Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Nazionalismo deportiboaren aurka

Nazionalismo deportiboaren aurka

xme 2004/08/30 10:04

(Abuztu hondarrean Berria-n ateratako iritzi-artikulua)

Gustura egon naiz Joko Olinpikoei begira, telebistaz. Gustura, betiere, lehiakide espainiarren bat ari ez bazen bertan. Izan ere, espainiar telebistaren bitartez ikusi ditut nik kirol-probak, eta hango esplikerren jarduna erabat aldatzen zen aberkide bat borrokan ari zenean: igeriketa, gimnastika edo atletismoko proba gehienetan, adibidez, partehartzaileetan espainiarrik ez zegoenez gero, egoki eta neurritsu aritu izan da kazetaria, eta alboko adituaren iruzkinak zehatzak bezain jakingarriak gertatzen ziren; kirolari espainolak tartean egokituz gero, berriz, azken taberna-zuloko forofoa bezain burubero, ahobero eta itsu bihurtzen ziren lehengo komentarista moderatu eta lasaiak.

Ez da espainiarren akatsa. Ez haiena soilik behintzat. Telebista frantsesa ikusten aritu den lagun batek kontatu didanez berdin-berdin dabiltza kazetari frantziarrak, eta pentsatzekoa da berdintsu arituko direla beste hainbat herrialdetakoak: italiarrak, hungariarrak, suediarrak... Eta gu, euskaldunok? Herri gisa parte hartzerik ez daukagunez gero, albotik begiratu behar: inbidiaz gehientsuenak, irri txiki batez ere bai agian, bere abertzaletasuna ez konturatzeraino barneratua daukaten estatuen handikeria barregarri hori dela-eta.

Barregarrikerian besteen maila berean gaudela esango nuke nik ordea. Euskal selekziorik ez daukagunez gero "badirudi pentsatu dugula", imita ditzagun gure auzo inperioak forofismoan bederen; Espainiaren elastikoa eraman arren, erakuts dezagun geure kirolariak geure direla, eta aukera edukiz gero Euskal Herria ere hor goian egongo litzatekeela, Olinpoan.

Diodanaren adibide xume bat. Gaurko Berria-n (abuztuak 25), emakumezkoen pertika-jauziaren kronika dator, Atenasko gehigarriaren 7. orrian. Hor bagenuen euskaldunok herrikide bat, Naroa Agirre: neska jatorra, atsegina, euskalduna, Goenkalen ere aktore jarduna, ia etxekotzat jo dezakeguna. Oso ongi. Normala, beraz, Agirrek egindako lanaren berri ematea. Bai ondo eman ere! Hari eskainia da izenburua, izenburu-azpia, argazki handia, argazki-oina, eta albisteak hartzen dituen 100 lerroetatik 95. Xehe-xehe kontatzen digu kazetariak atleta donostiarraren pauso bakoitza: zer sentitu zuen, jauziz jauzi nola igo zen, dramatismo-punttua eransten ere badaki idazle bipilak: “Pertika hartu, begiratu, kontzentratu, korrika txikian hasi, pertika behar zuen lekuan jarri, salto egin eta, larri-larri, baina 4,20koa ere lehenengoan pasa zuen”. Bihotza estutzeko modukoa, ez nabil txantxetan. Azkenean, 4,40ko jauziarekin seigarren postua eskuratu omen zuen Agirrek. Naroa pozik, eta gu ere bai.

Albistearen azken hondarrean, epikarako indarrik eta tokirik ere geratzen ez zaionean, probaren gainerakoa laburbiltzen digu kazetariak: “Azkenerako Isinbayevarentzat urrea, 4,91 eta munduko markarekin, Feofanovarentzat zilarra "4,75" eta Rogowskarentzat borntzea "4,70"”. Informazioa eman digu behintzat eta gaitz erdi. Baina, kontxo!, munduko marka egin du Isinbayeva delako horrek, emakumezko batek inoiz inon egindako jauzirik handiena, eta ez dakigu ez bere izen osoa, ez nongoa den, ez ezer! Gehixeago ere mereziko zuen ba Isinbayeva andereak, bere estatuko komunikabideetan ez ezik, mundu osokoetan ere. Baita estaturik gabeko gure herri honetako egunkari euskaldun bakarrean ere, nik uste.

Homologazio-nahia izango da beharbada. Beste gauza askotan ezin eta gutarrismoan behintzat besteak adinakoak edo gehiago garela erakustea. Niri, hitz bitan, pena eta barregura ematen dit, aldi berean. Hau ez da albistea sinatu duen kazetariaren kontrako kritika, ezta bere lehenengo jokoetan 6. postua lortu duen Agirreren lana gutxiestekoa ere (egia osoa ere esan behar da ordea: sailkapenen zerrendetan ikus liteke lau jauzilari geratu zirela 6. postu horretan berdindurik). Zabalduz doan joera bat salatzeko oharra da, besterik gabe. Espiritu olinpikoaren izenean egin nezake, lehia nazionalaren gainetik gizon-emakumeen norgehiagokak lehentasuna izan behar duelakoan; informazio zuzenaren izenean ere esan nezake, gauza batzuk objektiboki baitira besteak baino garrantzitsuago, herritarrak herritar; baina besterik gabe zentzunaren eta gustu onaren izenean eskatuko dut: ez ditzagun auzokoen handikeria nazionalistak itsu-itsuan geureganatu.

etiketak: Saski Naski
Patxi
Patxi dio:
2004/09/26 19:04

Hemen dator bat kontra egitera. Ni garai batean Marino Lejarretarekin etxeko sukaldean saltoka eta oihuka, zeharo burubero ibilitakoa naiz, Tourra korritzen zuen garaian. Eta ederki poztu ere irabazi edo... laugarren egiten zuenean. Nere pozak zerikusi gutxi zuen ordea Marinoren euskalduntasunarekin, edo bukaeran erakuts zezakeen ikurriñarekin, baizik eta Marinoren sudurra ikusi, nerearekin alderatu eta oso identifikatuta sentitzen nintzelako, gainantzeko euskaldunon antzera. Denok ginen Marino! Euskaldunak zerbait izan bagera, lehiakorrak izan gera; lehiak grina dakar, bihotza azkarragotzea, begi niniak zabaltzea... oso gauza gustagarria. Euskaldunok galtzen ohituta gaude, txiki txikiak geralako. Behin irabaziko eta... ezin portatuko gera egoki eta neurritsu!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.