera plazetara itzultzeko gaitasuna dutela frogatzen ari 
dira. Orain hamarkada batzuk ia desagertu ziren, baina orain loraldia 
bizi dute. 
Mutxikoen edo dantza-jauzien arrakasta, dantzaldi 
irekien eta dantzazalearen figuraren indartzearekin lotuta dator. 
Kantu-zaleak bezala, dantza-zaleak ere elkar-antolatzen hasi dira, eta 
antolatzen ez direnean ere, dantzarako aukera guztiak baliatzen dituzte.
 Dantza taldeetako dinamikatik  aparte, dantzaren alderdi ludikoa 
erreibindikatu dute. Dantzazaleek dantzan gozatzen dute, eta eremu 
formaletik aparte, dantzaren gozamena plazetara itzularazteko 
ahaleginetan dihardute.
Jaurlaritzan izandako aldaketak izan al 
du eraginik dantzaren alorrean? Ez igarri da ia ezer, tamalez. Lehen 
txanpa honetan ohartu gara kudeatzaile berriek dantza sustatzeko 
lehengoek adina gogo dutela. Alegia, borondaterik ez dagoela, eta beraz,
 alde horretatik berdin jarraitzen dugu. Lehendakaria dantzari-ohia 
izateak ez du ekarri gobernu dantzazalea. Dantzaren alorra ohitu da bere
 kasa moldatzen, trakets, dena esan behar bada, baina iraunbizitzen, eta
 ez dio askorik eragiten joera bateko zein besteko gobernuak, denekin 
nahiko kaskar moldatzen baita.
Dantzariak kudeatzaile, saltzaile 
eta politikari kaskarrak garela erakutsi dugu, baina hala ere, ez dugu 
dantza erabat zapuztea lortu, eta milaka lagunek gozatzen du dantzan 
gaur eta hemen. Foru Aldundiak bultzatutako ikerketa bati esker jakin 
dugu Gipuzkoan 10.000 lagun ari direla astero dantzan ikasten. 
Administrazioak beste aldera begiratu arren errealitatea egoskorra da, 
eta ikusten denez, errealitate honi dantza egitea gustatzen zaio. 
Argia Urtekaria 2010
