Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Produkzio-bideen jabetza

xme 2004/09/14 09:52

Uda zen. Ezagun batekin berriketan. Gizon jantzia, kulturazalea, eta horretaz gain lehen EMKren orain Zutik-en aldizkarietan kolaboratzailea. Huntaz eta hartaz ari ginen, eta sakelako telefonoak ere atera ziren solasera. Orduan bera hasi zen enpresa kontuekin: Euskaltel ez-dakit-zer, Movistar ez-dakit-zenbat, halako aurten irabaziekin hasiko zela, eta hori egundoko mesedea izango zela Endesa edo ez dakit norentzat.

"Eta hiri zer axola zaik Endesa edo dena delakoa gora edo behera joatea?", galdetu nion nik, nahiko harrituta.

"Akzioak zeuzkaat eta!"

"Akzioak? Baina hi ez al hintzen Mugimendu Komunistaren bidelaguna, kapitalaren etsaia, iraultzaren aldekoa?"

"Bueno, badakik Marxek nola aldarrikatzen zuen langileek egin behar zutela produkzio-bideen jabe...? Iraultzaren bitartez ezin izan denez, eros ditzagun akzioak, gu ere jabekide izateko".

zinea = ezina?

xme 2004/09/13 11:22

Egunotan hasi da Montxo Armendariz Obabakoak liburuan oinarritutako pelikula filmatzen. Zuzendariaren lana eta sentiberatasuna ezagututa, itxaropen handiak dauzkat film ederra sortuko duela. Ea hala den.

Dena dela, prentsan irakurritako adierazpen batzuek ematen didate hizpidea. Armendarizek zioen jabetzen dela hizkuntzak duen garrantziaz filmaren nortasuna era batekoa edo bestekoa izan dadin, baina produkzio-arrazoiengatik ezinezkoa izan dela euskaraz burutzea. Hala ere, eransten du Armendarizek, euskarazko bertsioa ere egingo omen dute gero, Atxagak berak gainbegiratuta.

Zinema euskaraz egitearen zaila egia berdaderoa da, sinesten diot. Demografia txikia daukagu, kanporako eragin-ahalmen hutsa, industria ahula... Zineman jardun nahi duten Euskal Herriko profesional gehienak Madrilen bizi dira aspaldidanik, Armendariz barne. Salbuespenak badira, eta bere bakantasunak bihurtzen ditu are ederrago: "Aupa Etxebeste!" Esnal-Altuna bikoa uda honetan grabatzen aritu direna, euskarazko lehen filma izango da hamar urtean, Izagirreren "Off-eko maitasuna"z geroztik.

Benetan saiatu ote zen Armendariz euskal kutsuko film unibertsal bat egiten, jatorrizko liburuari dagokion gisan? Baliteke, eta sinetsiko diot. Mercedes Sampietro, Juan Diego Botto eta Pilar Lopez de Ayala aktoreekin agertu zen prentsaren aurrean, eta horiekin nekez egingo zuen pelikula euskalduna, baina pentsa dezagun casting-a ere produkzio arrazoi ahalguztidunek behartu dutela.

Dena onartzeko prest nago, baina ez tontotzat hartzea. Horixe baita ondorengo euskal bertsioaren aipamena. Cine vasco guztia ikusi ahal izan dugu jatorrizko bertsioan (gaztelaniaz) eta euskarara bikoiztuta, ETB1en bitartez. Film onak eta kaxkarrak izan dira tartean; bikoizketak, denbora pasa ahala gero eta hobeak eta duinagoak, baina inongo interesik gabeak. Euskal Telebistaren diru-laguntza justifikatzeko tramitea da bikoizketa hori, herri normal baten itxurak egitea, simulakroa, paripea... nahi duzuena.

"Obabakoak" ez da izango film euskalduna, baina izan dadila behintzat ona.

Euskaltzaindiak merezi ez duelako

xme 2004/09/10 14:45

Amaitu dira Txillardegiren gaineko hitzaldiak. Hiru egunez (hilak 7, 8 eta 9) aretoa bete-beterik ikusi dugu, gauza guztiz harrigarria Donostian bezala Euskal Herriko beste edozein bazterretan, batez ere euskal kulturako gairen bat tokatzen denean. Harrigarria bezain pozgarria. Eta hitzaldien maila ere oso goian jartzekoa.

