Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Juan San Martin Beka

Maialen Odriozolaren bloga, Eibar.org-en gaineko ikerketa baten harira

Izan ala ez izan

Maialen Odriozola 2014/04/02 23:25
Zeintzuk dira ekoizleak? Nortzuk aro elektroniko honetako narratzaileak? Kazetari, diseinatzaile, abokatu, etxekoandre, kirolari, politikari… ezer izatekotan armada irregularra da blogariena. Egiazki, blogaria, azken batean, bloga duen pertsona da. Baina hori horrela ote da? Bloga izate hutsak egiten al gaitu blogari?

MikeLicht.jpg
FlickrCC, Mike Licht

Komunikatzeko medio hau ikertzen diharduen Adolfo Estalellak ez du zalantzarik: “beste teknologia batzuekin ez da gertatzen, telefono mugikorra erabiltzeak ez zaitu telefonolari bihurtzen ezta emailak bidaltzeak emailari ere, inork ez du bere burua definitzen telefonoz hitz egin edo emaila bidaltzearen praktikarekin. Blogen kasuan bai”.

Blogariak dirua eskuratu dezake bere jardueragatik, baina gehienetan ez du ogibide. Kultura digitala delakoan, amateurtasun hori gaitzesten dute hainbat ikertzailek eta mesfidati dira fenomenoaren ondorioei. Haien arabera, blog askoren edukia garrantzi handirik gabekoa da, eta ez dute aparteko aipamenik merezi. Beste hitz batzutan esanda, interneteko zabortegia haztea beste lorpenik ez dute bere baitan (sortu eta berehala bertan behera utzitako blogak, informazio gehiegi eta okerra... infoxifikazioa). Ildo horretatik mintzo da Andrew Keen, edonork edukia sortu dezakeen garai honetan, benetan talentua duena inor ohartu gabe pasa daitekeela dio,  Hitchcock, Scorsese… gazteekin zer gertatuko den beldurrez.

Bizitza honetan gehienetan bezala, ordea, gauzak ez dira beltzak edo zuriak: profesional izatea ez da ona izango zarenaren berme, ezta amateur izaera edo etiketa, kalitate eskasaren sinonimo. Baliteke komunikatzaile profesionala ez izan arren, blogaria, landutako gaietan aditu eta aritua izatea. Amateurtasuna ere erlatiboa da, hortaz; arloren batean jakitun dena sareko erreferentzia bihurtu daiteke. Aitzitik, intrusismo hitzaren esanahia birpentsatua izaten ari da, soziologo batzuen arabera.

Komunikazioren, sormenaren… hegemonia hautsi da, eta esanahiak, rolak… aldatzen doaz. Blogariak komunikabideak hartu zituzten eta medioek blogak. Baina profesionalak eta amateurrak, ez dira aurkia eta ifrentzua. Blogak, Interneteko komunikazioa deritzon ekologia handi baten barnean daude (Erickson 2000; Herring et al. 2004) Errealitateak, gainera mila forma hartzen ditu eta horretan oinarritzen da blogen eta blogarien legitimazioa. Dena den, parametro ezberdinak sartuko dira zilegitasun horretan: argitaratzen daraman denbora, edukien sinesgarritasuna, kalitatea… . Izan ere, eta sakonera handiagoetan sartuz, non dago, blogari amateur eta BLOGARI –hizki larriz, horrelakorik bada- izatearen arteko muga, non banaketa? Arakatzen jarraitu beharko.

Norbere narratiba infinitua (pertsonala, mugagabea eta amaigabea)

Maialen Odriozola 2014/03/25 12:07
Ikertzaile askoren ustetan blogaren izaera pertsonala da bere ezaugarri esanguratsuena. Hemen, auto-kontakizunaren inguruko lau ideia.


1.    Patchwork: Gure nortasunaren oihalkiak harilkatzen sarean

 Patchwork-aren irudiko, guri buruzko oihal pusketa txikiak (zaletasunak, maniak, iritziak, gogoetak, bizipenak…) harilkatzen goaz zapi handi batean (blogean). Norberaren espazio babestua omen (Grumbrecht, 2004). Bertan argitaratzen ditugu geure idatzi intimoenak -buruhausteak eta pozak-, ohiko kontuak -maniak eta zaletasunak-, zein gertakari bereziak -egun gogoangarriak, gertaera ahanzgarriak…-. Izan, denak dauka kabida: axola zaigulako, jakin-mina pizten digulako edota interesa erakarri. Halaber, sarrerak, independenteak izan arren, guztiak daude osotasun baten baitan; eta, guztien artean osatzen goaz etengabe gure erretratua.


 2.       Zuzendari eta erredaktore: Narrazioaren jaun eta jabe 

Kontakizunaren haria da, eta istorioan atera ez arren, blogaria da neurri batean edukiaren protagonista. Izan, sormen prozesuan geure arrasto pertsonala uzten dugu. Non? Aukeratzen ditugun gaietan, erabiltzen dugun estiloan… Era askotakoak izan daitezke (korporatiboak, kolektiboak, monografikoak, pertsonalak), zernahi izan daiteke edukia ere (gogoeta, albistea, iritzia, kronika…). Baina, gehienean,  xehetasun pribatuak instrumentalizatu egiten dira helburu komunikatiboak lagun (espazio intimo sortzea, komunikazioari sinesgarritasuna emateko helburua...)

Gure ikuspuntua ere barne hartzen du edukiak; esaterako, idazterako orduan jarrera bat hartzen dugunean edo distantzia jarri. Gainera, gure izen-abizenekin sinatu zein goitizen bat erabili, gu geu gara hedabidearen erredaktore eta zuzendari, eta gure kudeaketaren menpe dago argitaratzen duguna.  Bestalde, jakinekoa da ardura batzuk ere baditugula eta oker jokatuz gero, geu izango garela, era berean, erantzule. Blog komunitateen, kasuan, bada berezitasunik, Eibar.org elkarteak, adibidez, badu Kontseilu Editoriala, gehienbat blogariei arazoak eragozteko, baina kasuak kasu, blogaria ere izan daiteke komunitateari kalte egiten diona, orduan ere kontseilu hori arduratuko litzateke egoera konpontzeko erabakiak hartzeaz.

