Euskañola molatxen mazo
Bart gauean, piztu telebista eta, "Vaya semanita" saioan, euskañolari buruzko esketxa.
Ez dakit nori zor zaion "euskañol" hitza sortzearen meritua. Talibaskoren bati, seguru asko. Baina gaia umorez lantzearen ohorea Patxi Huarte "Zaldi Eroa" marrazkilari jenialari eman behar diogu.
Telebistan ikusteak harritu egin ninduen hala ere. Euskara ortopediko samarra dutenen irudiak agertu zituzten: Ibarretxe, Ramon Jauregi, Iturgaitz (audio eta guzti, azken hau bakarrik erakutsi zuten). Lehen ere ausartu ziren "gatazka" dontsua umorez jorratzen, inor ez mintzeko abileziarekin (Arnaldo Otegik Antxon Santxez lehendakarigai proposatu zuen), baita espainiar emigranteen gaia ere, Los Santxez maitagarrien bitartez berriz ere, eta etorkinen kontu horretan esango nuke lehenbizikoak izan direla.
Gertakari soziologiko bihurtzeko bidean doaz Terol eta bere koadrila, baina ez naiz analisiak egiten hasiko: askoz hobeak eskaintzen dizkigu Fermin Etxegoienek bere eguneroko zutabean.
Noizko Etxegoien eta Huarterentzako Rikardo Arregi saria, Argia saria edo bi-biak?
Etxeko eta arrotz
(Abuztuan, Berria-ko "Idazleak irakurle" atalean argitaratua)
Maria Eugenia Salaverri, *¿Por qué te ríes?*, Bassarai, 2004, 198 or.
Testu eder, berritzaile, iradokitzaileen bila urrutira joaten gara sarritan, Argentina nahiz Japoniara, Hego Afrika edo Libanora; batzuetan, baina, etxetik gertu topa ditzakegu kanpoko idazle interesgarriak; baita etxean bertan ere: Maria Eugenia Salaverri bilbotarra da, erdal idazlea. Sarritan ematen du unibertso paralelotan bizi garela kale berberak zapaldu arren hizkuntza diferentean idazten dugunok; ez naiz kexuka hasiko, neurri batean normala da, hizkuntzak definitzen baitu batez ere literatura bat, eta ez zapalduriko kaleak. Hala ere, guk behintzat (euskaldunok, alegia, elebidun erreal bakarrak) kirik egin dezakegu kalearen beste alde horretara eta zertan dabiltzan jakin.
Eta zer ikusi dugu? Maria Eugenia Salaverri oso idazle ona dela, eta ¿Por qué te ríes? hau azken aldian irakurri dudan ipuin-bildumarik gustagarriena. Zortzi istorio dira, gaur egun eta gure munduan gertatzen direnak. Gure munduan diodanean ez naiz Euskal Herriaz ari, edo ez behintzat euskal ezaugarriaz zipriztinduriko herriaz. Bartzelonan, Madrilen edo Bilbon kokaturik daude istorio hauetako batzuk (Frantziako leku zehaztugabe batean eta Marrakexen beste batzuk), baina hemengo bilbotarrak berdin izan zitezkeen sevillarrak edo asturiarrak; Hispanidadean bizi dira beraz (Arestiren berba berreskuratuta), baina ezin uka dezakegu hori ere gure mundua dela.
Utz ditzadan alde batera burutazio sozioetniko horiek guztiak, liburua ulertzen ez baitigute lagunduko; izan ere, giza harremanak dira istorio hauen funts eta motorra: adin ertainaren basamortu luze eta bakarti horretan sartu diren pertsonaiak dira nagusi, eta horien gorabehera xinple bezain gazi-gozoak kontagai: urteen asperdura bizkar gainean daramaten bikoteak, bikotetik kanpo ere poz handirik aurkitzen ez dutenak, lanean eta negozioetan gupidagabe eraturiko botere-harremanak nozitzen dituztenak...
Ipuinak antolatzeko orduan erritmo lasaia darabil Salaverrik: pertsonaiak ezagutzeko beta ematen digu, bere giro eta zirkunstantzietan kokatzeko; gertakariak ere presarik gabe datoz, baldin badatoz: izan ere, anekdota ñimiñoa da askotan. Eta hala ere zerbait gertatzen da, bihotzak edo kontzientzia mugitzen dira, bizitzari beste begi batzuekin begiratuko dio pertsonaiak istorioa amaitzerako.
