Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Soka-dantzaren loraldiaz

Soka-dantzaren loraldiaz

oier_a 2006/02/20 13:33

Irakaslearekin iritzi-trukea izan ondoren, badaukat aurten unibertsitate ikasketetan egin behar dudan lanaren izenburua. Karlos Santxez Ekiza izango dut lan honetan tutore. Txistularia eta musikologoa, ttuntuneroen inguruan egin zuen tesia, eta txuntxunoerak izenburupean argitaratu ditu bere doktorego tesian egin zituen ekarpenak

Egin beharreko lanera, oraingoz titulua bakarrik dut, horixe besterik ez, baina ez da gutxi!:

Soka-dantzaren loraldia Gipuzkoan XXI. mendearen hastapenetan

Atzeratuta nabil, eta batzutan pentsatu dut ez naizela garaiz iritsiko epeetara, baina lasai nago, ikerketa-lana bera gozagarri baita niretzat. Inork ez nau behartu lan hau egitera, eta ondorioz, aurreikusitako denbora baino gehiago behar badut, ba erabili egin beharko dut eta ez da ezer gertatzen horregatik.

Zein den nire ikergaia

Nire jakin-mina piztu duen zerbait gertatzen ari da soka-dantzarekin (behintzat Gipuzkoan eta azken urteotan). Oro har dantza taldeek beren errepertorioetatik baztertutako eredu koreografikoa da soka-dantza, taldeetan nagusitu diren ikusgarritasunaren eskema estetiko eta ritmikoetan ez baita erraz egokitzen. Ondorioz, 60-70eko hamarkadetan, hain zuzen ere inoiz baino dantzari, dantza-talde eta emanaldi gehiago izan diren urteetan, soka-dantza asko bertan behera utzi ziren. Azken 15 urteetan ordea, han eta hemen soka-dantzak berpizten eta berriz plazaratzen ari dira, eta beste hainbat dantza ez bezala, tokian tokiko ospakizun eta jaietan sustraituta agertzen zaizkigu.

2005-07-25_Soka-dantza-Azurtzan 032

Horixe da nire lanean aztertu beharrekoa. Zer gertatzen ari den soka-dantzarekin. Zergatik ari den modu horretan berpizten eta errotzen soka-dantza berriz gure ospakizunetan. Soka-dantza

Dantzariek eskuak elkarri emanda giza-katea osatu eta zirkulu irekian egiten diren mugimendu koreografikoek osatutako dantza identifikatzen dugu soka-dantza izenarekin. Egitura koreografiko hau izendatzeko hainbat modu erabili izan dira eta erabiltzen dira gaur egun ere: aurreskua, esku-dantza, gizon-dantza, dantza-soka, kapela-dantza, e.a.

Lehenengo lana, soka-dantzak Gipuzkoan bizi duen loraldi hori konstatatzea da. Ondoren, ia ahaztuta egotetik zuzperraldira eraman dituen arrazoiak aztertzea.

Urtean zehar Gipuzkoan egiten diren soka-dantzen zerrenda prestatu dut. Urtero izaten dut ezagutzen ez nituen soka-dantza gehiagoren berri, eta beraz, pentsatu dut blogaz baliatzea zerrenda osatzen jarraitzeko. Beraz, hona eskaera, zure inguruan dantzatzen den soka-dantzaren bat ezagutzen baduzu eta azpiko zerrendan ez badago, edo zuzenketaren bat egin nahi baduzu, utzi erantzuna azpikaldean edo bestela idatzi zuzenean niri. Eskerrikasko!

