Pirinioetako urretxindorra
"Rossinyol", Ovidi Montllor-ek "Segoviako ihesa" filmean abesturiko kantua, herri-kantu guztiz ezaguna da Katalunian, munduko kanturik ederrena dela ere aditu izan diet inoiz bertakoei. Horrenbesterako den ez dakit baina kantu ederra dela bai. Hona hitzak (Maialen Araolaza euskaldun katalanari esker lortuak), ikasi nahi dituenarentzat:
Rossinyol, que vas a França, rossinyol,
encomana'm a la mare, rossinyol,
d'un bell boscatge rossinyol d'un vol.
Encomana'm a la mare, rossinyol,
i a mon pare no pas gaire, rossinyol,
d'un bell boscatge rossinyol d'un vol.
Perquè m'ha mal maridada, rossinyol,
a un pastor me n'ha dada, rossinyol,
d'un bell boscatge rossinyol d'un vol.
A un pastor me n'ha dada, rossinyol,
que em fa guardar la ramada, rossinyol,
d'un bell boscatge rossinyol d'un vol.
Que em fa guardar la ramada, rossinyol,
he perduda l'esquellada, rossinyol,
d'un bell boscatge rossinyol d'un vol.
Jo t'he de donar per paga, rossinyol,
un petó i una abraçada, rossinyol,
d'un bell boscatge rossinyol d'un vol.
Rossinyol, que vas a França, rossinyol,
encomana'm a la mare, rossinyol,
d'un bell boscatge rossinyol d'un vol.
Gure "Uso xuria" gogorarazten duela esango nuke: txoriari hitz egiten zaiolako, eta Frantzia eta Espainia artean dabilelako ere bai. Pirinioetako abestia dela ondorioztatu behar, beraz. Teknika aldetik, prozedura zahar bezain polit bat darabil, Proventzan "leixapren" deitzen zutena (laga eta hartu): ahapaldi bakoitzean, aurreko lerro bat utzi, bestea kendu, eta berri bat eransten da. Euskal kantu zaharretan asko ez baina eskeko kopletan ikus liteke antzeko baliabidea. Testuan gehixeago sartuz gero, gogoz kontra ezkondutako neskatxaren kexua dela ikusiko dugu, eta horietatik bai ditugula adibide ugari gurean: "Amak ezkondu ninduen", "Atharratze jauregian" eta beste.
Berriketak utzi eta testua euskaratzen saiatuko naiz. Doinua gorde nahi bada (eta baitezpadakoa da nire ustez gordetzea, kantatuko bada) hala-moduzkoa izan beharko du itzulpenak. Besteak beste, etengabe errepikatu behar dugun txoriaren izenak hiru silaba dituelako katalanez eta sei euskaraz. Urretxindorra dugu txori hori, edo, zubererako kantuetako hitza erabili nahi badugu, erresinula. Pirinioetako usaina gordetzearren, erresinula deituko diot nik ere, baina urretxindorra deituta ere berdin-berdin balio du testuak, bataren lekuan bestea ipinita.
Frantzira zoazen erresinula
Amari goraintzi erresinula
Hegan zabiltzan erresi-nu-la
Amari goraintzi erresinula
Ta aitari hitzik ez erresinula
Hegan zabiltzan erresi-nu-la
Ta aitari hitzik ez erresinula
Gaizki ezkondu nindun erresinula
Hegan zabiltzan erresi-nu-la
Gaizki ezkondu nindun erresinula
Artzain txar batekin erresinula
Hegan zabiltzan erresi-nu-la
Artzain txar batekin erresinula
Lanpeturik nauka erresinula
Hegan zabiltzan erresi-nu-la
Lanpeturik nauka erresinula
Galdu dut bizipoza erresinula
Hegan zabiltzan erresi-nu-la
Nik emango dizut erresinula
Muxu ta besarkada erresinula
Hegan zabiltzan erresi-nu-la
Frantzira zoazen erresinula
Amari goraintzi erresinula
Hegan zabiltzan erresi-nu-la
Ovidi eta Oriol
Mikel Iturriaren blogean irakurri dut hamar urte direla Ovidi Montllor hil zela. Alacant-eko Alcoi-n 1942an jaio eta Bartzelonan hil zen 1995ean. Tartean, mila lan: kantugile eta kantari, poeta eta aktore, ezkertiar eta katalanista. Gure artean pelikuletatik ezagutu genuen batez ere, eta, rol hobeak ere izan zituen arren ("Furtivos" Jose Luis Borauren filmean esaterako, non ezin hobeto egin zuen koitaduarena), oso gogoan daukat "La fuga de Segovia"n egindako lana.
Segoviako ihesa egiazki gertatu zen, eta egiazko gertakarietan oinarritu zen Imanol Uribe filma egitean. Euskal preso politikoak ziren ihesa antolatu eta burutu zutenak, polimiliak batik bat baina baita beste erakunde batzuetakoak ere; hala eta guztiz, bazen tartean katalan bat ere, Montllor-ek antzeztua.
Jakingo duzuen bezala, espetxetik ateratzea ondo atera zen, baita Hego Euskal Herriraino etortzea ere, baina Iparraldera pasatzeko orduan, mugalarien deskuidoa eta eguraldi makurra zirela medio, ia denak harrapatu zituzten, Auritz aldeko basoetan, oker ez banago. Baita iheslarietako bat hil ere; bakarra; nor izango eta katalana.