Amaierak direla-eta, oso gutxitan ikusten duguna egiten du egileak: bukaera aski zoriontsuak asmatu, eta hala ere sinesgarriak eta kontatutako guztiarekin koherenteak direnak. Dena dela, ipuin osoa ez dago hemen amaiera distiratsu baten pentzutan: beste era batera bukatuta ere ipuinak berdin funtzionatuko lukeela iruditzen zaigu, eta kontakizunaren garapena bera dela harrapaturik gauzkana, bere munduan segitzera bultzatzen gaituena. Narratiba modu honek Estatu Batuetako XX. mendearen bigarren erdiko ipuingintzaren maisuak dakarzkigu gogora: John Cheever, Raymond Carver, Richard Ford...
Maisuak maisu, egundoko idazlea dela frogatu digu Salaverrik, bizitzaren zauri ikusezinak agerian jartzen asmatzen duten horietarikoa, pertsona bakoitza mundu bat dela eta ezagutu uste ditugunak ere arrotzak bihur litezkeela erakusten diguna. Horregatik jarri diot izenburu hori iruzkinari, ez inola ere etxeko idazlea arrotz sentitu dudalako, ezpada edozein gizon-emakume, zein bere arroztasunean etxeko sentiarazten jakin duelako.
Sormen galkorraren mina
Aurten, besteetan egin ez ditudan gauzak probatu nahi nituela-eta, bertso-saio bateko gai-jartzaile izan naiz. Zegaman, abuztuaren 25ean (San Bartolome bigarrena), goiz eta arratsaldeko saioak (baita bazkalondokoa ere, mahai inguruan). Bertsolariak, Egaña, Murua eta Peñagarikano. Emaitzarekin, nik esatea ez da oso txukuna baina, oso pozik. Horrelako artista handiekin ez da zaila noski.
Ez dizuet bertsorik ekarriko hona ordea. Ale bikainak izan ziren tartean, baina buru txarra daukat nik halakoak gogoratzeko. Eta horixe zen nire komentario honen iturria: hitzezko perlak sortzen dituzte bertsolariek egunero, baina bota orduko lurrintzen dira, ezerezean amiltzen. Gero eta saio gehiago grabatzen dituzte, eta Bertsozale Elkartearen Xenpelar dokumentazio-zentroan gordetzen, interesatuentzat. Baina hala ere, paperzale garenontzat, beti geratuko zaigu sorkuntza eder baten galeraren usaina, nahiz eta horixe izan bertsolaritzaren magia: jaiotzen den momentuan eta tokian bertan dastatu beharra.
Donostiako Musika Hamabostaldian ere izan naiz, hainbat kontzertutan. Baina ez dizuet musikaz hitz egingo, testuez baizik (bakoitza bere zoroak bizi du, badakizue). Richard Straussen "Elektra" opera, kontzertu bertsioan eman zuten arren, zoragarria izan zen alde guztietatik, Hugo von Hofmannsthal idazle austriarraren libretoa barne; kantariek jardun ahala pantaila batean ematen zuten euskarazko eta gaztelaniazko itzulpena eta, askotan gertatu eta salatu izan denaren kontra, euskal bertsioa egiazko maisulana zen.
Euskal testu horren kalitatea ez zen salbuespena ere: Kursaaleko ekitaldietako itzulpenak Koro Navarrok egin ohi ditu, eta bikainak iruditu zaizkit beti, eta pixkanaka opera mordoxka baten libretoak euskaratu dituzte. Emanaldiaren ostean Navarrori berari komentatu nion pena zela lan hori guztia (ondaretxoa osatzen duena) hortxe geratzea, kantaldi bitarteko pantailan, eta, libururako aski publikorik ez badugu ere, ez litzatekeela zaila, operazale euskaltzale informatikazale bat aurkituz gero, web bat sortzea horrelako materialak eskura jartzeko.
Marconiren aroan egon arren, argi dago ni Gutembergen galaxian bizi naizela oraindik.
