Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Zorionak eta 2006 Urte Berri On!

oier_a 2005/12/16 22:26

Aurten postal bakarrean elkartu dira Andoni, Izar eta Olatz.

Argazki sesioa gero eta konplexuagoa da, baina modeloak urtetik urtera profesionalagoak dira. Iazko postalak hemen ikus daitezke.

Papera dantzan

oier_a 2005/12/16 13:02

Noizean behin inprimatutako komunikabideetarako kolaborazio batzuk egiten ditut. Sarerako idatzi, ala papererako idatzi, antzekoa irudi lezake, baina praktikan morrontza eta aukera desberdinak tarteko, emaitzak ere desberdinak izaten dira.

Paperera begira ari naizenean ia edukiak besteko garrantzia hartzen du tamainak. Zenbat karaktere? Eta esandako kopurura hurbildu beharrak eragin zuzena izaten du mamian. Batzutan, laburtu beharraren laburtuaz, esan nahi nuena ia alde batera utzita, ahal dudan esanda konformatzen naiz. Bestetan, eskatutako kopurura iritsi nahirik, bestela akaso esango ez nituenak esaten bukatzen dut.

Gaurko Berriarako Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeari buruzko erreportajea idatzi dut. 5.500 karakterekoa izan behar zen testu nagusia. 50 urte bete ditu Galdakaoko Andra Mari taldeak, eta bi asmo nituen artikuluarekin. Batetik urteurrena ospatzeko antolatu dituzten zientoka ekitaldien berri ematea. Bestetik Andra Marik talde bezala euskal dantza tradizionalari egin dizkion ekarpenak nabarmentzea. Hasi naiz lehen zatiarekin eta konturatu orduko agortuak nituen 5.500 karaktereak, hainbeste dira eta egin dituzten gauzak! Bigarren zatia bi parrafotan egina nuen.

Idatzita nuena berrirakurri, eta demaseko txapa iruditu zitzaidan. Ekitaldi zerrendatze txosten bat bezain aspergarria. Ondorioz erronka jarri nion neure buruari, ea ekitaldi zerrendatze osoa ezabatu, eta azken bi parrafoak garatuz, alegia nire ustez interesgarrienak izan zitezkeenak xehetuz, gai izango ote nintzen 5.500 karaktereak osatzeko. Hasi eta egin, eta konturatu nintzen 10.000 izanda ere jarraitzeko moduan nengoela. Ondoren ekitaldi asko egin dituztela jakinaraziz lauki txiki bat prestatu nuen.

Azken emaitzarekin lehenengo zirriborrarekin baino gustorago geratu naiz, eta konturatu naiz, azken batean, nire testuak izan behar zuen kopuru zehatz horrek, behartu nauela testua gehiago landu eta horrelako itzulia ematera. Hala ere, pena hartu dut zenbait kontu interesgarri kanpoan geratu zaizkidala ikusita.

Erreportaje horrekin berarekin disgusto bat ere izan dut. Testuaren ondoan Mikel Goitia, Andra Mariko kideari egin diodan elkarrizketa dihoa. Elkarrizketa osoak 6.500 karaktere zituen eta eskatutako 3.500tara laburtzeko nahikoa lan izan ditut. Erantzun interesgarri batzuk kendu, esaldi batzuk trinkotu eta beste batzuk kozinatu, orain esaten den moduan. Baina, Berriako maketak oraindik ondo dominatzen ez ditudanez, elkarrizketari ez nion sarrerik idatzi. Ondorioz, Berrian bertan asmatu dute sarrera.

Zer gertatu da? Ba, Mikelen elkarrizketatik bi esaldi hartu eta bata bestearen segidan jarri dituzte, emaitza tamalgarriarekin, eta okerrena, nik esanak balira bezala aurkeztuz: «Herria dagoen moduan» ikusten du Mikel Goitiak folklorearen egoera, bide argirik topatu ezinik. Andra Mari taldeak, berriz, beti izan du garbi nondik jo. Bi esaldi horiek horrela bata bestearen segidan jarrita harrokeria itzela dirudite. Mikel Goitiaren elkarrizketa irakurrita argi dago berak ez duela esaten Andra Marik beti izan duenik garbi nondik jo. Urte askoan bere bidea garbi izan dutela, eta horri eutsi diotela esaten du. Baina gero, oro har, folklorearen egoeraz ari denean, Guk ere ez dakigu bide zuzena daramagun, baietz uste dugu da esaten duena.

Baina paperak horixe du. Diseinuaren morrontza handia dela, hutsunea nola edo hala bete behar, eta artikulua egin duena ez badago eskura, hurbilen dagoenak egiten dituela bete-lanak, artikulutik pare bat esaldi hartuta.

