Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Juan San Martin Beka / Norbere narratiba infinitua (pertsonala, mugagabea eta amaigabea)

Norbere narratiba infinitua (pertsonala, mugagabea eta amaigabea)

Maialen Odriozola 2014/03/25 12:07
Ikertzaile askoren ustetan blogaren izaera pertsonala da bere ezaugarri esanguratsuena. Hemen, auto-kontakizunaren inguruko lau ideia.


1.    Patchwork: Gure nortasunaren oihalkiak harilkatzen sarean

 Patchwork-aren irudiko, guri buruzko oihal pusketa txikiak (zaletasunak, maniak, iritziak, gogoetak, bizipenak…) harilkatzen goaz zapi handi batean (blogean). Norberaren espazio babestua omen (Grumbrecht, 2004). Bertan argitaratzen ditugu geure idatzi intimoenak -buruhausteak eta pozak-, ohiko kontuak -maniak eta zaletasunak-, zein gertakari bereziak -egun gogoangarriak, gertaera ahanzgarriak…-. Izan, denak dauka kabida: axola zaigulako, jakin-mina pizten digulako edota interesa erakarri. Halaber, sarrerak, independenteak izan arren, guztiak daude osotasun baten baitan; eta, guztien artean osatzen goaz etengabe gure erretratua.


 2.       Zuzendari eta erredaktore: Narrazioaren jaun eta jabe 

Kontakizunaren haria da, eta istorioan atera ez arren, blogaria da neurri batean edukiaren protagonista. Izan, sormen prozesuan geure arrasto pertsonala uzten dugu. Non? Aukeratzen ditugun gaietan, erabiltzen dugun estiloan… Era askotakoak izan daitezke (korporatiboak, kolektiboak, monografikoak, pertsonalak), zernahi izan daiteke edukia ere (gogoeta, albistea, iritzia, kronika…). Baina, gehienean,  xehetasun pribatuak instrumentalizatu egiten dira helburu komunikatiboak lagun (espazio intimo sortzea, komunikazioari sinesgarritasuna emateko helburua...)

Gure ikuspuntua ere barne hartzen du edukiak; esaterako, idazterako orduan jarrera bat hartzen dugunean edo distantzia jarri. Gainera, gure izen-abizenekin sinatu zein goitizen bat erabili, gu geu gara hedabidearen erredaktore eta zuzendari, eta gure kudeaketaren menpe dago argitaratzen duguna.  Bestalde, jakinekoa da ardura batzuk ere baditugula eta oker jokatuz gero, geu izango garela, era berean, erantzule. Blog komunitateen, kasuan, bada berezitasunik, Eibar.org elkarteak, adibidez, badu Kontseilu Editoriala, gehienbat blogariei arazoak eragozteko, baina kasuak kasu, blogaria ere izan daiteke komunitateari kalte egiten diona, orduan ere kontseilu hori arduratuko litzateke egoera konpontzeko erabakiak hartzeaz.

 


3.       NIaren eraikuntza: Barne eta kanpo komunikazioa  

Blog gehienetan ikusiko dugu sarrera, profil, aurkezpen… deituriko atala ere, egileari buruzko hainbat hitzekin osatua. Bertan nahasten dira gure buruaz dugun irudia eta besteek nola ikus gaitzaten nahi dugun. Ezagutzera emateko ere estrategia ezberdinak: umorea erabiltzea ala serio jardutea, ironiarekin jokatzea… Mila modu, beraz, baina badu honek ere zerikusi zuzenik bakoitzaren pertsonalitatearekin.

Adierazteak, ordea, bere zentzurik orokorrean moldatzen du pentsaera. Gure buruaz mintzo garenean, pentsamenduei forma ematen gabiltza eta horrek, norbere izaeraren alderdi berriak ezagutzeko aukera ere ematen digu. Turkle ikertzailearen ustez, «Internet laborategi soziala bihurtu da bizitza posmoderno honek bereizgarri duen NIa eraiki eta berreraikitzerako.”

Garapena ere tartean dago, bestalde. Blogaren garapena eta gure garapena, biak. Duela zortzi urte hasi bagina idazten, adibidez, litekeena da “ni” horretan aldaketak egotea, bilakaera bat… Bloga, beraz, norberaren proiekzio gisa gurekin batera aldatuz doan tresna da.

 

4.       Bakarkako emanaldia agertoki publikoan: Zergatik gara blogari?

 Blogariak komunikatzeko beharrak eraginda argitaratzen du (Leibrandt, 2006). Komunikatzeko behar hori ere giza izaeraren oinarri-oinarrian dago. Antzinako ahozko narratzaileek egiten zuten gisa, beranduago idazleek… blogariek ere bizipen, sentimendu, esperientzia, ideia, iritzi eta pertsonalitatea osatzen duten inpresio oro argitarazten dute. Egilea adierazteko bitartekoa da, hortaz, bloga: bere espazio pertsonala (Huffaker, 2004). Izan, “espazio pertsonal babestua” ere bada, berak kontrolatzen duelako, neurri batean, erabiltzaileekin duen elkarreragina.

 Dena den, idatzitakoa besteei zuzendua dago (Mortersen, 2002) eta elkarrizketei bide ematea du helburu (Moor eta Efimova, 2004). Irakurlea harrapatzea da xedea, eta galderak, ideiak, gogoetak… argitaratzen ditugu berak ere iritzia eman dezan sustatuz, geuregana erakarriz.

Baina adierazpide pertsonala izanik, komunikatzeko behar horretaz aparte, zein dira blogaria idaztera bultzatzen duten arrazoi pertsonalak?

 

Ez da ziberespazioa, nire etxea da. Testu ireki, mugagabe eta amaigabea, egunero jarraitzen baitut idazten”, Amdre Lemo blogari eta ikertzailea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Maialen Odriozola Martija naiz, kazetaria. Blog komunitate honen inguruko ikerketa proposamen bat egin nuen eta hara… Juan San Martin beka eman didate.  Blog honetan ikerketa honi buruz hitz egingo dut gehien bat, hori bai, agian, egunen batean beste zerbait kontatzeko behar kontrola ezina sentituko dut. Kasu guztietan ongi etorriak izango dira zuen iritzi, proposamen edota zuzenketak. 

Informazio gehiago hemen

Twitter-a: @maialenodriozol

Etiketak