Atzoko partez
Neure buruari esan nion egunero saiatu behar nuela artikulu bat idazten. Ezin denean ezin ordea. Atzo tendinitis antzeko bat azaldu zitzaidan eskuineko besaburuan, ezer larririk ez baina ezin besoa aise mugitu; autoan martxen kanbioa erabiltzeko, adibidez. Egun pare bateko gauza izango dela esan dit medikuak eta ea ba.
Ez naiz niri bizitza kontatzen hasiko, baina gogoeta pare bat etorri zait eta lagun arteko giroan bota nahi nituen. Batetik, min txiki batek ze erraz aldatzen eta aldrebesten digun bizimodua. Bestetik, filosoforen bati noizbait entzuna, gizakion makurkeria dela min batek sortzen digun atsekabearen pareko atsegina ez ematea minik ezak. Beste poz batekin biziki ginateke denok ere, ezta?
Eta, amaitzeko, filosofoei ez baina emakume askori entzuna: gizasemeok kexati hutsak garela, edozein mintxor oinaze larri bihurtzen dugunak. Haiek hilekoarekin-eta nahiko ohituta nonbait. Hain zuzen, errezetatu didaten antiinflamatorioa, artrosi, erreuma eta halako gihar-kontuetarako ez ezik, hileko minetarako ere erabiltzen da. Eutsi diezaiodan bada.
Nazionalismo deportiboaren aurka
(Abuztu hondarrean Berria-n ateratako iritzi-artikulua)
Gustura egon naiz Joko Olinpikoei begira, telebistaz. Gustura, betiere, lehiakide espainiarren bat ari ez bazen bertan. Izan ere, espainiar telebistaren bitartez ikusi ditut nik kirol-probak, eta hango esplikerren jarduna erabat aldatzen zen aberkide bat borrokan ari zenean: igeriketa, gimnastika edo atletismoko proba gehienetan, adibidez, partehartzaileetan espainiarrik ez zegoenez gero, egoki eta neurritsu aritu izan da kazetaria, eta alboko adituaren iruzkinak zehatzak bezain jakingarriak gertatzen ziren; kirolari espainolak tartean egokituz gero, berriz, azken taberna-zuloko forofoa bezain burubero, ahobero eta itsu bihurtzen ziren lehengo komentarista moderatu eta lasaiak.
Ez da espainiarren akatsa. Ez haiena soilik behintzat. Telebista frantsesa ikusten aritu den lagun batek kontatu didanez berdin-berdin dabiltza kazetari frantziarrak, eta pentsatzekoa da berdintsu arituko direla beste hainbat herrialdetakoak: italiarrak, hungariarrak, suediarrak... Eta gu, euskaldunok? Herri gisa parte hartzerik ez daukagunez gero, albotik begiratu behar: inbidiaz gehientsuenak, irri txiki batez ere bai agian, bere abertzaletasuna ez konturatzeraino barneratua daukaten estatuen handikeria barregarri hori dela-eta.
Barregarrikerian besteen maila berean gaudela esango nuke nik ordea. Euskal selekziorik ez daukagunez gero "badirudi pentsatu dugula", imita ditzagun gure auzo inperioak forofismoan bederen; Espainiaren elastikoa eraman arren, erakuts dezagun geure kirolariak geure direla, eta aukera edukiz gero Euskal Herria ere hor goian egongo litzatekeela, Olinpoan.
Diodanaren adibide xume bat. Gaurko Berria-n (abuztuak 25), emakumezkoen pertika-jauziaren kronika dator, Atenasko gehigarriaren 7. orrian. Hor bagenuen euskaldunok herrikide bat, Naroa Agirre: neska jatorra, atsegina, euskalduna, Goenkalen ere aktore jarduna, ia etxekotzat jo dezakeguna. Oso ongi. Normala, beraz, Agirrek egindako lanaren berri ematea. Bai ondo eman ere! Hari eskainia da izenburua, izenburu-azpia, argazki handia, argazki-oina, eta albisteak hartzen dituen 100 lerroetatik 95. Xehe-xehe kontatzen digu kazetariak atleta donostiarraren pauso bakoitza: zer sentitu zuen, jauziz jauzi nola igo zen, dramatismo-punttua eransten ere badaki idazle bipilak: Pertika hartu, begiratu, kontzentratu, korrika txikian hasi, pertika behar zuen lekuan jarri, salto egin eta, larri-larri, baina 4,20koa ere lehenengoan pasa zuen. Bihotza estutzeko modukoa, ez nabil txantxetan. Azkenean, 4,40ko jauziarekin seigarren postua eskuratu omen zuen Agirrek. Naroa pozik, eta gu ere bai.