Andra Marikoekin lotsatuta nago orain, eta barkamena eskatuz idatzi diet, eta papera madarikatu dut, sarean horrelakoak gertatzea askoz zailagoa izateaz gain, behin gertatuta ere, erraz ezabatu daitezkeelako. Papera berriz hor geratuko da.

Ustekabek, bost urte

oier_a 2005/11/28 00:00

Guk bagenkagun ba, gaurko hau idatzixau bestela be serixo-serixo redaktauta, eh! Zera, neoplatonismuaren ikutua Bizkaiko grabilletiaren inguruan. Zu, interesante askua, zer ba!

Ustekabe txarangiak baiña, bost urte edar bete ditxu —Zorionak!— eta aurreko barixakuan Kezkako eta eurekin hartu-emonetan ibili diran Eibarko beste kolektibuetako biña lagun afaltzera konbidau gaitxue. Graziak emotia platonismua izango da handik edo hamendik; eta ez balitz, ba, danerako: gizalegiak behintzat reklamatzen dau, eta horretara eskerrik asko igual-igual.

Guretako, kanpotik, kuadrilla oso balidua da: preparauta datoz —Musika Eskolia sartzen da hor— prest egon dira bestion planteamientuak entzun eta eurenak be botatzeko, serixuak dira horretan, eta libriak, oso gazte libriak emoten dabe begiratu batera. Aitortzen hasitxa, barixakuko eta zapatuko musikekiñ, ekitaldixak asteburu bakarrian batu izana danak, ha beste liburutxo-historixa-programiakin eta, asmatu dozuela esango genduke. Eta behiñ ipinitxa, fuerte proklamau daigun bota ditxuan euri-edurretan be ez dozuela parterik izan.

Aurrera, Karnabaletako Kaldereruak eta maiatzian Euskal Jairako dakagu Kezka eta Ustekabekuak hurrengo planak alkarrekin. Urrin dalakuan, gaiñera etortzen dira fetxak gero; datorrela udabarrixa eta datozela beste udabarri asko. Gure borondatetik horixe desio detsuegu, segidu daizuela beste urte askuan oiñ arteko moduko nota on-onak etaratzen eta jotzen… ahal dozuena…

Enrike Izagirre eta Oier Araolaza

Errauskailu bat Eibarren

oier_a 2005/11/14 16:43

Eibarren errauskailu bat behar dugu. Hondarribian edo Donostialdean nahi ez duten hori, Eibarren nahi dugu. Oihuka ari gara eskatzen errauskailua Eibarren, bai zaborraren kudeaketaren arduradunek eta bai herritarrok ere.

Gure auzoan orain gutxi lehengo kontenedore zaharrak erretiratu eta lurrazpikoak jarri dituzte. Kanpora begira itxura hobea ematen dute, posta buzoi batzuen antzekoa. Guztira 11 edukiontzi berri jarri dituzte. Hasieran banaketak harritu egin ninduen. Bat beiratarako (berdea), beste bat papererako (urdina), beste bat plastiko eta bestelako ontzietarako (horia) eta zortzi, bai 8, gainontzeko zaborrerako. Etxean zaborra bereizten duen edonork badaki papera, kartoia, plastikoa, bestelako ontzi motak eta kristala aparteko poltsatan jarriz gero, oso zabor gutxi geratzen dela bereizi ezin den zaborraren poltsarako: janari hondakinak eta sailkatu ezinezko zabor berezi batzuk.

Inguruko zabor-ohiturei erreparatu eta berehala ohartu nintzen, zabor-kudeatzaileek gure ohitura horietan oinarrituko zirela banaketa desorekatu hori egiteko. Jendeak paso egiten du erabat zaborra banatzeaz: "rollo bat da", "ez daukat tokirik", "ez dakit zer sailkatu behar den", "bai, egin beharko nuke, ea datorren urtean...". Hori bai, inoiz inori okurritzen bazaio zabor errauskailu bat Eibarren jartzea, orduan bai eibartarrok demostratuko dugu ez dagoela munduan ingurugiroaz gu baino gehiago arduratzen denik eta Txankete baino tinkoago eutsiko diogu ingurugiroaren aurkako erasoari.

