Inaki Uriarte, oroitzapen bat
Aspaldi ezagutu nuen; 1985 inguruan, urte bat goiti-beheiti. Bera, Bilboko Anaitasuna taldekoekin batera (Laura Mintegi, Antton Azkargorta, Karmelo Landa...) Argia astekaria indartzera zetorren; ni, berriz, literaturarako interesez Susa-ra inguratu eta handik Josu Landak Argiarako ere xurgatua (Gorka Arrese bezala). Geroxeago gehituko ziren Imanol Murua eta bere belaunaldiko kazetari-ikasle andana, Egunkariaren sorreraren benetako protagonistak.
Joxemi Zumalabek Donostiako Ametzagaña kalean lortu berri zuen lokalean egingo genuen topo (Egia abokatu kolektiboaren egoitzaren ondo-ondoan). Gutxitan ikusi genuen elkar: Argiaren Urtekaria egiteko lan-saio amaiezin haietakoren batean, astean behingo egunkarien deialdia egin zeneko bileretan (Eguna eta Hemen sortzeko diruak emango zizkien Jaurlaritzak Deia eta Egin-i, baina Argiari ukatu egin zitzaion laguntza), kolaboratzaileoi eskainitako otorduren batean agian (orduan, ahaztu egiten gara baina, debalde egiten baitzen lana euskal prentsan).
Proiektu berean partaide sentitzea izan da gure lokarria, ez genuen bestelako harremanik izan. Minbiziaren berri eman zidatenean, berriz, herioren aurreko giza elkartasun oinarrizko hori ere sentitu nuen. Ia-ia hilzorian zela esan ziotenetik hilabete dexente egin ditu, eta propinazko bizialdi horretan duintasun eta dotoreziazko lezioa eskaini digu: gaixo baina tente, beti sinetsi eta lan egindakoaren alde: euskal kultura nazional sendo bat, eta berak horren maite zituen Bilboko jai herrikoiak. Ni inoiz ez naiz izan Bilboko Aste Nagusian, baina joaten naizenean, hire ohorean edango diat kalimotxo bat, Iñaki, Arenaleko txosnetan.
Poesia jendearen eskura
Ikusiko zenuten komunikabideetan, nola larunbat honetan "Gabriel Arestiren Etxea" izeneko omenaldi bat egin zaion Bilboko poetari Ean, azken urteetako gaixoaldian bolada luzeak eman zituen Bizkaiko kostako herrixka horretan. Herriko seme kutun izendatzea, haritza eta oroitarria ipintzea, euskaltzainen hitzaldiak... ohiko gauzak izaten dira halakoetan, ez horregatik kaxkarragoak (zahartzen ari naiz, lehen barregarriak iruditzen zitzaizkidan horiek guztiak).
Beste zerbait azpimarratu nahi dut ordea. Goizeko omenaldi konbentzional horien ondoren, arratsaldea literarioagoa izan zen, batetik, eta popularragoa, bestetik. Kronika txiki eta guztiz laburtu bat egingo dut.
Aurrena, bazkalondoan, kafe-tertulia antzeko bat egin zen: 30 bat lagun mahai-bueltan, eta hizketarako gai ugari; larregi akaso: Bilboren euskalduntasuna Arestiren haurtzaroan, helduaroan, orain; Earena; poesia, konpromisoa, sortzaileak, jestioa, protesta... Kontuak kontu, hiru ordu berriketan, eta derrigor altxatu behar.
Gero, berriz, herriko kaleetan barrena halako ibilaldi arestiar bat, Galder Perez antzerkilariak (Aresti gorbatadunaz mozorroturik) eta Natxi Aranburu bertsozaleak (itsu koplari lotsabakoarena eginez) gidaturik eta trikitilari eta bertsolarien laguntzaz alaiturik. Berrehun bat lagun ibiliko ziren batera eta bestera, Arestiren edo Arestiri jarritako kopla eta bertsoak kantari.
Eta ilunkeran, hondartza aurrean, irakurketa literario antzeko bat: Arestiren poemak, hitzaldi-zatiak, ipuinak entzun genituen, herritar batzuen eta idazle zenbaiten ahotsean, baita kolaborazio jantziagoak ere: Natxo de Felipe bere seme biolinjolearen laguntzaz, Galder Perez eta Bixente Martinez aktoreak... Harritzekoa eta hunkitzekoa izan zen: hirurehun lagun izango ziren han, ume, sasoiko eta zahar, denak ere Gabrielen hitzaren magiak harrapaturik, han ez baitzen beste edergailurik.
Ekitaldia amaitzeko, itsasoan botila mezudun bat bota eta zuzien argiekin halako happening poetiko bat egin zen itsasoan, bertan ziren Gabrielen emazte Meli Esteban eta alaben parte-hartzearekin.
Bihotza altxatzen dizuten egun horietakoa izan zen, nire ustez. Baina beste inor gutxietsi gabe bereziki aipatu nahi nituzke hori dena posible egin dutenak: HEA (Herrijeari Emon Arnasa) taldea (Landa anaien lan paregabea), eta Bihotz Bakartien Kluba kolektibo larrabetzuarra, azken urteetan literatura sozializatzen lan eskerga egiten ari dena. Eskerrik asko guztiei, eta zorionak.
Gernikaren bonbardaketa poetikoa
Faxisten 1937ko txikizioa oroituz-edo, bonbardaketa poetikoa jasango du orain Gernikak. Uztailaren 21ean zetorren Berria-n informazio zabala. Labur kontatuta, bada Txilen Casagrande izeneko talde literario bat, gerretan suntsitutako hirien gainean poema-jaurtitzeak antolatu dituena; lehenago Txileko Santiagon, Kroaziako Drubovnik-en, eta orain Gernikan. Txiletarrak Jaurlaritzak han duen ordezkaritzarekin hitz egin, hauek ideia babestu eta Euskal Idazleen Elkartearekin harremanetan jarri, Elkarteak idazleoi idatzi ea parte hartu nahi genuen... Kontuak kontu, aurtengo abuztuan egingo omen da happening antzeko hori, idazle euskaldun eta txiletarrek horretarako propio idatzitako testuekin.
Niri, Elkartetik idatzi zidatenean, halako ondoez bat egin zitzaidan, idazleon aldetik nabarmenkeria hutsa-edo irudituta, eta horretatik bestela ere sobera dugulakoan, alde batera utzi eta laster ahaztu nuen dena. Orain prentsan dator, eta pentsatzekoa da telebista-irratietan ere toki dexente emango diotela, gaur egun gustatzeko moduko ekintza delakoan: modernoa, kulturala, internazionala, pazifista, moñoñoa, yuhu-yuhu eta guai-guai.
Atzo, uztailak 22, prentsako berriaren haritik, Gorka Arresek idatzi zuen egunkari bereko Zuzendariari atalean "Euskal Legion Condor" izeneko gutun bat, ekintza bera salatuz eta bertan parte hartuko duten euskal poetak kritikatuz. Eta arrazoia ematen diot neure baitan. Txiletarren borondatea ona izango zen seguru asko; Jaurlaritzarena ere bai; Idazle Elkartearena beste horrenbeste; eta partaide diren poeta euskaldunek beren talentu txiki edo handia jarriko zuten polita iruditutako proiektu horretan. Baina niri ere itsusia iruditzen zait; zer esango dizuet, senarrak ostiatu duen emazte mailatuarengana aktore guapo ospetsu bat etortzea bezala, lore sorta batekin eta argazkilariz inguratua, kameren aurrean desagrabiozko muxu bat ematera. Gustu txarrak kategoria politikoa eta guzti hartzen du batzuetan.
Munduaren pisua nabari duzu betazaletan
(Bart egindako poema bat. Baten bat harrituko da, nik ez baitutu poemarik ez idatzi ez kaleratu joan deneko 20 urtean behintzat. Azkar konturatu nintzen laburra zela nire sen poetikoaren hegada, eta nahiago izan nuen prosaren oilo-lurrean mugitu. Eta orain? 40 urteko krisia izango da. Gaztaro galduaren minez egundokoak egiten omen ditugula-eta, ni poemak idazten ostera ere. Ez zait oso lirikoa atera hala ere, gauza bat baita txorakeriak egitea, eta beste bat seko txoratzea. Berriketak utzita, horra bart gauekoa)
Munduaren pisua nabari duzu betazaletan.
Egunaren nekea,
orduen joana,
egindakoen zama.
Eta hala ere zabalik eutsi nahi diezu betazalei,
hari batetik tiraka bezala eutsi nahi diozu
bizitzari,
egunaren leihatilak zabalik jarrai dezan.
Heriotzaren anaitzakoa izendatu zuen loa
poetak.
Bata aldi bateko eta bestea betiko, horra aldea.
Baina biek ezinbesteko dute garaipena.
Inaki Uriaren alde, Zarautzen
Atzo, hilak 20, Iñaki Uriaren askatzea eskatzeko elkarretaratze jendetsua izan zen Zarautzen, arratsaldeko 8etan. Herritar ugari, kulturgintzako langile eta ekintzaile ez gutxi, politikari mordoa, beraneante euskaltzale saldoa... Bazen han denetik.
Beste hari-mutur batetik egin nahi dut tira ordea. Uriaren aldeko pankartaz gainera, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko afixak, banderolak, argazkiak eta halakoak ere baziren kontzentrazio horretan. Baina nabarmen egin zitzaidan preso bi besterik ez zirela ageri: Iñaki bera, eta Joxemari Perez "Txuri" izeneko beste bat; gaur egun, inoiz baino preso politiko gehiago dagoen garaian eta Zarautzek duen biztanleriarekin, gehiago "tokatzen" baitzitzaion, halakorik esan baliteke.
Beste proportzio batzuetan ere bitxia da Zarautz. Euskal idazleak, une honetan, Zarautzen beste inon baino gehiago daudela esango nuke. Buruz zerrenda egiten hasita ia hogeira iritsi naiz, eta izango dira ahaztu zaizkidanak edo ezagutzen ez ditudanak ere. Idazleetatik aparte, kazetariak, bertsolariak eta euskal gauzetan dabiltzan langile franko. Hango lagunei behin baino gehiagotan jo izan diet adarra, horren herri apain eta politean golfo, golflari edo surflariak bai, baina harrigarria dela euskararen aldeko hainbeste militante nola sor litezkeen Beverly Hills euskaldun horretan.
Ez dut hemendik inongo ondoriorik atera nahi. Borroka armatuan sartu direnen profil psikologiko edo soziologikoak ateratzeko hamaika saio egin dira, eta beti iruditu zaizkit merkeak bezain alferrikakoak (alde batera utzita oso interesatuak ere izaten direla halakoak). Baina gogora etorri bezalaxe bota nahi nituen burutaziook.
Iñaki askatu! (eta Txuri ere bai, noski)
Puritano eta gordin
(Berria-ko "Idazleak irakurle" atalerako idatzia)
Ehun urte betetzen dira aurten Isaac Bashevis Singer jaio zela. Mendeurreneko ospakizun beharrik ez duten idazle horietakoa da Bashevis Singer, fresko bezain bizi baitiraute haren idazlanek, baina ez da lekuz kanpo egongo hartaz oroitzea eta haren berri ez dutenei ezagutaraztea. Izan ere, bere kalitate dudaezinaz gainera, interes berezia du guretzat Singerrek, komunitate gutxiagotu bateko kidea zenez gero: yiddishez idazten zuen Bashevis Singerrek, Poloniatik Errusiara bitarteko zenbait milioi judu mintzo zen eta gaur egun "Hitlerren holokaustoari, Stalinen purgei eta, paradoxaz, Israelgo estatuaren hebraieratzeari esker" ia galdutzat jo litekeen hizkuntzaz. Singer bera, II. Mundu Gerra baino lehen Ameriketara emigratu zuelako salbatu zela esan daiteke, baina Estatu Batuetan ere bere sustraiei fidel iraun zuen, modu kritikoan izan arren: herri horrexen parte bereiziezin sentituz uneoro, baina bere espiritu libreari eutsiz beti.
Singer irakurtzen hasi nahi duenak haren ipuinen aukera bat dauka euskaraz: Zortzi kontakizun, Koro Navarrok itzulia. Navarrok berak gomendatu zidan Bashevisen autobiografia, Love and exile, bere Poloniako aldia eta Amerikako lehenengo urteak hartzen dituena, izena eta ospea lortu baino lehenagokoak nolabait esanda.
Familiak erabat baldintzatu zuen gure idazlea, baita haren obra ere. Izan ere, errabino-familia batean jaio zen Singer, Talmud eta Tora liburuak izan ziren bere heziketaren oinarriak, eta goitik behera morala den ikuspegia erabili zuen bizitzan bezala idazlanetan ere. Liburu honen lehen parteak bere bilaketa filosofiko-espirituala azaltzen digu gehienbat: bere kezka nagusia, txikitatik, munduaren sufrimendua izan zen, gizakiek beste gizakien eta animalien kontra zerabilten ankerkeria neurririk eta arrazoirik gabea; horrek ez zion fedea galarazi, baina bai Jainkoaren kontra jarri, izaki errukigabea zela-eta. Erantzun baten bila ibili zen filosofian, ideologietan, psikologian, baita parapsikologian ere, eta aseko zuen teoriarik ezean, larrimin horrekin segitu beharko zuen beti.
Garai nahasi bezain liluragarria da, bestalde, liburuan ageri zaiguna: bi mundu gerren arteko Vartsovia, hango saltsa eta gatazka etengabeekin: troskistak, estalinistak, anarkistak, antisemitak, sionistak, judu ortodoxoak, denak denen kontra, eta giro gatazkatsu horretan yiddish idazle bihurtu nahi duen rabbi-semea. Idazletzari buruzko bere komentarioak gogoan hartzekoak dira, hango giro erdipurdikoak gurea gogorarazi eta irria pizten digulako, batetik, eta bere hausnarketak sakonak bezain originalak direlako, bestetik.
Liburuko beste gai handia, ordea, maitasunaren bilaketa da. Edo sexuarena, nahi bada. Puritanismo eta gordinkeriaren nahasketa arraroa baita, honetan ere, Bashevis Singer: estua usteetan baina irrikatsua bere izatean, eta kontraesan horiek makillatu edo ezkutatu ordez bere konplexutasun guztian erakusten ditu oroitzapen hauetan, eta esan liteke kontraste hori bera dela bere narrazioei halako originaltasun eta indarra ematen dizkiena, ghetto-ko gizon-emakume haien abelera eta eldarnioen atzean geure gaurko grinak eta ezinak ezagutzen baititugu, aldeak alde eta aldiak aldi.
Nerudaren autorretratua
(Bilboko Udalak "Bilbao" izeneko aldizkari bat ateratzen du, dohainik, eta erdian kulturazko gehigarri handi bat izaten du, "Pérgola" deritzana. Azken alean, Pablo Nerudari eskaini dizkiote azala eta bi orri, jaioatzaren mendeurrena dela eta. Artikuluak ez dira hartarainokoak, baina Nerudaren poema gisako bat irakurri dut, ezagutzen ez nuena eta grazia egin didana; eta, polita geratzen zelakoan, euskaratu egin dut, jolas moduan. 1973an idatzia omen da, hil aurretixe beraz, eta bere bizitzari errepasoa egiten ez badio ere, bizi izanaren poz eta jakituria darizkio, baita hitzekiko eta gauzekiko harreman sentsual bat ere. Hona bada, zuentzat, Pablo Nerudaren "Autorretratua")
Neu berriz, naiz, edo nago naizela, sudurrez gogor, begiz txiki, buruko ilez urri, sabelez hazkor, hankaz luze, zolaz zabal, bekokiz hori, amodioz oparo, kalkuluz aldrebes, hitzez nahasi, eskuz samur, ibileraz makal, bihotzez herdoilgaitz, izarren, mareen, lurrikaren zale, kakalardoen miresle, hondarretan ibiltari, instituzioetan baldar, betirako txiletar, lagunen lagun, etsaientzat mutu, txorien arteko nahasle, etxean basati, saloietan lotsati, bakardadean mutiri, arrazoirik gabe damutu, administratzaile barregarri, ahozko nabigatzaile, tintaren belagile, animalien artean herabe, hodeietan zortedun, azoketan ikerlari, liburutegietan ilun, mendilerroetan malenkoniatsu, basoetan nekagaitz, erantzunetan txit makal, handik urteetara txinpartatsu, urte osoan arrunt, nire kaieran distiratsu, apetituan izugarri, lotarako tigre, pozean sosegatu, gaueko zeruaren aztertzaile, langile ikusezin, desordenatu, egoskor, halabeharrez ausart, bekatu gabeko koldar, bokazioz logaletu, emakumez amultsu, pairamenduz ekile, madarikazioz poeta eta tontoz lapiko.
Joseba Arregiri elkarrizketa
Atzo, uztailak 18, elkarrizketa luze bezain mamitsua egin zioten Berria-ko Igandea gehigarrian Joseba Arregiri.
