Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Amar o ser amado

Amar o ser amado

xme 2005/04/13 08:00

Joan Mari Irigoienek liburu berri bat aurkezten du gaur. Izena, konspiraziozale guztiak susmotan jartzeko modukoa: "Komunista.com". Hala ere, hauteskundeokin daukan zerikusia txiripa hutsezkoa dela esango nuke, edo bestela igartzeko ahalmen pentsaezina dauka egileak, iaz amaitu baitzuen bere istorioa.

Gazteentzako nobela bat da "Komunista.com", emakume bitxiz osaturiko familia batean girotua, umorea eta gizarte-kritika uztartzen dituena; liburu horretaz jardun beharrean, Joan Marik kontatutako pasadizo bat ekarriko dizuet gaur ordea. Irigoienek berak ere ahaztua omen zuen, eta Inaxio Kortabarriak aipatu omen zion orain dela gutxi, garai bateko futboleko lagunek aldiro egiten dituzten bilera horietako batean.

Inaxio Mondragoetik etorri berria zen Sansera; Joan Mari ere bertan ari zen jokatzen. Ordurako ez dakit oraingo kalpar dotore horrekin ibiliko zen, baina ba omen zuen halako intelektual-aura bat, eta ingeniaritzako ikaslea zen gainera. Ba, halako batean, entrenamendua amaitu eta etxera bidean edo baxoerdi bat hartzera zihoazela, halaxe esan omen zion altzatarrak arrasatearrari: "Oye, Inaxio, ¿tú qué prefieres: amar o ser amado?"

Pentsatzekoa da nolakoa izango zen Kortabarriaren flash-a, handik urteetara gorabehera hartaz ondo asko gogoratzen zenez gero. Errealera iristeko futbolean ondo egitea ez zela nahikoa pentsatuko zuen igual, eztabaida filosofikoetan ere trebatu beharko zuela, donostiarren aurrean barregarri geratu nahi ez bazuen.

Inaxiok zer erantzun zuen ez dakit, baina egunotan irakurtzen ari naizen liburu batean horretaz diharduen pasarte polit bat aurkitu dut, euskaratu eta hona aldatu dudana. Egilea, Carson McCullers emakumezko idazle estatubatuarra (1917-1967). Liburua, "The ballad of the sad café" (Kafe-etxe tristearen -tristeko?- balada). Hona testua:

"Lehenik eta behin, maitasuna bi pertsonaren amankomuneko esperientzia da. Baina amankomuneko esperientzia izateak ez du esan nahi antzeko esperientzia denik bi alderdientzat. Maitalea dago batetik, maitea bestetik, eta nor bere aldetik dator. Sarri askotan, maitea ez da pizgarri bat baino, maitalearen bihotzean urtetan pilatu den amodioarentzat. Ez da maitalerik honetaz gutxi-asko ohartzen ez denik; sakon-sakonean,badaki maitasun bakartia dela berea. Bakardade berri eta berezi bat ezagutuko du orduan, eta ezagutza horrek sufriarazi egingo dio. Irtenbide bakarra izango du: maitasun hori bere bihotzean ahalik eta erosoen kokatzea; barne-mundu berri bat sortu beharko du, mundu indartsu, bitxi eta beregaina. Erants dezagun maitale horrek ez duela zertan izan gaztetxo bat, ezkon-eraztunerako aurrezten dabilena; izan liteke gizasemea, andrea, haurra, lur gaineko edozein pertsona.

Maitatua ere edozein itxuratakoa izan liteke. Gutxien uste den gizon edo emakumea izan liteke amodioaren akuilu. Horra, esaterako, burua galtzen hasitako aitona, orain hogei urte Cheehaw-ko kalean paseatzen ikusitako neskatxa ezezagunaz maitemindurik segitzen duena. Sermolaria egoten ahal da emagaldu batez amorostua. Maitatua izan daiteke traidorea, ergela edo perbertitua; maitaleak ikusi ere ikusten ditu haren akatsak, edonork bezala, baina bere maitasuna ez da haatik den mendrenik gutxitzen. Izakirik erdipurdikoena bihur liteke maitasunik ero eta xelebreenaren helburu, padurako lili pozoitsuak bezain ederra bailitzan. Badira gizon zintzoak, grina gaizto eta partetxarrekoak pizten dituztenak, eta badira bihotz samur eta apalak, zoro arriskutsu batengatik dardarka. Maitaleak beste inork ez du markatzen bere amodioaren nolakoa.

Hori dela-eta, gehienok nahiago dugu maitale izan maitatua baino. Eta, pentsatzen jarrita, inoren maitasunaren hartzaile bihurtzea jasan ezinezkoa da jende asko eta askorentzat. Maiteak beldur eta gorroto dio maitaleari, arrazoiarekin gainera, maitaleak bere maitea biluztu egin nahi baitu uneoro. Maitaleak bilatu eta behartu egiten du bere maitearekiko harremana, nahiz eta esperientzia horrek berari ere mina besterik ekarri ez."

etiketak: Liburu kritikak
Petrus
Petrus dio:
2005/04/13 14:08

Mutxo komunista por aki ultimamente... txisteaz landa, gauza bat Xabier: blog-ak ugaltzen ari diren une honetan, eta ondorioz denak irakurtzea zailagoa bihurtzen ari den garai honetan, eibar.org/blog komunitatea/egunen harian klikatzeko ohitura ez galtzeaz gain, mantentzen dudan errutina bakarrnetarikoa da. Zure blogak konstantzia eskaintzen duela uste dut aldaketa bertijinosoen garai hauetan. Enfin, ditxo keda.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.