Manikien galeria
Atzo (asteazkena, uztailak 28) Manikien galeria eleberria aurkeztu zen Donostiako Udal Liburutegian (gaurko Garan, Deian eta El Diario Vascon informazioa). Egilea Mikel Zubeldia da, 31 urteko donostiarra, eta hauxe du lehenengo liburua, aurretik ipuin-sariketa batzuk irabazi dituen arren.
Hainbeste idazle gazte eta liburu berri plazaratzen diren sasoi honetan (eta iraun dezala, ni ez naiz kexatuko), beste bat azaltzea ez da inondik ere sorpresa, eta kosta egiten da albiste izatera iristea ere. Hala ere, Zubeldiaren liburu honek merezi duelakoan nago. Ez dut esango aspaldiko libururik onena denik (asko dira liburu onak gure artean, eta nik ez ditut ranking-ak maite) baina bai azken urteetako idazle originalena, prosarik eta mundu narratiborik pertsonalena eraiki duena.
Originaltasun hori zertan datzan azaltzea baino hobe izango du irakurleak deskubritzea, baina aurreratuko dizkiot pare bat ezaugarri: batetik, idazle gehienok bezalako prosa funtzional eta estandarra erabili ordez, hizkuntza barroko, bitxikeriazale, ustekabez beterikoa darabil, lehenengo orrietan barruan sartzea kosta egiten zaizuna, baina gero bere sarean harrapatzen zaituena, ondo idazten baitu Zubeldiak. Idazkeran modan dagoen gardentasunetik ihes egiten duen bezala, narrazioan ere minimalismoaren ordez istorio kargatu eta hanpatuak erabiltzen ditu,pertsonaia xelebrez beteak: Kabareteko dantzari diktadorearen amorante eta markesa bihurtua eta, bere onenak emanda gero, lehengo oporlekuan neskame aritu beharko duena, eta estilo horretakoak denak: dekadenteak, kutreak, galtzaileak, patetikoak... Galeraia zabal bat osatuz, frikien museo bat iduri.
Aipagarria da gertalekua ere: irudimenezko geografia bat eraiki du Zubeldiak, Simón estatua, ez hemen ez inon ez dagoena, batzuetan kolonia afrikarra, besteetan Antilletako errepublika bananeroa gogorarazten digula: pertsonaiekin eta idazkerarekin ezin hobeto ezkontzen den hiri karrakoildu, usteldu, deprimente samarra.
Ez dakit propaganda edo antipublizitatea den hau, baina literaturazaleei biziki gomendatzen diet.