Soka-dantzak Gipuzkoan (2006ko datekin)

  • Urtarrilak 19, San Anton jaiak, Eibar, Azitain auzoan, soka-dantza.
  • Otsailak 18 (Inauteri aurreko larunbatean), Anoetan nesken dantza-soka.
  • Otsailak 18 (Inauteri aurreko larunbatean), Anoetan mutilen dantza-soka.
  • Otsailak 19, (Inauteri aurreko igandean) Lizartzan. Inauteriak. Herri bazkaria eta dantza-soka frontoian.
  • Apirila, San Prudentzio jaiak, Lazkao, agintariekin soka-dantza.
  • Maiatzak 4, Santa Kruz jaiak, Legazpia, kapela-dantza.
  • Maiatzak 7, Santa Kruz jaiak, Eibar, Santa Kruz auzoan, soka-dantza.
  • Maiatza, Debarren eguna, Deba, ezpata-dantza eta aurreskua.
  • Maiatza-ekaina, Igokunde jaiak, Legorreta, agintarien soka-dantza.
  • Maiatza-ekaina Loinatz jaiak, Beasain, umeen soka-dantza.
  • Maiatza-ekaina Loinatz jaiak, Beasain, agintarien soka-dantza.
  • Maiatza-ekaina, Loinatz jaiak, Beasain, herri soka-dantza.
  • Ekaina, Oñati, Korpus igandean Oñatiko korpus-dantzen bukaeran, soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Lasarte, San Joan dantza eta soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Oñati, San Joan dantza eta soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Donostian, San Joan dantza eta Gizon-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Antzuola, San Joan dantza eta soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Errenteria, soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Abaltzisketa, soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Zarautz, aureskua edo soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Andoain, udal agintarien soka-dantza.
  • Ekainak 23, San Joan bezpera, Irun, soka-dantza.
  • Ekainak 24, San Joan eguna, Usurbil, Kalezarko auzotarren soka-dantza.
  • Ekainak 24, San Joan eguna, Eibar, soka-dantza udal-batzarekin.
  • Ekainak 24, San Joan eguna, Tolosa, Bordon-dantzaren ondoren soka-dantza.
  • Ekainak 24, San Joan eguna, Andoain, Axeri-dantza eta soka-dantza.
  • Ekainak 25, San Joan jaiak, Arrasate, soka-dantza.
  • Ekainak 26, San Pelaioak, Zarautzen, soka-dantza
  • Ekaina-uztaila, San Martzial, Bergara, San Martzial auzoan, aurreskua.
  • Uztailaren lehen igande arratsaldean, Tolosako Amarotz auzoan, auzoko jaiaetan, herri-aurreskua. Eskerrikasko Juanma Zaldua!
  • Uztailak 2, Santa Isabel, Zumarraga, Antiguan, ezpata-dantzaren ondoren soka-dantza.
  • Uztailak 2, Santa Isabel, Usurbil, soka-dantza.
  • Uztailak 16, Karmen, Añorga, Beteranoen aurreskua.
  • Uztaila, herriko jaien hasiera, Antzuola, aurreskua udal-batzarekin.
  • Uztaila, hileko bigarren larunbata, Errenterian, Erromeria eguna soka-dantza eginez abiatzen da. (Eskerrikasko Jon!)
  • Uztailak 25, Santiago, Zubietan (Donostia-Usurbil), soka-dantza.
  • Uztailak 25, Santiago, Villabona, soka-dantza.
  • Uztailak 25, Santiago, Elgeta, Azurtza, soka-dantza.
  • Uztailean, Santa Ana jaiak, Ordizia, haurren aurreskua. (Eskerrikasko Mikel!)
  • Uztailak 26, Santa Ana jaiak, Ordizia, agintarien soka-dantza.
  • Uztailak 27, Santa Ana jaiak, Ordizia, santaneroen (ezkon-berriak) esku-dantza.
  • Abuztuak 1, San Inazio jaiak, Azpeitia, ohorezko aurreskua.
  • Abuztuak 3, San Esteban jaiak, Oiartzun, soka-dantza.
  • Abuztuak 6, herriko jaiak, Itziar (Deba) aurreskua.
  • Abuztuak 10, San Lorentzo, Berastegi, helduen soka-dantza.
  • Abuztuak 13, San Lorentzo jaiak, Aduna, oilasko jokoa eta dantza-soka.
  • Abuztuak 15, Andra Maria, Zumarraga, ezpata-dantza eta aurreskua.
  • Abuztuak 15, Ama Birjinaren eguna, Aizarnan, Oilasko-biltzea eta soka-dantza.
  • Abuztuak 16, San Roke, Deba, ezpata-dantza eta soka-dantza.
  • Abuztuak 16, Azkoitian, Andramaixetan, soka-dantza. (Eskerrikasko Aitor)
  • Abuztuak 17, San Roke jaiak, marinelen soka-dantza.
  • Abuztuak 23, San Bartolome jaiak, Ibarra, sokadantza.
  • Abuztuak 24, San Bartolome, Elgoibar, soka-dantza udal-batzarekin.
  • Abuztuak 24, San Bartolome, Zegama, herriko agintarien soka-dantza.
  • Abuztuak 29, San Joan txiki, Olaberria, soka-dantza.
  • Iraila, Euskal Jaiak, Donostia, soka-dantza.
  • Iraila, San Nikolas jaiak, Lasturren, aurreskua.
  • Irailak 9, herriko jaiak, Zizurkil (behekoa), nesken soka-dantza.
  • Iraila, San Migel jaiak, Irura, gazteen dantza-soka.
  • Iraila, San Migel jaiak, Irura, ezkonduen dantza-soka.
  • Azaroak 10, San Martin jaiak, Billabona, Amasa, soka-dantza.
  • Azaroa, San Martin jaiak, Arama, Udal-batzaren aurreskua.
etiketak:
oier
oier dio:
2006/02/23 14:41

