Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Nerudaren autorretratua

Nerudaren autorretratua

xme 2004/07/20 08:17

(Bilboko Udalak "Bilbao" izeneko aldizkari bat ateratzen du, dohainik, eta erdian kulturazko gehigarri handi bat izaten du, "Pérgola" deritzana. Azken alean, Pablo Nerudari eskaini dizkiote azala eta bi orri, jaioatzaren mendeurrena dela eta. Artikuluak ez dira hartarainokoak, baina Nerudaren poema gisako bat irakurri dut, ezagutzen ez nuena eta grazia egin didana; eta, polita geratzen zelakoan, euskaratu egin dut, jolas moduan. 1973an idatzia omen da, hil aurretixe beraz, eta bere bizitzari errepasoa egiten ez badio ere, bizi izanaren poz eta jakituria darizkio, baita hitzekiko eta gauzekiko harreman sentsual bat ere. Hona bada, zuentzat, Pablo Nerudaren "Autorretratua")

Neu berriz, naiz, edo nago naizela, sudurrez gogor, begiz txiki, buruko ilez urri, sabelez hazkor, hankaz luze, zolaz zabal, bekokiz hori, amodioz oparo, kalkuluz aldrebes, hitzez nahasi, eskuz samur, ibileraz makal, bihotzez herdoilgaitz, izarren, mareen, lurrikaren zale, kakalardoen miresle, hondarretan ibiltari, instituzioetan baldar, betirako txiletar, lagunen lagun, etsaientzat mutu, txorien arteko nahasle, etxean basati, saloietan lotsati, bakardadean mutiri, arrazoirik gabe damutu, administratzaile barregarri, ahozko nabigatzaile, tintaren belagile, animalien artean herabe, hodeietan zortedun, azoketan ikerlari, liburutegietan ilun, mendilerroetan malenkoniatsu, basoetan nekagaitz, erantzunetan txit makal, handik urteetara txinpartatsu, urte osoan arrunt, nire kaieran distiratsu, apetituan izugarri, lotarako tigre, pozean sosegatu, gaueko zeruaren aztertzaile, langile ikusezin, desordenatu, egoskor, halabeharrez ausart, bekatu gabeko koldar, bokazioz logaletu, emakumez amultsu, pairamenduz ekile, madarikazioz poeta eta tontoz lapiko.

etiketak: Sorkuntza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.