Justizia poetikoa
(Ostiela aldizkaritik artikulu bat eskatu zidaten beren hurrengo alerako. Gaia: galtzaileak, edo horrelako zerbait. Bidali nien lantxo bat, baina berandu. Dotrina-kutsu gehiegizkoarekin atera zaidala uste dut baina, horra).
Genero beltzeko hamaika pelikulatan ikusia duzu: amaieran, badakigu ustelkeria guztien atzean dagoena jaun txit ahaltsu eta diruduna dela, aurpegira esan ere esan dio egiaren atzetik ibili den morroiak (ikertzaile pribatuak), baina ez dago zereginik, poliziak, politikoak eta epaileak ongi kontrolatuak eta goxatuak baitauzka putasemeak; kontua gehiago izorratzeko, gainera, neska ederra ere, ikertzailearekin txolinkerietan ibili dena, kapoaren abaroan geratuko da. Honen jauregi ikusgarritik alde egiten ari dela, jefearen zakur hankabikoen begirada eta lauhankadunen usnapean, gure mutila, momentu batez gelditu, atzera begiratu eta, letagina erakusten duen irribarrearekin, pixa egingo du jaun txit nazkagarriaren pistinan.
Justizia poetikoa deitzen zaio ez gizakion ez jainkoen justiziak ase ezin gaituztenean egindako mendeku estetiko horri. Polita izena, poesia eta justizia gauza edertzat dauzkanarentzat. Ezertarako balio al du ordea justizia poetikoak? Askotan izan dut irudipena, porrotaren edergailu eta galtzailearen kontsolagarri funtzionatzen duela delako baliabide horrek.
Aurrekoarekin lotuta, zenbat aldiz entzun ote dugu, film, abesti nahiz nobela amerikarretan, "galtzaile/irabazle" dikotomia? Winner/loser ingelesez. Eta entzutearen poderioz, gure buimuinean txertatu ere bai. Bi modutan gainera. Modu arrunta, ipuin amerikar horiek transmititzen diguten bizi-ikuskera geureganatzea litzateke: haien balioak geure egitea, haien eskemekin funtzionatzea, haien ikuspegitik begiratzea gauzei eta pertsonei. Mundu honetan irabazle izan beharra dago, boterea eskuratu, dirua irabazi, eta estatusaren seinale diren zer guztiak: kotxea, etxea, emazte/senar ponpoxoa eta abar. Ez dut jarraituko, pelikula ezagutzen duzue-eta.
Baina estereotipo horrek beste modu batean ere eragiten digu. "Irabazlearekiko" nazkaz, "galtzailearekiko" idolatrazio-prozesu bat gertatu da gure artean. Ezkerreko jendearengan eta sistemarekin kritiko izan nahi duten guztiengan, oro har. Hollywood-ek winner-a bultzatzen badu, guk orduan loser-a goraipatuko dugu. Zenbat film, abesti eta liburutan ez ote dugun ikusi porrotaren lilura hori, putaseme irabazlearen kontrapuntu jator eta etiko gisa?
Ez daukat gaiari buruzko teoria biribildurik, baina bai irudipena (berriz ere), galtzailearekiko mirespen hori irabazlearen koroatzea bezain maitea eta berezkoa duela gure sistema politiko-ekonomikoak. Txanponaren bi aldeak baitira, aurkia eta ifrentzua. Galtzaile papera onartzen duenak, irabazlea gorrotatuta ere, onartu egiten du hura dela irabazlea, eta, horrenbestez, legitimatu egiten du nor bere lekuan utzi duen lasterketa.
Posible ote da karrera horri uko egitea? Ez dakit. Baina badakit nik ez dudala ez winner ez loser izan nahi, ez dudala pixa bertan egiteko igerilekurik nahi, eta jauntxoaren pistinan egiteak ere ez didala berealdiko pozik ematen. Beste zerbait bilatu nahi nuke bizitzan, eta beste zerbait bilatzen duen jendea topatu.
Bagera bi!
Azkenaldi honetan asko zelebratzen det zure argitasuna Xabier. Pentsatzen-sentitzen ditudan hainbat gauza, hain modu argiz eta zehatzez hemen idatzita ikustea. Mezu honetan adibidez, edo beste hamaikatan. Denetan ez nator zurekin bat, zorionez.
Baina zure aparteko dohai hoiek zelebratzen ditut! Eta oso gustagarri zaizkit.