Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Juan San Martin Beka

Maialen Odriozolaren bloga, Eibar.org-en gaineko ikerketa baten harira

Eibarnauten topaleku

Maialen Odriozola 2014/01/06 19:59
Aurreko sarreran komunitate birtualak izan nituen hizpide. Orduan, sarean zehar aurkitu nituen teorien inguruan idatzi nuen, teoria hori praktikan jartzeko txanda da orain. Honako hauek dira ataria aztertuz atera ditudan ondorioak.

Eibarnautak Eibar, teknologia berriak eta euskararen inguruan biltzen dira. Dena den, komunitateko kide guztiek ez dituzte elementu horiek hirurak partekatzen; euskararen erabilera eta teknologia berriena bistakoa da, ez ordea, eibartar izatea. Beraz, eibarnauta bai, baina ez derrigorrez eibartarra.

Filosofia omen da, bestalde, elkarte birtualetan adituak direnen ustetan komunitate baten ezaugarri nabarmenena. Eibarnauten fiosofiari dagokionez, atariko azalpenek euskarari eta sareko 2.0 balioei egiten die erreferentzia.

 Alde batetik, informazioaren gizarte eta herritarren gizarteari lotuak daude; elkarlana eta elkartasuna, komunikazio irekia, informazioaren jario librea, kultura eta jakintzaren dibulgazioa… Bestetik, euskarari lotuak; gurea elkarte euskalduna da eta euskaraz funtzionatuko du. Hala ere, ez da derrigorrezkoa guztia euskaraz izatea eta hori ere zehazten dute atarian [blogariak] konpromezua hartu beharko du blog-ean euskaraz ere idatziko duela.


 

Komunitateetan moderazioa da adostu beharreko beste puntuetako bat, eta Eibar.org atarian kontseilu editorial baten bitartez gauzatzen da. Kontseilua, bloga duten Eibar.org-eko elkarteko beterano batzuek osatzen dute, eta euren lan nagusienen artean, blog bat eskatzen dutenei baimena ematea eta martxan dauden blogak gainbegiratzea daude. Horrez gain, problematika ezberdinak ekiditeko asmoa ere badu kontseilu honek: erantzun anonimoak sor ditzaketen arazoak, blogen erabileran sor daitezkeen lege-arazoak, adierazpen askatasuna bermatzea…

 Eibartarrak posta-zerrenda eztabaidagunean, ordea, ez dago moderaziorik. Hala ere, ezinbestekoa da norberak bere burua aurkeztea eta ez da baimentzen inolako partaidetza anonimorik.

Elkarteko kide bihurtzeko, eibar@eibar.org mezua idatzi behar da. Behin elkarteko kide izanda, eibarnauta guztiek dute atarian bloga izateko eskubidea. Hala ere, pertsona bat blog-a sortzeko helburu soilarekin hurbiltzen bada, atarian zehazten dira hainbat jarraibide: 

 

 

Kide izanagatik urteko sei euroko kuota ordaindu behar da. Horrez gain, elkartearekin lankidetza aipatzen da atarian, [kideek] borondatezko lanen birtartez kolaboratzen dute elkartearekin. Bakoitzak ahal duen neurrian.

Elkarteko bazkide izateagatik berriz,  hainbat onura zerrendatzen dira webgunean, horien artean daude; interneten eta teknologia berrietan trebatzeko aukera, helbide elektronikoa eta bloga, besteak beste.

Esperientzia gisa, ideia eta informazioaren jario aberatsa eta ikuspuntuen aniztasuna nabarmenduko nituzke nik, baita idazten duzuna partekatu eta eztabaidatzeko aukera ere. Eibarnauta bihurtu eta sarean bizitzen ere, esperientzia horrekin ikasten baita.

Komunitate birtualak

Maialen Odriozola 2014/01/02 22:35
Kideek partekatzen dituzten elementuak daude komunitatearen muinean, baina baita gainerako komunitateengandik bereizten dituzten berezitasunak ere.

