Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Poeta izan nahi duenarentzako aholkuak

Poeta izan nahi duenarentzako aholkuak

xme 2004/09/07 09:06

Abuztuaren 29, igandea, eta biharamunean lanera bueltatu behar nuenez periodiko-jana egiten aritu nintzen, Larraitzen. "El Pais"en "¿De veras quieres ser poeta?" izeneko artikulu bixi bat irakurri nuen, Empar Moliner-ek idatzia, erdi-txantxetan erdi-serio poeta-gai sentitzen denari aholku-sorta bat ematen diona. Euskaratuko ote nuen hasi nintzen, baina neure kasa moldatu dut azkenean, haren ideia bat edo beste hartuta. Gehiago ere izan litezke aholkuak, baina hamar eginda "dekalogo" deitzen ahal diogu, eta hartara beste itxura bat hartzen du.

  1. Solapei buruz: ez da beharrezko bertan jartzea orain lantzen ari zaren liburuaren izena. Egoera zibilaz galdetzen badizute ere ezin hasiko zara esaten ezkonduta zaudela baina Leire Zorrozuarekin/Isma Urzaizekin ligatzeko asmoa duzula.
  2. Solapaz, gehiago: zure biografiak hiru lerrorako besterik ematen ez badu, ez hasi puzten irakurleari axola ez zaizkion gauzekin: "izugarri gustatzen zaizkit puzzleak eta dortokak". Eta ez poetizatu horren beharrik ez duten gauzak: "Igande batez jaio nintzen, baina denak egun-pasa joanak ziren eta inor ez zen enteratu".
  3. Estiloaz: hiru puntuak erabiltza, edo harridura-ikur ugari, edo bestelako bitxikeria grafikoak, ezpainetan silikona sartzea bezalatsu da: espazioa bete bai, baina ez dute inor engainatzen.
  4. Zubererazko hitzak sartzea ondo egon zitekeen, prefosta, 80ko hamarkadan, Benito Lertxundiren diskoen garaian. Beraz, dena malurraz eta xarmegarriz eta trunpatzez bete baino lehen, pentsatu bi aldiz.
  5. Haiku zalea baldin bazara, oroitu zenbat arbola botako dituzten zuk hainbeste espazio txuri uzteko orri bakoitzean.
  6. Poeta izateak ez du esan nahi, ezinbestean, errezitatzaile iaioa eta herriz herriko titiriteroa izateko dohainak dituzunik. Beraz, jendaurreko irakurketak egiten hasi aurretik proba ezazu eta froga benetan balio duzula horretarako.
  7. Denok dakigu igitaiak eta jorraiak eta orbela eta baserri-mundu hori dena atzean geratu dela betiko. Inori ez zaio interesatzen dagoeneko. Baina horrek ez du esan nahi, derrigor, Bilboko putak eta jonkiak eta beltzak eta eskaleak erretratatuta oso poesia autentikoa, modernoa eta indartsua egingo duzunik. Batez ere zu lanbide, etxe, auto eta familia txukunak dituen norbait baldin bazara.
  8. Egunerokotasuna eta inguruko gauza ñimiñoak oso ondo daude. Eta samurrak dira oso. Baina ez dago debekatuta gai inportanteei buruzko poesia egiten saiatzea. Ahaleginak ez du emaitza ziurtatzen baina.
  9. Zure txikitako auzoa edo baserria paradisu galdua bihurtu nahi baduzu, zeuk ikusi. Zure lurraldea eta zure testuak dira, azken batean. Baina Paris, Praga, New York edo Lisboaren poeta bihurtu nahi baduzu, pentsa ezazu aurretik izango dituzula beste hamar mila edo, gutxienez.
  10. Badira garaian garaiko hitzak. Modak jartzen direnak eta aldi bateko poesia definitzen dutenak. Politak. Oreina eta urmaela garai batean, bluesa eta oroimina beste batean. Pentsa ezazu zein izan daitezkeen garai honetakoak, eta ohartzen bazara, EZ erabili. Klixeak sortzeko bidea besterik ez dira.
  11. (propina gisa) Errimekin hasi aurretik, zoaz bertso-saio batera, edo grabatu "Hitzetik hortzera" telebistan. Gogoratu Peñaren hura: "Requiescat domine, virgo veneranda / ez naiz gehio etorriko, amona, edanda". Hobeak egiteko gai zara? Orduan aurrera. Bestela, hobe bertso librea.
3ARRANO
3ARRANO dio:
2004/09/09 13:30

Sustatun erderazkoa irakurri dut eta benetan bikaina iruditzen zait egokitzapena, batez ere Hitzetik Hortzerakoaren aholkua. Zorionak eta jarraitu horrela.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.