Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zabor-menestraren kontra

Zabor-menestraren kontra

xme 2005/04/14 08:13

(Aste honetako Argia-n ateratako artikulua)

Gastronomia kultura omen dela-eta, egin dezadan sukaldaritzaren eta beste arte-mota batzuen arteko konparazio bat.

Hara: sukaldeak berezkoa du nahasketa, horrek ematen dizkio aberastasuna eta kalitatea. Sagar bat gauza ederra da bera bakarrik eta gordinik jateko, baina irina, arrautza, esnea, azukrea, marmelada eta sagar zatiak nahastuta sagar-tarta asmatu zuenak ekarpen handi bat egin zion gure zibilizazioari; eta zer esan olioa, arrautzak, tipula, piperra eta patatak nahastuta patata-tortilla asmatu zuenaz? Edozein nahaste ez da ordea berez eta beti on, ondo asko daki sukaldaritza berriaren berritu beharraren gehiegikeriak dastatu eta jasan dituenak. Nik orain txerri-gibela, txokolatea, piperrautsa eta endibiak lapiko batean sartu eta sutan jarriko banitu, hortik ateratakoa kaka zaharra litzateke, ahotik pasatu gabe zuzenean komuneko zulora joan beharko lukeena.

Kulturan, berriz, nahasketaren lilurapean bizi gara oraindik. Ez dakit noiz hasi zen moda baina azkeneko hamarkadan behintzat aldiro eskaintzen zaigu ikuskizun ustez berritzaile eta ausarten bat, bere berritasun eta ausardia guztia osagaien gehiketa nola-halakoan daukana: ballet abangoardista gehi diapositiba-emanaldia gehi txalaparta izango da batean; pintura-performancea gehi poesia-errezitaldia gehi musika elektronikoa hurrengoan, eta horrela nahi dituzuen konbinaketa guztiak, helburua ez baita elkarrekin ondo ezkontzea, edo sentsazio aberatsagoak sortzea, ezpada nahasketa bera. Eta, nola ikuskizun horrek esperimentalaren eta berritzailearen etiketa daukan, instituzioetako arduradunek laguntzatxo bat behinik emango diote, komunikabideek aldez aurreko babesa eskainiko diote, eta ondotik ere inor ez da ausartuko kontrako hitzik esatera. Batzuek, aspertuta, "hau izango da kultura modernoa" esango diote elkarri; beste batzuek, nazkatuta, horrelako narraskeriarik gehiago ez ikusteko aginduko diote beren buruari; baina beti izango da lerdoren bat esperientzia ia mistikoa bizi izan duela usteko eta aldarrikatuko duena.

Berrikuntzak amaitzea proposatzen ari ote naizen pentsatuko du baten batek. Ez noski. Kultura maite dudalako ari naiz botatzen purrustada hau. Estetika gure bizitzaren alderdi inportatetzat daukadalako eta handi-ustez jantzitako edozein lardaskeria onartzen ez dudalako, jaterakoan gure ahoak eta urdailak edozein txerrikeria irensten ez duten modu berean. Non dago muga? Errepara diezaiogun berriz ere sukaldeari: nahasketa berri bat plater onargarritzat hartzeko, bertako osagaiak banan-banan hartuta baino hobea izan beharko luke emaitzak. Egia da gustu diferenteak daudela, egia da halaber dastamena hezi daitekeela eta esperimentazioa behar dela betiko aza-olio eta berakatz-zoparekin ez geratzeko, baina helburuak beti izan beharko luke zerbait harrigarria eta bikaina lortzea.

Beste horrenbeste artean ere. Ballet-dantzari bat ona denean koreografia eder batekin txunditu nahiko gaitu, eskultoreak bere estatuarekin liluratu edo aztoratu, poetak bere testuekin emozionatu, ez baita lantegi erraza. Posible al da hizkuntza artistiko ezberdinen arteko elkarlana? Jakina. Konbinazio batzuk dagoeneko klasiko bihurtu dira eta berezko genero bilakatu, hala nola opera, baita zinema bera ere. Baina, nahasketa aberasgarria izango bada, aldez aurretiko lan eta bilaketa eskatzen du, etengabeko ebaluatze eta moldatze bat, egiazko sorkari berri eta osatu bat lortuko bada.

Gure artean, modernitatearen esnegainaz estalita eskaini ohi diren menestra artistiko horiek ez bezala.

Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2005/04/15 12:56

Modernismoak eta batez ere postmodernismoa deiturikoak nahastu nahi izan du artea gure eguneroko bizitzarekin. Hori, berez, ez da txarra, anbientalismoaz, dekorazioaz edo estetikaz nolabaiteko ardura hartu dugulako.

Baina, nere iritziz, nahasketa beste nahasketekin nahasten denean sortzen dira XMEk aipatu dituen kezkak. Askotan, gaur egungo arte kontsumatzileok ez dugu topatzen antzerkia, ez zinema, ez errezitaldia... "ikuskisunak" baizik.

Sinpletasuna eta sinplekeria (koralak izan arren) ez dira gauza berdinak. Ematen du, indarrez iritsi zen minimalismoa azkar aldegin duela gure bazter estetikoetatik.

Dena dela Gastronomiak asmatu du xumea eta barrokoa uztartzen: plater erraldoi baten erdian jaki-nahasketa minimalista. (Kontraesan hau arrakastatsua suertatu eta diru iturria omen da. Ustezko artelan jangarriak...Horixe inbentoa !!)

peru barriro
peru barriro dio:
2005/04/14 21:39

...gero (eta parkatu), beste ikuspuntua dago, hartzailearena. ni sarritan izan naiz, sarri askotan bai, hauetako bat "beti izango da lerdoren bat esperientzia ia mistikoa bizi izan duela usteko eta aldarrikatuko duena."

honek, cortazarren ‘hay que ser realmente idiota para’ ekarri dit gogora. hona hemen bertako zatitxo bat.

“...por ejemplo en el teatro, yo voy al teatro con mi mujer y algún amigo, hay un espectáculo de mimos checos o de bailarines tailandeses y es seguro que apenas empiece la función voy a encontrar que todo es una maravilla. Me divierto o me conmuevo enormemente, los diálogos o los gestos o las danzas me llegan como visiones sobrenaturales, aplaudo hasta romperme las manos y a veces me lloran los ojos o me río hasta el borde del pis, y en todo caso me alegro de vivir y de haber tenido la suerte de ir esa noche al teatro o al cine o a una exposición de cuadros, a cualquier sitio donde gentes extraordinarias están haciendo o mostrando cosas que jamás se habían imaginado antes, inventando un lugar de revelación y de encuentro, algo que lava de los momentos en que no ocurre nada más que lo que ocurre todo el tiempo. Y así estoy deslumbrado y tan contento que cuando llega el intervalo me levanto entusiasmado y sigo aplaudiendo a los actores, y le digo a mi mujer que los mimos checos son una maravilla y que la escena en que el pescador echa el anzuelo y se ve avanzar un pez fosforecente a media altura es absolutamente inaudita. Mi mujer también se ha divertido y ha aplaudido, pero de pronto me doy cuenta (ese instante tiene algo de herida, de agujero ronco y húmedo) que su diversión y sus aplausos no han sido como los míos, y además casi siempre hay con nosotros algún amigo que también se ha divertido y ha aplaudido pero nunca como yo, y también me doy cuenta de que está diciendo con suma sensatez e inteligencia que el espectáculo es bonito y que los actores no son malos, pero que desde luego no hay gran originalidad en las ideas, sin contar que los colores de los trajes son mediocres y la puesta en escena bastante adocenada y cosas y cosas. Cuando mi mujer o mi amigo dicen eso -lo dicen amablemente, sin ninguna agresividad- yo comprendo que soy idiota, pero lo malo es que uno se ha olvidado cada vez que lo maravilla algo que pasa, de modo que la caída repentina en la idiotez le llega como al corcho que se ha pasado años en el sótano acompañando al vino de la botella y de golpe plop y un tirón y no es más que corcho. Me gustaría defender a los mimos checos o a los bailarines tailandeses, porque me han parecido admirables y he sido tan feliz con ellos que las palabras inteligentes y sensatas de mis amigos o de mi mujer me duelen como por debajo de las uñas, y eso que comprendo perfectamente cuánta razón tienen y cómo el espectáculo no ha de ser tan bueno como a mí me parecía (pero en realidad a mí no me parecía que fuese bueno ni malo ni nada, sencillamente estaba transportado por lo que ocurría como idiota que soy, y me bastaba para salirme y andar por ahí donde me gusta andar cada vez que puedo, y puedo tan poco)...”