 

Zer da komunitate birtual bat? Galdera sinple hau izan da sarrera honen abiapuntu. Sarean (non bestela), aurkitu dut erantzuna:

 Komunitate batean pertsona talde batek helburu komun batzuek partekatzen dituzte, talde baten partaide sentitzen dira eta komunikatzeko forma berdinak erabiltzen dituzte elkarren artean eragiteko

"Komunitate fisikoek" ere betetzen dute orain arte irakurritakoa, hemen dator, ordea, ñabardura:

 Elkarreragina ingurune birtual batean gertatzen da sareko komunitateetan

Esanahi hutsak ez ditu nire zalantzak asetu eta nire buruan galderek ez dute etenik; blog komunitate bat, komunitate birtual bat al da orduan? Eibarnautak talde sentimendua ote dute? Nola gauzatzen dira harremanak eta elkarreragina sarean?

 richardimia.com

 

Almudena Morenok eta Carolina Suárezek “Las comunidades virtuales como nuevas formas de relación social:  Elementos para el análisis” lanean, giza harreman birtual horien oinarriei buruz idazten dute. Haien arabera, komunitate baten funtsean hamaika arrazoi egon daitezke; lurraldetasunean oinarritu daiteke lotura (hiri batean), interes komunetan (elkarte eta klubak), partaideen ezaugarrietan (abokatuen elkargoa) ala plataforma online batean (blogak).

Hori horrela izanda, kideek partekatzen dituzten elementuak daude komunitatearen muinean,  baina baita gainerako komunitateengandik bereizten dituzten berezitasunak ere. Dena den, birtualak zein fisikoak izan, komunitateak funtsean euren kideentzat topalekuak izan ohi dira.

Goikoa irakurri ostean, lan honen ikerketa objektura hurbildu naiz berriz, eta eibarnautek partekatzen dituzten elementu horien aztarnak, elkartearen helburuetan egon daitezkeela pentsatu dut. Kasu honetan, elementu komunak, Eibar, teknologia berriak eta euskara izan daitezkeela uste dut (ez dute zertan hurrenkera horretan izan behar). Gainera, elementu horiek guztiak partekatu ditzakete kideek, edo horietako batzuk bakarrik.

Komunitate birtualen erraietan gehiago sakonduz, “Palabras en juego” liburuan, Luis Ángel Fernández Hermanak komunitate birtualen inguruan idatzitako pasartea irakurri dut. Bertan, komunitate birtualen filosofia azaltzen du, eta autogestioa, gardentasuna, kontsultarako zabalik dagoen erregistro historikoa eta edukien barreiadura nabarmentzen ditu. Espazio birtualaren antolaketa ere azpimarratzen du eta puntu honetan, banaketa zerrenda, laguntza teknikoa…aipatzen ditu.

 

Badira, bestalde, beste autore batzuek zerrendatutako hainbat ezaugarri:

  • Moderazioa: Komunitate guztiek arauak dituzte. Joko arau hauek errespetatzea saritu egiten da eta legeak haustea, zigortu (betikoa). 
  • Protokolo komuna: Kideek euren artean adostutako komunikatzeko formak erabiltzen dituzte elkarren artean ulertu ahal izateko eta eztabaidak saihesteko. 
  • Elkarreragina: Elkarreraginik gabe komunitateak zentzu guztia galtzen du. Interakzioa, dena den, modu askean gauzatu daiteke, kideek adostutako sistemen bitartez ala modu hertsian araututa.
  • Afiliazioa: Komunitate batzuetan edonork eman dezake izena, beste batzuetan sartzeko berriz, ezaugarri jakin batzuek izan behar dira, medikua ala abokatua izan, esaterako. Borondatezkoa edo derrigorrezkoa izan daiteke, gainera, sarbidea.

 

Dena den, komunitateak ez dira bakartuak dauden irlak, matrioska forma  ere eduki dezakete nolabait. Hala balitz, eibar.org euskarazko komunitate baten barruan sartuko litzake, besteak beste. Egokiagoa dela uste dut, hala ere, Multimedia Komunikazioan Masterrean euskal komunitate birtualen inguruan egindako mahai-inguruan erabilitako armiarma sareen metafora hura.