 


3.       NIaren eraikuntza: Barne eta kanpo komunikazioa  

Blog gehienetan ikusiko dugu sarrera, profil, aurkezpen… deituriko atala ere, egileari buruzko hainbat hitzekin osatua. Bertan nahasten dira gure buruaz dugun irudia eta besteek nola ikus gaitzaten nahi dugun. Ezagutzera emateko ere estrategia ezberdinak: umorea erabiltzea ala serio jardutea, ironiarekin jokatzea… Mila modu, beraz, baina badu honek ere zerikusi zuzenik bakoitzaren pertsonalitatearekin.

Adierazteak, ordea, bere zentzurik orokorrean moldatzen du pentsaera. Gure buruaz mintzo garenean, pentsamenduei forma ematen gabiltza eta horrek, norbere izaeraren alderdi berriak ezagutzeko aukera ere ematen digu. Turkle ikertzailearen ustez, «Internet laborategi soziala bihurtu da bizitza posmoderno honek bereizgarri duen NIa eraiki eta berreraikitzerako.”

Garapena ere tartean dago, bestalde. Blogaren garapena eta gure garapena, biak. Duela zortzi urte hasi bagina idazten, adibidez, litekeena da “ni” horretan aldaketak egotea, bilakaera bat… Bloga, beraz, norberaren proiekzio gisa gurekin batera aldatuz doan tresna da.

 

4.       Bakarkako emanaldia agertoki publikoan: Zergatik gara blogari?

 Blogariak komunikatzeko beharrak eraginda argitaratzen du (Leibrandt, 2006). Komunikatzeko behar hori ere giza izaeraren oinarri-oinarrian dago. Antzinako ahozko narratzaileek egiten zuten gisa, beranduago idazleek… blogariek ere bizipen, sentimendu, esperientzia, ideia, iritzi eta pertsonalitatea osatzen duten inpresio oro argitarazten dute. Egilea adierazteko bitartekoa da, hortaz, bloga: bere espazio pertsonala (Huffaker, 2004). Izan, “espazio pertsonal babestua” ere bada, berak kontrolatzen duelako, neurri batean, erabiltzaileekin duen elkarreragina.

 Dena den, idatzitakoa besteei zuzendua dago (Mortersen, 2002) eta elkarrizketei bide ematea du helburu (Moor eta Efimova, 2004). Irakurlea harrapatzea da xedea, eta galderak, ideiak, gogoetak… argitaratzen ditugu berak ere iritzia eman dezan sustatuz, geuregana erakarriz.

Baina adierazpide pertsonala izanik, komunikatzeko behar horretaz aparte, zein dira blogaria idaztera bultzatzen duten arrazoi pertsonalak?

 

Ez da ziberespazioa, nire etxea da. Testu ireki, mugagabe eta amaigabea, egunero jarraitzen baitut idazten”, Amdre Lemo blogari eta ikertzailea.

Idazteko irrika

Maialen Odriozola 2014/03/19 16:35
Blogekin hasteko, gogoetarako hainbat zertzelada eta galdera bat

Kontatzeko zerbait eduki behar, bai eta internetera konexioa eta gutxieneko alfabetatze digitala ere. Baldintza horiek beteta, nahiko merke eta erraza da bloga izatea. Hori horrela, ziberkulturaren fenomeno esanguratsu eta arrakastatsuenetarikoa da blogarena. Sarea betetzen duten milioika daude; egunero, gainera, milaka berri sortzen dira. Dena den, eta nahiz eta mundu honi onbidezko ekarpen bat egiteko saiakeran ibili – informazio gainkarga duen mundua, bestalde-, jaio eta gutxira hilko dira horietariko asko; hala ere, badira, testuinguru digitala kontuan hartuta eta beren ibilbideagatik helduarora iritsi diren adibideak. Ikertzea, eztabaidatzea eta bistaratzea merezi duen fenomenoa da, hortaz.

 

Izan, masa kultura delakoaren desira egi bilakatu du WEB 2.0 delakoak: igorle bihurtu du audientzia, eduki ekoizle eta esperientzia banatzaile. Egun zarena edo bizi duzuna konta dezakezu: zerrek eragiten dizu poza? Eta amorrua? Zerren inguruan hitz egin nahi duzu?… Teknologiaren ingurukoak atsegin badituzu, horiexek hartu ditzakezu hizpide; sukaldaritzari buruzkoak gustuko, bada, gastronomia kontuak. Zu zara zeure hedabidearen jaun eta jabe. Asko, erreferentzia dira sarean beren alorretan.  Sarri, gainera, oinarrizko informazio iturri bihurtu ohi dira: blogaria lekuko denean kasu. Hala gertatu zen New Yorken irailaren 11ko erasoekin eta baita Libano edo Irakeko gerrarekin ere. War diary edo gerrako egunerokoan bizi dutena deskribatzen dute blogariek.

Baina igorle aniztasunak, hartzaile gisa ere aldatu gaitu; hala, egunotan telebista ikusten dugu, irratia entzun, baina baita blogak irakurri ere, eta nahi badugu beren edukia iruzkindu edo sare sozialetan partekatu dezakegu. Bide batez garaiko kontakizuna idazten ari gara, gure gizarteak aurre egin behar dien hainbat arazoak hizpide hartuta (langabezia, lan-gatazkak, ekologia, emakumeen eskubideen aldeko borroka…) Bakarkako gogoeta, orduan, elkarreragin sozialerako tresna bihurtzen da, kontakizun kolektiboa eraikiz.