"Ovidi Montllor-i gizajo itxura hartu diote eta hemen ere berak hil behar", uste dut pentsatu nuela ikusi nuen lehenengo aldian. Gero jakin nuen hori ere historikoa zela, alegia, militante katalana erori zela etsaien tiropean, 1976ko apirilaren 6an, orain dela hemeretzi urte. Oriol Solé Sugranyes zuen izena, MIL edo Movimiento Ibérico de Liberación-en sortzailea, 28 urtekoa. 51 urteko zigorra zeukan, eta hiru zeramatzan espetxean. (Eskerrik asko Iñaki Egañari, presoaren datuak emateagatik)
Filmera itzuliko naiz, nahiz eta ez jakin orain kontatuko dudan pasartea errealitatetik hartua edo gidoigileek asmatua den. Ihesaren bezperan presoak afaltzen. Giro berezia antzematen da, hitzez adierazi ez arren. Euskaldunak kantu alaian ari dira. Eta, halako batean, katalana hasten da abesten: kantu eder eta triste bat, denak isilik eta hunkiturik utziko dituena. "Rossinyol" du izena Montllor-ek abesturikoak, eta, honetaz gauza gehiago kontatu nahi dudanez, bihar jarraituko dut.
Posible al da denontzako etika bat?
(Atzoko Berria-n argitaratutako artikulua, hango pare bat akats zuzenduta)
"Argia" astekariaren azken aurreko alean (1985-6. zenbakia) erreportaje on bat dator, ETAren beldurrez mehatxupean eta bizkartzainekin bizi behar duten Hego Euskal Herriko kargudunei buruz. Politikari ospetsuengana ez baizik ezezagunengana jo du Mikel Asurmendi kazetariak, haien eguneroko bizitzaz eta iritziez galdezka. Horrela ezagutuko ditugu Ainhoa Aznarez eta Mari Carmen Lopez, PSNko zinegotziak Sakanan, Patxi Elola eta Rafa Olaizola, PSE eta PPko zinegotziak Zarautzen, eta Begoña Sanzberro, UPNko parlamentari baztandarra.
Artikulua irakurtzean Max Weber-ekin gogoratu nintzen. Soziologo alemaniarrak bi etika-mota bereizten zituen, konbentzimenduarena eta erantzukizunarena. Konbentzimenduaren Etika printzipioetan oinarritzen dena izango litzateke: lapurtzea gaizki baldin badago, nonahi eta beti dago gaizki, nornahik egiten duela ere; erlijioan izan ohi du askotan oinarria, eta intentzio on edo gaiztoari erreparatu ohi dio. Erantzukizunaren Etikak, berriz, ondorioen kalkulu bat egiten du, sineste absolutuetan finkatu ordez erlatibista da, ñabardurak eta salbuespenak onartzen dituena; etika politikoa edo soziala ere deitu genezake. Ezin da esan bi eredu horietako bat bestea baino hobea denik: ikuspegiaren arabera bata edo bestea irudituko zaigu egokiago, eta bizitzaren aldi desberdinetan hautua aldatzea ere badugu; ezin da ordea bata bestearekin nahastu, komenentziak hala agintzen duelako.
Zer du ikusteko etika-moten sailkapenak zinegotzien jazarpenarekin? Berehala azalduko dut. Asurmendiren idazlan hori hunkigarria gertatzen da lehenengo partean: pertsona hurbilak, normalak, zentzudunak ikusten dituzu; zuk bestela pentsatu arren, beren ideiak izateko eskubide osoa dutela ohartzen zara, eta ez dagoela inola ere onartzerik horrela ibili beharra. Konbentzimenduaren Etikak funtzionatzen du hor gugan: bistako gauzak dira, gizalegearen eta gizartearen funts eta mamia, denok geureganatu beharrekoa.
Bigarren partean, berriz, beste biktima-klase batzuei buruz galdetzen du kazetariak. Urrutiratutako presoen senideez, adibidez, edo komisarietan torturatutakoez. Eta hor hasten dira ñabardurak eta salbuespenak: Bai baina... Gaia konplexua da... Kontuan hartu behar da hau eta hura... Beste alde batetik ez-dakit-zer... Atal horretan esaten dituzten gehienak ez dira erokeriak ere (torturaren inguruan zinismo dexentekoa dagoela esango nuke hala ere), baina diskurtsoa aldatuta dago: pertsonaren eskubideen printzipio zalantzagabeetan oinarritu ordez, erlatibismoa sartzen da, testuinguru orokorra, irakurketa politikoa. Erantzukizunaren Etika, soziologoen hizkeran.
Ez diet kargudun horiei ezer leporatuko, nahiko zaila baita lehendik ere beren egoera, horrelako fintasun edo xehekerietan sartzeko; bestalde, eta hau azpimarratu nahi nuke, gure herrian politikan dabiltzan guztiek egiten dute gauza bera, inbutuaren buru estua edo ipurdi zabala eskainiz, segun-eta nork esan duen, nori egin dioten, zer izorratu duten, non gertatu den.