Ez dut kronika xeherik egingo, aski zabal agertu baita komunikabideetan (Garan eta Berrian batez ere). Egunkaritik kanpo geratu diren zertzelada pare bat geratu zaizkit gogoan: Koldo Izagirreren aitorpen-testu liluragarria, Txillardegirekin batean ETAko sortzaile izandako gazte ohien koadrila alaia elkarturik ikustea (Julen Madariaga, Joxemari Benito del Valle, Rafa Albisu...).

Hala ere, aipamentxo batekin amaituko dut. Omenaldiko azken hitzak horiexek izan baitziren. Azken egunean, hizkuntzaren aldeko lanak jorratu ondoren, galderen txandan entzule batek (Jexux Arrizabalagak) hauxe bota zuen: "Nik jakin nahi nuke nola den posible, euskarari buruz horrelako lanak egin dituen gizona Euskaltzaindian ez egotea". Zurrumurruak eta txaloak izan ziren, Patxi Zabaleta euskaltzainaren erantzun bat ere bai, baina gero Ramon Labaienek hartu zuen hitza, eta, bere ironia bixi horrekin, entzuleen algara piztu zuten hitz hauexek bota zituen: "Aizu, ba, nik uste garbi geratu dela: Txillardegi Euskaltzaindian sartu ez bada, da, Euskaltzaindiak merezi ez duelako".

Pirtzina zilborrean

xme 2004/09/10 08:58

Antton Kazabon: Pirtzina zilborrean, Taupadak 6, 88 orri, 6,45 euro

Aitor eta Joana bai eta ez, ez eta bai dabiltza, beren arteko harremana konpondu ezinik: Joanak maite du, baina pikutara bidali nahi du; Aitorrek, berriz, eutsi nahi dio Joanari, baina ez du galdu nahi Irati. Joana zentzudunagoa da, maitakorragoa; Irati, aldiz, sexiagoa eta ausartagoa.

Horraino gaztetxoen arteko harreman sentimentalei buruzko nobela bat dirudi, askoren arteko beste bat. Forman, baina, zerbait berria egin du Antton Kazabonek: izan ere, lehenengo eleberri telefonikoa asmatu duela esan liteke (euskaraz behintzat orain arte ikusi ez den gauza). Joanarekin hitz egiten ari dela, Iratiren deia jasoko du Aitorrek; batari zain egoteko esan eta bestearekin mintzatuko da, baita alderantziz ere geroxeago, sakelakoaren baliabideei esker. Komunikazio-modu berriak eskaintzen dizkigu teknologiak, baina betiko martingala zaharrak darabiltza hemen ere mutilak, Kazabonek (Oiartzun, 1954), gaztaroko arazoen ezagutza trebez, erakusten digun moduan.

Luxuzko bidaia biharko idazleentzat

xme 2004/09/09 15:04

Zerbait txarto iruditzen zaigunean ez dugu beldurrik izaten (ez genuke izan behar behintzat) egundokoak esan eta larrutzeko. Era berean, zer edo zer ondo egin dela iritziz gero, gisakoa izango da txalo jo eta losintxak egitea.

Urruzuno sariketaz hitz egin behar dut gaur. Askok ezagutuko duzue: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ikasle gaztetxoen artean urtero antolatzen duen literatur lehiaketa bat. Beste lehiaketen aldean, saria du berezia: irabazle guztiek bidaia egin ohi dute Europako bazterren batera, autobusez. Gure literaturaren historia soziala egiten denean, ataltxo bat bete beharko du Urruzuno belaunaldiak, sari horri esker ezagutu baitzuten elkar, artean mozteko bizarrik ez zutela, gaurko hainbat idazle (ez hain) gaztek: Harkaitz Cano, Gari Berasaluze, Urtzi Urrutikoetxea eta abarrek.