Narrazioa bera ere ez da lehengoa, orain testu batetik, irudi batetara pasa gaitezke, bideoetara edo soinuetara; hala, sarea idazteko zein irakurtzeko moduak aldatzen ari da.

 

 

Errealitateak, ordea, ez dizkigu blogerako sarrerak eskaintzen bere horretan, errealitateak, gertakariak, gaiak… egunerokoa eskaintzen digu, guk egiten dugu horien gaineko aukeraketa eta interpretazioa. Zein da, orduan, blogarien papera eta zein blogen eragina? Galdera horiek erantzuten saiatuko gara pixkanaka. Baina gehiegi luzatu den sarrera honen ondotik ekin diezaiogun berriz; has gaitezen oinarritik, eta entzun diezaiegun adituei. Zer oinarrizkoago, gainera, blogen izaeraz galdetzen hastea baino.

 

 

Zer da bloga?

 

“Testuak, data aldean dutela, kronologikoki antolatzen dituen webgunea da, maiztasun batekin eguneratu ohi da”; horraxe, ikertzaileen artean definiziorik errepikatuena (Herring, Kouper, Scheidt eta Wright, 2004; Nardi, Schiano eta Gumbrecht 2004).

Oinarri horretatik abiatuta, hala ere, bakoitzak bere ezaugarriak nabarmentzen ditu. 2007an egindako ikerketan Schimidtek honakoa proposatzen zuen: “Maiztasunez eguneratutako webgunea da, non edukia (testu idatzia, irudiak, soinu artxiboak etb. modu erregularrean argitaratzen diren, eta alderantzizko hurrenkera kronologikoan kokatu. Irakurleek banakako sarrera bakoitzean iruzkina uzteko aukera dute gehienetan, eta banakako sarrera horietako bakoitza URL bakar batekin identifikatu ohi da”.

Orihuelak, aldiz, aztarna pertsonalean jartzen du arreta: “Jatorrian, eguneroko pertsonalak bezala egituratutako webguneak dira; erregulartasunez eguneratzen diren esteka, albiste eta iritzietan oinarritzen dira, eta estilo informal eta subjektiboan idatzi.

 

 Baina horiek definizio akademikoenak dira, badira blogariek jarritako esanahi sentikorragoak ere, Ecrasek 2007an “Zer da blog bat?” galdetu zuen, erantzunak, noski, askotarikoak izan ziren: orri zuria, egunerokoa, zaletasun edo menpekotasuna (adictive da jatorrizko hitza), bozgorailu handi bat, ideiak garatzeko txokoa, oroimena, orri-markagailua, artxibategi pertsonala...

Eta zuk, nola azalduko zenukete zer den blog bat?

Post it!

Maialen Odriozola 2014/03/15 12:25
Blogei buruzko bloga.

 Edukiak sortzen ari gara blogerako sarrera bat idazten dugun bakoitzean. Hala, beste erabiltzaileekin partekatzen ditugu gure istorioak, gogoetak, iritziak... Prozesua, ordea, korapilatu egin ohi da batzuetan, izan, blog batek badu bere baitan kontraesana: askatasuna dakar baina baita konpromisoa ere. Bada, adierazpide pertsonala, nahi dugunean eta nahi dugunaz hitz egiteko, buruhausteak ere sortu ditzake, ordea; inspirazio edo ideia berrien premia, denbora falta edo motibazio eza. Game over.

 


Azalpena: Nire interpretazioa da aurrekoa, bideoaren egilea, berez, ikasketetan proiektuak entregatzeko uneak sortzen dion ezinegonaz ari da. Post hitza blogen munduan sarrera gisa erabiltzen denez, bideoaren irakurketa librea – libreegia, agian- egin dut, metafora egokia iruditu zaidalako kontatzeko daukadana esateko. Azken batean, aurrerantzean eta aldi batez blogei buruz arituko naizela aditzera emateko: zergatik idatzi, zer idatzi, blogen funtzioa, blogarien informazio iturriak, edukien eragina… Eta honakoa da lehen gerturaketa, pertsonala.

PD: Post it-a protagonista duten hamaika bideo aurkitu ditut sarean, bide batez hemen uzten dizkizuet, gustatuz gero –tartean aurreko bideoaren making-offa, ekoizpen lan handikoa-.

 

Deadline (making off)

Anime-it. Post it animation

Stop Motion en post it semaine de l’animation

Tetris Stop in Motion Post It

Hizlariak sarean

Maialen Odriozola 2014/03/08 14:41
Zerrendetako harpidedunen profil eta jokabideak

 

Solaskideak. Teklatuan atzamarrak. Eta pantaila tarteko. Halakoak dira gutako askoren elkarrizketa ugari –Whatsapp bidezkoak, sare sozialetakoak…- Gure artean, berriz, denetariko lagunak: zerbait bururatu eta besterik gabe mezua bidaltzen dutenak, buruari buelta asko eman ondoren idazten dutenak, berezkoa duten hitz-jarioa islatzen dakitenak zein adierazkortasun handirik gabe mintzatzen direnak.  Umore gehiagorekin edo gutxiagorekin.

Izan ere, hizketaldi hauek idatzizko formatua badute ere, ahozko elkarrizketa baten antza gehiago dute sarritan. Dena den, galdu egiten ditugu hitzik gabeko komunikazioaren baitako gaitasunak (keinuak, mugimenduak, eszenografia… ) Ez dugu hasperenik egiten inor ikusiko, ez eta algaraka hasten denik entzungo. (Hortik datoz, bestalde, hainbat eta hainbat ezin ulertu…). Aitzitik, emotikonoak, laburdurak… hutsune hori betetzeko erabiltzen dira.

 Hel diezaiogun, ordea, dagokigunari: zerrendei. Bitarteko honetan presente daude aurrez aipatutako hainbat ezaugarri. Horrez gain, badira adituek aztertu dituzten jokabide eta profilak ere. Aztertu ditzagun bada euren ondorioak.

