Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Txapelkeriak

oier_a 2006/05/23 17:43

Iñigo Manuel aurreskularia da. Iñigo Manuelek zazpi aldiz irabazi du aurresku txapelketa . Bere garaian Mikel Sarriegik, eta oraintsu Jon Mayak Gipuzkoan egin duten balentria bera. Baina gasteiztarra da, eta Arabako txapelketa da irabazi duena. Beraz, haren lorpenak ez du oihartzunik izan, ez aurreko sei urteetan eta ezta zazpigarren txapela buruan jarri duenean ere. Txapelketa Gipuzkoan irabazi izan balu beste kontu bat litzateke. Han eta hemen izango genuke Iñigo Manuelen garaipenaren berri. Baina Estibalitzen jokatu da, eta Arabako txapelketa da irabazi duena. Beraz, ez dakigu nor den Iñigo Manuel.

Txapelketak dantza sustatzeko eratuko zituzten akaso, baina praktikan, gaur eta hemen jokatzen diren txapelketek gipuzkoarren dantza nagusitasuna behin eta berriz frogatu eta aldarrikatzeko zepo maltzurrak dirudite. “Arabako aurresku txapelketa” Arabako txapelketa da, ez gehiago eta ez gutxiago. Baina hara, Gipuzkoako aurresku txapelketa Euskadiko txapelketa dela sinestarazi nahi digute. Hori bai, Euskadiko txapeldun tituloa irabazteko gipuzkoar erara jokatu behar da. Hogeitabost urtean ez da ezagutu Pasaian Gipuzkoakoa ez den txapeldunik, eta parte hartzaileak ere, Gipuzkoako bospasei herritik haratago inor gutxi.

Txapelketek funtzio bat jokatzen baldin badute hori ereduak sortu eta zabaltzea da. Pasaiako aurresku txapelketaren bidez aurreskua dantzatzeko eredu jakin bat finkatu, hedatu eta sustraitzea lortu da. Orain urte batzuk Tolosako dantzari talde bat saiatu zen beren herriko aurreskua txapelketan sustatzen ari zena bezain baliotsua zela erakusten. Ez zituzten aintzat hartu. Hogeitabost urteren buruan, antolatzaileak ohartu dira eredu bakar horretara horrenbeste makurtzearen ondorioz tokian-tokiko hainbat dantzakera baliotsu eta horiei eutsi dieten dantzari apurrak baztertuta geratu direla.

Beste horrenbeste gertatzen da dantza solteko txapelketekin. Seguran jokatzen denari Euskal Herriko Dantza Txapelketa jarri diote izena, baina funtsean, Segurako dantza solte txapelketa baino ez da. Dantza soltean egiteko modu berezi bat garatu da txapelketa horietan. Eredu gimnastiko, tente eta lerdena da, eta abiadura, teknika eta simetriaren bikaintasunean jotzen omen du gailurra. Erromeria eta plazako dantza soltearekin zerikusi gutxi du eredu horrek, baina inork txapelketan aukerarik izan nahi badu, modu horretan aritu beharko du. Bestelako dantza-ereduak oso ongi hartuak izaten dira, bai, aniztasunaren izenean, eta garrantzitsua parte hartzea delako. Baina txapela… hori gipuzkoarren kontua da.

Urtea joan urtea etorri temati jarraitzen dute zenbaitzuk Gipuzkoatik kanpoko bikoteak Segurako segadara eramateko ahaleginetan. Euskal Herriko tituloa jarrita, lotsagarri gertatzen da 15 bikotetik 14 gipuzkoarrak izatea, eta beraz, ahaleginaren ahaleginez urtero lortzen dute Araba edo Nafarroako bikoteren bat zepoan erortzea. Saiatu saiatzen dira estiloa imitatzen, eta kontsolazio saria ere jasotzen dute: finalerako pasea bikote exotikoa izateagatik. Noski, irabazi, beti berdinek irabazten dute, txorimaloak bezain tente eta eskuekin ilargia ikutu nahian dabiltzan Gipuzkoako txapelketa espezialistek. Baina besteek bete dute beren funtzioa, txapelketa Euskal Herrikoa dela egiaztatu eta Gipuzkoako bikoteen eta beraien dantza eredu txapelketeroaren nagusitasuna berretsi.

Euskal Telebista da Segurako txapelketa Euskal Herrikoa izan dadin bultzada erabakiorra eskaintzen duena. Telebistan agertzeak bihurtzen ditu irabazleak ezagun eta beraien dantza moldea eredugarri. Eta Gipuzkoako dantza eredu horren alde ETB egiten ari den lana kontuan hartzekoa da. Segurako txapelketa ematen du urtero, Gipuzkoako dantzarien emanaldiak izaten ditugu gabonetan Olentzeroren Begi Gorriaren aitzakitan, eta aurten Pasaiako txapelketa ere telebistaz emateko mehatxua egin du. Deskuidoan, Iñigo Manuel ere eramango dute telebistara, gipuzkoarren soroan periferiaren lekukotasun exotikoa utz dezan.

Etapa bat

oier_a 2006/05/23 10:43

Maiatzean etapa bat bukatu den sentsazioa daukat. Luzaroan ordu asko, eta pentsamendu gehiago, hartu dizkidaten bi proiektuk argia ikusi dute maiatzeko lehen egunetan.

