Joseba Arregiri elkarrizketa
Atzo, uztailak 18, elkarrizketa luze bezain mamitsua egin zioten Berria-ko Igandea gehigarrian Joseba Arregiri.
Gutxi izango dira euskalgintzan gabiltzanon artean Joseba Arregik adinako ezinikusia bildu dutenak. Nik neuk ere egundokoak idatzi nituen garai batean (administrazioan ardura handiak zituenean) haren gainean, eta handiagoak botatzeko gogoaz gelditu ere bai. Halaber, aitortu beharrekoa da azkarra eta abila dela gutxi bezala, bere pentsamendu-eskemaren barruan koherentziaz jokatzen duela eta zaila dela dialektikan hura gainditzea.
Igandeko elkarrizketa hori irakurrita nire lehengo uste eta iritzi guztiak berretsi behar. Hori da hori zitala eta gaiztoa izatea. Dena dela, Arregiren manipulazioak eta maltzurkeriak baino gehiago, Iñaki Petxarroman kazetariaren jarrera aipatu eta txalotu nahi dut: neurritsu, dotore, elkarrizketatuari bere burubideak argudiatzen utziaz beti. Hark esaten zituenak esanda, edonork ez zuen izango horrenbesteko patxada.
Ez dakit zein izango den Joseba Arregiren etorkizuna. "Ez da alferrik galduko!" esaten zen garai batean halakoengatik. Dabilen tokian dabilela, ez nuke haren etsaia izan nahi, baina are gutxiago haren laguna. Arregik lagunik izan ote dezakeen zalantzan jarriko nuke baina.