Posible ote da denontzako etika bat ezartzea? Baietz erantzuten denean, Konbentzimenduaren Etika proposatu ohi da elkargune moduan: gaitzetsi ditzagun giza eskubideen urraketak oro, datozen lekutik datozela; gero eta jende gehiagok du jarrera hori, eta poztekoa da, gizartearen sentiberatasunaren seinale den aldetik; tamalez, baina, ez dut uste arazoak konpontzeko ezer asko balio duenik: izan gaitezen denok txintxoak esatea bezalatsuko zerbait da, azken batean. Etika bat adostekotan, Erantzukizunarena izan beharko du: ipin ditzagun mahai gainean denon eskariak eta denon zerrikeriak, eta ikus dezagun ea modurik badagoen denon arteko bizikidetza bidezkoago bat asmatzeko. Gutxieneko bat agian, hortik aurrera proiektuen arteko eztabaida modu zibilizatuan egiteko. Inor baztertu gabe; inor mehatxatu gabe.
Posible dela uste dut nik, eta noizbait gauzatzen ikusi nahiko nuke.
Modernoak eta antzinakoak
Atzo arratsaldean DFoto argazki-azoka ikusten izan nintzen. Ziento bat galeria, eta bakoitzean argazkilari-koadrila baten lanak zintzilik, denak ere goi mailakoak, batzuk ulergaitzak, beste batzuk jenialak, asko xaxatzaileak, gehienak sujerikorrak. Horrelakoetan gertatu ohi denez, erakutsiaren gehiegiak berak galarazten dizu behar bezala gozatzea, azkenerako mozkortu egiten baitzara horrenbeste irudirekin.
Handik atera eta, etxera bidean, Lajaren azken diskoa jarri nuen CDan, konpensatzeko-edo: "Azken jazzbana"; Gelatxo zenaren taldea zen hori, Ziolar bateriarekin eta Eguren saxojolearekin osatua; haiek ez zuten diskorik atera ordea, eta Lajak hartu du orain Gelatxo mitikoaren tokia. Denboraren tunelean sartzea bezala izan zen disko berri horren entzunaldia, orain dela gutxienez berrogeita hamar urteko orkestinen soinu eta doinuak baitzekarzkidan: pasodobleak, tangoak, valsak...
Camp, retro, kitsch eta oro har antigoalekoen revival honi esker estimazio handia lortu du Iñaki Garmendia "Lajak", ondo merezia nik uste, soinu txikiaren jotzaile handia izan baita beti. Hala esan zidan aurrekoan batek, Lajak lehen diskoa atera zuenean Tapia eta Keparena baino erreboluzio handiagoa ekarri zuela, esaldi horri beroarena kendu beharko zaio baina.
Aurrena Iturbide eta gero Landakanda izan ditu Lajak ohiko panderojoleak. Azken aldian, berriz, Mikel Alustiza, Zumarragako Trikitixakoen ondorengoa. "Eguzki begi" izeneko diskoa atera zuten bi horiek orain dela urte gutxi, eta ordukoa da orain kontatu nahi dizuedan pasadizoa.
Diskoa grabatzen ari ziren. Beraiekin egon zirenek diotenez, komiko samarra omen zen prozesua, Lajak halamoduzkoa baitu erdara, eta Jean Phocas teknikariak, berriz, euskararik jakin ez eta gaztelania frantsesei buruzko txisteetakoa. Kontua ez da hori ordea. Azala ere prestatzen hasi behar zela eta bikotearen izenaz galdetu zuen Anjel Valdés disketxeko arduradunak.
-Laja eta Mikel -esan zion Lajak.
-Zein da ba Mikelen abizena? -galdetu zuen Valdesek, "García", "Pérez" edo antzeko deitura "antiestetikoren" bat izango zelakoan.
-Alustiza, Zumarragako Oriatarren kastakoa.
-Politagoa da ba "Laja eta Alustiza", ezta? Sendoagoa edo...
Laja urduri. Kafe bat hartzera joango ote ziren. Baserritarraren estilo zaharraz, arrazoia ematen hasi zaio Iñaki: "Hi azkarra haiz, bai: politagoa duk Laja eta Alustiza..."
-Baina... ezin da -amaitu du, eztabaidarako tarterik uzten ez duen tonuaz.
-Nola ezin dela? Zer dela-eta? -Valdesek harrituta, esplikazio eske.
Laja estu, Valdés bezalako kalekume bilbotar bati gauzak nola esplikatu asmatu ezinda. Eta azkenean bota zuen:
-Ez baitauka baserririk.
Alegia, trikitilari zaharren tradizioan, baserririk eduki ezean ez zela zilegi batek abizena erabiltzea izen artistikotzat. Tabu antropologiko bat haustea litzateke hori. Eta Mikel Alustizak berak ere halaxe onartu zion Valdesi, harekin hitz egin zuenean.
DFoto-ko galerista kosmopolitei gustatuko litzaiekeen istorioa.
Zabor-menestraren kontra
(Aste honetako Argia-n ateratako artikulua)
Gastronomia kultura omen dela-eta, egin dezadan sukaldaritzaren eta beste arte-mota batzuen arteko konparazio bat.
