Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ovidi eta Oriol

Ovidi eta Oriol

xme 2005/04/19 08:00

Mikel Iturriaren blogean irakurri dut hamar urte direla Ovidi Montllor hil zela. Alacant-eko Alcoi-n 1942an jaio eta Bartzelonan hil zen 1995ean. Tartean, mila lan: kantugile eta kantari, poeta eta aktore, ezkertiar eta katalanista. Gure artean pelikuletatik ezagutu genuen batez ere, eta, rol hobeak ere izan zituen arren ("Furtivos" Jose Luis Borauren filmean esaterako, non ezin hobeto egin zuen koitaduarena), oso gogoan daukat "La fuga de Segovia"n egindako lana.

Segoviako ihesa egiazki gertatu zen, eta egiazko gertakarietan oinarritu zen Imanol Uribe filma egitean. Euskal preso politikoak ziren ihesa antolatu eta burutu zutenak, polimiliak batik bat baina baita beste erakunde batzuetakoak ere; hala eta guztiz, bazen tartean katalan bat ere, Montllor-ek antzeztua.

Jakingo duzuen bezala, espetxetik ateratzea ondo atera zen, baita Hego Euskal Herriraino etortzea ere, baina Iparraldera pasatzeko orduan, mugalarien deskuidoa eta eguraldi makurra zirela medio, ia denak harrapatu zituzten, Auritz aldeko basoetan, oker ez banago. Baita iheslarietako bat hil ere; bakarra; nor izango eta katalana.

"Ovidi Montllor-i gizajo itxura hartu diote eta hemen ere berak hil behar", uste dut pentsatu nuela ikusi nuen lehenengo aldian. Gero jakin nuen hori ere historikoa zela, alegia, militante katalana erori zela etsaien tiropean, 1976ko apirilaren 6an, orain dela hemeretzi urte. Oriol Solé Sugranyes zuen izena, MIL edo Movimiento Ibérico de Liberación-en sortzailea, 28 urtekoa. 51 urteko zigorra zeukan, eta hiru zeramatzan espetxean. (Eskerrik asko Iñaki Egañari, presoaren datuak emateagatik)

Filmera itzuliko naiz, nahiz eta ez jakin orain kontatuko dudan pasartea errealitatetik hartua edo gidoigileek asmatua den. Ihesaren bezperan presoak afaltzen. Giro berezia antzematen da, hitzez adierazi ez arren. Euskaldunak kantu alaian ari dira. Eta, halako batean, katalana hasten da abesten: kantu eder eta triste bat, denak isilik eta hunkiturik utziko dituena. "Rossinyol" du izena Montllor-ek abesturikoak, eta, honetaz gauza gehiago kontatu nahi dudanez, bihar jarraituko dut.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.