Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Literatura-sarien gorabeherak

Literatura-sarien gorabeherak

xme 2004/07/30 09:12

Atzoko komentarioan ez nuen esan, baina Manikien galeria Mikel Zubeldiaren liburuari Txomin Agirre Eleberri Saria eman zioten Euskaltzaindiak eta BBK-k.

Normalean eta ondo bidean, sariak plus bat izan beharko luke liburu batentzat zentzu guztietan: prestigioa, ospea, dirua, zabalkundea, presentzia handiagoa... Euskaraz, ordea, dirua bai, ekartzen dizute sariek, egile-eskubideetatik kobratzen dena baino gehiago, baina gainerakoan saria bera zigor bihurtu ohi da: erakunde sari-emaileak berak argitaratzen badu liburua, askotan akatsez beteta ateratzen dira eta gehienetan edizio kaxkar samarretan, papera, letra-mota eta horrelakoak aukeratzeko gustua eta eskarmentua izango dituen jende faltaz edo; horrez gainera, liburu horien marketina hutsaren hurrengoa izaten da (edo guztiz ponpoxo eta lekuz kanpokoa, kasu batzuetan), eta liburu-dendetan daukaten presentzia aski eskasa, ez derrigorrez zabalkunde txarra egin zaielako, baina bai urtean behineko argitarapenak ez duelako bilduma jarraitu baten pisurik, ez dendarientzat ez erosleentzat.

Idazleak hau dena badaki, eta txanponen truke isilik irensten du. Eta gauzak hobetzen saiatuz gero, atzetik makila eta istilu gorria. Hara zer gertatu zaion Mikel Zubeldiari:

Euskaltzaindiaren egoitzan bertan egin zen liburu horren gehi beste hiru obra sarituen aurkezpen serio eta formal bat. Horraino, dena ondo. Hala ere, Zubeldiak beste zer edo zer ere nahi zuela-eta, bere kasa antolatzea bururatu zaio, eta hala egin du: uztail amaiera honetan, egun batean prentsaurreko normala, eta hurrengoan jendearentzako aurkezpen alaiago bat, irakurketa, zuzeneko musika eta guzti.

Horrek guztiak, poz adina neke dakar, noski: lokal bat bilatu eta haren uztea jestionatu, komunikabideen zerrendak lortu, haiei banan-banan deitu; argitaletxe batek bideak egin samarrak ditu, eta jendea horretarako, baina Zubeldiak ez du gauza horien berri; horrez gain, kamiseta batzuk inprimarazi ditu, liburuko irudi batekin, eta Donostiako blues talde bat kontratatu du, The Croppers, guztia bere poltsikotik ordaindua (lehenago ere, honekin zerikusi zuzena ez duen arren, bere dirutik ordaindu zituen Mikelek liburu barruko marrazkiak, ez baitzegoen horretarako izendatutako diru-funtsik). Emaitzak, hala ere, merezi zuen: jai polit, gustagarri eta dibertigarria izan genuen bart arratsean Donostiako Udal Liburutegiko sotoan bildu ginen 35 lagunek (gehienak, egilearen familia edo koadrilakoak).

Ba, hauxe da kontatu nahi nuena: aurkezpen berria dela-eta, komunikabide batzuetan atera zen Zubeldiaren lana; Euskaltzaindian ikusi dute (ikusi du norbaitek), eta idazleari deitu diote; zorionak emateko? Ez! Errieta emateko, nolatan egin duen halakorik haiei abisatu gabe, haien baimenik gabe, haien partehartzerik gabe.

Ez dut uste beste komentariorik merezi duenik.

Luistxo
Luistxo dio:
2004/07/30 13:29

> Ez dut uste beste komentariorik merezi duenik.

Zeurea merezi zuen, eta zeureak merezi izan du.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.