 

Zerrendakideak, anitzak

Lehen, erabiltzaileen artean denetik dagoela esan badugu ere, Hong Xu ikertzaileak ondorengo kategorietan sailkatzen ditu zerrendetako harpidedunak: moderatzaileak – hizketaldiaren norabidea markatzen dute-;  solaskideak -eztabaidetan parte hartzen dute- ; iragarleak –euren burua iragartzeko erabiltzen dute medioa- informazio bilatzaileak - informazioa eskatzeko erabiltzen dute bitartekoa-; eta behatzaile pasibok -mezuak irakurri besterik ez dituzte egiten-.

 

 


Aldatzen ez dena… Gutxiengoa ekoizle gehiengo batentzat

1995ean kasu zerrenda Tami Echevarria, W. Bede Mitchell, Karen Liston, Thomas A. Peters eta Deleyne Wentz ikertzaileek 1995. urtean egin zuten ikerketa batean ondorioztatu zuten, zerrendetan lehengo komunikazio betiko patroiak errepikatzen zirela; hau da, gutxienekoak zirela informazioaren ekoizleak. Hala, 80/20 araua edo Paretoren printzipioa testuinguru elektronikora ekarriz honakoa azaldu zuten: “ zerrendetan mezuen %80a harpidedunen %20ak sortzen dute”.

Interpretazio antzekoa egiten du Bar-Ilanek ere, eta bitarteko modernoak izan arren, bertan ematen diren jokabideak tradizionalak direla dio; elkarlana eta parte-hartzea txikiak direla, eta bizitasuna eta berrikuntza talde txiki beretik datozela ia beti.

Victor Feluiren arabera, eskarmentu handiena duten harpidedunek osatzen dute gutxiengo aktibo hori. Eta hurrengoak izango lirateke euren bereizgarriak:

 

-          Ohikoa da euren parte-hartzea

-          Ekimen kolektiborako proposamenak egiten dituzte

-          Taldearentzat dokumentuak sortzen dituzte

-          Hainbat gai proposatzen dituzte

-          Beste harpidedunak parte-hartzera animatzen dituzte

-          Galderak erantzuten dituzte

-          Beste harpidedunentzat erabilgarria izango den informazioa partekatzen dute

 

Ekarpen baten zain

 Isiltasuna deserosoa da, ordea, hitz egin nahi duenarentzat. Pantailaz bestea aldera ezin ikus dezakegunez, gainera, ez dakigu zer esan nahi duen mezurik ezak zerrendan: jendeak ez duela postarik zabaldu, ez zaiola interesatzen, harrituta geratu dela esandakoarekin… zalantza horrek ezinegona eragin dezake zenbaitetan.

Hitzik egiten ez duena, hala ere, pasiboa izan daiteke baina zentzu batean soilik. Javier Vidalek, bederen, entzule isilen alde egiten du. Zerrendaburu honi harpidedunen parte-hartze eskasa askotan etsigarria egiten zaion arren, isilik mantentzen diren kideek ere solasaldiaz asko gozatzen dutela nabarmentzen du. Esan beharra dago, gainera, areagotu egiten dela parte-hartze hori gaiaren arabera edota harpidedunak elkar ezagutu eta konfiantza hartu ahala, eguneroko jarduna eta lagun arteko estiloa tarteko.

 

Izan ere, geroz eta baliabide gehiago ditugu ugariago eta hobeto komunikatzeko; eta orain, askotan, esateko ezer falta, bai eta sarean publikoki jarduteko desira ere. Inoiz berritsu; inoiz mutu. Ezin bestela izan.

 

 

 

*Gure ikerketari dagokionez, oraindik behaketa fasean gaude; mezuen kopurua eta hizlarien kopurua zenbatzen dugunean, orduan, eskaini ahal izango ditugu Eibartarrak zerrendako datuak eta horien interpretazioa.

Posta- zerrendak: hainbat aukera, interes edo behar ezberdinen arabera

Maialen Odriozola 2014/02/26 22:15
Zerrendak sailkatzeko irizpide ezberdinak.

Sarean dauden zerrenden kopurua zenbatezina da, Javier Vidalek dioen moduan printzipioz susmatuko ez genukeen lekuetatik ere sortzen dira ekimen ezberdinak; zerrenda “intelektualetatik” hasi eta “esoterikoenetara”, edonor izan daiteke zerrenda berri baten sustatzaile. Harpidedunentzat ere ez dauka zailtasun handirik, programa sinple baten bitartez eta argibide batzuekin, edozein lekutako jendearekin batu gaitezke momentu batean, eta interesatzen zaigun gaien inguruan eztabaidatu.

Aukera sorta handia da: medikuntzari buruzkoak daude, ekonomiaren ingurukoak, kultur jardueren bueltan, lurraldeei lotuak, kirolei, zaletasunei… Azken batean, proposatutakoak beste erabiltzaileengan interesik badu, beti egongo da talde txiki ala handi bat solastu ahal izateko.  

 

 

Badira, ordea, zerrendetan egituratu beharreko hainbat aldagai:  artxiboak publikoak izango diren edo horren ordez bazkideen kontsultarako izango diren soilik, moderatzailerik egongo den, harpidetza irekia izango den edo ez… Ezaugarri horien inguruan hartutako erabakien arabera sailkatu ditzakegu zerrendak.

Ondorengo sailkapena egiteko, aurrekoan aipatutako bi lanak izango ditugu beste behin ere hizpide: batetik, Francisco Javier Rodríguez Recioren “Analísis de la lista de correo electrónico de la radiología” tesia, eta bestetik, “El correo electrónico: el nacimiento de un nuevo género”, Cristina Delfarena. Oraingoan, dena den, Juan Antonio Merlo eta Ángela Sorliren “Las Listas de Distribución como Herramienta Profesional” lana ere aintzat hartuko dugu.