Euskarazko komunitate birtualetan, harreman-sareak hedabide tradizionalen inguruan sortatukoak dira zenbait kasutan (Berriketan, Argia…), tartean daude hedabide lokalen inguruan sortuak (Goiena, Baleike, Uztarria…) Hedabide orokorren kasuan, kazetariak dira blogari gehienak. Lokalen kasuan, bestalde, esanguratsua da talde eta kolektibo ezberdinen ahotsak.

Horrez gain, medio digitalak daude (SustatuZuzeu…) baita hezkuntza komunitatearen inguruan sortutako komunitateak (ehusfera) edo kultur disziplina bati lotuak (Dantzan).

 

 

Zuzeulariak, EHU esferako kideek... sarea eta euskara partekatzen dute Eibarnautekin baina badira euren artean hamaika ezberdintasun ere. Gai hau sakonago ikertuko dudan arren, oraingoz eta beste komunitate batzuekin alderatuz, eibar.org-en izaera eta blogarien perfil hetereogeneoak deitu dit arreta. Hurrengo sarreran, teorian azaldutakoa eibar.org-en gainean praktikan jartzen saiatuko naiz, puntuz-puntu. Hala ere, komunitate birtual bat aztertzerako orduan, aldagaiak, asko eta anitzak izan daitezke eta nik, ikertzen jarraitu beharko dut… ;-P 

Nortasun digitala

Maialen Odriozola 2013/12/25 16:42
Sarean ere eraikitzen dugu gure nortasuna; interneten egindako ekintza bakoitzean gure arrastoa uzten dugu. Ezizen bat erabili ala gure izen errealaren artean aukeratzen dugunean, domeinu bat erosi edota blogean idazten dugunean, gure erretratu digitala ari gara egiten.

Tiscar Lara komunikazio gaietan adituak, blogen eta nortasun digitalaren inguruan hitz egiten du Los blogs: identidad, educación y comunicación artikuluan. Lararen arabera, sarreren joan-etorrian, perfileko irudiarekin, iturri eta aipamenekin, bloga bera diskurtso bihurtzen da. Erabiltzaile baten ahotsa ordezkatzen duen diskurtsoa, hain zuzen ere. Blogaria da autorea eta narratzailea, jendaurrean eta jendearentzat.

 

NI digitala vs NI birtuala

Blogak, Lararen artikuluarekin jarraituz, sarean idatzi eta irakurtzeko moduak dira. Ni digital baten eraikuntza direla dio, ni errealaren luzapenetik. Ni digitala vs ni erreala, ikerketa askotan ateratzen den kontua. “Euskara eta teknologia berriak: ikusezina agertarazteko auzolana jorratzen (Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-sarea hedatzen)” lanean Uxune Martinezek honakoa dio gaiaren inguruan:

 

(…)Hitz berriez gain, beste bizitza bat izatea posible dela ikusi dugu, bizitza birtualaz ohartu gara. Egile batzuen ustez, bizitza digitala egunerokotasunaren barnean dago, gure bizitzaren beste atal bat da eta pertsona moduan osatzen gaitu. Beste batzuen ustez, desberdinak dira, batean eta bestean ez baitugu modu berdinean eragiten. Hau da, “ni (hiritarra)” eta “ni birtuala (internauta)” ez dira era berean murgiltzen munduan edo sarean.(…)

 

Enuntziatzailea

Gaur egun, gobernuek, enpresek, komunikazio adituek, erakundeek, narkotrafikatzaileek… idazten dituzte blogak. Baina, nork idazten duen baino garrantzitsuagoa da, agian, zein roletatik idazten duen blogariak, ezta? Baliteke narkotrafikatzaileak hain modan dauden cup caken inguruko blog bat idaztea. Orduan narkotrafikatzailearen rola, gozogintzan aditu batena izango litzateke…ala ez?