Kaixo Mikel! Eskerrikasko emandako datuengatik. Ordiziako haurren aurreskua gehitu dut zerrendan, eta besteak ere apuntatu ditut.

Soka-dantzaren idazkerari buruz hasi naiz hemen bertan erantzuna idazten, baina luzeegia iruditu zait erantzunen artean sartzeko, eta gai nagusitik aldentzen denez, mezu berri batean jarriko dut. Eskerrikasko, oier.

Mikel Sarriegi
Mikel Sarriegi dio:
2006/02/23 12:47

Aupa Oier, lan polita bezain interesgarria. Zerrendari gainbegiratu bat eman eta gero, hemen gure ingurukoak ondo jasoak dauzkak. Ordizian falta zaik haurren "aurreskua" deitzen diotena, uztaileko Santa Ana jaien inguruan egiten dena (iaz jaien aurreko igandean, Haurren egunean, egin ziaten). Goierrin egiten diren Agintarien sokadantzei buruz, badituk beste hiru herri, egiten hasi eta azken urte hauetan utzita daukatenak: Itsasondok (1997-2001 bitartean egin zian); Zerainek (2001ean bakarrik); eta Idiazabalek (1997an bakarrik). Datu hauek denak, neuk jasoak dizkiadan moduan, nahiz eta hobekiago baieztatu beharko genizkiaken. Beste ohartxo bat: oker ez banagok, Euskaltzaindiak sokadantza hitza marratxorik gabe idaztea erabakia zeukak bere hiztegi batuan, "aurreskua" adierarekin. Horren harira, guk orain bi urte egin genian liburuan, izan genian nahiko zalantza dantza-soka hitzarekin erizpide bera erabili ala ez. Ondo segi.

Jon Lizarralde
Jon Lizarralde dio:
2006/02/21 16:59

Kaixo Oier,Ikusi dudanez,Elgoibarkoa,Aurresku bezala dezu izendatuta,eta dakizun bezala,Soka Dantzaguk deitzen diogu,agian aldatu beherko zenuke?,aio,ondo segi, Jon

oier
oier dio:
2006/02/21 17:06

Bai, ez dakit zergatik daukadan horrela. Oraintxe aldatuko dut. Hala ere, kontuan hartzekoa da gaur egun soka-dantza deitzen badiogu ere, garai batean Egoibarren aurreskua izenarekin ezagutzen zela. Kontua da gaur egun aurreskua esanda dantzari bakar bat etortzen zaigula burura eta irudi horretatik ihes egin eta sokaren garrantzia nabarmentzeko soka-dantza izena berriz ere indartu dela azken urteetan.

Bueno ba, oraintxe egingo dut aldaketa, eskerrikasko Jon!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter