Puritano eta gordin
(Berria-ko "Idazleak irakurle" atalerako idatzia)
Ehun urte betetzen dira aurten Isaac Bashevis Singer jaio zela. Mendeurreneko ospakizun beharrik ez duten idazle horietakoa da Bashevis Singer, fresko bezain bizi baitiraute haren idazlanek, baina ez da lekuz kanpo egongo hartaz oroitzea eta haren berri ez dutenei ezagutaraztea. Izan ere, bere kalitate dudaezinaz gainera, interes berezia du guretzat Singerrek, komunitate gutxiagotu bateko kidea zenez gero: yiddishez idazten zuen Bashevis Singerrek, Poloniatik Errusiara bitarteko zenbait milioi judu mintzo zen eta gaur egun "Hitlerren holokaustoari, Stalinen purgei eta, paradoxaz, Israelgo estatuaren hebraieratzeari esker" ia galdutzat jo litekeen hizkuntzaz. Singer bera, II. Mundu Gerra baino lehen Ameriketara emigratu zuelako salbatu zela esan daiteke, baina Estatu Batuetan ere bere sustraiei fidel iraun zuen, modu kritikoan izan arren: herri horrexen parte bereiziezin sentituz uneoro, baina bere espiritu libreari eutsiz beti.
Singer irakurtzen hasi nahi duenak haren ipuinen aukera bat dauka euskaraz: Zortzi kontakizun, Koro Navarrok itzulia. Navarrok berak gomendatu zidan Bashevisen autobiografia, Love and exile, bere Poloniako aldia eta Amerikako lehenengo urteak hartzen dituena, izena eta ospea lortu baino lehenagokoak nolabait esanda.
Familiak erabat baldintzatu zuen gure idazlea, baita haren obra ere. Izan ere, errabino-familia batean jaio zen Singer, Talmud eta Tora liburuak izan ziren bere heziketaren oinarriak, eta goitik behera morala den ikuspegia erabili zuen bizitzan bezala idazlanetan ere. Liburu honen lehen parteak bere bilaketa filosofiko-espirituala azaltzen digu gehienbat: bere kezka nagusia, txikitatik, munduaren sufrimendua izan zen, gizakiek beste gizakien eta animalien kontra zerabilten ankerkeria neurririk eta arrazoirik gabea; horrek ez zion fedea galarazi, baina bai Jainkoaren kontra jarri, izaki errukigabea zela-eta. Erantzun baten bila ibili zen filosofian, ideologietan, psikologian, baita parapsikologian ere, eta aseko zuen teoriarik ezean, larrimin horrekin segitu beharko zuen beti.
Garai nahasi bezain liluragarria da, bestalde, liburuan ageri zaiguna: bi mundu gerren arteko Vartsovia, hango saltsa eta gatazka etengabeekin: troskistak, estalinistak, anarkistak, antisemitak, sionistak, judu ortodoxoak, denak denen kontra, eta giro gatazkatsu horretan yiddish idazle bihurtu nahi duen rabbi-semea. Idazletzari buruzko bere komentarioak gogoan hartzekoak dira, hango giro erdipurdikoak gurea gogorarazi eta irria pizten digulako, batetik, eta bere hausnarketak sakonak bezain originalak direlako, bestetik.
Liburuko beste gai handia, ordea, maitasunaren bilaketa da. Edo sexuarena, nahi bada. Puritanismo eta gordinkeriaren nahasketa arraroa baita, honetan ere, Bashevis Singer: estua usteetan baina irrikatsua bere izatean, eta kontraesan horiek makillatu edo ezkutatu ordez bere konplexutasun guztian erakusten ditu oroitzapen hauetan, eta esan liteke kontraste hori bera dela bere narrazioei halako originaltasun eta indarra ematen dizkiena, ghetto-ko gizon-emakume haien abelera eta eldarnioen atzean geure gaurko grinak eta ezinak ezagutzen baititugu, aldeak alde eta aldiak aldi.