Argibide batekin hasiko gara, ordea, autore gehienek beste ezeren aurretik buletina eta eztabaida foroa bereizten baitituzte.

 Buletinak vs eztabaida foroak

Buletina eta eztabaida foroa ez dira beharrezko dituzten bitarteko teknologikoengatik bereizten, erabilerak bereizten ditu: banaketa zerrendek, gertaera baten inguruko informazioa zabaltzen dute -aldian behingo mezuen bitartez gehienetan-, baina ez da euren helburua inondik inora ere eztabaidarik sortzea, besterik gabe, zerbaiten berri ematea baizik. Elkarreraginerako asmoa, beraz, ezberdina da bi zerrenda mota hauetan.

Buletinetan, harpidetuta dagoen erabiltzaileak ezingo ditu mezuak erantzun edo horretarako aukerarik badu oso mugatua izango da, hau da, ezingo die kide guztiei idatzi, soilik administrariari bidali ahal izango dio mezua. Eztabaida foroen helburua, aldiz, kontrakoa da elkarreragina da zerrenda hauen gakoa, proposatutako gaietan iruzkinak izatea.

 

Argibide hori egin ondoren, eztabaida foroei egingo diegu erreferentzia zerrenda motak azaltzen ditugunean.

 

Zerrenda motak:

a)     Moderazioaren arabera

 

MODERATUAK: Komunitateko kide bat edo hainbat kide zerrendako mezuen moderazioaz arduratzen dira. Hori horrela izanda, parte-hartzaile batek mezu bat bidaltzen duenean moderatzailea izango da edukia ikuskatu eta mezua zerrenda osoari birbidali ala ez erabakiko duena.

Recioren ustez,  baditu zerrenda mota honek bere onurak eta kalteak: “Abantaila, kideek gaiaren esparrutik kanpo dagoen mezurik ez dutela jasoko da. Desabantaila, berriz, mezuak epez kanpo iritsi daitezkeela partaideengana, izan ere, ez dituzte jasoko mezuak moderatzaileak birpasatu eta birbidali arte”.

Merlo eta Sorliren esanetan, badute moderatzaileek beste funtzio bat ere, akuilu gisa jokatu behar dute eztabaidarako gaiak proposatuz edo parte-hartzea antolatuz. Horrez gain, elkarrizketak zaindu behar dituzte harpidedunen artean arazorik ez sortzeko.

Hona hemen autore gehienek egiten duten bigarren argibidea, administratzailearen eta moderatzailearen arteko bereizketa:

 

1)     Administratzailea: Bere zeregina zerrendaren mantenua eta taldearen funtzionamenduari erreparatzea da. Normalean ez ditu mezuak kontrolatzen. Zerrenda gehienek dute eginkizun horretaz arduratzen den norbait edo hainbat.   

2)     Moderatzailea: Mezu guztiak lehenbizi bere postontzira iritsiko dira eta bera izango da zerrendara birbidaliko dituen ala ez erabakiko duena. Kontrol-mekanismoa da mezu “desegokiak” ez hedatzeko.

 

ZERRENDA EZ MODERATUAK: Harpidetu guztiak eztabaidara heldu daitezke inolako murrizketarik gabe. Recioren ustez badute desabantaila bat, gaitegitik ateratzen diren mezuak jaso ditzake harpidedunak baita kalitate txarrekoak edo okerrak ere.

 

b)     Sarbidearen arabera

 

IREKIAK: Edonor harpidetu daiteke zerrendara inolako baldintzarik gabe.

 

ITXIAK: Esparru profesional bateko partaide bagara, perfil jakin bat badugu edo lehendik adostutako baldintza batzuk betetzen baditugu soilik izango gara harpidedunak zerrendan hauetan.  Onartuak garen ala ez erabakitzeaz, zerrendaren administratzailea arduratuko da.

Zerrenda itxi hauek formulario batetik abiatzen dira gehienetan. Bertan, harpidetu nahi duen erabiltzaileari zenbait galdera egiten zaizkio, esparru profesionalekoak kasu askotan. Zerrenda horietako hainbatek denbora epe batean harpidetza berritzea eskatzen dute, helburua, zerrendan interesik ez dutenei baja ematea da, pasibotasunagatik jarraitzen dutenei.

 

c)      Fitxategien kontsultaren arabera*

 

PUBLIKOAK: Web orri batean daude mundu guztiaren eskura zerrendako mezuen fitxategiak.

PRIBATUAK: Zerrendako kideek bakarrik ikus ditzakete mezuak eta artxiboak kontsultatu.

 

Aztertutakoaren ondoren, hona hemen taula txiki bat Eibartarrak posta zerrendaren ezaugarriekin.

 

 

*Oharra: Merlok eta Sorlik publikoa eta pribatua, irekia eta itxia bezala hartzen dute (ez dute egiten bereizketarik).

Posta-zerrendak: Talde komunikazioa

Maialen Odriozola 2014/02/14 21:30
Solasaldirako zein eztabaidarako gune aproposak dira posta-zerrendak; harpidedunen artean informazioa elkartrukatzeko, esperientzia ezberdinak partekatzeko eta baita euren artean harremanak sortzeko eta garatzeko ere.

Zalantzak galdetu, aholkua eskatu, ekintzaren bat iragarri edota zeure iritzia eman… erabilera anitzeko tresnak dira zerrendak. Googleren sorreran ere zerikusirik izan omen zuen bitarteko honek, bilatzailearen historiari buruzko web orri honetan azaltzen denaren arabera. Orduan, 1996an, oraindik txikia eta hasi berria zen proiektua, eta Larry Pagek, sortzaileetako batek, honakoa galdetzen zuen:

 

 

Informazioa iturri gisa edota elkarreraginerako tresna baliotsuak badira ere, ez dago ikerketa askorik zerrenden inguruan. Azterlan gehienek, gainera, zerrenda zientifikoei erreparatu diete. Ikerketa honen objektua, ordea, “hartuemon jeneralekua” da, Luistxo Fernandezek posta zerrendaren bosgarren urtemugaren baitan Sustatun argitaratutako albiste honetan dioen moduan. Edonola ere, beste ikerlari batzuen ondorioak ekarriko ditugu hona, beti ere, geure testuingurura egokitzen saiatuz. Has gaitezen baina oinarritik.