Hara: sukaldeak berezkoa du nahasketa, horrek ematen dizkio aberastasuna eta kalitatea. Sagar bat gauza ederra da bera bakarrik eta gordinik jateko, baina irina, arrautza, esnea, azukrea, marmelada eta sagar zatiak nahastuta sagar-tarta asmatu zuenak ekarpen handi bat egin zion gure zibilizazioari; eta zer esan olioa, arrautzak, tipula, piperra eta patatak nahastuta patata-tortilla asmatu zuenaz? Edozein nahaste ez da ordea berez eta beti on, ondo asko daki sukaldaritza berriaren berritu beharraren gehiegikeriak dastatu eta jasan dituenak. Nik orain txerri-gibela, txokolatea, piperrautsa eta endibiak lapiko batean sartu eta sutan jarriko banitu, hortik ateratakoa kaka zaharra litzateke, ahotik pasatu gabe zuzenean komuneko zulora joan beharko lukeena.
Kulturan, berriz, nahasketaren lilurapean bizi gara oraindik. Ez dakit noiz hasi zen moda baina azkeneko hamarkadan behintzat aldiro eskaintzen zaigu ikuskizun ustez berritzaile eta ausarten bat, bere berritasun eta ausardia guztia osagaien gehiketa nola-halakoan daukana: ballet abangoardista gehi diapositiba-emanaldia gehi txalaparta izango da batean; pintura-performancea gehi poesia-errezitaldia gehi musika elektronikoa hurrengoan, eta horrela nahi dituzuen konbinaketa guztiak, helburua ez baita elkarrekin ondo ezkontzea, edo sentsazio aberatsagoak sortzea, ezpada nahasketa bera. Eta, nola ikuskizun horrek esperimentalaren eta berritzailearen etiketa daukan, instituzioetako arduradunek laguntzatxo bat behinik emango diote, komunikabideek aldez aurreko babesa eskainiko diote, eta ondotik ere inor ez da ausartuko kontrako hitzik esatera. Batzuek, aspertuta, "hau izango da kultura modernoa" esango diote elkarri; beste batzuek, nazkatuta, horrelako narraskeriarik gehiago ez ikusteko aginduko diote beren buruari; baina beti izango da lerdoren bat esperientzia ia mistikoa bizi izan duela usteko eta aldarrikatuko duena.
Berrikuntzak amaitzea proposatzen ari ote naizen pentsatuko du baten batek. Ez noski. Kultura maite dudalako ari naiz botatzen purrustada hau. Estetika gure bizitzaren alderdi inportatetzat daukadalako eta handi-ustez jantzitako edozein lardaskeria onartzen ez dudalako, jaterakoan gure ahoak eta urdailak edozein txerrikeria irensten ez duten modu berean. Non dago muga? Errepara diezaiogun berriz ere sukaldeari: nahasketa berri bat plater onargarritzat hartzeko, bertako osagaiak banan-banan hartuta baino hobea izan beharko luke emaitzak. Egia da gustu diferenteak daudela, egia da halaber dastamena hezi daitekeela eta esperimentazioa behar dela betiko aza-olio eta berakatz-zoparekin ez geratzeko, baina helburuak beti izan beharko luke zerbait harrigarria eta bikaina lortzea.
Beste horrenbeste artean ere. Ballet-dantzari bat ona denean koreografia eder batekin txunditu nahiko gaitu, eskultoreak bere estatuarekin liluratu edo aztoratu, poetak bere testuekin emozionatu, ez baita lantegi erraza. Posible al da hizkuntza artistiko ezberdinen arteko elkarlana? Jakina. Konbinazio batzuk dagoeneko klasiko bihurtu dira eta berezko genero bilakatu, hala nola opera, baita zinema bera ere. Baina, nahasketa aberasgarria izango bada, aldez aurretiko lan eta bilaketa eskatzen du, etengabeko ebaluatze eta moldatze bat, egiazko sorkari berri eta osatu bat lortuko bada.
Gure artean, modernitatearen esnegainaz estalita eskaini ohi diren menestra artistiko horiek ez bezala.
Amar o ser amado
Joan Mari Irigoienek liburu berri bat aurkezten du gaur. Izena, konspiraziozale guztiak susmotan jartzeko modukoa: "Komunista.com". Hala ere, hauteskundeokin daukan zerikusia txiripa hutsezkoa dela esango nuke, edo bestela igartzeko ahalmen pentsaezina dauka egileak, iaz amaitu baitzuen bere istorioa.
Gazteentzako nobela bat da "Komunista.com", emakume bitxiz osaturiko familia batean girotua, umorea eta gizarte-kritika uztartzen dituena; liburu horretaz jardun beharrean, Joan Marik kontatutako pasadizo bat ekarriko dizuet gaur ordea. Irigoienek berak ere ahaztua omen zuen, eta Inaxio Kortabarriak aipatu omen zion orain dela gutxi, garai bateko futboleko lagunek aldiro egiten dituzten bilera horietako batean.
Inaxio Mondragoetik etorri berria zen Sansera; Joan Mari ere bertan ari zen jokatzen. Ordurako ez dakit oraingo kalpar dotore horrekin ibiliko zen, baina ba omen zuen halako intelektual-aura bat, eta ingeniaritzako ikaslea zen gainera. Ba, halako batean, entrenamendua amaitu eta etxera bidean edo baxoerdi bat hartzera zihoazela, halaxe esan omen zion altzatarrak arrasatearrari: "Oye, Inaxio, ¿tú qué prefieres: amar o ser amado?"