Orain lau urte, 2002an, Portugaleteko Elai-Alai taldetik proposamen bat iritsi zitzaigun Elgoibarko Haritz Dantzari Taldera. Bizkaiko dantzekin egina zuten bezala, Gipuzkoako dantzekin webgune bat egin nahi zuten, urratsak eta dantzak, azalpen, argazki eta bideoen bidez agertuz. Ilusioz sartu ginen lan horretan, eta lan handia izango zela bagenekien ere, ez genuen espero hain luze joko zuenik erremateak.

Bideo grabazioak gogorrak gertatu ziren. Bideoa inbento ederra da dantzariontzat, baina, grabatu beharrekoa norbera denean bideoa traidore hutsa da. Emanaldi arrunt batean oharkabean pasatzen diren hainbat akats txiki eta gabezia tekniko agerian jartzen ditu bideo madarikatuak, eta grabazio sesioak tortura sesio bihur daitezke dantzarientzat. Eskerrak dantzari bikainekin egin genuen lan. Gogoan ditut Mikel eta Garikoitzekin egindako lehen grabazioak. Haien iraupen fisikoa eta pazientzia aproban jarri genituen.

Taldekako grabazioak ere ez ziren goxoak gertatu. Nahikoa zen bakar baten akatsa gainontzeko guztien lana pikutara bidaltzeko. Dantzarientzat ere irakaspen ona, gogorra baina aberasgarria, izan zela uste dut.

Bideoek eman diguten laneri erreperatu diot batipat goiko lerroetan, baina argazkiak, musikak, testuek eta abarrek ere nahikoa entretenimendu eman digute. Deskantsu ederra hartu dugu 2006ko maiatzaren 9an, Gipuzkoako dantzak webgunea aurkeztu dugunean. Bazen ordua!

Maiatzean argia ikusi duen beste proiektua dantzan.com-en berritze lana izan da. Talde txikiagoan aritu gara hori egiten, eta alde horretatik erosoago izan da (ez zegon bideorik grabatu beharrik!). Baina aurrekoaren aldean, bigarren proiektu honi jaten eman behar zaio egunero, eta beraz, honekin ez dago deskantsurik!

Orain proiektu berrietan sartzeko garaia da.

Zein da zure diagnostikoa? Eta erremedioak?

oier_a 2006/03/10 12:21

Xabide enpresako langile baten bisita izan nuen atzo. Dantzaren alorrari termometroa jarri eta hartu beharrekoa neurriak eta egin daitezken proiektuei buruzko proposamenak jasotzera etorri zen. Eusko Jaurlaritzak enkargatu dio lan hori Xabide enpresari, eta horretarako sektoreko zenbait pertsonarekin hitzegiteko eskatu dio. Zerrenda horretako jendearekin elkarrizketak egiten ari dira orain Xabide enpresako langileak. Galdetu nion zenbat lagunek osatzen zuten zerrenda hori, baina ez zidan erantzuten jakin. Oinarrizko zerrenda Jaurlaritzak berak eman diela esan zidan, eta nire izena ere hor ageri zela. Beste norekin hitzegin duten galdetuta izen hauek eman zizkidan: Juan Antonio Urbeltz, Sabin Egiguren, EDBko Santi (Bañales pentsatzen dut izango dela) eta Xabier Mendizabal (azken izen hori ez zidan konfirmatu, baina hori pentsatu dut izango zela) eta Jon Maya. Oraindik elkarrizketa gehiago egiteko asmotan omen dira.

Zazpi-zortzi galderako inkesta moduko ba prestatuta zuen, galdera nahiko orokor eta irekiekin “Zein da zure ustez dantzaren egoera gaur egun?”, “Zer egin daiteke formazioa, kreazio eta dokumentazioa alorretan adibidez?”. Orduterdiz jardun genuen hizketan, eta galdera ireki samarrak zirenez, eta dispertsiorako joera handi samarra dudanez, saltoka ibili nintzen gai batetik bestera, gai bakar bat ere ganoraz sakondu gabe, eta hainbat kontu bazterrean utzita.

Diagnostikoa egin eta irtenbideak aurkitzen saiatzea behar-beharrezkotzat jota ere, hori egiteko Jaurlaritzak aukeratu duen bidearekiko nire zalantzak aurkeztu nizkion. Jaurlaritzak enpresa bat kontratatu du lan hori egiteko. Enpresa hori niregana dator eta dantzaren munduari buruz daukadan ikuspegia, ideiak, proposamenak eta radiografiak eskatzen dizkit. Horiek jaso, besteek esandakoekin nahastu, informazio hori “kozinatu” eta Jaurlaritzaren eramango dio. Ondorioz nik nire ideiak zuzenean erabakiak hartu behar dituenari helarazteko aukera galtzen dut. Bitartekariak nire ideiekin bere proiektua elaboratzen du, eta bera da lan hori sinatu eta kobratzen duena. Beraz, Jaurlaritzak dantzaren alorrari buruzko diagnostiko bat eta lan-lerro batzuk jasotzen ditu, enpresa pribatuak dirua irabazten du, eta nik zer? Ni pozik egon behar naiz dantzaren mesedetan izan delako dena, eta nire lana, ideiak eta denbora kausa on baten alde izan direlako. Akaso Michiganekoa banintz dirutza kobratuko nuke aholkularitza espezializatua eskaintzeagatik eta periodiko guztietan aterako nindukete dantza salbatzera etorri den “nazioarteko aditu taldean” aurkeztuta. Baina eibartarra naizenez pozik egon behar naiz gutxienez iritzia galdetu didatelako, eta gainera gero, emaitzarekin ez banago gustora nire errua izango da, bere garaian hitzegiteko aukera eman zidatelako.