asel
asel dio:
2005/04/15 11:54

XX. mendean jaiotako ezintasuna dela esango nuke nik. Kritikoek bizkarra eman zioten Van Gogh-en arrakasta post-mortem irentsi behar izan zutenetik bizi dugun paranoia. Zuk nahastu, ipini "berritzaile" etiketa, eta ea nor ausartzen den eskasa dela esatera, nor den hain "ezjakina", leizegizona, modernatasuna ez onartzeko. Guggenheimetik pasatu dira euren eredu antologikoak, urradura duen mihise marroia edo oihal zati guztiz urdina. Ezjakina naiz, badakit, baina gozatzeko gai izateko azaldu behar didaten arte orok mesfidantza sortzen dit. Eta norabide guztietatik jasotzen dugu modernotasun horren erasoa. Musikan azken boladan hitz magikoa mestizajea da. Mestizajea egin "behar" da. Kultura mestizoa sortu behar da. Denok hain moderno izateko kulturen integrazioa ulertzeko modua da mestizajea. Eta sukaldaritzan, antza, sukar bera sartu da lapikoetan. Asian normala da okela, pipermina, kokoa, eztia eta kakahueteak nahastea plater berean, eta emaitza itzelak lortzen dituzte. Baina hori euren kulturak emandako emaitza da, eta plater horiei izen askoz sinpleagoak ipintzen dizkiete, garrantzitsuena zaporea delako, eta ez zure irudimen aparta izenean islatzea. Arte guztietarako balio duen hausnarketa interesgarria zabaldu duzu, Xabier!

katixa
katixa dio:
2005/04/14 20:20

Esnobek esango dute nahasketa hori gure garai posmodernoen ezaugarria dela eta horrela onartu behar dugula. Nik post-posmodernismoa noiz ailegatuko zain nago.

peru
peru dio:
2005/04/14 21:14

Ez dakit zelan hasi. Ez dakit nondik hasi.

“nahasketa berri bat plater onargarritzat hartzeko, bertako osagaiak banan-banan hartuta baino hobea izan beharko luke emaitzak” Ez dut uste. Sagar-pastela ez da sagarra baino “hobea”. Ala? Beste gauza bat da, zelanbait aberasgarria edo, baina ez dut uste hobea-txarragoa dialektika hori erabili beharko genukeenik arte edo kultura kontuetan.

“...eta horrela nahi dituzuen konbinaketa guztiak, helburua ez baita elkarrekin ondo ezkontzea, edo sentsazio aberatsagoak sortzea, ezpada nahasketa bera.” Ez dut uste. Edo sinistu gura dut, behintzat, sortzaile zintzoak sekula ez duela nahasketa bera helburutzat izango.

Ea ba, ezin dut ukatu zati handi batean zugaz ados nagoenik, Xabier. Sarasuatarren diskotik “baina tamalez nahasketa denak / ez dira koktel izaten”. Uste dut honetan ados gaudela. Lehenakoan ere honen inguruan jardun zuen Dixuk, literaturatik baina honen inguruan http://www.berria.info/hemeroteka/inprimatzeko.php?htmla=BERRIA/y2005/m04/d20050405/p00044900.html

Baina bestalde, eta agian izango da ez dakidalako zein ikuskizunetaz ari zaren, baina ni neu ere ibilia naiz honelako asuntoren batean, eta apur bat kolpatua sentitu naiz. Konbinazio hauek... “onerako” (barkatu berba) izaten dira, nire ustez, zer batetatik datozenean, ideia, sentsazio edo fondo berdin batetatik. Bide batetik datozenean, azertatu ezkero, bide berean jarraitzen dute, eta honek osotasun arrasto bat uzten du ikuslearengan. Arazoa da hasieratik planteatzen denean konbinazioa (arlo ezberdinetako “artistak” batu direlako, zerbait moderno-eta-berritzailea egin gura delako...). Bide desberdinetatik datozeneri inbutu moduko bat jartzen saiatzen dira, ikuskizunera bideratzen, eta honek, sarri, ez du funtzionatzen, eta todo-a-100-ek uzten duten sentipen moduko bat uzten dute ikuslearen aho sabaian.