Zaborraren kudeaketaren arduradunak gustura egongo dira. Askoz lan politagoa da errauskailu handi eta eder bat eraikitzea, jendearen zakarrak sailkatu eta birzikletzen saiatzea baino. Zaborra ez bereiztea nolabait zigortu egin beharko litzateke. Ez dago multak jartzen hasi beharrik. Nahikoa litzateke bereiztutako zaborra jasotzeko edukiontziak nonnahi eta denon eskura jarri, eta besteak aldiz, gutxi eta etxetik urrutik jartzea. Orain egoera kontrakoa da, eta penalizatuta gaudenak zaborra bereizten dugunak gara. Eta kudeatzaileek hori sustatzeko ahaleginik egin ez arren, beraien aurreikuspen txikiak ere gainditu ditugu. Ikusi bestela zer gertatzen den gure auzoko edukiontzi eleganteetan. Papera eta ontzien edukiontziak gainezka, eta sailkatu gabeko zaborrarentzako edukiontzi lerro luzea txukun asko, dena jasotzeko prest.

Alperrik ari gara lata ematen. Hobe dugu bereizketa alde batera utzi eta errauskailuaren aldeko plataforma sortzea.

Errauskailu bat Eibarren mesedez!

Urtebete

oier_a 2005/11/10 12:00

Gaur urtebete bete du Izarrek. Poza, ilusioa eta ardura nahasten zitzaizkigun orain urtebeteko egun hartan

Azkar demonio pasa da urtebetea, eta azkar hazi da Izar ere. Izarrek gure artean egin duen urtebete honetan zer ekarri digun hitz batean laburbildu beharko banu oso erraza izango nuke: alaitasuna.

2005-06-19_Izar-eta-ainhoa 003-rek

Berehala ireki zituen japoniar trazako begiak eta hatzamarrakin toki guztietara seinalatuz bere jakinminak eta bizipozak kutsatu gaitu. Ez da batere negartia, eta bai ausarta edo ero samarra. Baina batez ere alaia da. Ia goizero ikastolara joateko esnatu behar izaten dugu, baina inoiz ez du goiz txarrik, beti irriparre eder batekin egiten baitigu ongietorria.

Eskerrikasko Izar!

Osaba Jaime hil zutela 25 urte

oier_a 2005/10/24 11:20

Ohi bezala, bazkalostean lanera itzuli aurretik kafea hartzen zegoen Iriondo tabernan. Gizon bat tabernan sartu, beregana hurbildu eta tiro egin zion. Bertan erori eta hil zen osaba Jaime. 1980eko urriaren 23a izan zen. Orain 25 urte. Sententzia judizialaren arabera Juan Carlos Arruti Azpitarte izan zen hiltzailea. Komando Autonomoek hartu zuten beren gain erahilketa.

Jaime Arresek 44 urte zituen. Emaztea eta bi seme. 14 eta 17 urte zituzten lehengusuek egun madarikatu hartan. Nik zortzi urte nituen eta flash batzuk baino ez ditut oroimenean. Etxeko pasiloa ilun gogoratzen dut eta gurasoen aurpegi larriak. Eta hortik aurrera krudelkeriak kolpatutako familia baten mina. Itxaropenak eta ilusioak borborka dabiltzan adinean, nekez imajina daiteke nola aurkitu ahal izan duten bidea aita modu horretan galdu duten nerabeek.

Flasha berriz ere eta osaba Jaime futbolaria, atezaina, ageri zait. Lerun-en, futbol zelaietatik erretiratuta egon arren adiskidantza partidaren baten aitzakitan praka motxetan berriz ere. Gurasoek kontatutakoekin eta argazkiekin osatzen da osaba Jaimeren irudia. Baina trajediaren orbanak ez dit osabaren irudi atsegina borobiltzen uzten.

Elgoibarko Barren aldizkarian erreportajea argitaratu da asteburuan. Bertan jaso denez Elgoibarko alkate izana zen Jaime Arrese, 1974an hasi eta 1977an dimititu zuen arte. 1975. urtean ikurriña legeztatu zenean, berak jarri zuen Elgoibarko udaletxeko balkoian lehen aldiz. Jaime Arreseren hilketa kondenatuz mozioa atera zuen Elgoibarko Udalak. EAJ, PSOE, PCE, EE eta ESEIko zinegotziek aldeko botoa eman zuten, eta Herri Batasuna abstenitu egin zen.

Hiltzaileak ondo frogatua du mina, amorrua eta gorrotoa ereiteko duen gaitasuna. Horrek ezerren ez inoren askatasunarekin zerikusirik ote duen bestelako kontua da. Inork inoren heriotza zerbaitetarako mesedegarri izan daitekeela uste badu, egin diezaiola tiro bere buruari, horixe baita bere-berea duen bizi bakarra.