Prozedurari buruzko nire desadostasuna agerian utzita proiektu konkretu bakar batzuk izan nituen mintzagai Xabideko langilearekin. Egoeraz oro har ere jardun genuen, premia larriak dituen alorra dela nabarmentzen saiatu nintzen, eta buruan nituen makina bat kontuen artean hiru eskaera bakarrik formulatzen asmatu nuela uste dut:

  • Dantza maisu titulazioa
  • Dantza dokumentazio zentroa
  • Tokian tokiko dantza tradizionalak ondare bezala katalogatzea eta sustatzea

Dantza maisuari buruzkoak jakinekoak dira, horren inguruan ari baikara azken aldian (berriz ere). Beste bi kontuak azalduz saiatuko naiz aurrerago zerbait idazten.

Ez nintzen oso gustora geratu, esan bezala dispertsiorako joera handia baitut, eta ideia txukun gutxi formulatzen asmatu nuen. Gauza asko geratu zitzaizkidan esateko. Horrez gain auskalo esandakoen artean zenbat eta nola iritsiko diren helmugara. Eta gainera, Xabideko langileari esan nion bezala, txostena ona edo txarra egin dezakete, baina gero ez baldin badago hori guztia martxan jartzeko borondate politiko argirik (hau da, dirua) alperrik izango da dena (bueno, Xabiderentzat ez, horrek berdin irabaziko du). Bere erantzuna izan zen irudipena duela une honetan Kultura sailak lehentasuntzat duela dantzaren alorra, benetan behar larrian dagoela ikusten duela eta neurriak hartzeko borondatea badagoela. Ikusiko dugu.

Soka-dantza, sokadantza ala soka dantza?

oier_a 2006/02/23 13:07

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak sokadantza idazkera, marratxorik gabe eta elkartuta, jasota duela aipatu dit Mikel Sarriegik aurreko mezuaren erantzun batean, eta nik berriz soka-dantza idazten dudala. Arrazoia du Mikelek eta eskertzen diot gaia atera izana, nire idazkeraren arrazoiak azaltzeko aukera eskaintzen baitit.

Ea labur-labur kontatzen asmatzen dudan nire erabakiaren nondik-norakoa. Hasteko, argitu nahi dut orain urte batzuk arte nik ere sokadantza idazten nuela. Hain zuzen ere, 1998an Gregorio Santa Cruz-en inguruko lana egin nuenean ibili ginen horrekin bueltaka eta azkenean Euskaltzaindiaren esanei kasu eginez liburu hartan sokadantza jarri genuen.

Baina gero, dantzari buruz gero eta kontu gehiago idaztea tokatu ahala, ikusi nuen Hiztegi Batuan ez dagoela batasunik eta koherentziarik dantzen izenen idazkerari dagokionez. Hau da, Euskaltzaindiak dantza izenak idazteko lau aukera desberdin erabili dituela ikusi nuen:

  • Elkartuta eta marratxo gabe: sokadantza
  • Marratxoarekin: brokel-dantza, dantza-soka.
  • Banatuta: makil dantza
  • Marratxoarekin zein banatuta idazteko aukera emanez: ezpata(-)dantza, sorgin(-)dantza, mutil(-)dantza,...

Beraz, nahastea handi samarra dela iruditu zitzaidan. Euskaltzaindiarekin harremanetan jarri nintzen argibiderik eman zezaketen galdetuz. Erantzun zidaten gaia aztertu eta erabakiren bat hartu beharko litzatekeela, eta beraz, prestatzeko txosten bat eta Euskaltzaindiari aurkezteko. Oso ondo. Baina lan-bolada ero batek harrapatu ninduen, eta noizbait egiteko lanen karpetan gorde nuen txosten-asmo hori eta horrela geratu zen, beste hainbat asmo bezala, lo.

Baina, txostena lotara bidali izanak ez ninduen hitz horiek erabili beharretik salbatu, eta halako batean, hizkuntzalari batzuei kontsulta azkar batzuk egin ondoren, eta Elhuyarren nagusi zen joera marrazaleari amen eginez, nire erabilerarako erabakia hartu nuen: dantza izenak marratxoarekin elkartuta idaztea erabaki nuen. Erabaki bitxia, batez ere Elhuyarren marraNO bezala nabarmendu nintzela kontuan hartuta (marratxoen inflazioaren aurkako borroka antzu eta kaskagogor samarra, baina jakina da kontrara egiten gozatzen dugula batzuk gehien) eta hizkuntzalaritzaz tutik ere ez dakidala jakinda.

Eta horretan dihardut. Ez daukat inolako komisiorik jartzen dudan marratxo bakoitzarengatik, baina egia esan, erabakia hartu nuenetik buruhauste txiki bat gutxiago dut. Inoiz Euskaltzaindiak dantzen izenen inguruan erabakirik hartzen badu nik ez dut inolako arazorik izango haren esanetara makurtzeko, baina oraingo egoera honetan marratxoarekin ondo moldatzen naiz, eta gutxienez dantza izenak koherentzia minimo batekin idazten ditut. Zuzentasuna beste kontu bat da.

Soka-dantzaren loraldiaz

oier_a 2006/02/20 13:33

Irakaslearekin iritzi-trukea izan ondoren, badaukat aurten unibertsitate ikasketetan egin behar dudan lanaren izenburua. Karlos Santxez Ekiza izango dut lan honetan tutore. Txistularia eta musikologoa, ttuntuneroen inguruan egin zuen tesia, eta txuntxunoerak izenburupean argitaratu ditu bere doktorego tesian egin zituen ekarpenak

Egin beharreko lanera, oraingoz titulua bakarrik dut, horixe besterik ez, baina ez da gutxi!:

Soka-dantzaren loraldia Gipuzkoan XXI. mendearen hastapenetan

Atzeratuta nabil, eta batzutan pentsatu dut ez naizela garaiz iritsiko epeetara, baina lasai nago, ikerketa-lana bera gozagarri baita niretzat. Inork ez nau behartu lan hau egitera, eta ondorioz, aurreikusitako denbora baino gehiago behar badut, ba erabili egin beharko dut eta ez da ezer gertatzen horregatik.

Zein den nire ikergaia

Nire jakin-mina piztu duen zerbait gertatzen ari da soka-dantzarekin (behintzat Gipuzkoan eta azken urteotan). Oro har dantza taldeek beren errepertorioetatik baztertutako eredu koreografikoa da soka-dantza, taldeetan nagusitu diren ikusgarritasunaren eskema estetiko eta ritmikoetan ez baita erraz egokitzen. Ondorioz, 60-70eko hamarkadetan, hain zuzen ere inoiz baino dantzari, dantza-talde eta emanaldi gehiago izan diren urteetan, soka-dantza asko bertan behera utzi ziren. Azken 15 urteetan ordea, han eta hemen soka-dantzak berpizten eta berriz plazaratzen ari dira, eta beste hainbat dantza ez bezala, tokian tokiko ospakizun eta jaietan sustraituta agertzen zaizkigu.

2005-07-25_Soka-dantza-Azurtzan 032

Horixe da nire lanean aztertu beharrekoa. Zer gertatzen ari den soka-dantzarekin. Zergatik ari den modu horretan berpizten eta errotzen soka-dantza berriz gure ospakizunetan. Soka-dantza

Dantzariek eskuak elkarri emanda giza-katea osatu eta zirkulu irekian egiten diren mugimendu koreografikoek osatutako dantza identifikatzen dugu soka-dantza izenarekin. Egitura koreografiko hau izendatzeko hainbat modu erabili izan dira eta erabiltzen dira gaur egun ere: aurreskua, esku-dantza, gizon-dantza, dantza-soka, kapela-dantza, e.a.

Lehenengo lana, soka-dantzak Gipuzkoan bizi duen loraldi hori konstatatzea da. Ondoren, ia ahaztuta egotetik zuzperraldira eraman dituen arrazoiak aztertzea.

Urtean zehar Gipuzkoan egiten diren soka-dantzen zerrenda prestatu dut. Urtero izaten dut ezagutzen ez nituen soka-dantza gehiagoren berri, eta beraz, pentsatu dut blogaz baliatzea zerrenda osatzen jarraitzeko. Beraz, hona eskaera, zure inguruan dantzatzen den soka-dantzaren bat ezagutzen baduzu eta azpiko zerrendan ez badago, edo zuzenketaren bat egin nahi baduzu, utzi erantzuna azpikaldean edo bestela idatzi zuzenean niri. Eskerrikasko!

Soka-dantzak Gipuzkoan (2006ko datekin)