Gutxi izango dira euskalgintzan gabiltzanon artean Joseba Arregik adinako ezinikusia bildu dutenak. Nik neuk ere egundokoak idatzi nituen garai batean (administrazioan ardura handiak zituenean) haren gainean, eta handiagoak botatzeko gogoaz gelditu ere bai. Halaber, aitortu beharrekoa da azkarra eta abila dela gutxi bezala, bere pentsamendu-eskemaren barruan koherentziaz jokatzen duela eta zaila dela dialektikan hura gainditzea.
Igandeko elkarrizketa hori irakurrita nire lehengo uste eta iritzi guztiak berretsi behar. Hori da hori zitala eta gaiztoa izatea. Dena dela, Arregiren manipulazioak eta maltzurkeriak baino gehiago, Iñaki Petxarroman kazetariaren jarrera aipatu eta txalotu nahi dut: neurritsu, dotore, elkarrizketatuari bere burubideak argudiatzen utziaz beti. Hark esaten zituenak esanda, edonork ez zuen izango horrenbesteko patxada.
Ez dakit zein izango den Joseba Arregiren etorkizuna. "Ez da alferrik galduko!" esaten zen garai batean halakoengatik. Dabilen tokian dabilela, ez nuke haren etsaia izan nahi, baina are gutxiago haren laguna. Arregik lagunik izan ote dezakeen zalantzan jarriko nuke baina.
Txillardegik 75 urte
(Argia astekarirako artikulua)
Datorren irailean beteko ditu Jose Luis Alvarez Enparantzak 75 urte, eta urteurren horren aitzakiaz hainbat jardunaldi eta ekintza antolatuko dira uda ondorenean. Gisakoa da hainbeste merezimendu pilatu duenari bizi den artean adieraztea gure omena eta esker ona, eta poztekoa omendua sasoian eta lanean ari dela ikustea; izan ere, bi liburu ateratzekoak ditu hurrengo asteotan: bata, Santa Klara gure uharte ezezaguna, Donostiako txoko horri buruzkoa, eta Euskararen aldeko borrokan, hizkuntzaren gaineko bere saiakera laburren bilduma.
Zurikeria inoiz maite izan ez duenari hagiografiak egiten ere ezin hasiko gara orain. Beraz, Txillardegiren ekarpen erraldoia laburtzeko inongo asmorik gabe, haren ibilbideko ideia nagusien errepasoa egiten aritu naiz, denboraren joanak ematen digun abantailaz balorazio txiki bat botatzeko.
Panoramika azkar batean, deigarria egiten da zenbateraino izan den Jose Luis intuizio-gizona. Etorkizunera argi ikusi, bidea markatu, eta bide horretan buru-belarri abiatu dena. Ez dago zalantzarik, bestalde, bide horrek goitik behera baldintzatu duela XX. mendearen bigarren erdia, eta horrenbestez baita gutako gehienon bizitza ere. Eztabaidagarria izan liteke, berriz, zenbateraino asmatu duen intuizio horietan guztietan.
Hasteko, aurrekariak izan bazituen ere, Txillardegiri zor diogu aberriaren funtsa hizkuntzan finkatzea. Arraza, foruak, ohiturak eta bestelako oinarriak erabili izan ziren ordura arte, eta berak argi bezain gogor defendatu zuen gaur bistako eta ukaezina iruditzen zaigun ikuspegia: euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk, ez borrokatzea merezi duen euskal aberririk. Era berean, euskara biziko bazen batasuna behar zuela lehen momentutik aldarrikatu zuen, eta horren alde jarri bere ahal guztiak. Historia ofizialak 68ko Arantzazu aipatzen du beti, baina ezin dugu ahaztu 64ko Baiona.
Txillardegiren sumari zor zaio, halaber, bere garaiko jelkideak egonean goxo zeudela eta halaxe iraungo zutela konstatatzea, eta frankismoari aurre egingo bazitzaion ez zegoela erbesteko Jaurlaritzaren eta Mendebaldeko aliatuen intxaurren zain gelditzerik. Horretan historiak arrazoia eman badio ere, ez zuen asmatu PNV, karlismoaren antzera, zaharkitua eta gainditua geratuko zela iragartzean. Profetak nahi baino epelxeagoa gertatu baita gure herri hau.