Albistearen azken hondarrean, epikarako indarrik eta tokirik ere geratzen ez zaionean, probaren gainerakoa laburbiltzen digu kazetariak: Azkenerako Isinbayevarentzat urrea, 4,91 eta munduko markarekin, Feofanovarentzat zilarra "4,75" eta Rogowskarentzat borntzea "4,70". Informazioa eman digu behintzat eta gaitz erdi. Baina, kontxo!, munduko marka egin du Isinbayeva delako horrek, emakumezko batek inoiz inon egindako jauzirik handiena, eta ez dakigu ez bere izen osoa, ez nongoa den, ez ezer! Gehixeago ere mereziko zuen ba Isinbayeva andereak, bere estatuko komunikabideetan ez ezik, mundu osokoetan ere. Baita estaturik gabeko gure herri honetako egunkari euskaldun bakarrean ere, nik uste.
Homologazio-nahia izango da beharbada. Beste gauza askotan ezin eta gutarrismoan behintzat besteak adinakoak edo gehiago garela erakustea. Niri, hitz bitan, pena eta barregura ematen dit, aldi berean. Hau ez da albistea sinatu duen kazetariaren kontrako kritika, ezta bere lehenengo jokoetan 6. postua lortu duen Agirreren lana gutxiestekoa ere (egia osoa ere esan behar da ordea: sailkapenen zerrendetan ikus liteke lau jauzilari geratu zirela 6. postu horretan berdindurik). Zabalduz doan joera bat salatzeko oharra da, besterik gabe. Espiritu olinpikoaren izenean egin nezake, lehia nazionalaren gainetik gizon-emakumeen norgehiagokak lehentasuna izan behar duelakoan; informazio zuzenaren izenean ere esan nezake, gauza batzuk objektiboki baitira besteak baino garrantzitsuago, herritarrak herritar; baina besterik gabe zentzunaren eta gustu onaren izenean eskatuko dut: ez ditzagun auzokoen handikeria nazionalistak itsu-itsuan geureganatu.
Une egokia, hitz egokiak
Txemiren lan-mahaiaren aurrean dago leihoa, eta bertan bi lore-poto. Loreak zer diren, berriz, ez galdetu Txemiri, horietaz Garbiñe arduratzen baita, bulegoaren beste aldean lan egiten duen neska; bulegoaren beste aldean eta leihorik gabeko zoko batean. Baina Garbiñek loreak maite, eta argitasuna nahi, eta bi horien bila jotzen du aldiro Txemiren lan-mahaiaren aurreko leihora, hango loreak ureztatzera eta.
"Kaixo "esan ohi dio Garbiñek, ureztontzia beteta dakarrela.
"Kaixo "Txemik". Zer: jeranioak erregariatzera?
"Ez direla jeranioak. Esan nizun petuniak zirela.
"Barkatu, badakizu, niretzat loreak...
"Ai, gizonak...
Txemi begira geratzen zaio Garbiñek petunia-potoa garaztatzen duen bitartean. Oin-puntetan jarri eta ureztontzia altxatzean teink jartzen zaizkio giharrak praken barruan, eta beti da aitzakia ona begirada pantailatik baztertzeko, une batez bederik ere.
"Bueno, gero arte "esaten dio Garbiñek urarekin amaitzean.
"Gero arte, bai.
Gerokorik ez da izaten ordea: bulego bera izan arren jarduera desberdinetan ari dira, eta desberdinak dituzte kafea hartzeko lagunarteak ere. Bazkaltzeko, berriz, lankide batzuekin inguruko kafetegi batera joaten da Txemi, eta Garbiñek, aldiz, etxetik ekartzen du tupperwarea, enpresak egokituriko sukaldetxoan berotu eta jateko.
Garbiñe zer edo zer hartzera gonbidatzea pasatu zaio Txemiri inoiz edo behin burutik, baina oraindik ez da ausartu, edo ez du aurkitu une egokia, hitz egokiak. Nabarmenegi geratuko ote den, jendeak zer esango ote duen, zer pentsatuko duen besteak pentsatzen ari dela bera... Konplikazio gehiegi, eta egunak aurrera doaz loreen erritmo mantso baina etengabean.