  • Urtarrilak 19, San Anton jaiak, Eibar, Azitain auzoan, soka-dantza.
  • Otsailak 18 (Inauteri aurreko larunbatean), Anoetan nesken dantza-soka.
  • Otsailak 18 (Inauteri aurreko larunbatean), Anoetan mutilen dantza-soka.
  • Otsailak 19, (Inauteri aurreko igandean) Lizartzan. Inauteriak. Herri bazkaria eta dantza-soka frontoian.
  • Apirila, San Prudentzio jaiak, Lazkao, agintariekin soka-dantza.
  • Maiatzak 4, Santa Kruz jaiak, Legazpia, kapela-dantza.
  • Maiatzak 7, Santa Kruz jaiak, Eibar, Santa Kruz auzoan, soka-dantza.
  • Maiatza, Debarren eguna, Deba, ezpata-dantza eta aurreskua.
  • Maiatza-ekaina, Igokunde jaiak, Legorreta, agintarien soka-dantza.
  • Maiatza-ekaina Loinatz jaiak, Beasain, umeen soka-dantza.
  • Maiatza-ekaina Loinatz jaiak, Beasain, agintarien soka-dantza.
  • Maiatza-ekaina, Loinatz jaiak, Beasain, herri soka-dantza.
  • Ekaina, Oñati, Korpus igandean Oñatiko korpus-dantzen bukaeran, soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Lasarte, San Joan dantza eta soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Oñati, San Joan dantza eta soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Donostian, San Joan dantza eta Gizon-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Antzuola, San Joan dantza eta soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Errenteria, soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Abaltzisketa, soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Zarautz, aureskua edo soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Andoain, udal agintarien soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Irun, soka-dantza.
  • Ekainak 24, San Joan eguna, Usurbil, Kalezarko auzotarren soka-dantza.
  • Ekainak 24, San Joan eguna, Eibar, soka-dantza udal-batzarekin.
  • Ekainak 24, San Joan eguna, Tolosa, Bordon-dantzaren ondoren soka-dantza.
  • Ekainak 24, San Joan eguna, Andoain, Axeri-dantza eta soka-dantza.
  • Ekainak 25, San Joan jaiak, Arrasate, soka-dantza.
  • Ekainak 26, San Pelaioak, Zarautzen, soka-dantza
  • Ekaina-uztaila, San Martzial, Bergara, San Martzial auzoan, aurreskua.
  • Uztailaren lehen igande arratsaldean, Tolosako Amarotz auzoan, auzoko jaiaetan, herri-aurreskua. Eskerrikasko Juanma Zaldua!
  • Uztailak 2, Santa Isabel, Zumarraga, Antiguan, ezpata-dantzaren ondoren soka-dantza.
  • Uztailak 2, Santa Isabel, Usurbil, soka-dantza.
  • Uztailak 16, Karmen, Añorga, Beteranoen aurreskua.
  • Uztaila, herriko jaien hasiera, Antzuola, aurreskua udal-batzarekin.
  • Uztaila, hileko bigarren larunbata, Errenterian, Erromeria eguna soka-dantza eginez abiatzen da. (Eskerrikasko Jon!)
  • Uztailak 25, Santiago, Zubietan (Donostia-Usurbil), soka-dantza.
  • Uztailak 25, Santiago, Villabona, soka-dantza.
  • Uztailak 25, Santiago, Elgeta, Azurtza, soka-dantza.
  • Uztailean, Santa Ana jaiak, Ordizia, haurren aurreskua. (Eskerrikasko Mikel!)
  • Uztailak 26, Santa Ana jaiak, Ordizia, agintarien soka-dantza.
  • Uztailak 27, Santa Ana jaiak, Ordizia, santaneroen (ezkon-berriak) esku-dantza.
  • Abuztuak 1, San Inazio jaiak, Azpeitia, ohorezko aurreskua.
  • Abuztuak 3, San Esteban jaiak, Oiartzun, soka-dantza.
  • Abuztuak 6, herriko jaiak, Itziar (Deba) aurreskua.
  • Abuztuak 10, San Lorentzo, Berastegi, helduen soka-dantza.
  • Abuztuak 13, San Lorentzo jaiak, Aduna, oilasko jokoa eta dantza-soka.
  • Abuztuak 15, Andra Maria, Zumarraga, ezpata-dantza eta aurreskua.
  • Abuztuak 15, Ama Birjinaren eguna, Aizarnan, Oilasko-biltzea eta soka-dantza.
  • Abuztuak 16, San Roke, Deba, ezpata-dantza eta soka-dantza.
  • Abuztuak 16, Azkoitian, Andramaixetan, soka-dantza. (Eskerrikasko Aitor)
  • Abuztuak 17, San Roke jaiak, marinelen soka-dantza.
  • Abuztuak 23, San Bartolome jaiak, Ibarra, sokadantza.
  • Abuztuak 24, San Bartolome, Elgoibar, soka-dantza udal-batzarekin.
  • Abuztuak 24, San Bartolome, Zegama, herriko agintarien soka-dantza.
  • Abuztuak 29, San Joan txiki, Olaberria, soka-dantza.
  • Iraila, Euskal Jaiak, Donostia, soka-dantza.
  • Iraila, San Nikolas jaiak, Lasturren, aurreskua.
  • Irailak 9, herriko jaiak, Zizurkil (behekoa), nesken soka-dantza.
  • Iraila, San Migel jaiak, Irura, gazteen dantza-soka.
  • Iraila, San Migel jaiak, Irura, ezkonduen dantza-soka.
  • Azaroak 10, San Martin jaiak, Billabona, Amasa, soka-dantza.
  • Azaroa, San Martin jaiak, Arama, Udal-batzaren aurreskua.

Titulorik gabeko dantza maisua

oier_a 2006/02/20 11:07

Arte Eszenikoen alorreko zenbait agentek Eusko Jaurlaritzari Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Ofiziala sortzeko eskaera egin diola eta ondokoa aipatu nuen ostiralean dantzan posta zerrendan:

Argi dagoena da hemen mugitzen ez denak ez duela ezer lortzen. Eta non gaude dantzariak? Geldi, gure etxera ate joka noiz etorriko diren zain. Baina isilik dagoenaren berririk ez du inork jakiten. Eta Malerrekan esan ohi duten bezala: mihi gabeko joarea, erdoilak jan.

Aritz-ek, azkar erantzun zion nire arrangurari eta saihestu ezin izan dudan amua jarri zidan:

Zer eskatu? nola eskatu? Zeinek eskatu? Erabateko ezjakintasunetik ari naiz.

Hona nire erantzuna:

Dantza ikasketa arautuak egin ahal izateko eskola. Dantza irakasleek titulua eskuratzeko aukera.

Adibide bat. Azken aldian han eta hemen entzun-irakurriko zenuten Euskal Curriculumaren berri. Oinarrizko hezkuntza osatzen duen ikasleak izan beharko lituzkeen ezagutza eta edukiak zehaztea da Euskal Curriculumaren helburua. Joan den udan dantzari zegokion atala lantzeko presazko enkargua iritsi zitzaidan. Oinarrizko ikasketak bukatzen dituen gazteak dantzari buruz zer jakin behar duen zehaztu behar zen. Baina dantza ez da ikasgai hezkuntza orokorrean. Musika ikasgaiaren barruko atal bat da. Euskal Curriculumean alde horretatik aurrerapauso txiki bat eman da, eta atalak Musika eta Dantza du izena. Ondorioz, musika irakasleekin koordinatuta osatu genuen proposamena. Bakoitzak bestearen lana errespatu zuen eta dena ondo. Baina, kafe orduan lan horren ondorioetaz hizketan ari ginela eztabaida izan genuen. Ni ezkor ageri nintzen dantzari zegokion atalaz. Edukiak proposatuko ditugu. Baina nork irakatsiko ditu? Gaur egun ez dago dantza irakaslerik eskoletan. Izan ere ez dago hezkuntza orokorrera begiratutako dantza irakasle titulaziorik. Hemen ez behintzat. Beraz, musika irakaslearen esku geratuko da lan hori. Alegia, orain arte bezala. Lankide nuen musika irakasleak konbentzitu nahi ninduen kurrikulumean zehaztutako tresna horiekin musika irakasleek lan ederra egin ahal izango dutela. Eta ea ez ote nintzen fio musika irakasleetaz. Eta nire galdera: Zer pentsatuko lukete musika irakasleek, musikaren irakaskuntza dantzarion esku balego? Gainera, dantzaren irakaskuntza musika irakasleen eskuetan uzteak, irakaspenei buruzko zalantzak eragiteaz gain, inoiz dantza irakasleak egon ahal izateko bideak ixten dituela uste dut. Eta dantza irakasle profesionaleak egotea mesede handia egingo lioke gure alorrari: irakaskuntza sistemak hobetu, material didaktikoak prestatu, ikerketa alorrak zabaldu, lan-baldintzak duintzeko urratsak eman eta beste hamaika beharretan bidea egiteko lagungarri izango litzateke. Kataluinian badago unibertsitatean, majisteritza bat dantzan espezializatutakoa, eta gainera, dantza tradizionala duena helburu nagusi. Hemen ez dugu horrelakorik. Eta benetan interesgarria litzatekeela.

