Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Posible al da denontzako etika bat?

Posible al da denontzako etika bat?

xme 2005/04/18 08:02

(Atzoko Berria-n argitaratutako artikulua, hango pare bat akats zuzenduta)

"Argia" astekariaren azken aurreko alean (1985-6. zenbakia) erreportaje on bat dator, ETAren beldurrez mehatxupean eta bizkartzainekin bizi behar duten Hego Euskal Herriko kargudunei buruz. Politikari ospetsuengana ez baizik ezezagunengana jo du Mikel Asurmendi kazetariak, haien eguneroko bizitzaz eta iritziez galdezka. Horrela ezagutuko ditugu Ainhoa Aznarez eta Mari Carmen Lopez, PSNko zinegotziak Sakanan, Patxi Elola eta Rafa Olaizola, PSE eta PPko zinegotziak Zarautzen, eta Begoña Sanzberro, UPNko parlamentari baztandarra.

Artikulua irakurtzean Max Weber-ekin gogoratu nintzen. Soziologo alemaniarrak bi etika-mota bereizten zituen, konbentzimenduarena eta erantzukizunarena. Konbentzimenduaren Etika printzipioetan oinarritzen dena izango litzateke: lapurtzea gaizki baldin badago, nonahi eta beti dago gaizki, nornahik egiten duela ere; erlijioan izan ohi du askotan oinarria, eta intentzio on edo gaiztoari erreparatu ohi dio. Erantzukizunaren Etikak, berriz, ondorioen kalkulu bat egiten du, sineste absolutuetan finkatu ordez erlatibista da, ñabardurak eta salbuespenak onartzen dituena; etika politikoa edo soziala ere deitu genezake. Ezin da esan bi eredu horietako bat bestea baino hobea denik: ikuspegiaren arabera bata edo bestea irudituko zaigu egokiago, eta bizitzaren aldi desberdinetan hautua aldatzea ere badugu; ezin da ordea bata bestearekin nahastu, komenentziak hala agintzen duelako.

Zer du ikusteko etika-moten sailkapenak zinegotzien jazarpenarekin? Berehala azalduko dut. Asurmendiren idazlan hori hunkigarria gertatzen da lehenengo partean: pertsona hurbilak, normalak, zentzudunak ikusten dituzu; zuk bestela pentsatu arren, beren ideiak izateko eskubide osoa dutela ohartzen zara, eta ez dagoela inola ere onartzerik horrela ibili beharra. Konbentzimenduaren Etikak funtzionatzen du hor gugan: bistako gauzak dira, gizalegearen eta gizartearen funts eta mamia, denok geureganatu beharrekoa.

Bigarren partean, berriz, beste biktima-klase batzuei buruz galdetzen du kazetariak. Urrutiratutako presoen senideez, adibidez, edo komisarietan torturatutakoez. Eta hor hasten dira ñabardurak eta salbuespenak: Bai baina... Gaia konplexua da... Kontuan hartu behar da hau eta hura... Beste alde batetik ez-dakit-zer... Atal horretan esaten dituzten gehienak ez dira erokeriak ere (torturaren inguruan zinismo dexentekoa dagoela esango nuke hala ere), baina diskurtsoa aldatuta dago: pertsonaren eskubideen printzipio zalantzagabeetan oinarritu ordez, erlatibismoa sartzen da, testuinguru orokorra, irakurketa politikoa. Erantzukizunaren Etika, soziologoen hizkeran.

Ez diet kargudun horiei ezer leporatuko, nahiko zaila baita lehendik ere beren egoera, horrelako fintasun edo xehekerietan sartzeko; bestalde, eta hau azpimarratu nahi nuke, gure herrian politikan dabiltzan guztiek egiten dute gauza bera, inbutuaren buru estua edo ipurdi zabala eskainiz, segun-eta nork esan duen, nori egin dioten, zer izorratu duten, non gertatu den.

Posible ote da denontzako etika bat ezartzea? Baietz erantzuten denean, Konbentzimenduaren Etika proposatu ohi da elkargune moduan: gaitzetsi ditzagun giza eskubideen urraketak oro, datozen lekutik datozela; gero eta jende gehiagok du jarrera hori, eta poztekoa da, gizartearen sentiberatasunaren seinale den aldetik; tamalez, baina, ez dut uste arazoak konpontzeko ezer asko balio duenik: izan gaitezen denok txintxoak esatea bezalatsuko zerbait da, azken batean. Etika bat adostekotan, Erantzukizunarena izan beharko du: ipin ditzagun mahai gainean denon eskariak eta denon zerrikeriak, eta ikus dezagun ea modurik badagoen denon arteko bizikidetza bidezkoago bat asmatzeko. Gutxieneko bat agian, hortik aurrera proiektuen arteko eztabaida modu zibilizatuan egiteko. Inor baztertu gabe; inor mehatxatu gabe.

Posible dela uste dut nik, eta noizbait gauzatzen ikusi nahiko nuke.

etiketak: Politika
luism
luism dio:
2005/04/19 00:10

Elkarbizitza, finean, kontsentso edo negoziazio kontu bat baina ez da. On Kixoteren kasu ospetsua: zuk deitzen badiozu "bacía" eta nik "yelmo", dei diezaiogun "baciyelmo", sesioa utz aldera, eta jarrai dezagun bidea, baciyelmo ta guzi.

asel
asel dio:
2005/04/18 11:59

Haunsnarketa interesgarria. Argi dago ezinezkoa dela joko zelaia definitzea geure eskubideak eta besteenak neurtzeko parametro ezberdinak darabiltzagun bitartean, eskubide batzuen urraketa edozein baldintzapean arbuiatu eta beste eskubideena kontestualizatzen jarraitzen dugun bitartean.

KU
KU dio:
2005/04/28 14:48

Bale, baina errazkerietara jotzea da diozuna. Beti berdin. Mehatxatutako zinegotzi horiek zer zerikusi dute ba komisarietako torturatzaileekin? Imaginatzen Etxerateko bati galdetuko bagenio zer uste duen jazarrita dauden zinegotziei buruz? Pentsatuko genuke galdera gaiztoa dela eta hau eta bestea...

Ez ote da izango halako mahatxatu bati elkartasun nimiñoena erakutsi nahi baina ezin gabiltzala eta geure burua zuritu beharrean gaudelako herriko tabernetan gutaz esango denaren beldur?

Etika, erlatibismoa... nahi duzuna. Baina eztabaida zaharregia da eta biktimei koherentzia etikoa eskatzen badiegu eska diezaiegun guzti-guztiei

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.