"Kaixo.
"Kaixo. Ederrak dauzkazu alegria horiek.
"Ez dira alegriak, azaleak dira.
Ureztontzia husten amaitu aurretik, halako ikara-salto bat egin du Garbiñek, hasperen ito bat ere bai, eta praka barruko giharrei begira zegoen Txemik azkar erreakzionatu du:
"Zer?
"Ez, ezer ez. Zomorro bat.
Zomorroari begiratzeko altxatu da Txemi (ez da aitzakia txarra lan-mahaia une batez bederen uzteko). Landare baten txortenean, berdea berdearen kontra mimetizaturik, gorputz luzeko intsektu bat.
"Aiba! Marisorgina "esan du Txemik, eta Garbiñe isilik geratzen dela ikusita, argibidea erantsi du". Mantis Religiosa esaten zaiona.
Irri txiki bat atera zaio Txemiri hitz horiek esatean, baina Garbiñek ez du zirkinik egin.
"Jakingo duzu noski, mantisaren historia.
"Ez "esan du Garbiñek, egia dioela erakusten duen aurpegiera laño batez.
"Ba... "beste irri bat, urduritasunezkoa oraingoan". Benetan ez dakizula?
"Ezetz ba "Garbiñek, irriz bera ere, baina egoerak hartaraturik.
"Gehiago dakizu botanikaz zoologiaz baino...
"Eske niri, xomorroak...
"Baina hau oso berezia da...
Inguru-biraka ibiltzeak zentzurik ez duela iritzita, ahalik eta modu neutroenean kontatu dio Txemik marisorgin emea espezieko arra baino askoz handiagoa dela, eme horrek arra inguratzen duenean kopulatu egiten dutela (hitz horixe erabili du Txemik, doinu zientifikoari eutsi nahian: kopulatu), eta, kopula horrek irauten duen bitartean, emeak jan egiten duela arra.
"Nola jan?
"Jan, jan. Irentsi. Orduan ernari geratzen da emea, eta aurrera jarraitzen du espeziearen bizi-zikloak.
Irri erdi izoztu bat geratu zaio Txemiri bere azalpena amaitzean, konplizitatea bilatzen duen irri inozo bat. Garbiñek ere irri egin du orduan, apur bat lotsatuta begiak ureztontzira apalduta.
Zerbait hartzera gonbidatzeko aukera ona dela pentsatu du Txemik, baina adorea biltzen ari zela Garbiñek hitz egin du:
"Ai, gizonak...
Txemik ere Garbiñeren eskuetara begiratu du, eta ureztontziaren muturrak zomorroren baten aurreko hanken forma ekarri dio gogora. Gero praka barruan alde egin duten giharrei begira gelditu da, une egokiaren zain, hitz egokien zain.
Proletarioaren oporrak
Langile buzodunei bezala, niri ere abuztuan emango dizkidate oporrak. Eta nola etxean ez dudan sarerik jarri nahi izan (bestela ere nahiko harrapatua nagoelako), hilabetean ez dut seguru asko gauza handirik gehituko bitakora honetan. Izan liteke salbuespenen bat baina.
Irakurle izan zaituztedanoi mila esker, eta irailean ere segi dezazuela hor, pantailaren beste aldean.
Literatura-sarien gorabeherak
Atzoko komentarioan ez nuen esan, baina Manikien galeria Mikel Zubeldiaren liburuari Txomin Agirre Eleberri Saria eman zioten Euskaltzaindiak eta BBK-k.
Normalean eta ondo bidean, sariak plus bat izan beharko luke liburu batentzat zentzu guztietan: prestigioa, ospea, dirua, zabalkundea, presentzia handiagoa... Euskaraz, ordea, dirua bai, ekartzen dizute sariek, egile-eskubideetatik kobratzen dena baino gehiago, baina gainerakoan saria bera zigor bihurtu ohi da: erakunde sari-emaileak berak argitaratzen badu liburua, askotan akatsez beteta ateratzen dira eta gehienetan edizio kaxkar samarretan, papera, letra-mota eta horrelakoak aukeratzeko gustua eta eskarmentua izango dituen jende faltaz edo; horrez gainera, liburu horien marketina hutsaren hurrengoa izaten da (edo guztiz ponpoxo eta lekuz kanpokoa, kasu batzuetan), eta liburu-dendetan daukaten presentzia aski eskasa, ez derrigorrez zabalkunde txarra egin zaielako, baina bai urtean behineko argitarapenak ez duelako bilduma jarraitu baten pisurik, ez dendarientzat ez erosleentzat.