Beste adibide bat. Gero eta Musika Eskola gehiagotan irakasten da dantza tradizionala. Musika Eskolen legeak jasotzen du erro tradizionaleko ikasgaiak eskain daitezkeela: txistua, trikitixa, gaita, alboka,... eta dantza tradizionala. Bide horretatik hainbat Musika Eskoletan dantza tradizionala ikas daiteke gaur egun. Baina nor da irakasle? Zein titulazio aurkez dezake irakasle batek Musika Eskola batean jarduteko? Ez dago titulaziorik. Eta beharrezkoa da. Datozen urteotan bide hori oraindik gehiago zabaltzen joango baita eta funtsezkoa da dantza irakasleen titulazio bat sortzea. Orain 8-9 urte, Eusko Jaurlaritzak dantzaren alorreko lan-talde batzuk bildu zituen eta galdetu zuen zeintzuk ziren dantzaren behar nagusienak. Dantza tradizionaleko lantaldean proposamen garbi eta zehatz bat egin genuen: dantza irakasle titulazioa sortu eta habilitazio ikastaroak martxan jarri. Kultura sailak begi onez ikusi zuen, baina Hezkuntza sailari zegokiola eta hara bideratu zuen. Gaurdaino. Izan ere, dantza alorretik ez dugu gaitasunik izan gure artean antolatu eta presioa egiteko.

Zeinek eskatu horretan dago gakoa. Ez gara inor. Bakoitza gure kasa gabiltza, bakoitzak gure proiektu propioa aurrera ateratzen saiatzera mugatzen gara, eta hor konpon marianton. Nola sinplea da. Deitu, bildu, azaldu, itxoin, eta berriz hasi, deitu, bildu, azaldu....

*************

Berehala hiru erantzun iritsi dira zerrendara, gaiarekin interesa eta horrelako ahalegin batean parte hartzeko prest daudela jakinaraziz: Pedro Elosegi, Aritz Ibañez bera, eta Patxi Laborda.

Edozein bidairako kide bikainak denak. Orain kontua zera da, sokari tira egiteko prest izango al da inor? Ikusiko dugu. Ni ostiralean gogotsu nengoen. Gaur ez nago horren itxaropentsu. Hiru lagun, bikainak izanda ere -eta halaxe dira- gutxi dira horrelako ekimen bat babesteko. Ea asteak zer ematen duen.

Indartsu, baina ez horren fin

oier_a 2006/02/10 17:24

Gaurko Berrian, Maskaraden inguruan idatzi ditudan pare bat artikulu argitaratu dira. Batean aurtengo Urdiñarbeko dantzarien prestaketa-lanetan aritu diren bi dantza-maisurekin izandako elkarrizketaren ondorioak bildu ditut. Jean Pierre Bordagarai eta Marxel Bedaxagarren hitzak jaso ditut bertan.

Oraingo dantzarien mailaz, lehengoak, dantzari onen dohainetaz eta abar mintzatu ginen. Gaur paperean ikusi dudanean titularrak min egin dit begietara. Uste dut ez dudala izenburuarekin asmatu. "Indartsuak, baina ez horren finak" jarri diot tituloa, eta gaur egungo dantzariei buruz dantza-maisuek esandakoa islatzen saiatu naiz hor, baina uste dut ezkorregi geratu dela, eta beraien iritzia ordea ona zen. Kontua da elkarrizketan lehengo eta oraingo dantzariak konparatuz aipatu zutela, beraien ustez, gaur egungo dantzari onak oso indartsuak direla, baina akaso lurreko urratsetan, indar erakustaldi handirik gabe egin beharreko horietan, estilo aldetik ez direla garai batekoak bezain finak. Hori guztia titularrean islatu nahi izan dut, eta emaitza txarra izan da, pisu gehiegi geratu baita alde negatiboan. Bueno, prentsa artikulu askotan bezala, espero dut titularraren ondoren testua irakurtzen duena konturatuko dela gauzak ez direla hain gordinak.