Sueltuan eta librian

Enrike & Oier 2005/10/24 10:11

Arrate eguna ondiokan be. Illuntze aldera Egan. Guk esan biharko bagendu, ondo pasatzeko egokixa, aproposa erromerixia. Holako baten, ño, fandango eta arin-arin bati ekingo detse eta guk, dantza taldekuok, batzuok beste batzuongana arrimau, korro haundi bat eiñ eta hantxe jardungo dogu sueltuan, pozik, eta akademixan ikasi dogun aldetik, danok igual txamar. Eta ostiango jente asko, begira. Erromerixia espektakulo bueltau da orduantxe.

Ensaioko izardixak lagun erain gintxuan aspaldi dantza taldekuak, eta guretako ha Arrateko momentua, konparaziñuan, afarixa eitxiaren modukua da; gaiñera, guk ez detsagu inbitaziñua iñori negatzen. Pegia da korro itxixan eta danok antzera einda, molde bat ipintzen dozula —nahi barik, gu orduan geurera gabiz eta— eta, beste alde batetik, hori moldiori ez darabixan jentia —nahiz eta ritmua eta beste pauso politx-asko batzuek be dotore markau— erromerixatik kanpora, baztartuta, sentidu leikiala.

Jarrera bixak, ulertzeko modukuak; oiñ, guri ez jakuz exklusibidadiak gustatzen. Ha ez da Dantzari Eguna. Ha erromerixia da eta Zu maixu on —aupa Egan!— eitxen dogun gogo eta arte berberakiñ, igual ein biharko genduke Andre Madalen danok. Bakoitxak urtetzen detsan moduan. Gauza bakarra eskatzen ei zetsan Eibarko bandako direktoriak Plaentxiakuari San Juanetan jotzera etozenian: jotzen dozuena, jotzen dozuela, danok batera amaitzia! Ia ba, Sanandresak bertan dakaguz eta.

Enrike Izagirre eta Oier Araolaza

Urri gorri hura

oier_a 2005/09/27 16:21

Larunbatean Ortuella-ra goaz dantzara. Badakit Bizkaiko mendebaldean dagoela Ortuella, Barakaldotik haratago, baina egia esan hortik aurrera gauza gutxi dakit Ortuellari buruz. Hala ere Ortuella trajediarekin lotuta dago nire oroimenean. Umetako oroitzapenen artean urri gorri bat daukat iltzatuta eta bertan ume mordoska bat ageri dira hilda, Ortuellan. Begira hasi naiz eta baita topatu ere. Urriaren 23a da egun gorri hori. Orain badakit zergatik gogoratzen ditudan orduko kontuak horren argi. Egun horretan nire osaba bat tirokatu eta akatu zuten Elgoibarren. Goiz hartan bertan gas-eztanda bat gertatu zen Ortuellako eskola batean. 51 pertsona hil ziren, horietatik 49 umeak. 1980ko urriaren 23 gorrian izan zen hori guztia. Orain 25 urte. Osabarena ez dut ahazteko nik. Eta Ortuellan ere ez dute ahazteko izango orain 25 urteko urri gorri hura.

Aurreskuaren ohorea

oier_a 2005/09/23 10:02

Honek ez dauka neurririk. Oraintxe bertan jaso dut eskaera gure herriko udaletik. Herri malkartsua da gurea, mendiari lapurtutako aldapetan bizi gara, eta orain Corte Inglesean bezala ibiltzen gara gora eta behera, eskailera mekanikoetan. Asteburuan eskailera mekanikoen zati berri bat irekiko dute eta inaugurazio ekitaldian aurreskua egiteko eskaera egin digute. Beste bat. Dagoeneko dozena erdi eskailera mekaniko inauguratu ditugu beste horrenbeste aurreskurekin. Ezin duzue imajinatu zein tentel senti daitekeen bat eskailera batzuei begira dantzan ari dela.

Ezetz esan genezake noski. Saiatu gaitezke eskailera mekaniko batzuei dantza egitearen absurdua azaltzen. Baina ulertuko al dute? Izan ere, edozein toki eta baldintzatan, edozein ospakizun, protokolo, inaugurazio eta xelebrekeriatan aurreskua ikustera ohitu gara, eta orain, "zertara datoz hauek beren eskrupuluekin?". Omenaldiak, agintariei harrerak, eraikinen inaugurazioak, presoen etorrerak, ezteiak, sari-emateak, errepide eta errotonden irekitzeak... Nire lagun Enrikek esaten du itzal handiko omendu baten aurrean dantza egitea dantzariarentzat berarentzat izaten dela ohore. Baina horrelakoak gutxi izaten dira. Oso gutxi. Eta bestelakoak gehiegi.

