Idazteko irrika
Kontatzeko zerbait eduki behar, bai eta internetera konexioa eta gutxieneko alfabetatze digitala ere. Baldintza horiek beteta, nahiko merke eta erraza da bloga izatea. Hori horrela, ziberkulturaren fenomeno esanguratsu eta arrakastatsuenetarikoa da blogarena. Sarea betetzen duten milioika daude; egunero, gainera, milaka berri sortzen dira. Dena den, eta nahiz eta mundu honi onbidezko ekarpen bat egiteko saiakeran ibili – informazio gainkarga duen mundua, bestalde-, jaio eta gutxira hilko dira horietariko asko; hala ere, badira, testuinguru digitala kontuan hartuta eta beren ibilbideagatik helduarora iritsi diren adibideak. Ikertzea, eztabaidatzea eta bistaratzea merezi duen fenomenoa da, hortaz.
Izan, masa kultura delakoaren desira egi bilakatu du WEB 2.0 delakoak: igorle bihurtu du audientzia, eduki ekoizle eta esperientzia banatzaile. Egun zarena edo bizi duzuna konta dezakezu: zerrek eragiten dizu poza? Eta amorrua? Zerren inguruan hitz egin nahi duzu?… Teknologiaren ingurukoak atsegin badituzu, horiexek hartu ditzakezu hizpide; sukaldaritzari buruzkoak gustuko, bada, gastronomia kontuak. Zu zara zeure hedabidearen jaun eta jabe. Asko, erreferentzia dira sarean beren alorretan. Sarri, gainera, oinarrizko informazio iturri bihurtu ohi dira: blogaria lekuko denean kasu. Hala gertatu zen New Yorken irailaren 11ko erasoekin eta baita Libano edo Irakeko gerrarekin ere. War diary edo gerrako egunerokoan bizi dutena deskribatzen dute blogariek.
Baina igorle aniztasunak, hartzaile gisa ere aldatu gaitu; hala, egunotan telebista ikusten dugu, irratia entzun, baina baita blogak irakurri ere, eta nahi badugu beren edukia iruzkindu edo sare sozialetan partekatu dezakegu. Bide batez garaiko kontakizuna idazten ari gara, gure gizarteak aurre egin behar dien hainbat arazoak hizpide hartuta (langabezia, lan-gatazkak, ekologia, emakumeen eskubideen aldeko borroka…) Bakarkako gogoeta, orduan, elkarreragin sozialerako tresna bihurtzen da, kontakizun kolektiboa eraikiz.
Narrazioa bera ere ez da lehengoa, orain testu batetik, irudi batetara pasa gaitezke, bideoetara edo soinuetara; hala, sarea idazteko zein irakurtzeko moduak aldatzen ari da.
Errealitateak, ordea, ez dizkigu blogerako sarrerak eskaintzen bere horretan, errealitateak, gertakariak, gaiak… egunerokoa eskaintzen digu, guk egiten dugu horien gaineko aukeraketa eta interpretazioa. Zein da, orduan, blogarien papera eta zein blogen eragina? Galdera horiek erantzuten saiatuko gara pixkanaka. Baina gehiegi luzatu den sarrera honen ondotik ekin diezaiogun berriz; has gaitezen oinarritik, eta entzun diezaiegun adituei. Zer oinarrizkoago, gainera, blogen izaeraz galdetzen hastea baino.
Zer da bloga?
“Testuak, data aldean dutela, kronologikoki antolatzen dituen webgunea da, maiztasun batekin eguneratu ohi da”; horraxe, ikertzaileen artean definiziorik errepikatuena (Herring, Kouper, Scheidt eta Wright, 2004; Nardi, Schiano eta Gumbrecht 2004). Oinarri horretatik abiatuta, hala ere, bakoitzak bere ezaugarriak nabarmentzen ditu. 2007an egindako ikerketan Schimidtek honakoa proposatzen zuen: “Maiztasunez eguneratutako webgunea da, non edukia (testu idatzia, irudiak, soinu artxiboak etb. modu erregularrean argitaratzen diren, eta alderantzizko hurrenkera kronologikoan kokatu. Irakurleek banakako sarrera bakoitzean iruzkina uzteko aukera dute gehienetan, eta banakako sarrera horietako bakoitza URL bakar batekin identifikatu ohi da”. Orihuelak, aldiz, aztarna pertsonalean jartzen du arreta: “Jatorrian, eguneroko pertsonalak bezala egituratutako webguneak dira; erregulartasunez eguneratzen diren esteka, albiste eta iritzietan oinarritzen dira, eta estilo informal eta subjektiboan idatzi.
|
Baina horiek definizio akademikoenak dira, badira blogariek jarritako esanahi sentikorragoak ere, Ecrasek 2007an “Zer da blog bat?” galdetu zuen, erantzunak, noski, askotarikoak izan ziren: orri zuria, egunerokoa, zaletasun edo menpekotasuna (adictive da jatorrizko hitza), bozgorailu handi bat, ideiak garatzeko txokoa, oroimena, orri-markagailua, artxibategi pertsonala...
Eta zuk, nola azalduko zenukete zer den blog bat?