Post it!
Edukiak sortzen ari gara blogerako sarrera bat idazten dugun bakoitzean. Hala, beste erabiltzaileekin partekatzen ditugu gure istorioak, gogoetak, iritziak... Prozesua, ordea, korapilatu egin ohi da batzuetan, izan, blog batek badu bere baitan kontraesana: askatasuna dakar baina baita konpromisoa ere. Bada, adierazpide pertsonala, nahi dugunean eta nahi dugunaz hitz egiteko, buruhausteak ere sortu ditzake, ordea; inspirazio edo ideia berrien premia, denbora falta edo motibazio eza. Game over.
Azalpena: Nire interpretazioa da aurrekoa, bideoaren egilea, berez, ikasketetan proiektuak entregatzeko uneak sortzen dion ezinegonaz ari da. Post hitza blogen munduan sarrera gisa erabiltzen denez, bideoaren irakurketa librea – libreegia, agian- egin dut, metafora egokia iruditu zaidalako kontatzeko daukadana esateko. Azken batean, aurrerantzean eta aldi batez blogei buruz arituko naizela aditzera emateko: zergatik idatzi, zer idatzi, blogen funtzioa, blogarien informazio iturriak, edukien eragina… Eta honakoa da lehen gerturaketa, pertsonala.
PD: Post it-a protagonista duten hamaika bideo aurkitu ditut sarean, bide batez hemen uzten dizkizuet, gustatuz gero –tartean aurreko bideoaren making-offa, ekoizpen lan handikoa-.