Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Une egokia, hitz egokiak

Une egokia, hitz egokiak

xme 2004/08/10 21:07

Txemiren lan-mahaiaren aurrean dago leihoa, eta bertan bi lore-poto. Loreak zer diren, berriz, ez galdetu Txemiri, horietaz Garbiñe arduratzen baita, bulegoaren beste aldean lan egiten duen neska; bulegoaren beste aldean eta leihorik gabeko zoko batean. Baina Garbiñek loreak maite, eta argitasuna nahi, eta bi horien bila jotzen du aldiro Txemiren lan-mahaiaren aurreko leihora, hango loreak ureztatzera eta.

"Kaixo "esan ohi dio Garbiñek, ureztontzia beteta dakarrela.

"Kaixo "Txemik". Zer: jeranioak erregariatzera?

"Ez direla jeranioak. Esan nizun petuniak zirela.

"Barkatu, badakizu, niretzat loreak...

"Ai, gizonak...

Txemi begira geratzen zaio Garbiñek petunia-potoa garaztatzen duen bitartean. Oin-puntetan jarri eta ureztontzia altxatzean teink jartzen zaizkio giharrak praken barruan, eta beti da aitzakia ona begirada pantailatik baztertzeko, une batez bederik ere.

"Bueno, gero arte "esaten dio Garbiñek urarekin amaitzean.

"Gero arte, bai.

Gerokorik ez da izaten ordea: bulego bera izan arren jarduera desberdinetan ari dira, eta desberdinak dituzte kafea hartzeko lagunarteak ere. Bazkaltzeko, berriz, lankide batzuekin inguruko kafetegi batera joaten da Txemi, eta Garbiñek, aldiz, etxetik ekartzen du tupperwarea, enpresak egokituriko sukaldetxoan berotu eta jateko.

Garbiñe zer edo zer hartzera gonbidatzea pasatu zaio Txemiri inoiz edo behin burutik, baina oraindik ez da ausartu, edo ez du aurkitu une egokia, hitz egokiak. Nabarmenegi geratuko ote den, jendeak zer esango ote duen, zer pentsatuko duen besteak pentsatzen ari dela bera... Konplikazio gehiegi, eta egunak aurrera doaz loreen erritmo mantso baina etengabean.

"Kaixo.

"Kaixo. Ederrak dauzkazu alegria horiek.

"Ez dira alegriak, azaleak dira.

Ureztontzia husten amaitu aurretik, halako ikara-salto bat egin du Garbiñek, hasperen ito bat ere bai, eta praka barruko giharrei begira zegoen Txemik azkar erreakzionatu du:

"Zer?

"Ez, ezer ez. Zomorro bat.

Zomorroari begiratzeko altxatu da Txemi (ez da aitzakia txarra lan-mahaia une batez bederen uzteko). Landare baten txortenean, berdea berdearen kontra mimetizaturik, gorputz luzeko intsektu bat.

"Aiba! Marisorgina "esan du Txemik, eta Garbiñe isilik geratzen dela ikusita, argibidea erantsi du". Mantis Religiosa esaten zaiona.

Irri txiki bat atera zaio Txemiri hitz horiek esatean, baina Garbiñek ez du zirkinik egin.

"Jakingo duzu noski, mantisaren historia.

"Ez "esan du Garbiñek, egia dioela erakusten duen aurpegiera laño batez.

"Ba... "beste irri bat, urduritasunezkoa oraingoan". Benetan ez dakizula?

"Ezetz ba "Garbiñek, irriz bera ere, baina egoerak hartaraturik.

"Gehiago dakizu botanikaz zoologiaz baino...

"Eske niri, xomorroak...

"Baina hau oso berezia da...

Inguru-biraka ibiltzeak zentzurik ez duela iritzita, ahalik eta modu neutroenean kontatu dio Txemik marisorgin emea espezieko arra baino askoz handiagoa dela, eme horrek arra inguratzen duenean kopulatu egiten dutela (hitz horixe erabili du Txemik, doinu zientifikoari eutsi nahian: “kopulatu”), eta, kopula horrek irauten duen bitartean, emeak jan egiten duela arra.

"Nola jan?

"Jan, jan. Irentsi. Orduan ernari geratzen da emea, eta aurrera jarraitzen du espeziearen bizi-zikloak.

Irri erdi izoztu bat geratu zaio Txemiri bere azalpena amaitzean, konplizitatea bilatzen duen irri inozo bat. Garbiñek ere irri egin du orduan, apur bat lotsatuta begiak ureztontzira apalduta.

Zerbait hartzera gonbidatzeko aukera ona dela pentsatu du Txemik, baina adorea biltzen ari zela Garbiñek hitz egin du:

"Ai, gizonak...

Txemik ere Garbiñeren eskuetara begiratu du, eta ureztontziaren muturrak zomorroren baten aurreko hanken forma ekarri dio gogora. Gero praka barruan alde egin duten giharrei begira gelditu da, une egokiaren zain, hitz egokien zain.

etiketak: Sorkuntza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.