Beste artikuluan Zuberoako dantza teknikaren jatorriaren inguruan jardun dut. Kontua da askori harrigarria gertatzen zaiola herri-tradizio batean horrelako dantza teknika garatua, zorrotza eta egituratua aurkitzea. Aspaldi argitu zuen Jean Michel Guilcher ikertzaileak zein zen dantza teknika horren jatorria, baina iruditzen zait aurkikuntza horiek ez direla behar beste ezagutzen. Orain gutxi dantzaren inguruko norbaiti aipatu nionean hori "ba, hori teoria bat bakarrik da" bezalako batekin erantzun zidan. Askotan ondo ezagutzen ez ditugun azalpen mamitsuak gutxiesteko erabiltzen dira horrelako arrapostuak. Kontua da zuberoako dantza-tradizio tekniko horren jatorria azaltzeko ez dagoela beste teoriarik, ezta beharrik ere, Guilcherrena irakurri ezkero zalantza gutxi geratzen baita bestelako azalpenen bila hasteko. XIX. mendeko Frantziako akademia militarretan ohikoa zen dantza ikasketetan aurkitu zuen Guilcherrek zuberoako dantza tradizio berezi horren jatorria. Artikuluan labur azalduta dator hori, baina xehetasun gehiago nahi dituenak hor ditu Guilcherren lanak, eta Iparraldeko dantzei dagokien biblia-moduko hori: "La Tradition de Danse en Béarn et Pays Basque Francais".

Portzierto, nik ateratako argazkiekin argitaratu dira artikuluak. Argazkilari txar samarra naiz, baina horixe du argazkilaritza digitalak, mila argazki bota eta halakoren batean salbatzeko modukoren bat irten daitekeela!

Hemen artikuluak:

Ihaute bizirik

oier_a 2006/02/03 17:30

Juan dan astelehenian Naparruako Zubietan eta Iturenen egon gara, hangotxe joaldunen horrek dunba haundixen, arran eta zintzarri-hots betikuen piztueran. Uniberso asko kabitzen ei da orratzaren buruan be eta Eibarren biharregun illun txamarra lagata, karnabalera, fiestara, espilluaren bestekaldera ein dogu pare bat orduan. Eiñ ahal izatia da, jakiña, suerterik haundiña.

Liburuetan, laminetan, telebisiñuan edo periodikuetan, zenbatetan ikusi ete ditxugu joaldunen irudixak? Buruan ttuntturroa, joareak bizkar-gerrialdian, umetan errespetua baiño gehitxuago erain zeskuen hortxe erretratuko abospoluoi. Behin koskortu garanian, ostera, bertatik harrigarrixa pentsau jaku larogei bat joaldunek, danak batera, dunboi eraiñ eta lozorrotik esnatu daben burrundaria. Zer beste tapatzia nahi dabe?

Baiña erretratuetan agertzen ez dirazenekin disfrutau dogu guk gehixen. Dendetan erosi ezin leikiazen mozorruak eta jai-gogua topau ditxugu Iturenen eta Zubietan. Ardi-narru hutsez jantzitxako (¿) gure dobleko baso-mutillak ardixak jaisten, ulia mozten eta narrutajian moduan, ustez… Sorgiñak, bizkar-okerrak eta hankamotzak; farrukito eta familixia ha ezkondu zan egunian; guardizibilla Aresoko Olentzero barriro ohostu biharrian. Batetik eta bestetik bere kasetara etorritxako musikuak alkarrekin jotzen, baiña alkarrekiñ amaitxu ezinda piezak. Basatixa, salbajia, probokatzaillia, astakirtena, kaotikua eta zorua. Beraren legien barruko ihauteria. Bizi-bizirik. Miragarrixa.

Enrike Izagirre eta Oier Araolaza

Izurri berria, berria izurri

oier_a 2006/01/26 17:28

Gaur ere interprete lanetarako prest gatoz. Beti egoten da tartean plaentxiatarren bat, eta badaezpada, Juanitoren laguntzarekin interprete lanen nondik norakoak argituko ditugu lehenengo. Joan zitzaigun Juan San Martin, baina idatzita utzi zigun ondarea itzela da. Zirikaden artean, interprete lanari buruzko hau:

Behin plaentxiatar bat eta eibartar bat, Madrilera juan ei ziran tratu kontuko biaje batera. Ostatuan sartu ziranian, baztartxo batian arpegi ezauneko bat ikusi zeben prantsez antzerako bikin berbetan, eta esan zetsan plaentxiatarrak eibartarrari: Hi, hori hor dagon-hori, eztok-pa eibartarra?

- Bai, hori etxe honetan interprete dagok.

- Da, zer dok hori?

- Ba -diño eibartarrak-, horrek inglesakin ta prantzezakin doianian, batak esatetsan guztia bestiari kontatzen jetsak.

- Eta horri zelan deitzen detsela esan dok?

- Interprete.

- Ba, guk, Plaentxian, holakueri «alkauete» deitzen jetsagu.

****

Euskal dantza tradizionalak egitura eta nortasun arazo larriak ditu, eta noraezean dabil aspaldiko urteetan. Hori gutxi balitz, estetikoki beste alorrek egindako bidearen kontrakoa hartu izan du. Bertsolariek, trikitilariek, aktoreek, idazleek… izurria bailitzan ihes egin diote estetika kostunbristari, txapelak kendu eta piercing-ak jantzi dituzte. Dantzak aurkako bidea egin du, behin eta berriz begiratu du atzera, eta besteak beste jantzi eta estetika tradizionala berreskuratu eta aldarrikatu ditu. Errezeloz eta auzo-lotsaz betetako begirada gaitzesgarriak jaso ditu trukean.