 

Posta elektronikoa da zerrendaren euskarria, haren bidez funtzionatzen du. Partaide izateko, lehenbizi, harpidetu egin behar zara, normalean, formulario bat betez. Behin harpidetuta, posta elektronikoaren bitartez jarraitu ditzakezu elkarrizketak. Hasita dagoen solasaldi edo eztabaida bat iruzkindu dezakezu edo zuk zeuk proposatu gai bat. Lehen kasuan nahikoa da erantzuteko aukerari ematea, bigarrenean, zerrendaren helbide kolektiboa jarri beharko duzu hartzailearen tokian. Bi kasuetan, zerrendan hapidetuta dauden kide guztiek ikusi ahal izango dute mezua edo iruzkindu, eta hortxe zerrendaren grazia, mezuen harilkatzean.

 

Francisco Javier Rodriguez Recioren “Analísis de la lista de correo electrónico de la radiología”  doktoregoko tesina izan da erreferentzietako bat. Haren arabera lau eragilek parte hartzen dute zerrenda batean: harpidedunek, posta elektronikoaren teknologiak, mezu banaketen programak eta mezuak jaso eta bidaltzen dituen zerrendako kide ororen zerbitzariak.

 

 

Herrerok (1996) ere zerrenda zientifikoak aztertu ditu, hala ere, badira zerrenda guztietara estrapolatu daitezkeen ezaugarriak:

  • Azpiegituraren koste bajua da
  • Informazioak ez du kosturik sortzen
  • Ez du biltegi handiegirik behar
  • Informazioa erraz banatzen da kideen artean
  • Pertsona gutxi behar dira mantenurako
  • Inpaktu handia du komunitate zientifikoan (Ezaugarri hau ez da baliogarria gure kasuan, Eibarren duen inpaktua  aztertu daiteke, agian)
  • Berehalakotasuna adierazle esanguratsua da 

 

Cristina Delfak posta elektronikoa aztertu zuen bere doktoregoko tesian. Ikerlari honen arabera, sistema hauek modu erabakigarrian lagundu zuten komunitate sentimendua sortzen sarea jendarteratzen hasi zenean. Zerrendetako kideen arteko harremana estutuz joan zen,  eztabaidetako parte-hartzearen bitartez. Hierarkiarik gabeko komunitateak sortu zituzten gainera; batzuk gehiago parte-hartuko dute beste batzuk gutxiago, hori horrela izanda ere, kide guztien mezuak maila berean daude. Horrez gain, parte-hartze kulturaren zimenduak ere jarri zituen eta informazioaren nolabaiteko demokratizazioa ere ekarri zuen: harpidedunak dira eztabaidatu edo iruzkindu nahi dituzten gaiak proposatzen dituztenak, eurak dira agenda markatzen dutenak –garrantzitsua dena eta ez dena-.

Azken batean, informazioaren joan-etorria botere ekonomiko zein politikoetatik at doa zerrendaren bidez, denbora eta espazioaren mugak gaindituz. 

 

Hurrengo sarrerak ere zerrendaren ingurukoak izango dira, gai honetan sakontzeko helburuarekin.

 

PressPausePlay

Maialen Odriozola 2014/02/05 22:50
"Azken hamarkadako iraultza digitalak pertsonen sormen ahalmena eta talentua piztu du..."

Do It Yourself. Make it happens. Zeure kabuz egin ezazu. Egin ezazu posible. Marketinaren alorrean horrelako esaldiek izan dezaketen erakargarritasunaz aparte, filosofia honen mamia lantzen du “Press, Pause Play" dokumentalak –lotura horren bitartez jaitsi dezakezu-. David Dworskyk eta Victor Köhlerrek zuzendutako lanak aro digitala eta sormen prozesua uztartzen ditu, eta ondorengoak bezain galdera interesgarriak plazaratu:

 

Edonork ote dauka, ordea, edozer egiteko gaitasuna? Teknologia guztion eskura izateak edo kultura digitalak dakarren balizko demokratizazioak adierazpen artistikoaren hobekuntza al dakar bere baitan? Hobeak izango al da aurrerantzean zinea, literatura edo musika?


Unibertsitatean, esaterako, etengabe azpimarratzen ziguten eskura ditugun baliabideak erabili behar genituela. Geuk atera behar genituela babarrunak eltzetik, inork ez zituela guregatik aterako. Aurretik ezagutzen genituen formulak agortuak zeudela jada. Kultura digitala delakoa iraultza handi bat ote da orduan? Ala teknologiaren garapen soila? Bietatik izango du. Gorazarre eta kritika. Baina denbora aurrera doa eta gauzak aldatzen ari dira; sormen prozesutik hasi eta banaketara, sortzailetik kontsumitzailera. Digitalizazioak forma oro ukitzen du.

 

Jendeak betidanik irudikatu ditu bere sentimenduak hitzez, musikaren bitartez zein irudiak erabilita, baina lehen zabalkundea industriaren menpe zegoen. Filmetako hizlarietako batek botere harremanak aldatu direla dio, beste batek ideia hori garatzen du, eta jada ez dugula industriaren beharrik esaten du. Denok dugu kamara bat, denok ateratzen ditugu argazkiak, ikus-entzunezkoak grabatu. Baina denok al gara argazkilari edo zinegile? Jendertaretze horretan edo hainbeste amateurren artean Scorsese zein Hitchcocok berriak galtzen ari garela dionik ere bada. Argiak eta ilunak.