 

Edonor izanda ere, blog bat idazteak blogari bihurtzen zaitu. Mezu elektronikoak bidaltzeak ez zaitu, ordea, “emailari” bihurtzen. Posta erabiltzen duzu baina horrek ez zaitu definitzen. Blogak bai.

 

Blogak ez dira irakurtzeko, idazteko dira

Aipu honekin amaitu nahi dut gaurko sarrera. Adolfo Estalella antropologo eta blogen ikertzaileak Antonio Fumero blogariarekin elkarrizketa bat kontatzen du Blogs, una forma de ser a través de Internet kapituluan. "Blogak ez dira irakurtzeko, idazteko dira" dio bertan Fumerok. Blogariak besteentzat bezain beste idazten dute beraientzat, argitzen du Estalellak.

 

 

 

 

Sarrera eta hainbat ohar

Maialen Odriozola 2013/12/18 23:05

Pasa den urriaren 11an Eibarko Pegora herritarren zerbitzura joan nintzen Juan San Martin bekaren deialdiaren baitan, Eibar.org blog komunitateari buruzko ikerketa proiektua proposatzera. Proposamenak hainbat zutabe nagusi biltzen zituen: blog fenomenoa eta blogarien estatusa; iritzi publikoa eta parte hartzea; eibar.org atariaren azterketa eta web orriak Eibarko herriarekin duen lotura zehaztea.

Azaroaren 14ean deitu zidaten Eibarko Udaletik bekaren onuraduna nintzela jakinaratzeko. Ordutik ikerketaren azpiatalak egituratzen aritu naiz; blogak ikertzen, eta artikulu, liburu eta txosten ezberdinak irakurtzen.

Gaurtik aurrera blog honen bitartez partekatuko ditut guztiak. Ez dut ikerketa zehatz mehatz azalduko, proiektua osotasun baten barruan ulertzen dudalako. Dena den, bertan jasoko ditut, ikerketan helduko ditudan gaiak, irakurketen inguruan egiten ditudan apunteak…

Lehenengo sarrera hau amaitzeko aldaketa mediatiko eta kultura parte-hartzailearen inguruko hainbat apunte:

1) Luistxo Fernandezek 2005ean blog komunitate honetan idatzitako “Blogen buztan luzea eta harpidetza motza” sarreraren pasarte bat, badu testuak bere mamia:

“Ez. Egin dezagun zerbait eutsigarria, barka, iraunkorra. Eman diezaizkiogun armak herriari: blogosfera osa dezaten herritarrek, euskaldun bakoitza blogista bihurtzeko xaxatuz. Batzuek aukera aporbetxatuko dute, beste batzuek ez; baina gutako bakoitza (edo gure artean asko eta asko behintzat) hedabide bat denean, euskarazko informazioaren esparruak buztan luzearen antza izango du. Eta orduan, merkatu nagusiari zerbitzatzen dion EITBk barik, blogosfera anitz horrek okupatuko du nagusitasuna euskarazko Interneteko komunikazio eta informazio esparruan. Gu izango gara nagusi. Gu, blogariok, bakoitza bere 15 laguneko jarraitzaile-multzoarekin.”

2) University of Sourthen Californiako “New Media Literacies” proiektuko kideen bideoa, parte hartzearen inguruan hainbat gako ematen dituzte bertan: gaitasun digitalak, kontsumitzaile-sortzaile izaera, interneten argitaratutako informazioaren fidagarritasuna… Ikusi bideoa hemen.

Aurkezpena

Maialen Odriozola Martija naiz, kazetaria. Blog komunitate honen inguruko ikerketa proposamen bat egin nuen eta hara… Juan San Martin beka eman didate.  Blog honetan ikerketa honi buruz hitz egingo dut gehien bat, hori bai, agian, egunen batean beste zerbait kontatzeko behar kontrola ezina sentituko dut. Kasu guztietan ongi etorriak izango dira zuen iritzi, proposamen edota zuzenketak. 

Informazio gehiago hemen

Twitter-a: @maialenodriozol

Etiketak