Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Gernikaren bonbardaketa poetikoa

Gernikaren bonbardaketa poetikoa

xme 2004/07/23 07:32

Faxisten 1937ko txikizioa oroituz-edo, bonbardaketa poetikoa jasango du orain Gernikak. Uztailaren 21ean zetorren Berria-n informazio zabala. Labur kontatuta, bada Txilen Casagrande izeneko talde literario bat, gerretan suntsitutako hirien gainean poema-jaurtitzeak antolatu dituena; lehenago Txileko Santiagon, Kroaziako Drubovnik-en, eta orain Gernikan. Txiletarrak Jaurlaritzak han duen ordezkaritzarekin hitz egin, hauek ideia babestu eta Euskal Idazleen Elkartearekin harremanetan jarri, Elkarteak idazleoi idatzi ea parte hartu nahi genuen... Kontuak kontu, aurtengo abuztuan egingo omen da happening antzeko hori, idazle euskaldun eta txiletarrek horretarako propio idatzitako testuekin.

Niri, Elkartetik idatzi zidatenean, halako ondoez bat egin zitzaidan, idazleon aldetik nabarmenkeria hutsa-edo irudituta, eta horretatik bestela ere sobera dugulakoan, alde batera utzi eta laster ahaztu nuen dena. Orain prentsan dator, eta pentsatzekoa da telebista-irratietan ere toki dexente emango diotela, gaur egun gustatzeko moduko ekintza delakoan: modernoa, kulturala, internazionala, pazifista, moñoñoa, yuhu-yuhu eta guai-guai.

Atzo, uztailak 22, prentsako berriaren haritik, Gorka Arresek idatzi zuen egunkari bereko Zuzendariari atalean "Euskal Legion Condor" izeneko gutun bat, ekintza bera salatuz eta bertan parte hartuko duten euskal poetak kritikatuz. Eta arrazoia ematen diot neure baitan. Txiletarren borondatea ona izango zen seguru asko; Jaurlaritzarena ere bai; Idazle Elkartearena beste horrenbeste; eta partaide diren poeta euskaldunek beren talentu txiki edo handia jarriko zuten polita iruditutako proiektu horretan. Baina niri ere itsusia iruditzen zait; zer esango dizuet, senarrak ostiatu duen emazte mailatuarengana aktore guapo ospetsu bat etortzea bezala, lore sorta batekin eta argazkilariz inguratua, kameren aurrean desagrabiozko muxu bat ematera. Gustu txarrak kategoria politikoa eta guzti hartzen du batzuetan.

etiketak: Saski Naski
Julen
Julen dio:
2004/07/23 10:20

Hona hemen Gorka Arresek Berria egunkarira idatzitako gutuna:

Euskal Legion Condor

Egunkari honek uztailaren 21ean iragarri zuen Gernika bonbardatuko dutela berriro abuztuaren 14an, larunbatez. Euskal poeta batzuek parte hartuko omen dute: poemak idatziko dituzte eta hegazkinetatik jaurtiko Gernika gainera.

Zuek hegazkinetara igota etorriko zarete? Aurre egingo diot zuen soldaduskari. Saiatuko naiz lehenik hegazkinei sabotajea egiten, saiatuko naiz gero hegazkinak botatzen, eta saiatuko naiz azkenik zuen poema bonbardaketaren sua amatatzen. Ez duzue poesiarik egingo; zuen bonbardaketa espektakulu soil bat baino zerbait gehiago izango da.

Gorka Arrese

Editorea (Zarautz)

David
David dio:
2004/08/09 19:34

Nik parte hartuko dut bonbardaketan. Poema pare bat bidali nituen eta onartuak izan ziren. Ez nago batere ados zure iritziarekin. Inoiz ez dugu ahaztu behar iraganeko akatsak eta uste dut hauxe dela oso era egokia behin Gernikan jazotakoak geure oroitzapenetan iraun dezan. Poesia oso tresna poteretsua da gerraren izua deskribatzeko eta hurrengo belaunaldiek pakea maitatzen ikas dezaten. Emakume ostiatuaren adibideari penagarria deritzot, demagogia hutsa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.