Idazleak hau dena badaki, eta txanponen truke isilik irensten du. Eta gauzak hobetzen saiatuz gero, atzetik makila eta istilu gorria. Hara zer gertatu zaion Mikel Zubeldiari:
Euskaltzaindiaren egoitzan bertan egin zen liburu horren gehi beste hiru obra sarituen aurkezpen serio eta formal bat. Horraino, dena ondo. Hala ere, Zubeldiak beste zer edo zer ere nahi zuela-eta, bere kasa antolatzea bururatu zaio, eta hala egin du: uztail amaiera honetan, egun batean prentsaurreko normala, eta hurrengoan jendearentzako aurkezpen alaiago bat, irakurketa, zuzeneko musika eta guzti.
Horrek guztiak, poz adina neke dakar, noski: lokal bat bilatu eta haren uztea jestionatu, komunikabideen zerrendak lortu, haiei banan-banan deitu; argitaletxe batek bideak egin samarrak ditu, eta jendea horretarako, baina Zubeldiak ez du gauza horien berri; horrez gain, kamiseta batzuk inprimarazi ditu, liburuko irudi batekin, eta Donostiako blues talde bat kontratatu du, The Croppers, guztia bere poltsikotik ordaindua (lehenago ere, honekin zerikusi zuzena ez duen arren, bere dirutik ordaindu zituen Mikelek liburu barruko marrazkiak, ez baitzegoen horretarako izendatutako diru-funtsik). Emaitzak, hala ere, merezi zuen: jai polit, gustagarri eta dibertigarria izan genuen bart arratsean Donostiako Udal Liburutegiko sotoan bildu ginen 35 lagunek (gehienak, egilearen familia edo koadrilakoak).
Ba, hauxe da kontatu nahi nuena: aurkezpen berria dela-eta, komunikabide batzuetan atera zen Zubeldiaren lana; Euskaltzaindian ikusi dute (ikusi du norbaitek), eta idazleari deitu diote; zorionak emateko? Ez! Errieta emateko, nolatan egin duen halakorik haiei abisatu gabe, haien baimenik gabe, haien partehartzerik gabe.
Ez dut uste beste komentariorik merezi duenik.
Manikien galeria
Atzo (asteazkena, uztailak 28) Manikien galeria eleberria aurkeztu zen Donostiako Udal Liburutegian (gaurko Garan, Deian eta El Diario Vascon informazioa). Egilea Mikel Zubeldia da, 31 urteko donostiarra, eta hauxe du lehenengo liburua, aurretik ipuin-sariketa batzuk irabazi dituen arren.
Hainbeste idazle gazte eta liburu berri plazaratzen diren sasoi honetan (eta iraun dezala, ni ez naiz kexatuko), beste bat azaltzea ez da inondik ere sorpresa, eta kosta egiten da albiste izatera iristea ere. Hala ere, Zubeldiaren liburu honek merezi duelakoan nago. Ez dut esango aspaldiko libururik onena denik (asko dira liburu onak gure artean, eta nik ez ditut ranking-ak maite) baina bai azken urteetako idazle originalena, prosarik eta mundu narratiborik pertsonalena eraiki duena.
Originaltasun hori zertan datzan azaltzea baino hobe izango du irakurleak deskubritzea, baina aurreratuko dizkiot pare bat ezaugarri: batetik, idazle gehienok bezalako prosa funtzional eta estandarra erabili ordez, hizkuntza barroko, bitxikeriazale, ustekabez beterikoa darabil, lehenengo orrietan barruan sartzea kosta egiten zaizuna, baina gero bere sarean harrapatzen zaituena, ondo idazten baitu Zubeldiak. Idazkeran modan dagoen gardentasunetik ihes egiten duen bezala, narrazioan ere minimalismoaren ordez istorio kargatu eta hanpatuak erabiltzen ditu,pertsonaia xelebrez beteak: Kabareteko dantzari diktadorearen amorante eta markesa bihurtua eta, bere onenak emanda gero, lehengo oporlekuan neskame aritu beharko duena, eta estilo horretakoak denak: dekadenteak, kutreak, galtzaileak, patetikoak... Galeraia zabal bat osatuz, frikien museo bat iduri.