Pentsatzekoa da nolakoa izango zen Kortabarriaren flash-a, handik urteetara gorabehera hartaz ondo asko gogoratzen zenez gero. Errealera iristeko futbolean ondo egitea ez zela nahikoa pentsatuko zuen igual, eztabaida filosofikoetan ere trebatu beharko zuela, donostiarren aurrean barregarri geratu nahi ez bazuen.
Inaxiok zer erantzun zuen ez dakit, baina egunotan irakurtzen ari naizen liburu batean horretaz diharduen pasarte polit bat aurkitu dut, euskaratu eta hona aldatu dudana. Egilea, Carson McCullers emakumezko idazle estatubatuarra (1917-1967). Liburua, "The ballad of the sad café" (Kafe-etxe tristearen -tristeko?- balada). Hona testua:
"Lehenik eta behin, maitasuna bi pertsonaren amankomuneko esperientzia da. Baina amankomuneko esperientzia izateak ez du esan nahi antzeko esperientzia denik bi alderdientzat. Maitalea dago batetik, maitea bestetik, eta nor bere aldetik dator. Sarri askotan, maitea ez da pizgarri bat baino, maitalearen bihotzean urtetan pilatu den amodioarentzat. Ez da maitalerik honetaz gutxi-asko ohartzen ez denik; sakon-sakonean,badaki maitasun bakartia dela berea. Bakardade berri eta berezi bat ezagutuko du orduan, eta ezagutza horrek sufriarazi egingo dio. Irtenbide bakarra izango du: maitasun hori bere bihotzean ahalik eta erosoen kokatzea; barne-mundu berri bat sortu beharko du, mundu indartsu, bitxi eta beregaina. Erants dezagun maitale horrek ez duela zertan izan gaztetxo bat, ezkon-eraztunerako aurrezten dabilena; izan liteke gizasemea, andrea, haurra, lur gaineko edozein pertsona.
Maitatua ere edozein itxuratakoa izan liteke. Gutxien uste den gizon edo emakumea izan liteke amodioaren akuilu. Horra, esaterako, burua galtzen hasitako aitona, orain hogei urte Cheehaw-ko kalean paseatzen ikusitako neskatxa ezezagunaz maitemindurik segitzen duena. Sermolaria egoten ahal da emagaldu batez amorostua. Maitatua izan daiteke traidorea, ergela edo perbertitua; maitaleak ikusi ere ikusten ditu haren akatsak, edonork bezala, baina bere maitasuna ez da haatik den mendrenik gutxitzen. Izakirik erdipurdikoena bihur liteke maitasunik ero eta xelebreenaren helburu, padurako lili pozoitsuak bezain ederra bailitzan. Badira gizon zintzoak, grina gaizto eta partetxarrekoak pizten dituztenak, eta badira bihotz samur eta apalak, zoro arriskutsu batengatik dardarka. Maitaleak beste inork ez du markatzen bere amodioaren nolakoa.
Hori dela-eta, gehienok nahiago dugu maitale izan maitatua baino. Eta, pentsatzen jarrita, inoren maitasunaren hartzaile bihurtzea jasan ezinezkoa da jende asko eta askorentzat. Maiteak beldur eta gorroto dio maitaleari, arrazoiarekin gainera, maitaleak bere maitea biluztu egin nahi baitu uneoro. Maitaleak bilatu eta behartu egiten du bere maitearekiko harremana, nahiz eta esperientzia horrek berari ere mina besterik ekarri ez."
"Maite zaitut" esan gabe
(EHAK-k Donostian emandako mitinera joan eta kronika literario bat-edo egiteko agindu zidaten Berria-tik. Hona emaitza, gaurko egunkarian kaleratu dena)
Bazen behin film bat, ez naiz oroitzen izenburuaz, eta haren propagandan lelo hau erabili zuten publizistek: Amodiozko pelikula bat, non pertsonaiek ez duten behin ere maite zaitut esaten. Maitasun harreman egiazkoetan normala izan liteke halako berba gastaturik erabili beharrik ez izatea, baina pelikula erromantiko batean, dena hain tipiko eta topikoa izaten denez, badu bere meritua hitz horietara ez jotzeak.
Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistaren lehen mitin honetaz ere antzeko zerbait esan genezake: ekitaldi politiko bat, non partehartzaileek (entzule nahiz hizlari) ez duten momentu batez ere adieraziko, hitzez bederen, barruan irakiten daukaten sentimendua. Maitale zaharren artean bezala, solas beharrik ez dagoelako bihotzak badakiena esateko.
Autoa aparkatu eta, Atano III pilotalekura zihoazenen artean, elkarrizketa-txatal hau iritsi zitzaidan: Hi, Joxe Martin, ekarri al dituk igitaia eta mailua?. Eta koadrila osoa algaraka. Bide-bazterrak beteaz ikusten den Orain EHAK esloganaren ildotik aurrekoan norbaiti entzun nion bezala: Orain komunixtak omen gaituk-eta, eta erdi seriotan egiten diren irribarre horietakoa oparitu zidan, beste hitzik behar ez zen seinale.
