Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Juan San Martin Beka / PressPausePlay

PressPausePlay

Maialen Odriozola 2014/02/05 22:50
"Azken hamarkadako iraultza digitalak pertsonen sormen ahalmena eta talentua piztu du..."

Do It Yourself. Make it happens. Zeure kabuz egin ezazu. Egin ezazu posible. Marketinaren alorrean horrelako esaldiek izan dezaketen erakargarritasunaz aparte, filosofia honen mamia lantzen du “Press, Pause Play" dokumentalak –lotura horren bitartez jaitsi dezakezu-. David Dworskyk eta Victor Köhlerrek zuzendutako lanak aro digitala eta sormen prozesua uztartzen ditu, eta ondorengoak bezain galdera interesgarriak plazaratu:

 

Edonork ote dauka, ordea, edozer egiteko gaitasuna? Teknologia guztion eskura izateak edo kultura digitalak dakarren balizko demokratizazioak adierazpen artistikoaren hobekuntza al dakar bere baitan? Hobeak izango al da aurrerantzean zinea, literatura edo musika?


Unibertsitatean, esaterako, etengabe azpimarratzen ziguten eskura ditugun baliabideak erabili behar genituela. Geuk atera behar genituela babarrunak eltzetik, inork ez zituela guregatik aterako. Aurretik ezagutzen genituen formulak agortuak zeudela jada. Kultura digitala delakoa iraultza handi bat ote da orduan? Ala teknologiaren garapen soila? Bietatik izango du. Gorazarre eta kritika. Baina denbora aurrera doa eta gauzak aldatzen ari dira; sormen prozesutik hasi eta banaketara, sortzailetik kontsumitzailera. Digitalizazioak forma oro ukitzen du.

 

Jendeak betidanik irudikatu ditu bere sentimenduak hitzez, musikaren bitartez zein irudiak erabilita, baina lehen zabalkundea industriaren menpe zegoen. Filmetako hizlarietako batek botere harremanak aldatu direla dio, beste batek ideia hori garatzen du, eta jada ez dugula industriaren beharrik esaten du. Denok dugu kamara bat, denok ateratzen ditugu argazkiak, ikus-entzunezkoak grabatu. Baina denok al gara argazkilari edo zinegile? Jendertaretze horretan edo hainbeste amateurren artean Scorsese zein Hitchcocok berriak galtzen ari garela dionik ere bada. Argiak eta ilunak.

 

Beste aipu batean jasotzen da sortzailea bera jabetu behar dela bere indarraz, orain arte sortzailea oso baldintzatua zegoela: Nor ezagutzen duzu? Nork ezagutzen zaitu? galderengatik. Orain zeure buruaren ordezkari izan zaitezke, zeure ibilbidea eraiki dezakezu, zeure marka garatu.   Baina dena zure jarduerak izan dituen kliken arabera neurtzen den honetan, sorkuntza bere zentzua galtzen ari ote da? Arreta defizita da, gainera, ildo horretatik filmean errepikatzen den gakoetako bat. Hainbat protagonisten arabera, mila gauzetan aritzen gara denbora berean. Musika entzuten dugu baina posta elektronikoa begiratzen ari garela, filmak ikusten ditugu baina beste zerbait egiten ari garen bitartean. Gazi-gozoak.

 

Norbaiti zerbait pertsonala egiteko eskatzen diozunean zerbait baliotsua egingo dizula dio beste batek, ordenagailu bat eta sarbide bat emanez gero, zerbait interesgarria sortuko duela. Hori horrela, denek pentsatzen dutela filme bat egin edo kanta bat ekoitzi dezaketela hausnartzen du beste momentu batean hurrengo batek. Baina software eta telentua ez dira etorriko beti eskutik. Ideiak, lanak eta talentuak egon behar dutela uste dut nik atzetik.

 

Ados, etorkizuna ikuspegi sinplista batekin begiratzen dugula esaten duenarekin. Agian, kultura berri baten, ordez, hainbat prozesu ditugu aurrean. Gorazarre egitea zein kritika egitea biak dira, kasu honetan, baliagarriak. Adierazteko zein zabalkunderako aukera gehiago izatea onuragarria da, hala ere, nire ustez. Ikuspuntuak areagotzea ekarriko du, gainera, horrek. Ala ez? Audientziaren homogenizazioaz ere mintzo dira dokumentalean. Protagonista gehienek etorkizunaren ziurgabetasuna azpimarratzen dute, eta, azkenean, hori izango da gako esanguratsuena. Etorkizun ezezaguna.

 

Itxura erakargarria, musika zaindua eta elkarrizketa interesgarriak dituen dokumentala. Zinea eta musika ditu gehien bat hizpide baina bertan ateratzen diren hainbat gai beste testuinguru batzuetara estrapolatu daitezkeela uste dut, eta horregatik ekarri dut hona, agertzen diren hainbat gai nire hausnarketa propioekin nahastuz. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Maialen Odriozola Martija naiz, kazetaria. Blog komunitate honen inguruko ikerketa proposamen bat egin nuen eta hara… Juan San Martin beka eman didate.  Blog honetan ikerketa honi buruz hitz egingo dut gehien bat, hori bai, agian, egunen batean beste zerbait kontatzeko behar kontrola ezina sentituko dut. Kasu guztietan ongi etorriak izango dira zuen iritzi, proposamen edota zuzenketak. 

Informazio gehiago hemen

Twitter-a: @maialenodriozol

Etiketak