Munduaren pisua nabari duzu betazaletan
(Bart egindako poema bat. Baten bat harrituko da, nik ez baitutu poemarik ez idatzi ez kaleratu joan deneko 20 urtean behintzat. Azkar konturatu nintzen laburra zela nire sen poetikoaren hegada, eta nahiago izan nuen prosaren oilo-lurrean mugitu. Eta orain? 40 urteko krisia izango da. Gaztaro galduaren minez egundokoak egiten omen ditugula-eta, ni poemak idazten ostera ere. Ez zait oso lirikoa atera hala ere, gauza bat baita txorakeriak egitea, eta beste bat seko txoratzea. Berriketak utzita, horra bart gauekoa)
Munduaren pisua nabari duzu betazaletan.
Egunaren nekea,
orduen joana,
egindakoen zama.
Eta hala ere zabalik eutsi nahi diezu betazalei,
hari batetik tiraka bezala eutsi nahi diozu
bizitzari,
egunaren leihatilak zabalik jarrai dezan.
Heriotzaren anaitzakoa izendatu zuen loa
poetak.
Bata aldi bateko eta bestea betiko, horra aldea.
Baina biek ezinbesteko dute garaipena.