Txillardegiri disgustu gehien ekarri dion gaia "jelkideekiko edo batuaren etsaiekiko ahakarrek baino gehiago seguru asko, nolabait ere etxe barrukoa izan baitu istilua" ezkertiarrekiko edo estalinistekiko borroka luzea izango da. Sobiet Batasunak herri txikien kontra egindakoak salatu zituen behin eta berriz, eta sistema bera totalitarioa iruditzen zitzaion, giza askatasunaren aurkakoa edo. Gaur erraza dirudi jarrera horrek, baina lagunarte osoa marxista-leninistatik gorakoa zenean ez zen gozoa izango, ez zenez izango. Hala ere, egia osoa aitortzera, erantsi beharko dugu alternatiba abertzale sozialdemokrata bat egituratzeko saioetan porrot egin duela orain arte behintzat Alvarez kamaradak. Historiaren hurrengo bueltaren zain gelditu beharko.
Hamaika ispilu ganbil
Hamaika ispilu ganbil (Asel Luzarraga)
Beterriko Liburua aldizkariarentzat egindako liburu-kritika
2003ko liburu bat gomendatzeko eskatu eta lehenengo burura etorri zaidana "Soinujolearen semea" izan da, Bernardo Atxagaren nobela zoragarria. Baina gero pentsatu dut nik aholkatu gabe ere denok ezagutuko duzuela, eta, horrenbestez, ez dagoela nire laudorioen beharrean. Hortaz, bestelako bide bat hartu eta guztiz oharkabean pasatu den liburu bat aipatu nahi dizuet, orain arte jaso duena baino arreta gehiago merezi duelakoan.
"Hamaika ispilu ganbil" da Asel Luzarraga bilbotar gaztearen lehenengo liburua. Labur esatearren, giro sentsualez gainezka dagoen sedukzio-istorio bat da, gaur egungo ikastola batean, Bilbon edo Bilbo inguruan (giroaren aldetik, zerikusirik ez azaleko irudiarekin). DBHko laugarren mailako ikasleak dauzkagu batetik, 16 urteko neska-mutilak (Ainhize, Karmele, Patxi...); irakasle gazte eta esperientzia berrien zaleak bestetik (Unax, Bibiot, Arantxa); eta hor sortzen diren erlazio eta gurutzamenduak.
Argumentuaz nahiago dut asko ez aurreratzea, irakurketaren atsegina ez zapuztearren. Hala ere, bi erreferentzia emango ditut, nondik norakoari antzemateko: institutuko gaztetxoen filmak etorriko zaizkizu burura irakurri ahala (American Pie eta estilo horretako lige eta abentura kontuak), baina baita erotismo maltzurragoko istorio gaixtoak ere (Choderlos de Laclos-en "Harreman arriskutsuak", bereziki); bada liburuan beste hari bat, traszendente ustekoa eta izatez estrabagante samarra, baina alde batera utziko dut komentario honetan.
Liburuaren berezitasunetako bat hizkera da. Erdia-edo elkarrizketa da: toka, noka, zuka... Eta solasaldiok bizkaieraz idatzita daude, kontalariaren jarduna euskara batuz egina den bitartean. Mendebaldeko euskararekin ohiturarik ez daukatenentzat gogortxoa izan liteke, baina bide horretan sartu nahi dutenentzat ere ez da aukera txarra.
Nobela ez da perfektua baina badu bere xarma. Pertsonaien taxuera freskoa da, argumentua ondo lotua dago, kontaeraren erritmoa arin dabil; estiloa, ordea, zurrun samarra da, zati batzuetan katramilatu egiten da, beste batzuetan kursitik hurbil dabil, musika-aipamenak gehiegizkoak dira. Eta lexikoan, berriz, garbizale jokatzen du, gaur egun xelebre iruditzen zaizkigun hautuekin: "akeita" kafea esateko, "hiripeko" metroa esateko, aditz sintetikoak ere gehitxo neure gusturako... (hizkuntza-kontu horiek egileari edo editoreari zor zaizkion, ezin jakin).
Guztiarekin ere, obra gozo, arin eta jostagarria; idazle gazteen zerrenda gero eta zabalago bihurtzen ari den garaiotan, kontuan hartu beharreko beste izen bat: Asel Luzarraga. Gipuzkoako liburu-dendetan lortzea ia-ia ezinezkoa egin zait niri; ea zuek zorte hobea duzuen.