Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Bertan Bilbo

Bertan Bilbo

xme 2005/04/07 11:09

Julen Gabiria Bilboko Zazpi Kaleetan egiten ari den osteran Barrenkalera iritsi den ez dakit baina, neuk joko dut gaur bertara. Alde batean Erribera kalea, izen bereko merkatuaren ondoan; bestean, Santiago plazatik hurrean, Bidebarrieta eta Posta kaleak gurutzatu eta estuago bihurtzen da; tartean, 12. zenbakian, Berria-ren konpartsak irekitako kulturgunea: Abante.

Abante kulturgunean izan ginen aurrekoan Asel Luzarragaren "Karonte" eleberria aurkezten: giro jatorra, bi dozena entzuletik gora, eta berbaldi serioen ostean, montxorra. Montxorra edo monjorra esaten zaio Bizkaiko partean, egiten ari den etxe bati teilatua emandakoan langileei eskaintzen zaien otorduari. Liburua amaitutakoan ere ondoren naturala beharko luke, euskaldunen artean behintzat, lagunartean jan-edanaz ospatzea. Zuzeneko musika ere izan genuen, horrez gainera: idazle ez ezik musikaria ere bada Luzarraga, Punkamiñe rock taldeko kantaria, eta grabatzen ari diren diskoko abesti zenbait eskaini zituzten, unplugged: "Sistemaren garaipena", "Ibilaldi erdaldun", "Punkamiñe", eta japonieraz kantaturiko beste bat.

Gaur ez nabil liburuaren propaganda egiten ordea: Bilbo eta euskal idazleen arteko harremanaz egin nahi nituzke berba bi. XVII. mendean Mikoletak "Modo breve de aprender la lengua vizcaina" idatzi zuenetik ezin esan gure hiriburu erreala euskal letren biltokia izan denik. Kirikiñok bildu zuen taldetxoa "Euzkadi" egunkariaren euskal orrialderako, eta Azkuek ere Erribera kalean jarri zuen Euskaltzaindiaren egoitza, baina botxoa gehiago izan zen Bizkaiko herrietatik etorritakoen behartoki, gogoko bizileku eta erreferentziazko hiri baino.

Beste gauza askotan bezala, Gabriel Arestik ekarri zuen aldaketa, eta gaur egun ezinezkoa da, niretzat behintzat, Bilboko hainbat txokotatik ibiltzea Gabrielen poemak gogora ekarri gabe. Baina Aresti erraldoi bakartia izan zen: ez bakarrik ibili gura zuelako, inguru egokirik topatzen ez zuelako baizik. Argitaratzeko, eztabaidatzeko, proiektu berriak sortzeko, Donostia aldean aurkitu zituen batez ere lagunak.

Letren saltsaren erdigune Pott bandari esker bihurtu zela esan liteke, 70eko hamarkadaren amaiera aldean. Hala ere, ez da ahaztu behar taldea desegin ondoren bihurtu zela ezagun eta ia mitiko, eta ordurako sakabanatuta zebiltzala bertako kideak

Laurogeiko hamarkadan izan zen Bilbo aldeko idazleak proiektu baten inguruan elkartzeko asmorik, hala nola "Ttu-ttua" aldizkaria, baina nik esango nuke orain lortu dela egiazki multzo zabal eta sendo bat.

Aurkezpen horretan bertan ziren, egileaz gainera, Urtzi Urrutikoetxea, Julen Gabiria, Lutxo Egia, Goizalde Landabaso eta Iñaki Mendizabal; horiez gain burura datozkit Igor Estankona, Juanra Madariaga, Unai Elorriaga, Gotzon Barandiaran (barka nazatela ahazten ditudanek)... Hogeita hamarrak pasatuxe dituzten idazleak, heldutasunera iristen ari direnak, nor bere estilo, ideia eta kontaktuekin, talde literarioa inola ere osatu ez arren beste hainbat lekutan sumatzen ez den jatortasun eta eskuzabaltasuna dutenak. Belaunaldi-kontuetan sartu barik, une honetan, hurbiltasun geografiko eta kronologikoagatik, euskal literaturan dabilen egile-sorta interesgarri eta emankorrena.

Eskerrak ez genuen bilbainadarik kantatu; bestela...

etiketak: Saski Naski
iigo m.
iigo m. dio:
2005/04/12 21:40

Atom Rhumba? Galdu egin naiz nonbait. Musika talde estimagarria da benetan, hemen eta kanpoan arrakasta itzela duena, baina Bilbo euskaldun bati buruz ari denean aipatzea?

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/04/10 13:51

... Paddy "Dub" Rekalde, Luigi Anselmi poeta, Andolin Eguzkitza maisua (gogoan zaitugu!); Gotzon Garate eta Jose Angel Irigaray bilbotartuak; Antzerkiko Mikel Martínez eta Patxo Telleria...

Zenbat Gara, Mendebalde, Labayru, Euskaltzaindia...

Kukubiltxo, Oskorri, Txuma Murugarren, Rafa Rueda, Zea Mays, Atom Rhumba,...

Prest, Zorrotz-Morrotz, Berton,...

PD Sasi guztien ganetik eta laino guztien azpitik, gora beti Erreala!!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.