 

Beste aipu batean jasotzen da sortzailea bera jabetu behar dela bere indarraz, orain arte sortzailea oso baldintzatua zegoela: Nor ezagutzen duzu? Nork ezagutzen zaitu? galderengatik. Orain zeure buruaren ordezkari izan zaitezke, zeure ibilbidea eraiki dezakezu, zeure marka garatu.   Baina dena zure jarduerak izan dituen kliken arabera neurtzen den honetan, sorkuntza bere zentzua galtzen ari ote da? Arreta defizita da, gainera, ildo horretatik filmean errepikatzen den gakoetako bat. Hainbat protagonisten arabera, mila gauzetan aritzen gara denbora berean. Musika entzuten dugu baina posta elektronikoa begiratzen ari garela, filmak ikusten ditugu baina beste zerbait egiten ari garen bitartean. Gazi-gozoak.

 

Norbaiti zerbait pertsonala egiteko eskatzen diozunean zerbait baliotsua egingo dizula dio beste batek, ordenagailu bat eta sarbide bat emanez gero, zerbait interesgarria sortuko duela. Hori horrela, denek pentsatzen dutela filme bat egin edo kanta bat ekoitzi dezaketela hausnartzen du beste momentu batean hurrengo batek. Baina software eta telentua ez dira etorriko beti eskutik. Ideiak, lanak eta talentuak egon behar dutela uste dut nik atzetik.

 

Ados, etorkizuna ikuspegi sinplista batekin begiratzen dugula esaten duenarekin. Agian, kultura berri baten, ordez, hainbat prozesu ditugu aurrean. Gorazarre egitea zein kritika egitea biak dira, kasu honetan, baliagarriak. Adierazteko zein zabalkunderako aukera gehiago izatea onuragarria da, hala ere, nire ustez. Ikuspuntuak areagotzea ekarriko du, gainera, horrek. Ala ez? Audientziaren homogenizazioaz ere mintzo dira dokumentalean. Protagonista gehienek etorkizunaren ziurgabetasuna azpimarratzen dute, eta, azkenean, hori izango da gako esanguratsuena. Etorkizun ezezaguna.

 

Itxura erakargarria, musika zaindua eta elkarrizketa interesgarriak dituen dokumentala. Zinea eta musika ditu gehien bat hizpide baina bertan ateratzen diren hainbat gai beste testuinguru batzuetara estrapolatu daitezkeela uste dut, eta horregatik ekarri dut hona, agertzen diren hainbat gai nire hausnarketa propioekin nahastuz. 

Partaidetzaren gazi-gozoak

Maialen Odriozola 2014/01/25 18:45
Blogeko aurreko sarreran parte-hartzeari buruz idatzi nuen eta sarrera hori osatzeko asmoz egin dut honakoa, gaiaren inguruan adituek dituzten jarrera ezberdinak biduz.

 

Sareak milaka interes, arrazoi, perfil eta lanabes ditu bere baitan. Mark Deuze unibertsitateko irakasleak, erabiltzaile profesional eta ez profesionalak bereizten ditu multzo heterogeneo horretan, interes komertzialak dituztenak eta ez komertzialak.  Baina lankidetzak eta parte-hartzeak hamaika aurpegi ditu, eta perfil ezberdinen arteko talkek ondorio ezberdinak dakartzate. Deuzek horiek aztertzen ditu John Banks ikerlariarekin batera “Co-creative labour” artikuluan.

 

Erabiltzaileak geroz eta parte-hartze handiagoa du edukiak eta esperientziak sortu eta garatzeko unean, fenomeno hori adierazteko erabiltzen da, hain zuzen ere, “Co-creative” terminoa. Baina erabiltzaileak eta media profesionalak euren arteko konpetentzia dira kasu batzuetan, eta horrek tentsioak sortzen ditu sarean (Banks eta Humphreys, 2008).

 

Erabiltzaileen botereari buruz hitz egitean, ikerketa ezberdinek “Time” aldizkariak 2006an urteko pertsonaia gisa “YOU” aukeratu izana aipatzen dute. Youtube, Wikipedia, MySpace eta bestelako plataforma sozialetako erabiltzaileei egiten zien orduan erreferentzia agerkariak, baina artikuluak boterea ez ezik, erabiltzaile asko  trukean ezer jaso gabe lanean ari zirela ere nabarmentzen zuen.

 

 

Deuzek berak arriskutsu ikusten du interes ez-komertzialekin egindako jarduera asko mundu mailako konpainiek kontrolatzen dituzten plataformetan burutzen direla, Google, Sony edo Yahoo! bezalako plataformetan, hain zuzen ere. Erabiltzaile profesional zein ez-profesionalen artean enpresa horiekiko denpendentzia handia da. Horrez gain, korporazio erraldoi horien aurrean erabiltzaileon xalotasuna nabarmentzen du autoreak.

 

Zein puntutaraino baliatzen dira enpresa hauek interes-komertzialik gabe egindako jarduerez? Zer eragin du erabiltzaile ez profesionalen parte-hartzeak komunikabideetan eta sorkuntza arloan jarduten duten langileengan?

 

Bruns (2006) eta Jenkins (2008) autoreen arabera, esaterako, profesional eta ez-profesionalen arteko konbinazioaz etorriko da medioen arrakasta etorkizunean, eta ez batak bestea ordezkatzearen ondorioz. Autore hauen ikuspegia baikorra da beste batzuekin alderatuta, eta panorama honetan erabiltzaileek medioetan izan dezaketen eragina aldarrikatzen dute.

 

 

Kritikoenen artean Allen dago. Haren arabera promozio aurreratuko kapitalismoa da sarekoa, eta erabiltzaileak esplotatuak dira guztiz kontziente izan gabe. Horren aurrean, Deuze berriz hasten da galdezka parte-hartze kultura honek ez ote garamatzan kapitalismoak agintzen dituen baldintza neoliberal malguak onartzera?