Edozer eta dena loratzen da gaur ditxosozko aurreskuarekin. Aurreskuaren booma bizi dugu. Aurreskuaren inguruan dagoen nahasmenak ere ez du asko laguntzen. Soka-dantzak izendatzeko erabili izan da aurreskua batzuetan. Soka-dantzaren buru egiten duena, alegia, lehen dantzaria, aurreskua edo aurreskularia da ere. Gaur egun edozein funtzio publikotan dantzari bakar batek egiten duen dantza da aurreskua gehienentzat.

Soka-dantzatik kanpo dantza hori bestelako funtzioetan eskaintzeko ohitura ez dirudi oso zaharra denik. XIX. mende bukaeran aurreskulari txapelketen bidez hasi zen ezagutarazten aurreskua sokatik kanpo, baina XX. mendearen bigarren erdian hasiko da protokolo funtzioetarako zabaltzen. Azken hamarkadetako aurresku inflazioak dantzariak egoera xelebreenetan jartzeaz gain erabat debaluatu du dantza bera.

Ezkongaiek ezteiak gogoangarriak izateko baldintzen artean jarri dute aurreskua: soinekoa polita izan dadila, bazkari ederra eta aurresku hunkigarria. Koadrilako lehenengoak ezkontzeko asmoa agertu eta berehala poz-pozik etorri zitzaidan: "Aurreskua egingo didak ezta?". Purrustada prest neukan, "Ni dantzan ikustera inoiz ez haizenez etorri, pentsatu diat ez haizela oso dantza zalea izango, eta beraz, ez haut nire dantza kontuekin aspertu nahi hire bizitzako egunik pozgarrienean". Ez zuen ezer ulertu noski. "Primeran! Osaba bat txistularia izandakoa duk. Idoia izugarri poztuko duk".

Eraikin, errepide edo errotonda baten inaugurazioan, porlan tona batzuen aurrean jarri eta dantza egitea baino gauza ergelagorik nekez bururatzen zait. Ba horrelako makina bat eginda gaude. Erakundeetako ordezkariak ere beti prest ditugu aurreskua "jasotzeko". Inaugurazio-zinta prestatu eta ez dira ba politikari eta enpresariak zintaren aurrean jartzen aurreskuarekin "ohoratuak izateko" prest? Baina zer meritu dute horiek egunero zazpi aurresku jasotzeko? Gure diruak kudeatzeko hautatzen ditugu, ez beren buruaren gurtze-ekitaldiak antolatzeko.

Eta asteburuan eskailera mekanikoen zazpigarren fasea... Ulertuko al du udaleko ordezkariak aurreskuaren kontzientzia-eragozle naizela esaten badiot?

Ez dago gastauta!

oier_a 2005/09/19 11:54

Egualdixakin entretenimientua euki dogu aurten Arraten. Batek Ama Birjiñari eguzkirik ez ote gentsaun eskatu preguntatzen eban, baiña segiduan entzun eban Felixen erantzuna: Amabirjiñia lagaizue pakian! Eskatu eta eskatuta, gastauta darabigu barren! Bateko Eibarrek irabazi deixala, hurrenguan Arratia salbau dadilla, gastauta darabigu, koitxadia! Eta bixen bitxartian, eurixa goitxik behera. Akabo gure dantza barrixak! –pentsau genduan guk danok. Ein biharrekuak baiña, azkenera, ixixa pentsauta moduan juan ziran —prozesiñua penia!— eta aterrune bat aprobetxauta, zelaira urten eta, kontuz-kontuz, ezpata-dantzia osua eta makil txikixena eiñ ahal izan genduazen. Pozik. Ez, Arrateko Ama ez dago gastauta ondiokan.

Ezpata-dantzako paseua eitxeruzkuan, solemne-solemne, ezpata luziok hartuta, komeni da norbere burua haretxetara eukitzia, baiña iñoiz, igual, libre eskapauko jatzu beste zirrikitxo batzuetatik eta guri behintzat, eibartar sentitziaren alkartasunera ein zeskun gozo-gozo, bete-betian. Batzuetan horixe dakar gustora egotiak, zer eingo detsazu ba!

Eskerrak emotia falta dogu Arrateko Amaren Kofradixa guztiari, Aiuntamientuari eta Usartza txistulari bandakueri. Eskerrak etxekueri, Kezka dantza talde osuari, dantzari gonbidatueri, JSM-i...eta laguntzen izan ditxugun dan-daneri. Datorren urtian dantza gehixago izango dira eta Ama Birjiñia bera be, igual, ojala, jai hartuta egualdi zeregiñetatik...

Enrike Izagirre eta Oier Araolaza

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter