Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Juan San Martin Beka / Posta- zerrendak: hainbat aukera, interes edo behar ezberdinen arabera

Posta- zerrendak: hainbat aukera, interes edo behar ezberdinen arabera

Maialen Odriozola 2014/02/26 22:15
Zerrendak sailkatzeko irizpide ezberdinak.

Sarean dauden zerrenden kopurua zenbatezina da, Javier Vidalek dioen moduan printzipioz susmatuko ez genukeen lekuetatik ere sortzen dira ekimen ezberdinak; zerrenda “intelektualetatik” hasi eta “esoterikoenetara”, edonor izan daiteke zerrenda berri baten sustatzaile. Harpidedunentzat ere ez dauka zailtasun handirik, programa sinple baten bitartez eta argibide batzuekin, edozein lekutako jendearekin batu gaitezke momentu batean, eta interesatzen zaigun gaien inguruan eztabaidatu.

Aukera sorta handia da: medikuntzari buruzkoak daude, ekonomiaren ingurukoak, kultur jardueren bueltan, lurraldeei lotuak, kirolei, zaletasunei… Azken batean, proposatutakoak beste erabiltzaileengan interesik badu, beti egongo da talde txiki ala handi bat solastu ahal izateko.  

 

 

Badira, ordea, zerrendetan egituratu beharreko hainbat aldagai:  artxiboak publikoak izango diren edo horren ordez bazkideen kontsultarako izango diren soilik, moderatzailerik egongo den, harpidetza irekia izango den edo ez… Ezaugarri horien inguruan hartutako erabakien arabera sailkatu ditzakegu zerrendak.

Ondorengo sailkapena egiteko, aurrekoan aipatutako bi lanak izango ditugu beste behin ere hizpide: batetik, Francisco Javier Rodríguez Recioren “Analísis de la lista de correo electrónico de la radiología” tesia, eta bestetik, “El correo electrónico: el nacimiento de un nuevo género”, Cristina Delfarena. Oraingoan, dena den, Juan Antonio Merlo eta Ángela Sorliren “Las Listas de Distribución como Herramienta Profesional” lana ere aintzat hartuko dugu.

Argibide batekin hasiko gara, ordea, autore gehienek beste ezeren aurretik buletina eta eztabaida foroa bereizten baitituzte.

 Buletinak vs eztabaida foroak

Buletina eta eztabaida foroa ez dira beharrezko dituzten bitarteko teknologikoengatik bereizten, erabilerak bereizten ditu: banaketa zerrendek, gertaera baten inguruko informazioa zabaltzen dute -aldian behingo mezuen bitartez gehienetan-, baina ez da euren helburua inondik inora ere eztabaidarik sortzea, besterik gabe, zerbaiten berri ematea baizik. Elkarreraginerako asmoa, beraz, ezberdina da bi zerrenda mota hauetan.

Buletinetan, harpidetuta dagoen erabiltzaileak ezingo ditu mezuak erantzun edo horretarako aukerarik badu oso mugatua izango da, hau da, ezingo die kide guztiei idatzi, soilik administrariari bidali ahal izango dio mezua. Eztabaida foroen helburua, aldiz, kontrakoa da elkarreragina da zerrenda hauen gakoa, proposatutako gaietan iruzkinak izatea.

 

Argibide hori egin ondoren, eztabaida foroei egingo diegu erreferentzia zerrenda motak azaltzen ditugunean.

 

Zerrenda motak:

a)     Moderazioaren arabera

 

MODERATUAK: Komunitateko kide bat edo hainbat kide zerrendako mezuen moderazioaz arduratzen dira. Hori horrela izanda, parte-hartzaile batek mezu bat bidaltzen duenean moderatzailea izango da edukia ikuskatu eta mezua zerrenda osoari birbidali ala ez erabakiko duena.

Recioren ustez,  baditu zerrenda mota honek bere onurak eta kalteak: “Abantaila, kideek gaiaren esparrutik kanpo dagoen mezurik ez dutela jasoko da. Desabantaila, berriz, mezuak epez kanpo iritsi daitezkeela partaideengana, izan ere, ez dituzte jasoko mezuak moderatzaileak birpasatu eta birbidali arte”.

Merlo eta Sorliren esanetan, badute moderatzaileek beste funtzio bat ere, akuilu gisa jokatu behar dute eztabaidarako gaiak proposatuz edo parte-hartzea antolatuz. Horrez gain, elkarrizketak zaindu behar dituzte harpidedunen artean arazorik ez sortzeko.

Hona hemen autore gehienek egiten duten bigarren argibidea, administratzailearen eta moderatzailearen arteko bereizketa:

 

1)     Administratzailea: Bere zeregina zerrendaren mantenua eta taldearen funtzionamenduari erreparatzea da. Normalean ez ditu mezuak kontrolatzen. Zerrenda gehienek dute eginkizun horretaz arduratzen den norbait edo hainbat.   

2)     Moderatzailea: Mezu guztiak lehenbizi bere postontzira iritsiko dira eta bera izango da zerrendara birbidaliko dituen ala ez erabakiko duena. Kontrol-mekanismoa da mezu “desegokiak” ez hedatzeko.

 

ZERRENDA EZ MODERATUAK: Harpidetu guztiak eztabaidara heldu daitezke inolako murrizketarik gabe. Recioren ustez badute desabantaila bat, gaitegitik ateratzen diren mezuak jaso ditzake harpidedunak baita kalitate txarrekoak edo okerrak ere.

 

b)     Sarbidearen arabera

 

IREKIAK: Edonor harpidetu daiteke zerrendara inolako baldintzarik gabe.

 

ITXIAK: Esparru profesional bateko partaide bagara, perfil jakin bat badugu edo lehendik adostutako baldintza batzuk betetzen baditugu soilik izango gara harpidedunak zerrendan hauetan.  Onartuak garen ala ez erabakitzeaz, zerrendaren administratzailea arduratuko da.

Zerrenda itxi hauek formulario batetik abiatzen dira gehienetan. Bertan, harpidetu nahi duen erabiltzaileari zenbait galdera egiten zaizkio, esparru profesionalekoak kasu askotan. Zerrenda horietako hainbatek denbora epe batean harpidetza berritzea eskatzen dute, helburua, zerrendan interesik ez dutenei baja ematea da, pasibotasunagatik jarraitzen dutenei.

 

c)      Fitxategien kontsultaren arabera*

 

PUBLIKOAK: Web orri batean daude mundu guztiaren eskura zerrendako mezuen fitxategiak.

PRIBATUAK: Zerrendako kideek bakarrik ikus ditzakete mezuak eta artxiboak kontsultatu.

 

Aztertutakoaren ondoren, hona hemen taula txiki bat Eibartarrak posta zerrendaren ezaugarriekin.

 

 

*Oharra: Merlok eta Sorlik publikoa eta pribatua, irekia eta itxia bezala hartzen dute (ez dute egiten bereizketarik).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Maialen Odriozola Martija naiz, kazetaria. Blog komunitate honen inguruko ikerketa proposamen bat egin nuen eta hara… Juan San Martin beka eman didate.  Blog honetan ikerketa honi buruz hitz egingo dut gehien bat, hori bai, agian, egunen batean beste zerbait kontatzeko behar kontrola ezina sentituko dut. Kasu guztietan ongi etorriak izango dira zuen iritzi, proposamen edota zuzenketak. 

Informazio gehiago hemen

Twitter-a: @maialenodriozol

Etiketak