Posta-zerrendak: Talde komunikazioa
Zalantzak galdetu, aholkua eskatu, ekintzaren bat iragarri edota zeure iritzia eman… erabilera anitzeko tresnak dira zerrendak. Googleren sorreran ere zerikusirik izan omen zuen bitarteko honek, bilatzailearen historiari buruzko web orri honetan azaltzen denaren arabera. Orduan, 1996an, oraindik txikia eta hasi berria zen proiektua, eta Larry Pagek, sortzaileetako batek, honakoa galdetzen zuen:
Informazioa iturri gisa edota elkarreraginerako tresna baliotsuak badira ere, ez dago ikerketa askorik zerrenden inguruan. Azterlan gehienek, gainera, zerrenda zientifikoei erreparatu diete. Ikerketa honen objektua, ordea, “hartuemon jeneralekua” da, Luistxo Fernandezek posta zerrendaren bosgarren urtemugaren baitan Sustatun argitaratutako albiste honetan dioen moduan. Edonola ere, beste ikerlari batzuen ondorioak ekarriko ditugu hona, beti ere, geure testuingurura egokitzen saiatuz. Has gaitezen baina oinarritik.
Posta elektronikoa da zerrendaren euskarria, haren bidez funtzionatzen du. Partaide izateko, lehenbizi, harpidetu egin behar zara, normalean, formulario bat betez. Behin harpidetuta, posta elektronikoaren bitartez jarraitu ditzakezu elkarrizketak. Hasita dagoen solasaldi edo eztabaida bat iruzkindu dezakezu edo zuk zeuk proposatu gai bat. Lehen kasuan nahikoa da erantzuteko aukerari ematea, bigarrenean, zerrendaren helbide kolektiboa jarri beharko duzu hartzailearen tokian. Bi kasuetan, zerrendan hapidetuta dauden kide guztiek ikusi ahal izango dute mezua edo iruzkindu, eta hortxe zerrendaren grazia, mezuen harilkatzean.
Francisco Javier Rodriguez Recioren “Analísis de la lista de correo electrónico de la radiología” doktoregoko tesina izan da erreferentzietako bat. Haren arabera lau eragilek parte hartzen dute zerrenda batean: harpidedunek, posta elektronikoaren teknologiak, mezu banaketen programak eta mezuak jaso eta bidaltzen dituen zerrendako kide ororen zerbitzariak.
Herrerok (1996) ere zerrenda zientifikoak aztertu ditu, hala ere, badira zerrenda guztietara estrapolatu daitezkeen ezaugarriak:
- Azpiegituraren koste bajua da
- Informazioak ez du kosturik sortzen
- Ez du biltegi handiegirik behar
- Informazioa erraz banatzen da kideen artean
- Pertsona gutxi behar dira mantenurako
- Inpaktu handia du komunitate zientifikoan (Ezaugarri hau ez da baliogarria gure kasuan, Eibarren duen inpaktua aztertu daiteke, agian)
- Berehalakotasuna adierazle esanguratsua da
Cristina Delfak posta elektronikoa aztertu zuen bere doktoregoko tesian. Ikerlari honen arabera, sistema hauek modu erabakigarrian lagundu zuten komunitate sentimendua sortzen sarea jendarteratzen hasi zenean. Zerrendetako kideen arteko harremana estutuz joan zen, eztabaidetako parte-hartzearen bitartez. Hierarkiarik gabeko komunitateak sortu zituzten gainera; batzuk gehiago parte-hartuko dute beste batzuk gutxiago, hori horrela izanda ere, kide guztien mezuak maila berean daude. Horrez gain, parte-hartze kulturaren zimenduak ere jarri zituen eta informazioaren nolabaiteko demokratizazioa ere ekarri zuen: harpidedunak dira eztabaidatu edo iruzkindu nahi dituzten gaiak proposatzen dituztenak, eurak dira agenda markatzen dutenak –garrantzitsua dena eta ez dena-.
Azken batean, informazioaren joan-etorria botere ekonomiko zein politikoetatik at doa zerrendaren bidez, denbora eta espazioaren mugak gaindituz.
Hurrengo sarrerak ere zerrendaren ingurukoak izango dira, gai honetan sakontzeko helburuarekin.