 

Ildo horretatik, Ross (2003) ikerlariak ere ere parte-hartzea zenbaitetan irabazirik gabeko "lan" bilakatzen dela adierazten du eta, hortaz, gure bizitzaren zati bat eskaintzen diogula. Hori horrela izanda, lanaren lausotzearen eraginez enpresak erabiltzaile amateurrek egindako lan boluntarioari etekina ateratzen diotela nabarmentzen du.

 

Baina badira lerro horietatik aldentzen diren adituak ere, Manovich ikerlariak, esaterako, 2001ean esploratu gabeko lursail batean barneratzen ari ginela zioen, baina ondorioek ez zutela zertan ez demokrazia zentzurik, ez zentzu askatzailerik, ezta esplotatzailerik eduki behar.

 

Deunzek eta Banksek ere antzeko zerbait diote amaieran. Euren iritziz, lankidetzak eta partaidetzak, ekoizpen eta eskulanaren bide paraleloa jarraitu behar dute, bai eta harantzago begiratu ere, askapen edo boterearekin lotzen duten teoria baikorrenak eta esplotazioarekin lotzen dituzten kritikoenak gaindituz.

Prest al gaude?

Maialen Odriozola 2014/01/17 13:20
Ahalduntze digitalari eta partaidetzari buruzko hausnarketak.

 

Inork gutxik jartzen du zalantzan Informazioaren Teknologia Berriek gure bizitzan eraginik izan ote duten. Teknologia horiek informazioaren mundura ekarri dituzten aldaketez hitz egin dezakegu, baita garapen teknologikoak ahalbideratutako hainbat aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoez ere, baina oro har, gizartearen zati handi baten bizitzetan gailu multimediek duten nonahikotasuna hartu nahi dut hizpide. Datuek hori erakusten dute: 10 eta 74 urte bitarteko Euskadiko herritarren %67,8k ordenagailua erabiltzen dute, %65,3k Internet eta %97,8k telefono mugikorra –jatorria: EUSTAT-.

 

- Irudiaren jatorria: “E-inklusioa eta Euskadin herritarrek ikten bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea” txostena.

 

Baina gailu teknologikoak edukitzeak, kultura digitala barneratu izanaren bermea ematen al digu? Internetek partaidetza ahalbideratzen badu, prest al gaude gu parte-hartzeko? Eta, geure iritzia publikoki agertzeko? Gure gizartea ahalduntze digital baterako hezten ari al gara?

 

Sare sozialen bitartez, esaterako, gure bizitzen dimentsio publikoa areagotu egin da neurri batean, baina blogak idazteko, ezagutzaren sozializazioarako edota Internet bidezko partaidetzarako ia ezinbestekoa da pauso bat haratago joan eta lehen aipatu dugun ahalduntze digital hori, partaidetza eta iritzi publikoa sustatzen duen kulturakin lotzea.  

 

Dena den, Informazioaren Teknologia Berriek euren gaitasun guztiak gara ditzaten, baldintza tekniko- soziologiko batzuk bermatu behar dira. Gai honen inguruan sakontzen hastean, hango eta hemengo autoreek fenomeno bat nabarmentzen dute; eten digitala. Oso interesgarria iruditu zait, horren harira, Arartekoak agindutako “E-inklusioa eta Euskadin herritarrek ikten bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea” txostena.  Bertan, lau eten-digital estadio bereizten dituzte:

 

-       Sarbidearen eten digitala

-       Erabilera-eten digitala

-       Eskuratze-eten digitala

-       Partaidetza-eten digitala

 

 

Gainera, galdera aproposak planteatu dituztela iruditu zait; nor ari da geratzen “informazioaren gizartea” deiturikotik kanpo? Zergatik? Behar bezain heldua da, digitalki hitz egiten, euskal gizartea IKTen bidez parte hartzeko? Bide eta baliabide nahikorik al dago hori hala izateko? Benetan al dago parte hartzeko interesik? Beharrezkotzat jotzen al da eta ondorio antzemangarriak al ditu? Zerk motibatzen gaitu parte hartzera?

 

Galdera horiei erantzunez, perfil interesgarriak eraiki dituzte datuek. Deigarria egin zait IKT-ak ez erabiltzearen arriskuen rankigna; informazio falta, zaharkitua eta ez eguneratuak geratzea, eta gizarte isolamendua aipatzen dituzte ikerketan parte-hartu dutenek. Pisuzko arrazoiak dira, ezbairik gabe, heziketa digitala sustatzeko. Hala ere, hainbat adituk heziketa digitala garatzeko orduan, norabide okerra hartu dugula diote.

 

Alfonso Gutiérrez y Kathleen Tynerrek, esaterako, tresnak teknikoki erabiltzen erakusteaz gain, beharrezkoa dela diote, testuinguru digitalean trebatu eta mezuen aurrean kritikoak izaten ikastea.

 

Izan ere, alfabetatze osoa eskatzen du eraldaketa digital honek. Sareak, erabiltzaile-hartzaile ez ezik, erabiltzaile-igorle izateko aukera ere ematen digu, eta hezkuntza eta kultura, biak dira informazioaren gizartean mugitzeko beharrezkoak. Heldu, gazte zein haurrentzat. Guztiontzat.

Aurkezpena

Maialen Odriozola Martija naiz, kazetaria. Blog komunitate honen inguruko ikerketa proposamen bat egin nuen eta hara… Juan San Martin beka eman didate.  Blog honetan ikerketa honi buruz hitz egingo dut gehien bat, hori bai, agian, egunen batean beste zerbait kontatzeko behar kontrola ezina sentituko dut. Kasu guztietan ongi etorriak izango dira zuen iritzi, proposamen edota zuzenketak. 

Informazio gehiago hemen

Twitter-a: @maialenodriozol

Etiketak