Adibide bat: poema bat irakurtzen ari ginen emankizun baterako, eta irakurri ahala albokoak esan zuen “poema hori oso plastikoa da, ia-ia koadro bat dirudi”. Azkenean, jendaurrean poema irakurtzen genuen bitartean, koadro bat margotzen amaitu genuen. Eta kasu honetan ez genuen inolako “konbinaziorik” egin genuenaren noziorik izan, harik eta ikusleren batek amaieran esan zigunera arte. Eta oharkabea izan zen, baita ere, ipuin labur bat irakurtzeko beste kantu hura hautatu izana; edo beste testu hura irakurri ahala antzezten hasi izana; edota abestu gura genuela eta kitarra jo izana. Emankizunak, gugan (eta gugan bada, zer axola du besteak), bat izaten jarraitzen zuen.

Ez dakit aspaldikoa ote den kontu hau, baina gaur eguneko inguruko lagun asko eta asko “arlo-artistiko” bat baino gehiagotan sentitzen gara eroso, sortzaile, iradokitzeko gai. Eta, hondoan, uste dut ez dugula disziplina ezberdinetan gabiltzanik sentitzen. Hondoan, gu bide bakarrean ari garela sentitzen dugula uste dut, herreminta gehiagorekin baina bide berean.

Etiketak betidanik iruditu izan zaizkit balazta handi bat. Eta arlo-artistikoen artean mugak jartzea etiketatzea da.

Sortzaileak sortu egin behar du, arlo bakarrean dabilen ala hiru edo lautan dabilen pentsatzen hasi beharrean. Honetaz ohartzen ez bada, hainbat eta hobe. Eta sortzaileak ez du balizko hartzaileak baldintzaturik sortu behar, oharkabean kalibratzen eta orijinaltasuna galtzen hasiko baita.

Zerbait eskeini behar dela eta zer eskeini behar den pentsatzen hasten garenean, orduan hasten da artea sukaldaritzatzen, hau eta hori neurtzen, eztakitzer eragin nahiean eztakitzorrak nahasten; eta uste dut, sarritan, orduan menestratzen direla ezagunak ere ez ziren bideak.

Eta uste dut eztabaida desbideratu dudala. Sekula ezin izango dut kritiko moduan lanik egin.

oier
oier dio:
2005/04/14 15:54

Erabat bat nator zure iritziarekin Xabier. Nik "pilaketaren teknika" deitzen diot: proposamen bakar baina sendoa osatzeko ezintasuna, halamoduzko hamaika osagairen pilaketarekin disimulatu nahi izatea. Ustezko abanguardian horrela jarduten badute zer esanik ez herri eta tradizio mailako jardunetan: 100 txistulari, 200 dantzari, abesbatza eta musika-banda denak oholtza gainera eta denak batera zerbait egiten jarri. Arrakasta ziurtatuta. Eta ausartu kritika egitera...

Sukaldeko konparazioa oso ona.

hasier
hasier dio:
2005/04/14 18:08

Esanen niake, finean, originaltasunaren auziaz diharduala, Xabier. Baita hik ere, Oier. Eta sukaldaritza sartu duzuenez, hara hemen originaltasunaz zenbait uste: 1- Ferran Adriá- Originala izatea, ez kopiatzea da. 2- Chateaubriand- Originala ez da kopiatzen ez duen hura, baizik eta ezin kopia daitekeena sortzen duena. En fin, luzerako emango luke gaiak. Alabaina, ahuntzaren eztula litzatekek soilik original izatea. Gehiago behar du artelan batek: munduan sekula kontatu gabekoa kontatu behar dio artelan bikain batek munduari, sekula kontatu ez den bezala. Horixe baldintza bakar eta ezinbesteko. Berdin diolarik hori nola lortzen den, gauza asko nahastuz, bat bakarrik erabiliz, edo ezereza proposatuz. Artelan baten bikaintasunak ez luke behar ezeren menpe: ez edertasunaren, ez onarpenaren... Soilik behar luke egon esandako horren menera eta artistaren adierazi-nahiaren preseski asetzearenera. Ene irudikoz, prefosta. Arteak ez bezala, ordea, sukaldaritzak mugatua du helburua. Bien arteko konparazioneek balio izaten dute gehienetan, baina sukaldaritzak plazeraren pertsekatzea ezinbesteko duen bezala, arteak ez luke halakorik zertan. Esate baterako, ezatsegintasuna landu dezake artelan batek, berariaz, gainera (Body Art-eko kasu askotan, esaterako). Very dangeroux, beraz, biak alderatzea. Bai, bainan ez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.