Azken urteotan batzuk hasi dira dantza tradizionalak estetika modernoz janzten. Muinean nobedade handirik ez, baina soinean berri itxura. Pozik ageri dira komunikabide, programatzaile eta sustatzaileak proposamen “berriak” aurkezten. “Berria” etiketaz bataiatu diren unetik “berritasuna” dute balio nagusia eta hortik aurrera adierazpen artistikoaren bikaintasuna berrestea baino ez zaigu geratzen. Baina txapela, gerrikoa eta abarketak erantzi eta jeans-ak, tixertak eta belarritakoak jantzita ez dugu dantza tradizionala “berritzen”. Are gutxiago proposamen “berriak” zaharren balioak berrestera mugatzen baldin badira, aurretik zegoenari inolako baliorik ez baldin badiote eransten eta maizegi ez badira haien mailara ere iristen. Estetika tradizionalari uko arren, lan handiak ditugu dantzaren lengoaia berri bat sortzen, eta apenas ekarpen koreografiko interesgarririk egiten asmatzen den.

Olatu modernista horri muzin eginik badira konplexurik gabe tradizioaren eskema estetikoan lan egiten jarraitzen dutenak. Eta horien artean batzuk dantza tradizionala barrutik, muinetik, berritzen eta eguneratzen ari dira. Alegia, lengoaia koreografikoaren bilakaeran urrats sendoak ematen ari dira. Baina estetikoki tradizioaren moldeekin jarraitzea erabaki dute, eta beraz, berri itxura goratzen duen ingurumarian, haien ekarpenak ez dira aintzat hartzen.

Berritu ala hil. Berritu beharraren obsesioak jota bizi gara. “Soina zahar, berri gogoa, azal horizta, muin betirakoa” nahi zuen euskararentzat Lizardik. Berritzekoa jarrera aberasgarria bezain saihestezina da, baina badirudi euskal kulturaren zenbait alorretan itsututa gabiltzala berritu beharraren beharraz. Kultura moderno bezala homologatu nahi dugu gure burua, zaharkinak eta folklore usaina dariotenak zulora eta berri itxura duen edozer aldarera. Berria balio bihurtu da, eta gainera, lehentasuna duen balioa.

Dantza 2005 urtean

Oier Araolaza 2005/12/31 01:00

Aurten ere sariei esker izan dira albiste zenbait dantzari. Orain ezagunagoak dira (saridunak dira!), dantzan ikusteko ia aukerarik izaten ez badugu ere. Lucia Lakarrak Espainiako dantza saria jaso du eta Urtzi Aranburu Gipuzkoako dantzari profesionalen elkarteak saritu du. Dantzari bikain gehiago dago, baina saririk jaso ezean nekez izaten dugu haien berri.

Dantza antzokietan ohiko bihurtzeko ahalegin batzuk egiten ari dira. Eusko Jaurlaritzak dantza garaikidearen zirkuitoa bultzatu du. Ahalegin xumeak dira behar larriak dituen alorrarentzat. Dantzariak aurten ere gordin mintzatu dira. Gipuzkoako dantza profesionalen elkarteak egoera dramatikoa dela salatu du. Iaz idatzi nuen Kulturaren Euskal Plana abiatu berri zela, eta aurten ikusiko genituela horren emaitzak. Baina aurten apenas ikusi dugun ezer. Puxika hutsa ote zen ala atzeratuta datorren, hori datorren urtean ikusi beharko dugu.

Ballet Biarritz-en ibilbidea sendoagoa da egunetik egunera, eta aurten gainera umea izan du: Ballet Biarritz junior du izena. Tximeleta efektua noraino iristen den ikusi beharko dugu orain.

Dantza tradizionaletik abiatuta antzokira begira prestatutako hainbat ikuskizun berri aurkeztu dira. Peio Otano dantza historikora hurbildu da Le Basque ikuskizunarekin. Mikel Sarriegik Goierriko dantzen azterketa, berreraikitze eta taularatze lan sendoa burutu du Aurtzaka dantza taldearekin. Kukai eta Tanttakaren arteko elkarlanak bigarren fruitua eman du: Otehitzari biraka. Aurrekoan bezala ikus-entzunezkoek pisu handia dute ikusgarrian, eta dantza tradizionala eskema narratiboan egokitzeko ahalegina egin du Jon Mayak. Claude Iruretagoiena gogotsu ari da lanean eta bi lan taularatu ditu aurten Maritzuli konpainairekin. Izan dira gehiago ere. Dantzak eta kantak lotu dituen Bidean Zehar izenekoa, edo Leinua eta Elgar Oinka taldeek aurkeztu dituztenak. Emaitzak denetarikoak. Ausartak eta interesgarriak batzuk, eta ekarpenik gabeko hutsalak beste batzuk. Salbuespen batzurekin, ikuskizun berri horietako gehienek ibilbide motza izan ohi dute. Eta desoreka hori ez da beti proposamenen kalitatearen araberakoa. Bestalde, aipatzekoa da Aukeran konpainiak Carlos Sauraren Iberia filmean parte hartu duela.

Han eta hemen galdutako dantzak berreskuratu edota berriak plazaratzeko joera indarrean dugu. Beste behin ttun-ttuna berreskuratu dute Erronkarin, eta Adunan Azeri-dantza berpiztu da. Arraten, lehengo tradizioaren soka galdu gabe Arrateko Amaren dantzak jarri ditugu abian. Bukatzeko zorion-agurren tartea. Dantza tradizionalaren alorreko talde handienetako bat, bai egindako lanarengatik eta erakutsitako zorroztasunarengatik, zoriondu behar dugu. 50 urte bete ditu Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak eta inoiz baino sasoi hobean dagoela erakutsi digu. Aunitz Urtez !

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter