Partaidetzaren gazi-gozoak
Sareak milaka interes, arrazoi, perfil eta lanabes ditu bere baitan. Mark Deuze unibertsitateko irakasleak, erabiltzaile profesional eta ez profesionalak bereizten ditu multzo heterogeneo horretan, interes komertzialak dituztenak eta ez komertzialak. Baina lankidetzak eta parte-hartzeak hamaika aurpegi ditu, eta perfil ezberdinen arteko talkek ondorio ezberdinak dakartzate. Deuzek horiek aztertzen ditu John Banks ikerlariarekin batera “Co-creative labour” artikuluan.
Erabiltzaileak geroz eta parte-hartze handiagoa du edukiak eta esperientziak sortu eta garatzeko unean, fenomeno hori adierazteko erabiltzen da, hain zuzen ere, “Co-creative” terminoa. Baina erabiltzaileak eta media profesionalak euren arteko konpetentzia dira kasu batzuetan, eta horrek tentsioak sortzen ditu sarean (Banks eta Humphreys, 2008).
Erabiltzaileen botereari buruz hitz egitean, ikerketa ezberdinek “Time” aldizkariak 2006an urteko pertsonaia gisa “YOU” aukeratu izana aipatzen dute. Youtube, Wikipedia, MySpace eta bestelako plataforma sozialetako erabiltzaileei egiten zien orduan erreferentzia agerkariak, baina artikuluak boterea ez ezik, erabiltzaile asko trukean ezer jaso gabe lanean ari zirela ere nabarmentzen zuen.
Deuzek berak arriskutsu ikusten du interes ez-komertzialekin egindako jarduera asko mundu mailako konpainiek kontrolatzen dituzten plataformetan burutzen direla, Google, Sony edo Yahoo! bezalako plataformetan, hain zuzen ere. Erabiltzaile profesional zein ez-profesionalen artean enpresa horiekiko denpendentzia handia da. Horrez gain, korporazio erraldoi horien aurrean erabiltzaileon xalotasuna nabarmentzen du autoreak.
Zein puntutaraino baliatzen dira enpresa hauek interes-komertzialik gabe egindako jarduerez? Zer eragin du erabiltzaile ez profesionalen parte-hartzeak komunikabideetan eta sorkuntza arloan jarduten duten langileengan?
Bruns (2006) eta Jenkins (2008) autoreen arabera, esaterako, profesional eta ez-profesionalen arteko konbinazioaz etorriko da medioen arrakasta etorkizunean, eta ez batak bestea ordezkatzearen ondorioz. Autore hauen ikuspegia baikorra da beste batzuekin alderatuta, eta panorama honetan erabiltzaileek medioetan izan dezaketen eragina aldarrikatzen dute.
Kritikoenen artean Allen dago. Haren arabera promozio aurreratuko kapitalismoa da sarekoa, eta erabiltzaileak esplotatuak dira guztiz kontziente izan gabe. Horren aurrean, Deuze berriz hasten da galdezka parte-hartze kultura honek ez ote garamatzan kapitalismoak agintzen dituen baldintza neoliberal malguak onartzera?
Ildo horretatik, Ross (2003) ikerlariak ere ere parte-hartzea zenbaitetan irabazirik gabeko "lan" bilakatzen dela adierazten du eta, hortaz, gure bizitzaren zati bat eskaintzen diogula. Hori horrela izanda, lanaren lausotzearen eraginez enpresak erabiltzaile amateurrek egindako lan boluntarioari etekina ateratzen diotela nabarmentzen du.
Baina badira lerro horietatik aldentzen diren adituak ere, Manovich ikerlariak, esaterako, 2001ean esploratu gabeko lursail batean barneratzen ari ginela zioen, baina ondorioek ez zutela zertan ez demokrazia zentzurik, ez zentzu askatzailerik, ezta esplotatzailerik eduki behar.
Deunzek eta Banksek ere antzeko zerbait diote amaieran. Euren iritziz, lankidetzak eta partaidetzak, ekoizpen eta eskulanaren bide paraleloa jarraitu behar dute, bai eta harantzago begiratu ere, askapen edo boterearekin lotzen duten teoria baikorrenak eta esplotazioarekin lotzen dituzten kritikoenak gaindituz.