Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Etxeko eta arrotz

Etxeko eta arrotz

xme 2004/09/02 09:56

(Abuztuan, Berria-ko "Idazleak irakurle" atalean argitaratua)

Maria Eugenia Salaverri, *¿Por qué te ríes?*, Bassarai, 2004, 198 or.

Testu eder, berritzaile, iradokitzaileen bila urrutira joaten gara sarritan, Argentina nahiz Japoniara, Hego Afrika edo Libanora; batzuetan, baina, etxetik gertu topa ditzakegu kanpoko idazle interesgarriak; baita etxean bertan ere: Maria Eugenia Salaverri bilbotarra da, erdal idazlea. Sarritan ematen du unibertso paralelotan bizi garela kale berberak zapaldu arren hizkuntza diferentean idazten dugunok; ez naiz kexuka hasiko, neurri batean normala da, hizkuntzak definitzen baitu batez ere literatura bat, eta ez zapalduriko kaleak. Hala ere, guk behintzat (euskaldunok, alegia, elebidun erreal bakarrak) kirik egin dezakegu kalearen beste alde horretara eta zertan dabiltzan jakin.

Eta zer ikusi dugu? Maria Eugenia Salaverri oso idazle ona dela, eta ¿Por qué te ríes? hau azken aldian irakurri dudan ipuin-bildumarik gustagarriena. Zortzi istorio dira, gaur egun eta gure munduan gertatzen direnak. Gure munduan diodanean ez naiz Euskal Herriaz ari, edo ez behintzat euskal ezaugarriaz zipriztinduriko herriaz. Bartzelonan, Madrilen edo Bilbon kokaturik daude istorio hauetako batzuk (Frantziako leku zehaztugabe batean eta Marrakexen beste batzuk), baina hemengo bilbotarrak berdin izan zitezkeen sevillarrak edo asturiarrak; Hispanidadean bizi dira beraz (Arestiren berba berreskuratuta), baina ezin uka dezakegu hori ere gure mundua dela.

Utz ditzadan alde batera burutazio sozioetniko horiek guztiak, liburua ulertzen ez baitigute lagunduko; izan ere, giza harremanak dira istorio hauen funts eta motorra: adin ertainaren basamortu luze eta bakarti horretan sartu diren pertsonaiak dira nagusi, eta horien gorabehera xinple bezain gazi-gozoak kontagai: urteen asperdura bizkar gainean daramaten bikoteak, bikotetik kanpo ere poz handirik aurkitzen ez dutenak, lanean eta negozioetan gupidagabe eraturiko botere-harremanak nozitzen dituztenak...

Ipuinak antolatzeko orduan erritmo lasaia darabil Salaverrik: pertsonaiak ezagutzeko beta ematen digu, bere giro eta zirkunstantzietan kokatzeko; gertakariak ere presarik gabe datoz, baldin badatoz: izan ere, anekdota ñimiñoa da askotan. Eta hala ere zerbait gertatzen da, bihotzak edo kontzientzia mugitzen dira, bizitzari beste begi batzuekin begiratuko dio pertsonaiak istorioa amaitzerako.

Amaierak direla-eta, oso gutxitan ikusten duguna egiten du egileak: bukaera aski zoriontsuak asmatu, eta hala ere sinesgarriak eta kontatutako guztiarekin koherenteak direnak. Dena dela, ipuin osoa ez dago hemen amaiera distiratsu baten pentzutan: beste era batera bukatuta ere ipuinak berdin funtzionatuko lukeela iruditzen zaigu, eta kontakizunaren garapena bera dela harrapaturik gauzkana, bere munduan segitzera bultzatzen gaituena. Narratiba modu honek Estatu Batuetako XX. mendearen bigarren erdiko ipuingintzaren maisuak dakarzkigu gogora: John Cheever, Raymond Carver, Richard Ford...

Maisuak maisu, egundoko idazlea dela frogatu digu Salaverrik, bizitzaren zauri ikusezinak agerian jartzen asmatzen duten horietarikoa, pertsona bakoitza mundu bat dela eta ezagutu uste ditugunak ere arrotzak bihur litezkeela erakusten diguna. Horregatik jarri diot izenburu hori iruzkinari, ez inola ere etxeko idazlea arrotz sentitu dudalako, ezpada edozein gizon-emakume, zein bere arroztasunean etxeko sentiarazten jakin duelako.

etiketak: Liburu kritikak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.