Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Txillardegiren azken liburuaren berri

Txillardegiren azken liburuaren berri

xme 2004/09/03 10:14

Euskararen aldeko borrokan (Euskalgintza eta euskalaritzako idazlan hautatuak, 1956-1983). Elkar, 264 orri, 18,50 euro.

Euskararen aldeko lanean eta borrokan eman du Txillardegik bere bizitzarik gehiena, bai maila praktikoan "erakunde euskaltzaleak antolatuz, euskaldun epelen kontzientziak astinduz, hizkuntzaren aldeko mila ekintza eta protestatan parte hartuz", bai teorikoan, euskara sakonki ikertuz eta landuz, artikulu, saiakera eta literatur lanen bitartez. Ikerketa-esparru horretan egindako lanen aukeraketa eta bilduma moduko bat da, hain zuzen ere, esku artean duzun liburu hau: Euskararen aldeko borrokan.

Aspaldiko usadio batek bereizi izan ditu euskalaritza (hizkuntzaren aztertze-jarduna) eta euskalgintza (erabilera zabaldu eta bultzatzekoa); Txillardegirengan, ordea, elkarrekin joan dira beti: euskaltzaletasunak eraman du ikerketa zientifikora, eta ikertze hau erabilgarri bihurtu du gero hizkuntzaren momentuko beharrei erantzuteko. Horregatik liburuaren azpititulua: “Euskalgintza eta euskalaritzako idazlan hautatuak, 1956-1983”.

Euskararen inguruko hamabost artikulu luze edo saiakera labur biltzen dira obra honetan: hamabi euskaraz idatziak, bat gaztelaniaz eta bi frantsesez. Garbizalekeriaren kontrako aldarrikapen argi bezain ozen batekin hasten da bilduma, euskara ikasi berria zuen gazte hark nolako ikusmen zorrotza zuen garbi erakutsiz; zorroztasun berberarekin ahalegindu zen hurrengo urteetan Euskaltzaindiak euskara batuaren bidea har zezan, eta horren frogagarri ditugu hemengo zenbait artikulu, besteak beste 1964ko Baionako Biltzarraren erabakiak jakinarazten dituena. Hizkuntzak pentsaerarekin, herri-sentimenduarekin, estatuarekin dituen harremanak aztertu zituen beranduagoko sorta batean, baita atzerriko zenbait hizkuntza pizkunderen analisia egin ere, soziolinguistikaren oinarri moduko bat jarriz zientzia hau gure artean guztiz ezezaguna zen garaian.

Gizonaren marka omen da bere idazkera, eta, gaiak eta garaiak aldatu arren, izaera bizi eta urduri bera sumatzen da idazlanotan, bere argitasun eta jakintza helburu zuzen eta bidezko baten alde jartzen dituenarena.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929) ingeniaria eta hizkuntzalaria da ikasketaz. Beste eginkizun frankotan aritzeaz gainera, obra zabalaren egile ere bada.

Eleberriak:

-Leturiaren egunkari ezkutua (1957)

-Peru Leartzako (1960)

-Elsa Scheelen (1969)

-Haizeaz bestaldetik (1979)

-Exkixu (1988)

-Putzu (1999)

Saiakerak eta hizkuntzari buruzkoak:

-Huntaz eta hartaz (1965)

-Sustrai bila (1970)

-Hizkuntza eta pentsakera (1972)

-Euskara Batua zertan den (1974)

-Oinarri bila (1977)

-Euskal Gramatika (1978)

-Euskal herritik erdal herrietara (1978)

-Euskal Aditz Batua (1979)

-Fonologiaren matematikuntza (1979)

-Euskal Fonologia (1980)

-Euskal kulturaren zapalketa (1982)

-Euskal Azentuaz (1984)

Historia eta autobiografiazkoak:

-Antigua 1900 (1991)

-Euskal Herria helburu (1994)

-Hitza hitz (Joxean Agirrek egindako elkarrizketa luzea, 1996)

-Santa Klara gure uharte ezezaguna (2004)

etiketak: Editore lanak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.