Aipagarria da gertalekua ere: irudimenezko geografia bat eraiki du Zubeldiak, Simón estatua, ez hemen ez inon ez dagoena, batzuetan kolonia afrikarra, besteetan Antilletako errepublika bananeroa gogorarazten digula: pertsonaiekin eta idazkerarekin ezin hobeto ezkontzen den hiri karrakoildu, usteldu, deprimente samarra.
Ez dakit propaganda edo antipublizitatea den hau, baina literaturazaleei biziki gomendatzen diet.
Udako liburua, eta sasoi guztietakoa
(Elmore Leonard-en Be cool edo Tómatelo con calma eleberriarri buruzko komentarioa, Berria-ko "Idazleak irakurle" atalerako idatzia)
Garai bateko Dashiell Hammett eta Raymond Chandler bezala, gaur egun James Ellroy eta Elmore Leonard izan litezke Estatu Batuetako (beraz, guk ezagutzen dugun mundu zatiko) nobela beltzaren egile-bikote izarra, arrakasta komertzialari kalitatearen erramu-boneta eransten diona. Aukera egiten hasita, nik Ellroy nahiago: basatiagoa da bere pertsonaien taxukeran, dotoreagoa bere prosa tolestean. Leonarden istorioek badute plegu berezi bat, hala ere, zinemarako oso aproposak egiten dituena, eta horren erakusgarri izan liteke Danny deVito, Coen anaiak edo Tarantino bezalako zakur zaharrek haren nobelak erosi eta filmatu izana.
Plegu bereziaz gainera, Leonarden liburuek beti izan dute zerbait bitxia: Kubaren independentzia-gerran kokatu izan ditu, edo egiazko santu mirarigile baten inguruan bilbatu. Hollywood-ek bereganatu zuenetik, berriz, hango giro eta giza paisaiak bihurtu zaizkio argumentu-iturri (antzeko zerbait gertatu zitzaion, esaterako, Scott Fitzgerald-i ere); Hollywood nola konkistatu eleberrian bezala, Be cool honetako protagonista Chili Palmer dugu, gaztetan erdi mafioso ibili eta gero zine-zuzendari bihurtua, eskrupulu gutxi baina xarma handiko tipoa.
Zinema-mundua zeharka baizik ez da agertuko hemen ordea. Liburu hasieran, Chili Palmer diskogintzan sartutako lagun zahar batekin bazkaltzen ari dela, tiroz garbitzen dute hau, eta zine-zuzendariak filmerako ideia polita ikusten du bertan; hortik aurrera, musikaren saltsa egosiko da eleberrian, bere osagai guztiekin: disketxearen jabea, arrakasta lortu nahi duen kantaria, musikari-taldea, grabazio-arduraduna, managerra, produktorea, agentea eta bestelako bitartekariak, nor bere interesen puska zaindu eta handitu nahian. Hortik aurrera, horrelako obrek ezinbesteko dituzten hornidurak: sexu pixka bat, beste horrenbeste biolentzia, eta umore punttua. Guztia oso ongi maneatua; esan nahi baita bai erritmoa, bai intriga, bai bigarren mailako hariak, bai pertsonaien psikologia profesional handi baten eskuak ohi duen trebeziaz daudela gobernatuak.
Zerbait udarako aproposa dela esaten dugunean "freskagarria, arina, dijestio errazekoa", eskuarki kakazahar hutsa dela dela esan nahi dugu lerro artean. Berdin prentsan, irratian nahiz telebistan. Beraz, hasieran asmo hori nuen arren, ez dut esango udako irakurketa egokia denik hau. Polizi nobelak irakurtzeko bizioa dugunok kasik gusturago irensten baititugu neguko arrats hotz eta ospeletan berogailuaren ondoan, udako sargorian eguzkitan edo eguzkitakoaren azpian baino. Nork bere gustuak ditu ordea, irakurketan bezala sukaldaritzan edo opor-lekuan. Hautatzen duzuna hautatzen duzula, on egin.