Hizlariak sarean
Solaskideak. Teklatuan atzamarrak. Eta pantaila tarteko. Halakoak dira gutako askoren elkarrizketa ugari –Whatsapp bidezkoak, sare sozialetakoak…- Gure artean, berriz, denetariko lagunak: zerbait bururatu eta besterik gabe mezua bidaltzen dutenak, buruari buelta asko eman ondoren idazten dutenak, berezkoa duten hitz-jarioa islatzen dakitenak zein adierazkortasun handirik gabe mintzatzen direnak. Umore gehiagorekin edo gutxiagorekin.
Izan ere, hizketaldi hauek idatzizko formatua badute ere, ahozko elkarrizketa baten antza gehiago dute sarritan. Dena den, galdu egiten ditugu hitzik gabeko komunikazioaren baitako gaitasunak (keinuak, mugimenduak, eszenografia… ) Ez dugu hasperenik egiten inor ikusiko, ez eta algaraka hasten denik entzungo. (Hortik datoz, bestalde, hainbat eta hainbat ezin ulertu…). Aitzitik, emotikonoak, laburdurak… hutsune hori betetzeko erabiltzen dira.
Hel diezaiogun, ordea, dagokigunari: zerrendei. Bitarteko honetan presente daude aurrez aipatutako hainbat ezaugarri. Horrez gain, badira adituek aztertu dituzten jokabide eta profilak ere. Aztertu ditzagun bada euren ondorioak.
Zerrendakideak, anitzak
Lehen, erabiltzaileen artean denetik dagoela esan badugu ere, Hong Xu ikertzaileak ondorengo kategorietan sailkatzen ditu zerrendetako harpidedunak: moderatzaileak – hizketaldiaren norabidea markatzen dute-; solaskideak -eztabaidetan parte hartzen dute- ; iragarleak –euren burua iragartzeko erabiltzen dute medioa- informazio bilatzaileak - informazioa eskatzeko erabiltzen dute bitartekoa-; eta behatzaile pasibok -mezuak irakurri besterik ez dituzte egiten-.
Aldatzen ez dena… Gutxiengoa ekoizle gehiengo batentzat
1995ean kasu zerrenda Tami Echevarria, W. Bede Mitchell, Karen Liston, Thomas A. Peters eta Deleyne Wentz ikertzaileek 1995. urtean egin zuten ikerketa batean ondorioztatu zuten, zerrendetan lehengo komunikazio betiko patroiak errepikatzen zirela; hau da, gutxienekoak zirela informazioaren ekoizleak. Hala, 80/20 araua edo Paretoren printzipioa testuinguru elektronikora ekarriz honakoa azaldu zuten: “ zerrendetan mezuen %80a harpidedunen %20ak sortzen dute”.
Interpretazio antzekoa egiten du Bar-Ilanek ere, eta bitarteko modernoak izan arren, bertan ematen diren jokabideak tradizionalak direla dio; elkarlana eta parte-hartzea txikiak direla, eta bizitasuna eta berrikuntza talde txiki beretik datozela ia beti.
Victor Feluiren arabera, eskarmentu handiena duten harpidedunek osatzen dute gutxiengo aktibo hori. Eta hurrengoak izango lirateke euren bereizgarriak:
- Ohikoa da euren parte-hartzea
- Ekimen kolektiborako proposamenak egiten dituzte
- Taldearentzat dokumentuak sortzen dituzte
- Hainbat gai proposatzen dituzte
- Beste harpidedunak parte-hartzera animatzen dituzte
- Galderak erantzuten dituzte
- Beste harpidedunentzat erabilgarria izango den informazioa partekatzen dute
Ekarpen baten zain
Isiltasuna deserosoa da, ordea, hitz egin nahi duenarentzat. Pantailaz bestea aldera ezin ikus dezakegunez, gainera, ez dakigu zer esan nahi duen mezurik ezak zerrendan: jendeak ez duela postarik zabaldu, ez zaiola interesatzen, harrituta geratu dela esandakoarekin… zalantza horrek ezinegona eragin dezake zenbaitetan.
Hitzik egiten ez duena, hala ere, pasiboa izan daiteke baina zentzu batean soilik. Javier Vidalek, bederen, entzule isilen alde egiten du. Zerrendaburu honi harpidedunen parte-hartze eskasa askotan etsigarria egiten zaion arren, isilik mantentzen diren kideek ere solasaldiaz asko gozatzen dutela nabarmentzen du. Esan beharra dago, gainera, areagotu egiten dela parte-hartze hori gaiaren arabera edota harpidedunak elkar ezagutu eta konfiantza hartu ahala, eguneroko jarduna eta lagun arteko estiloa tarteko.
Izan ere, geroz eta baliabide gehiago ditugu ugariago eta hobeto komunikatzeko; eta orain, askotan, esateko ezer falta, bai eta sarean publikoki jarduteko desira ere. Inoiz berritsu; inoiz mutu. Ezin bestela izan.
*Gure ikerketari dagokionez, oraindik behaketa fasean gaude; mezuen kopurua eta hizlarien kopurua zenbatzen dugunean, orduan, eskaini ahal izango ditugu Eibartarrak zerrendako datuak eta horien interpretazioa.