Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / "Maite zaitut" esan gabe

"Maite zaitut" esan gabe

xme 2005/04/12 10:48

(EHAK-k Donostian emandako mitinera joan eta kronika literario bat-edo egiteko agindu zidaten Berria-tik. Hona emaitza, gaurko egunkarian kaleratu dena)

Bazen behin film bat, ez naiz oroitzen izenburuaz, eta haren propagandan lelo hau erabili zuten publizistek: “Amodiozko pelikula bat, non pertsonaiek ez duten behin ere ‘maite zaitut’ esaten”. Maitasun harreman egiazkoetan normala izan liteke halako berba gastaturik erabili beharrik ez izatea, baina pelikula erromantiko batean, dena hain tipiko eta topikoa izaten denez, badu bere meritua hitz horietara ez jotzeak.

Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistaren lehen mitin honetaz ere antzeko zerbait esan genezake: ekitaldi politiko bat, non partehartzaileek (entzule nahiz hizlari) ez duten momentu batez ere adieraziko, hitzez bederen, barruan irakiten daukaten sentimendua. Maitale zaharren artean bezala, solas beharrik ez dagoelako bihotzak badakiena esateko.

Autoa aparkatu eta, Atano III pilotalekura zihoazenen artean, elkarrizketa-txatal hau iritsi zitzaidan: “Hi, Joxe Martin, ekarri al dituk igitaia eta mailua?”. Eta koadrila osoa algaraka. Bide-bazterrak beteaz ikusten den “Orain EHAK” esloganaren ildotik aurrekoan norbaiti entzun nion bezala: “Orain komunixtak omen gaituk-eta”, eta erdi seriotan egiten diren irribarre horietakoa oparitu zidan, beste hitzik behar ez zen seinale.

Frontoira sartzeko ilara luzea, Irujo eta Olaizola II.aren arteko final bat ikusteko bezala, baina hemen ez zen apostu ez lehiarik; “todos herribatekos”, harako hark zioen moduan. Goi eta behe bete dira aulkiak, zutik ere geratu da jendea; alboko belodromoaren oroimina airean

Eserlekuetan Gipuzkoako boto-paperak, eta beste orrixka bat ere bai: Internazionalaren letra, Gabriel Arestiren bertsioan: “Zutik lurrean kondenatu” Ereserkiaren hasieratik aurrerakoa ez da oso ezaguna ere, eta nire aldameneko emakumeak ikasi nahian hasi dira. Batzuek bentajatxoa daukate, ordea; halaxe esan die ondotik pasatu den lagun batek: “Guk Arranon egin jonau bazkarixa eta ensaiau egin jonau”.

Adiskide arteko girotxoa sumatzen da. Jendea berriketa lasaian, ezagunak agurtzen Kantxako jarlekuetan goiko harmailetan baino adin handixeagoa ote dagoen iruditu zait, batez beste, baina interjenerazionala da publikoa, 20tik 60ra bitartean. Telesfororen mitinetan gazte zirenak eta haien seme-alabak; seme-alaben konpromisoak abertzaletu dituen edadekoak ere bai. Lehenengo lerroan, EHAK-ko hautagaiak; haien parean, fotografo andana, tira ahala argazkiak egiten; atzeraxeago telebista-kamera mordoa eta kazetari batzuk. Sorpresarik izango ote da?

Halako batean, txalapartariak hasi dira. Fabriketan lanera sartzeko edo irteteko ordua adierazten duen adarraren antzera, esan liteke txalaparta bihurtu dela, era guztietako ekitaldi aberkoi edo euskaltzaleetan, hasiera markatzeko eta isiltasuna eskatzeko tresna. Isildu egin gara beraz bertaratuak, entzuleari entzutea dagokiolakoan.

Aurkezle bat igo da lehenik oholtza gorrira. Mutil gazte eta luze, beltzez jantzitako bat, egoki irakurriz jendea agurtu eta bertsolariari txanda eman diona. Gure mitinetan ezin bertsolaririk falta, baina oraingoan gorrietan gorria behar zuen: Xabier Silveira lesakarra alegia. Ezker eskua bilduta eta eztarria guztiz urratuta, doinua erdi galduta edo doinu arraro batean bota du bertso bakarra, boxeolari nokeatuaren eta ahots sakoneko kantari italiarraren arteko piura batean. Ez zuen egun onena, baina bertsoa txukuna izan da eta txaloz eskertu diogu.

Hizlarien txanda iritsi da. Aurrena Maite Aranburu, Bizkaiko zerrenda-burua. Orain arte EHAK-k esandakoa errepikatzera mugatu da: zer den beren alderdia, nola ilegalizazioen aurrean beren programa utzi eta gutxieneko demokratiko batzuk defendatzera mugatuko diren, eta nola, eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeaz gain, giza eskubideen urraketa guztiak salatzen dituzten. Txalo epelen ostean, zortzi dantzariren saioa, aurrena lau neska eta gero beste lau. Jendeak xeoxer gehiago nahi eta lehenengo oihuak entzun dira: “Jo ta ke, irabazi arte”.

Bigarren hizlaria, Nekane Erauskin, Gipuzkoako zerrenda-burua, gainerako hautagaiez babestua. Honek ere kontu ezagunak aletu dizkigu, paperetik irakurriz betiere; Lopezi eta Ibarretxeri kritika errespetuzkoa egin dienean berotu da pixka bat jendea, “Independentzia” oihuka. Mitinlariek beren lanean ez bezala, entzuleek ezagun zuten mitin-kontuetan adituak eta arituak zirela.

Guest Star-en bat izango ote zen zain egongo ziren asko, baina gonbidatu berezirik ez. Internazionala abestu da amaitzeko, paperaren laguntzaz, eta Eusko Gudariak ondoren, paper beharrik gabe. Hiru ordu laurden ez dira pasa, eta kanporako bidean gara denak. Hogei urte baino gehiago dira mitin batera joaten ez nintzela eta nire esperientziak ez du beraz askorik balio, baina esango nuke nekez topatuko dela horren mitin gezarik; dena dela, “maite zaitut” esan beharrik ez duen filma zen hau; esaterik ez daukana, hobeto esanda.

Kanpoan jendea, astia bazegoela-eta garagardo bat hartzera, hizketan lasaiago, huntaz eta hartaz: Estatuari gola sartu diogun ala nahita utzi duen pasatzen; zenbat postu lortuko ditugun Legebiltzarrean; Hernanin atxiloketa gehiago izan direla

etiketak: Politika
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.