Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Luxuzko bidaia biharko idazleentzat

Luxuzko bidaia biharko idazleentzat

xme 2004/09/09 15:04

Zerbait txarto iruditzen zaigunean ez dugu beldurrik izaten (ez genuke izan behar behintzat) egundokoak esan eta larrutzeko. Era berean, zer edo zer ondo egin dela iritziz gero, gisakoa izango da txalo jo eta losintxak egitea.

Urruzuno sariketaz hitz egin behar dut gaur. Askok ezagutuko duzue: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ikasle gaztetxoen artean urtero antolatzen duen literatur lehiaketa bat. Beste lehiaketen aldean, saria du berezia: irabazle guztiek bidaia egin ohi dute Europako bazterren batera, autobusez. Gure literaturaren historia soziala egiten denean, ataltxo bat bete beharko du Urruzuno belaunaldiak, sari horri esker ezagutu baitzuten elkar, artean mozteko bizarrik ez zutela, gaurko hainbat idazle (ez hain) gaztek: Harkaitz Cano, Gari Berasaluze, Urtzi Urrutikoetxea eta abarrek.

Aurten berrituta dator saria, eta hoberako. Irlandan barrena ibiliko dira irabazleak, uhartea ikusteaz gainera bisita kulturalak eginez, gaelikozko Lá egunkarira eta beste. Berrikuntza esanguratsuena gidariak dira ordea: antolatzen duen bidai agentziaren izenean Julen Gabiria eta Patxi Gaztelumendi doaz (lehena, antzeko bidaiaren idazlea Connemara gure bihotzetan liburuan; bigarrena, euskal kulturak gaur egun duen sustatzaile dinamikoena), eta horrez gainera, Hezkuntza Sailaren eta Idazle Elkartearen akordioz, Fernando Morillo, gazteentzako egungo idazlerik gustagarriena. Morillo, bestalde, gazte horien idazle-ibilbideko laguntzaile bihurtuko da, egiten dituzten idazkien komentatzaile eta aholkulari.

Ez da segurua egundoko idazle trebeak aterako direnik, baina ez da izango behintzat baldintza egokirik izan ez dutelako. Datorren astean doaz, hamar bat egunerako. Ondo pasa, eta bueltakoan ongi etorri!

p. gaztelumendi
p. gaztelumendi dio:
2004/09/14 19:42

Dublinen bi egun eman ostean, Galwai eta Comemara bidean gara orain. Irlandako liburudendarik handiena ezagutu dugu, James Joyce, Oscar Wilde eta beste idazle asko agurtu ditugu... eta garrantzitsuagoa dena, orain gogoz idazten ari diren gazteekin txango ederra egiten ari gara. Sekulako giroa dago 20 gazteen artean, Nafarroatik, Gipuzkoatik eta Bizkaiatik hurbildutakoek, adi adi jarraitzen dituzte Fernando Morillo eta Julen Gabiriaren azalpenak, adi jarraitzen dute irakurri dituzten egileen lanak, eta guk ere arreta jarri beharko diegu, sortuko diren berriei.

Irlandatik agur bero bat, eta lantzean behin idazteko borondateagaz, gorantziak Xabierren irakurle guztiei.

Euskal Herrian lotsatuta irakurri nituen Xabierren hitzak, orain herbestetik, ni bera lotsarazten saiatuko naiz, izan ere Elkarreko bi sator bidali ditu Irlandara, baina besteok ere ez gara geldi egongo!

Biba zuek!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.