Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Inaki Uriaren alde, Zarautzen

Inaki Uriaren alde, Zarautzen

mendigreen 2004/07/21 10:11

Atzo, hilak 20, Iñaki Uriaren askatzea eskatzeko elkarretaratze jendetsua izan zen Zarautzen, arratsaldeko 8etan. Herritar ugari, kulturgintzako langile eta ekintzaile ez gutxi, politikari mordoa, beraneante euskaltzale saldoa... Bazen han denetik.

Beste hari-mutur batetik egin nahi dut tira ordea. Uriaren aldeko pankartaz gainera, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko afixak, banderolak, argazkiak eta halakoak ere baziren kontzentrazio horretan. Baina nabarmen egin zitzaidan preso bi besterik ez zirela ageri: Iñaki bera, eta Joxemari Perez "Txuri" izeneko beste bat; gaur egun, inoiz baino preso politiko gehiago dagoen garaian eta Zarautzek duen biztanleriarekin, gehiago "tokatzen" baitzitzaion, halakorik esan baliteke.

Beste proportzio batzuetan ere bitxia da Zarautz. Euskal idazleak, une honetan, Zarautzen beste inon baino gehiago daudela esango nuke. Buruz zerrenda egiten hasita ia hogeira iritsi naiz, eta izango dira ahaztu zaizkidanak edo ezagutzen ez ditudanak ere. Idazleetatik aparte, kazetariak, bertsolariak eta euskal gauzetan dabiltzan langile franko. Hango lagunei behin baino gehiagotan jo izan diet adarra, horren herri apain eta politean golfo, golflari edo surflariak bai, baina harrigarria dela euskararen aldeko hainbeste militante nola sor litezkeen Beverly Hills euskaldun horretan.

Ez dut hemendik inongo ondoriorik atera nahi. Borroka armatuan sartu direnen profil psikologiko edo soziologikoak ateratzeko hamaika saio egin dira, eta beti iruditu zaizkit merkeak bezain alferrikakoak (alde batera utzita oso interesatuak ere izaten direla halakoak). Baina gogora etorri bezalaxe bota nahi nituen burutaziook.

Iñaki askatu! (eta Txuri ere bai, noski)

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.