Frontoira sartzeko ilara luzea, Irujo eta Olaizola II.aren arteko final bat ikusteko bezala, baina hemen ez zen apostu ez lehiarik; todos herribatekos, harako hark zioen moduan. Goi eta behe bete dira aulkiak, zutik ere geratu da jendea; alboko belodromoaren oroimina airean
Eserlekuetan Gipuzkoako boto-paperak, eta beste orrixka bat ere bai: Internazionalaren letra, Gabriel Arestiren bertsioan: Zutik lurrean kondenatu Ereserkiaren hasieratik aurrerakoa ez da oso ezaguna ere, eta nire aldameneko emakumeak ikasi nahian hasi dira. Batzuek bentajatxoa daukate, ordea; halaxe esan die ondotik pasatu den lagun batek: Guk Arranon egin jonau bazkarixa eta ensaiau egin jonau.
Adiskide arteko girotxoa sumatzen da. Jendea berriketa lasaian, ezagunak agurtzen Kantxako jarlekuetan goiko harmailetan baino adin handixeagoa ote dagoen iruditu zait, batez beste, baina interjenerazionala da publikoa, 20tik 60ra bitartean. Telesfororen mitinetan gazte zirenak eta haien seme-alabak; seme-alaben konpromisoak abertzaletu dituen edadekoak ere bai. Lehenengo lerroan, EHAK-ko hautagaiak; haien parean, fotografo andana, tira ahala argazkiak egiten; atzeraxeago telebista-kamera mordoa eta kazetari batzuk. Sorpresarik izango ote da?
Halako batean, txalapartariak hasi dira. Fabriketan lanera sartzeko edo irteteko ordua adierazten duen adarraren antzera, esan liteke txalaparta bihurtu dela, era guztietako ekitaldi aberkoi edo euskaltzaleetan, hasiera markatzeko eta isiltasuna eskatzeko tresna. Isildu egin gara beraz bertaratuak, entzuleari entzutea dagokiolakoan.
Aurkezle bat igo da lehenik oholtza gorrira. Mutil gazte eta luze, beltzez jantzitako bat, egoki irakurriz jendea agurtu eta bertsolariari txanda eman diona. Gure mitinetan ezin bertsolaririk falta, baina oraingoan gorrietan gorria behar zuen: Xabier Silveira lesakarra alegia. Ezker eskua bilduta eta eztarria guztiz urratuta, doinua erdi galduta edo doinu arraro batean bota du bertso bakarra, boxeolari nokeatuaren eta ahots sakoneko kantari italiarraren arteko piura batean. Ez zuen egun onena, baina bertsoa txukuna izan da eta txaloz eskertu diogu.
Hizlarien txanda iritsi da. Aurrena Maite Aranburu, Bizkaiko zerrenda-burua. Orain arte EHAK-k esandakoa errepikatzera mugatu da: zer den beren alderdia, nola ilegalizazioen aurrean beren programa utzi eta gutxieneko demokratiko batzuk defendatzera mugatuko diren, eta nola, eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeaz gain, giza eskubideen urraketa guztiak salatzen dituzten. Txalo epelen ostean, zortzi dantzariren saioa, aurrena lau neska eta gero beste lau. Jendeak xeoxer gehiago nahi eta lehenengo oihuak entzun dira: Jo ta ke, irabazi arte.
Bigarren hizlaria, Nekane Erauskin, Gipuzkoako zerrenda-burua, gainerako hautagaiez babestua. Honek ere kontu ezagunak aletu dizkigu, paperetik irakurriz betiere; Lopezi eta Ibarretxeri kritika errespetuzkoa egin dienean berotu da pixka bat jendea, Independentzia oihuka. Mitinlariek beren lanean ez bezala, entzuleek ezagun zuten mitin-kontuetan adituak eta arituak zirela.
Guest Star-en bat izango ote zen zain egongo ziren asko, baina gonbidatu berezirik ez. Internazionala abestu da amaitzeko, paperaren laguntzaz, eta Eusko Gudariak ondoren, paper beharrik gabe. Hiru ordu laurden ez dira pasa, eta kanporako bidean gara denak. Hogei urte baino gehiago dira mitin batera joaten ez nintzela eta nire esperientziak ez du beraz askorik balio, baina esango nuke nekez topatuko dela horren mitin gezarik; dena dela, maite zaitut esan beharrik ez duen filma zen hau; esaterik ez daukana, hobeto esanda.
Kanpoan jendea, astia bazegoela-eta garagardo bat hartzera, hizketan lasaiago, huntaz eta hartaz: Estatuari gola sartu diogun ala nahita utzi duen pasatzen; zenbat postu lortuko ditugun Legebiltzarrean; Hernanin atxiloketa gehiago izan direla
Internazionala
Bizitzaren xelebrekeriak! Bloke sobietarra pikutara joan eta gero, ezker abertzaleak "komunista" hitzari beti ihes egin ostean, zer-eta modan jarriko zaigu orain, gobernu espainiarraren kutixi errepresiboen erruz.
Sindikalista zendu berri baten omenaldian izan nintzen orain dela aste batzuk, eta "Internazionala" kantatu genuen amaieran, euskarazko bertsioan. Nik, ordea, lehenengo lerro biak besterik ez nituen gogoratzen buruz. Gero, berriz, kantu honen kontu bitxi batzuk etorri zitzaizkidan gogora.