Aurten berrituta dator saria, eta hoberako. Irlandan barrena ibiliko dira irabazleak, uhartea ikusteaz gainera bisita kulturalak eginez, gaelikozko Lá egunkarira eta beste. Berrikuntza esanguratsuena gidariak dira ordea: antolatzen duen bidai agentziaren izenean Julen Gabiria eta Patxi Gaztelumendi doaz (lehena, antzeko bidaiaren idazlea Connemara gure bihotzetan liburuan; bigarrena, euskal kulturak gaur egun duen sustatzaile dinamikoena), eta horrez gainera, Hezkuntza Sailaren eta Idazle Elkartearen akordioz, Fernando Morillo, gazteentzako egungo idazlerik gustagarriena. Morillo, bestalde, gazte horien idazle-ibilbideko laguntzaile bihurtuko da, egiten dituzten idazkien komentatzaile eta aholkulari.

Ez da segurua egundoko idazle trebeak aterako direnik, baina ez da izango behintzat baldintza egokirik izan ez dutelako. Datorren astean doaz, hamar bat egunerako. Ondo pasa, eta bueltakoan ongi etorri!

Zure ezjakinean

xme 2004/09/08 10:47

Olerkari eta poeta-gurakoei adarra jotzen aritu nintzaien atzo. Gaur, berriz, neure poema bat sartuko dut, inork nire lepotik barre egin nahiko balu edo...

Begiak zabaldu zenituen, estreinakoz,
eta begi batzuk ikusi zenituen zuri begira,
eta gero mendiak, eta etxeak,
eta zure ezjakinean
begi haiek, mendi haiek, etxe haiek zirela mundua
pentsatu zenuen.

Beranduago ikasi zenuen bazirela munduan
beste begi batzuk, beste mendi batzuk, beste etxe batzuk,
eta haien bila joan zinen.
Eta zure ezjakinean pentsatu zenuen
beste begi haiek, mendi haiek, etxe haiek
zirela mundua.

Pentsa ezazu orain zein begi izan zaizkizun gozoago,
zein mendi leunago,
zein etxe adeitsuago,
eta izan daitezela haiek mundua
zure ezjakinean
edo jakinaren gainean.

Poeta izan nahi duenarentzako aholkuak

xme 2004/09/07 09:06

Abuztuaren 29, igandea, eta biharamunean lanera bueltatu behar nuenez periodiko-jana egiten aritu nintzen, Larraitzen. "El Pais"en "¿De veras quieres ser poeta?" izeneko artikulu bixi bat irakurri nuen, Empar Moliner-ek idatzia, erdi-txantxetan erdi-serio poeta-gai sentitzen denari aholku-sorta bat ematen diona. Euskaratuko ote nuen hasi nintzen, baina neure kasa moldatu dut azkenean, haren ideia bat edo beste hartuta. Gehiago ere izan litezke aholkuak, baina hamar eginda "dekalogo" deitzen ahal diogu, eta hartara beste itxura bat hartzen du.

