Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Poesia jendearen eskura

Poesia jendearen eskura

xme 2004/07/26 09:21

Ikusiko zenuten komunikabideetan, nola larunbat honetan "Gabriel Arestiren Etxea" izeneko omenaldi bat egin zaion Bilboko poetari Ean, azken urteetako gaixoaldian bolada luzeak eman zituen Bizkaiko kostako herrixka horretan. Herriko seme kutun izendatzea, haritza eta oroitarria ipintzea, euskaltzainen hitzaldiak... ohiko gauzak izaten dira halakoetan, ez horregatik kaxkarragoak (zahartzen ari naiz, lehen barregarriak iruditzen zitzaizkidan horiek guztiak).

Beste zerbait azpimarratu nahi dut ordea. Goizeko omenaldi konbentzional horien ondoren, arratsaldea literarioagoa izan zen, batetik, eta popularragoa, bestetik. Kronika txiki eta guztiz laburtu bat egingo dut.

Aurrena, bazkalondoan, kafe-tertulia antzeko bat egin zen: 30 bat lagun mahai-bueltan, eta hizketarako gai ugari; larregi akaso: Bilboren euskalduntasuna Arestiren haurtzaroan, helduaroan, orain; Earena; poesia, konpromisoa, sortzaileak, jestioa, protesta... Kontuak kontu, hiru ordu berriketan, eta derrigor altxatu behar.

Gero, berriz, herriko kaleetan barrena halako ibilaldi arestiar bat, Galder Perez antzerkilariak (Aresti gorbatadunaz mozorroturik) eta Natxi Aranburu bertsozaleak (itsu koplari lotsabakoarena eginez) gidaturik eta trikitilari eta bertsolarien laguntzaz alaiturik. Berrehun bat lagun ibiliko ziren batera eta bestera, Arestiren edo Arestiri jarritako kopla eta bertsoak kantari.

Eta ilunkeran, hondartza aurrean, irakurketa literario antzeko bat: Arestiren poemak, hitzaldi-zatiak, ipuinak entzun genituen, herritar batzuen eta idazle zenbaiten ahotsean, baita kolaborazio jantziagoak ere: Natxo de Felipe bere seme biolinjolearen laguntzaz, Galder Perez eta Bixente Martinez aktoreak... Harritzekoa eta hunkitzekoa izan zen: hirurehun lagun izango ziren han, ume, sasoiko eta zahar, denak ere Gabrielen hitzaren magiak harrapaturik, han ez baitzen beste edergailurik.

Ekitaldia amaitzeko, itsasoan botila mezudun bat bota eta zuzien argiekin halako happening poetiko bat egin zen itsasoan, bertan ziren Gabrielen emazte Meli Esteban eta alaben parte-hartzearekin.

Bihotza altxatzen dizuten egun horietakoa izan zen, nire ustez. Baina beste inor gutxietsi gabe bereziki aipatu nahi nituzke hori dena posible egin dutenak: HEA (Herrijeari Emon Arnasa) taldea (Landa anaien lan paregabea), eta Bihotz Bakartien Kluba kolektibo larrabetzuarra, azken urteetan literatura sozializatzen lan eskerga egiten ari dena. Eskerrik asko guztiei, eta zorionak.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.