Ereserkiaren hitzak frantsesezkoak dira berez, Eugène Pottier-ek sortuak 1871n, Parisko Komunaren zapalketaren garaian, eta hala diote lehen ahalpaldiek eta leloak (luzeagoa da berez):
Debout les damnés de la terre !
Debout les forçats de la faim !
La raison tonne en son cratère,
C'est l'éruption de la fin.
Du passé, faisons table rase,
Foule escale, Debout ! Debout !
Le monde va changer de base !
Nous ne sommes rien, soyons tout !
C'est la lutte finale,
Groupons-nous, et demain,
L'international,
Sera le genre humain.
Handik zenbait urtetara, 1888an, Pierre Degeyter delako batek ipini zion musika. Nonbait irakurri nuenez, sindikatu sozialista baten musika-bandakoa zen Degeyter hau, eta sukar iraultzailez musikatuko zuen poema borrokalari hori. Urteen joanean, ordea, kantua Europako sozialista guztien abesti kuttun bihurtu zenean, aurrena, eta Sobiet Batasunaren ereserki ofizial, hurrena, hortik dirutxo bat ere etor zitekeela-eta, istilu gaitzak izan omen ziren Pierre Degeyter-en eta kantuaren egiletza beretzat hartzen zuen beste baten artean. Nork zuen arrazoia, ezin jakin, baina istorioa ez da oso ereduzkoa gizon-emakumezkoen anaitasunean sinetsi nahi duenarentzat.
Azen ontzeko, egunotan irakurri dut egunkariren batean, pelikula batean aktorea "Internazionala" txistuka kantari agertzen dela-eta, Degeyter-en eskubideen ordezkariek ez dakit zenbat diru eskatu dietela produktoreei, ordainetan. Dabiltzala kontuz Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistakoak, Conde Pumpidorena baino demanda gogorragoa etor dakieke eta.
Kantuaren euskal itzulpenari dagokionez, bertsio bat baino gehiago ibili zen garai batean (talde komunistak ugari zirenean, hain zuzen), baina Gabriel Arestirena uste dut dela finko antxean geratu dena. Hona testua, garaiko bitxikeria linguistikoak eta guzti.
Zutik lurrean kondenatu
Zaren lagile tristea!
Nekez ginen elkarganatu,
Indazu albiristea!
Gertatuak ez du ardura.
Jende esklabua jaiki!
Aldeketak datoz mundura.
Nor den herriak badaki.
Oro gudura, ala!
Bihar izan dadin
Internazionala
Pertsonaren adin.
Justizia poetikoa
(Ostiela aldizkaritik artikulu bat eskatu zidaten beren hurrengo alerako. Gaia: galtzaileak, edo horrelako zerbait. Bidali nien lantxo bat, baina berandu. Dotrina-kutsu gehiegizkoarekin atera zaidala uste dut baina, horra).
Genero beltzeko hamaika pelikulatan ikusia duzu: amaieran, badakigu ustelkeria guztien atzean dagoena jaun txit ahaltsu eta diruduna dela, aurpegira esan ere esan dio egiaren atzetik ibili den morroiak (ikertzaile pribatuak), baina ez dago zereginik, poliziak, politikoak eta epaileak ongi kontrolatuak eta goxatuak baitauzka putasemeak; kontua gehiago izorratzeko, gainera, neska ederra ere, ikertzailearekin txolinkerietan ibili dena, kapoaren abaroan geratuko da. Honen jauregi ikusgarritik alde egiten ari dela, jefearen zakur hankabikoen begirada eta lauhankadunen usnapean, gure mutila, momentu batez gelditu, atzera begiratu eta, letagina erakusten duen irribarrearekin, pixa egingo du jaun txit nazkagarriaren pistinan.
Justizia poetikoa deitzen zaio ez gizakion ez jainkoen justiziak ase ezin gaituztenean egindako mendeku estetiko horri. Polita izena, poesia eta justizia gauza edertzat dauzkanarentzat. Ezertarako balio al du ordea justizia poetikoak? Askotan izan dut irudipena, porrotaren edergailu eta galtzailearen kontsolagarri funtzionatzen duela delako baliabide horrek.
Aurrekoarekin lotuta, zenbat aldiz entzun ote dugu, film, abesti nahiz nobela amerikarretan, "galtzaile/irabazle" dikotomia? Winner/loser ingelesez. Eta entzutearen poderioz, gure buimuinean txertatu ere bai. Bi modutan gainera. Modu arrunta, ipuin amerikar horiek transmititzen diguten bizi-ikuskera geureganatzea litzateke: haien balioak geure egitea, haien eskemekin funtzionatzea, haien ikuspegitik begiratzea gauzei eta pertsonei. Mundu honetan irabazle izan beharra dago, boterea eskuratu, dirua irabazi, eta estatusaren seinale diren zer guztiak: kotxea, etxea, emazte/senar ponpoxoa eta abar. Ez dut jarraituko, pelikula ezagutzen duzue-eta.
Baina estereotipo horrek beste modu batean ere eragiten digu. "Irabazlearekiko" nazkaz, "galtzailearekiko" idolatrazio-prozesu bat gertatu da gure artean. Ezkerreko jendearengan eta sistemarekin kritiko izan nahi duten guztiengan, oro har. Hollywood-ek winner-a bultzatzen badu, guk orduan loser-a goraipatuko dugu. Zenbat film, abesti eta liburutan ez ote dugun ikusi porrotaren lilura hori, putaseme irabazlearen kontrapuntu jator eta etiko gisa?
