Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Juan San Martin Beka / Prest al gaude?

Prest al gaude?

Maialen Odriozola 2014/01/17 13:20
Ahalduntze digitalari eta partaidetzari buruzko hausnarketak.

 

Inork gutxik jartzen du zalantzan Informazioaren Teknologia Berriek gure bizitzan eraginik izan ote duten. Teknologia horiek informazioaren mundura ekarri dituzten aldaketez hitz egin dezakegu, baita garapen teknologikoak ahalbideratutako hainbat aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoez ere, baina oro har, gizartearen zati handi baten bizitzetan gailu multimediek duten nonahikotasuna hartu nahi dut hizpide. Datuek hori erakusten dute: 10 eta 74 urte bitarteko Euskadiko herritarren %67,8k ordenagailua erabiltzen dute, %65,3k Internet eta %97,8k telefono mugikorra –jatorria: EUSTAT-.

 

- Irudiaren jatorria: “E-inklusioa eta Euskadin herritarrek ikten bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea” txostena.

 

Baina gailu teknologikoak edukitzeak, kultura digitala barneratu izanaren bermea ematen al digu? Internetek partaidetza ahalbideratzen badu, prest al gaude gu parte-hartzeko? Eta, geure iritzia publikoki agertzeko? Gure gizartea ahalduntze digital baterako hezten ari al gara?

 

Sare sozialen bitartez, esaterako, gure bizitzen dimentsio publikoa areagotu egin da neurri batean, baina blogak idazteko, ezagutzaren sozializazioarako edota Internet bidezko partaidetzarako ia ezinbestekoa da pauso bat haratago joan eta lehen aipatu dugun ahalduntze digital hori, partaidetza eta iritzi publikoa sustatzen duen kulturakin lotzea.  

 

Dena den, Informazioaren Teknologia Berriek euren gaitasun guztiak gara ditzaten, baldintza tekniko- soziologiko batzuk bermatu behar dira. Gai honen inguruan sakontzen hastean, hango eta hemengo autoreek fenomeno bat nabarmentzen dute; eten digitala. Oso interesgarria iruditu zait, horren harira, Arartekoak agindutako “E-inklusioa eta Euskadin herritarrek ikten bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea” txostena.  Bertan, lau eten-digital estadio bereizten dituzte:

 

-       Sarbidearen eten digitala

-       Erabilera-eten digitala

-       Eskuratze-eten digitala

-       Partaidetza-eten digitala

 

 

Gainera, galdera aproposak planteatu dituztela iruditu zait; nor ari da geratzen “informazioaren gizartea” deiturikotik kanpo? Zergatik? Behar bezain heldua da, digitalki hitz egiten, euskal gizartea IKTen bidez parte hartzeko? Bide eta baliabide nahikorik al dago hori hala izateko? Benetan al dago parte hartzeko interesik? Beharrezkotzat jotzen al da eta ondorio antzemangarriak al ditu? Zerk motibatzen gaitu parte hartzera?

 

Galdera horiei erantzunez, perfil interesgarriak eraiki dituzte datuek. Deigarria egin zait IKT-ak ez erabiltzearen arriskuen rankigna; informazio falta, zaharkitua eta ez eguneratuak geratzea, eta gizarte isolamendua aipatzen dituzte ikerketan parte-hartu dutenek. Pisuzko arrazoiak dira, ezbairik gabe, heziketa digitala sustatzeko. Hala ere, hainbat adituk heziketa digitala garatzeko orduan, norabide okerra hartu dugula diote.

 

Alfonso Gutiérrez y Kathleen Tynerrek, esaterako, tresnak teknikoki erabiltzen erakusteaz gain, beharrezkoa dela diote, testuinguru digitalean trebatu eta mezuen aurrean kritikoak izaten ikastea.

 

Izan ere, alfabetatze osoa eskatzen du eraldaketa digital honek. Sareak, erabiltzaile-hartzaile ez ezik, erabiltzaile-igorle izateko aukera ere ematen digu, eta hezkuntza eta kultura, biak dira informazioaren gizartean mugitzeko beharrezkoak. Heldu, gazte zein haurrentzat. Guztiontzat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Maialen Odriozola Martija naiz, kazetaria. Blog komunitate honen inguruko ikerketa proposamen bat egin nuen eta hara… Juan San Martin beka eman didate.  Blog honetan ikerketa honi buruz hitz egingo dut gehien bat, hori bai, agian, egunen batean beste zerbait kontatzeko behar kontrola ezina sentituko dut. Kasu guztietan ongi etorriak izango dira zuen iritzi, proposamen edota zuzenketak. 

Informazio gehiago hemen

Twitter-a: @maialenodriozol

Etiketak