Etapa bat
Maiatzean etapa bat bukatu den sentsazioa daukat. Luzaroan ordu asko, eta pentsamendu gehiago, hartu dizkidaten bi proiektuk argia ikusi dute maiatzeko lehen egunetan.
Orain lau urte, 2002an, Portugaleteko Elai-Alai taldetik proposamen bat iritsi zitzaigun Elgoibarko Haritz Dantzari Taldera. Bizkaiko dantzekin egina zuten bezala, Gipuzkoako dantzekin webgune bat egin nahi zuten, urratsak eta dantzak, azalpen, argazki eta bideoen bidez agertuz. Ilusioz sartu ginen lan horretan, eta lan handia izango zela bagenekien ere, ez genuen espero hain luze joko zuenik erremateak.
Bideo grabazioak gogorrak gertatu ziren. Bideoa inbento ederra da dantzariontzat, baina, grabatu beharrekoa norbera denean bideoa traidore hutsa da. Emanaldi arrunt batean oharkabean pasatzen diren hainbat akats txiki eta gabezia tekniko agerian jartzen ditu bideo madarikatuak, eta grabazio sesioak tortura sesio bihur daitezke dantzarientzat. Eskerrak dantzari bikainekin egin genuen lan. Gogoan ditut Mikel eta Garikoitzekin egindako lehen grabazioak. Haien iraupen fisikoa eta pazientzia aproban jarri genituen.
Taldekako grabazioak ere ez ziren goxoak gertatu. Nahikoa zen bakar baten akatsa gainontzeko guztien lana pikutara bidaltzeko. Dantzarientzat ere irakaspen ona, gogorra baina aberasgarria, izan zela uste dut.
Bideoek eman diguten laneri erreperatu diot batipat goiko lerroetan, baina argazkiak, musikak, testuek eta abarrek ere nahikoa entretenimendu eman digute. Deskantsu ederra hartu dugu 2006ko maiatzaren 9an, Gipuzkoako dantzak webgunea aurkeztu dugunean. Bazen ordua!
Maiatzean argia ikusi duen beste proiektua dantzan.com-en berritze lana izan da. Talde txikiagoan aritu gara hori egiten, eta alde horretatik erosoago izan da (ez zegon bideorik grabatu beharrik!). Baina aurrekoaren aldean, bigarren proiektu honi jaten eman behar zaio egunero, eta beraz, honekin ez dago deskantsurik!
Orain proiektu berrietan sartzeko garaia da.