  1. Solapei buruz: ez da beharrezko bertan jartzea orain lantzen ari zaren liburuaren izena. Egoera zibilaz galdetzen badizute ere ezin hasiko zara esaten ezkonduta zaudela baina Leire Zorrozuarekin/Isma Urzaizekin ligatzeko asmoa duzula.
  2. Solapaz, gehiago: zure biografiak hiru lerrorako besterik ematen ez badu, ez hasi puzten irakurleari axola ez zaizkion gauzekin: "izugarri gustatzen zaizkit puzzleak eta dortokak". Eta ez poetizatu horren beharrik ez duten gauzak: "Igande batez jaio nintzen, baina denak egun-pasa joanak ziren eta inor ez zen enteratu".
  3. Estiloaz: hiru puntuak erabiltza, edo harridura-ikur ugari, edo bestelako bitxikeria grafikoak, ezpainetan silikona sartzea bezalatsu da: espazioa bete bai, baina ez dute inor engainatzen.
  4. Zubererazko hitzak sartzea ondo egon zitekeen, prefosta, 80ko hamarkadan, Benito Lertxundiren diskoen garaian. Beraz, dena malurraz eta xarmegarriz eta trunpatzez bete baino lehen, pentsatu bi aldiz.
  5. Haiku zalea baldin bazara, oroitu zenbat arbola botako dituzten zuk hainbeste espazio txuri uzteko orri bakoitzean.
  6. Poeta izateak ez du esan nahi, ezinbestean, errezitatzaile iaioa eta herriz herriko titiriteroa izateko dohainak dituzunik. Beraz, jendaurreko irakurketak egiten hasi aurretik proba ezazu eta froga benetan balio duzula horretarako.
  7. Denok dakigu igitaiak eta jorraiak eta orbela eta baserri-mundu hori dena atzean geratu dela betiko. Inori ez zaio interesatzen dagoeneko. Baina horrek ez du esan nahi, derrigor, Bilboko putak eta jonkiak eta beltzak eta eskaleak erretratatuta oso poesia autentikoa, modernoa eta indartsua egingo duzunik. Batez ere zu lanbide, etxe, auto eta familia txukunak dituen norbait baldin bazara.
  8. Egunerokotasuna eta inguruko gauza ñimiñoak oso ondo daude. Eta samurrak dira oso. Baina ez dago debekatuta gai inportanteei buruzko poesia egiten saiatzea. Ahaleginak ez du emaitza ziurtatzen baina.
  9. Zure txikitako auzoa edo baserria paradisu galdua bihurtu nahi baduzu, zeuk ikusi. Zure lurraldea eta zure testuak dira, azken batean. Baina Paris, Praga, New York edo Lisboaren poeta bihurtu nahi baduzu, pentsa ezazu aurretik izango dituzula beste hamar mila edo, gutxienez.
  10. Badira garaian garaiko hitzak. Modak jartzen direnak eta aldi bateko poesia definitzen dutenak. Politak. Oreina eta urmaela garai batean, bluesa eta oroimina beste batean. Pentsa ezazu zein izan daitezkeen garai honetakoak, eta ohartzen bazara, EZ erabili. Klixeak sortzeko bidea besterik ez dira.
  11. (propina gisa) Errimekin hasi aurretik, zoaz bertso-saio batera, edo grabatu "Hitzetik hortzera" telebistan. Gogoratu Peñaren hura: "Requiescat domine, virgo veneranda / ez naiz gehio etorriko, amona, edanda". Hobeak egiteko gai zara? Orduan aurrera. Bestela, hobe bertso librea.

Junkera molatxen mazo

xme 2004/09/06 09:42

Joan den ostiralean albiste bi zetozen egunkarietan Kepa Junkeraren gainean: batetik, Grammy latinoetan folk ataleko saria eman ziotelako; bestetik, Nafarroa Oinez-eko aurtengo doinua egin duelako.

Bi albiste horiek ederki laburbiltzen dute Kepa Junkeraren egungo irudia: jator, guay, etxe eta kanpo serbitzen dakienarena... Euskañolari buruz esan genuen bezala, Junkera molatxen mazo. Hizkuntzaren aldetik, berriz, Junkera ez da iristen euskañola egitera ere, erdara hutsezkoa baita bere jarduna. Orain ez dakit baina garai batean (trikiti munduan mugitzen zenean), presio gehiago izaten zuen, ea zergatik ez zuen euskara ikasten-eta. Kepak, berriz, beti eduki zuen garbi bera musikaria zela eta musika axola zitzaiola, euskara-eta begi onez ikusi arren.

Inguruko presioari amore eman gabe nork bere printzipio eta lehentasunei eustea gauza txalogarria iruditzen zait bizitzan, eta are gehiago edozein artetan. Hortaz, argi gera bedi Junkerak eskubide osoa duela euskara ez ikasteko, baina baita nik ere Kepa Junkera euskal musikaritzat ez jotzeko. Berak egiten duena euskal musika den edo ez den, berriz, interesatzen ez zaidan eztabaida da.

Txillardegiren azken liburuaren berri

xme 2004/09/03 10:14

Euskararen aldeko borrokan (Euskalgintza eta euskalaritzako idazlan hautatuak, 1956-1983). Elkar, 264 orri, 18,50 euro.

Euskararen aldeko lanean eta borrokan eman du Txillardegik bere bizitzarik gehiena, bai maila praktikoan "erakunde euskaltzaleak antolatuz, euskaldun epelen kontzientziak astinduz, hizkuntzaren aldeko mila ekintza eta protestatan parte hartuz", bai teorikoan, euskara sakonki ikertuz eta landuz, artikulu, saiakera eta literatur lanen bitartez. Ikerketa-esparru horretan egindako lanen aukeraketa eta bilduma moduko bat da, hain zuzen ere, esku artean duzun liburu hau: Euskararen aldeko borrokan.

Aspaldiko usadio batek bereizi izan ditu euskalaritza (hizkuntzaren aztertze-jarduna) eta euskalgintza (erabilera zabaldu eta bultzatzekoa); Txillardegirengan, ordea, elkarrekin joan dira beti: euskaltzaletasunak eraman du ikerketa zientifikora, eta ikertze hau erabilgarri bihurtu du gero hizkuntzaren momentuko beharrei erantzuteko. Horregatik liburuaren azpititulua: “Euskalgintza eta euskalaritzako idazlan hautatuak, 1956-1983”.

Euskararen inguruko hamabost artikulu luze edo saiakera labur biltzen dira obra honetan: hamabi euskaraz idatziak, bat gaztelaniaz eta bi frantsesez. Garbizalekeriaren kontrako aldarrikapen argi bezain ozen batekin hasten da bilduma, euskara ikasi berria zuen gazte hark nolako ikusmen zorrotza zuen garbi erakutsiz; zorroztasun berberarekin ahalegindu zen hurrengo urteetan Euskaltzaindiak euskara batuaren bidea har zezan, eta horren frogagarri ditugu hemengo zenbait artikulu, besteak beste 1964ko Baionako Biltzarraren erabakiak jakinarazten dituena. Hizkuntzak pentsaerarekin, herri-sentimenduarekin, estatuarekin dituen harremanak aztertu zituen beranduagoko sorta batean, baita atzerriko zenbait hizkuntza pizkunderen analisia egin ere, soziolinguistikaren oinarri moduko bat jarriz zientzia hau gure artean guztiz ezezaguna zen garaian.

Gizonaren marka omen da bere idazkera, eta, gaiak eta garaiak aldatu arren, izaera bizi eta urduri bera sumatzen da idazlanotan, bere argitasun eta jakintza helburu zuzen eta bidezko baten alde jartzen dituenarena.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929) ingeniaria eta hizkuntzalaria da ikasketaz. Beste eginkizun frankotan aritzeaz gainera, obra zabalaren egile ere bada.

Eleberriak:

-Leturiaren egunkari ezkutua (1957)

-Peru Leartzako (1960)

-Elsa Scheelen (1969)

-Haizeaz bestaldetik (1979)

-Exkixu (1988)

-Putzu (1999)

Saiakerak eta hizkuntzari buruzkoak:

-Huntaz eta hartaz (1965)

-Sustrai bila (1970)

-Hizkuntza eta pentsakera (1972)

-Euskara Batua zertan den (1974)

-Oinarri bila (1977)

-Euskal Gramatika (1978)

-Euskal herritik erdal herrietara (1978)

-Euskal Aditz Batua (1979)

-Fonologiaren matematikuntza (1979)

-Euskal Fonologia (1980)

-Euskal kulturaren zapalketa (1982)

-Euskal Azentuaz (1984)

Historia eta autobiografiazkoak:

-Antigua 1900 (1991)

-Euskal Herria helburu (1994)

-Hitza hitz (Joxean Agirrek egindako elkarrizketa luzea, 1996)

-Santa Klara gure uharte ezezaguna (2004)

Txillardegiri omenaldia

xme 2004/09/03 10:09

Irail honetan bertan 75 urte betetzen dituela-eta, urtebetetze honek sorkuntza-aldi betean harrapatzen duenez gainera, omenaldi xume bat egin nahi izan diogu Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiri. Bere azken liburuaren izenburuan oinarrituta, "Txillardegi, 75 urte euskararen aldeko borrokan" titulupean hitzaldi-sorta bat eskainiko da datorren astean, Txillardegiren bizialdi aberatsa errepasatu eta haren ekarri oparoa aztertzeko, arloz arlo. Zehatzago esanda, hona hemen egitaraua, labur:

-Irailak 7, asteartea Literatura eta pentsameduzko ibilbidea Hizlaria: Markos Zapiain Aurkezlea: Koldo Izagirre

-Irailak 8, asteazkena Politikazko ibilbidea Hizlaria: Emilio Lopez Adan “Beltza” Aurkezlea: Ramon Labaien

-Irailak 9, osteguna Hizkuntza gaietako ibilbidea Hizlaria: Pilartxo Etxeberria Aurkezlea: Joan Mari Torrealdai

Hitzaldi guztiak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan (San Jeronimo kalea)

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.