Ez daukat gaiari buruzko teoria biribildurik, baina bai irudipena (berriz ere), galtzailearekiko mirespen hori irabazlearen koroatzea bezain maitea eta berezkoa duela gure sistema politiko-ekonomikoak. Txanponaren bi aldeak baitira, aurkia eta ifrentzua. Galtzaile papera onartzen duenak, irabazlea gorrotatuta ere, onartu egiten du hura dela irabazlea, eta, horrenbestez, legitimatu egiten du nor bere lekuan utzi duen lasterketa.
Posible ote da karrera horri uko egitea? Ez dakit. Baina badakit nik ez dudala ez winner ez loser izan nahi, ez dudala pixa bertan egiteko igerilekurik nahi, eta jauntxoaren pistinan egiteak ere ez didala berealdiko pozik ematen. Beste zerbait bilatu nahi nuke bizitzan, eta beste zerbait bilatzen duen jendea topatu.
Bertan Bilbo
Julen Gabiria Bilboko Zazpi Kaleetan egiten ari den osteran Barrenkalera iritsi den ez dakit baina, neuk joko dut gaur bertara. Alde batean Erribera kalea, izen bereko merkatuaren ondoan; bestean, Santiago plazatik hurrean, Bidebarrieta eta Posta kaleak gurutzatu eta estuago bihurtzen da; tartean, 12. zenbakian, Berria-ren konpartsak irekitako kulturgunea: Abante.
Abante kulturgunean izan ginen aurrekoan Asel Luzarragaren "Karonte" eleberria aurkezten: giro jatorra, bi dozena entzuletik gora, eta berbaldi serioen ostean, montxorra. Montxorra edo monjorra esaten zaio Bizkaiko partean, egiten ari den etxe bati teilatua emandakoan langileei eskaintzen zaien otorduari. Liburua amaitutakoan ere ondoren naturala beharko luke, euskaldunen artean behintzat, lagunartean jan-edanaz ospatzea. Zuzeneko musika ere izan genuen, horrez gainera: idazle ez ezik musikaria ere bada Luzarraga, Punkamiñe rock taldeko kantaria, eta grabatzen ari diren diskoko abesti zenbait eskaini zituzten, unplugged: "Sistemaren garaipena", "Ibilaldi erdaldun", "Punkamiñe", eta japonieraz kantaturiko beste bat.
Gaur ez nabil liburuaren propaganda egiten ordea: Bilbo eta euskal idazleen arteko harremanaz egin nahi nituzke berba bi. XVII. mendean Mikoletak "Modo breve de aprender la lengua vizcaina" idatzi zuenetik ezin esan gure hiriburu erreala euskal letren biltokia izan denik. Kirikiñok bildu zuen taldetxoa "Euzkadi" egunkariaren euskal orrialderako, eta Azkuek ere Erribera kalean jarri zuen Euskaltzaindiaren egoitza, baina botxoa gehiago izan zen Bizkaiko herrietatik etorritakoen behartoki, gogoko bizileku eta erreferentziazko hiri baino.
Beste gauza askotan bezala, Gabriel Arestik ekarri zuen aldaketa, eta gaur egun ezinezkoa da, niretzat behintzat, Bilboko hainbat txokotatik ibiltzea Gabrielen poemak gogora ekarri gabe. Baina Aresti erraldoi bakartia izan zen: ez bakarrik ibili gura zuelako, inguru egokirik topatzen ez zuelako baizik. Argitaratzeko, eztabaidatzeko, proiektu berriak sortzeko, Donostia aldean aurkitu zituen batez ere lagunak.
Letren saltsaren erdigune Pott bandari esker bihurtu zela esan liteke, 70eko hamarkadaren amaiera aldean. Hala ere, ez da ahaztu behar taldea desegin ondoren bihurtu zela ezagun eta ia mitiko, eta ordurako sakabanatuta zebiltzala bertako kideak
Laurogeiko hamarkadan izan zen Bilbo aldeko idazleak proiektu baten inguruan elkartzeko asmorik, hala nola "Ttu-ttua" aldizkaria, baina nik esango nuke orain lortu dela egiazki multzo zabal eta sendo bat.
Aurkezpen horretan bertan ziren, egileaz gainera, Urtzi Urrutikoetxea, Julen Gabiria, Lutxo Egia, Goizalde Landabaso eta Iñaki Mendizabal; horiez gain burura datozkit Igor Estankona, Juanra Madariaga, Unai Elorriaga, Gotzon Barandiaran (barka nazatela ahazten ditudanek)... Hogeita hamarrak pasatuxe dituzten idazleak, heldutasunera iristen ari direnak, nor bere estilo, ideia eta kontaktuekin, talde literarioa inola ere osatu ez arren beste hainbat lekutan sumatzen ez den jatortasun eta eskuzabaltasuna dutenak. Belaunaldi-kontuetan sartu barik, une honetan, hurbiltasun geografiko eta kronologikoagatik, euskal literaturan dabilen egile-sorta interesgarri eta emankorrena.
Eskerrak ez genuen bilbainadarik kantatu; bestela...