Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Euskarak galdutako idazlea

xme 2005/06/16 09:18

Idazle berriak modu askotara iristen dira argitaletxeko atera. Batzuk bere kasa eta beste batzuk editoreak deituta, sariketa batean edo aldizkariren batean ikusi eta gero; baina badira beste hainbat modu ere. Gogoan dut Joxean Azpiroz zenak (Europako dozena erdi hizkuntza eta euskararen beste hainbeste dialektu praktikatzea gustatzen zitzaion tipo berezia, Heinrich Böll euskaratu zuena) Kutxako bere lankide jator bat ekarri zigula behin: Patxi Cano, Granadako semea oker ez banago, Donostiara etorri eta euskara ikasi zuena, eta, honetara nentorren, seme bat zeukana izugarri ondo idazten zuena.

Garaitsu hartan, gure lantokian bankuekiko harremanez arduratzen zen Xabier Legarra etorri zitzaidan, BBVn ezagutzen zuela gizon bat, Iñaki Izagirre, seme bat zeukana izugarri ondo idazten zuena. "Hara -pentsatu nuen neure artean-, lehen baserria eta seminarioa bezala, aurrezki-kutxa izango da orain idazleen harrobia; edo idazleen gurasoena behinik".

Orain dela hamabost bat urteko kontua da hau, Harkaitzek hamabost urte eta Anderrek hamalau zituztela. Handik bolada batera, 1992an oroimena ondo baldin badabilkit, biak izango ziren Lubaki bandaren sortzaileetakoak. Kazetari onak, bertsoetako gai-jartzaileak, musikari showmanak eta tabernari artistak sortu dira handik, besteak beste; idazleak, ez horrenbeste. Bat Cano, dudarik gabe; eta bestea Ander Izagirre, gure artean hain ezaguna ez bada ere. Izan ere, eta hauxe da nire arantza, erdal idazle bihurtu baitzen Izagirre.

Gaztetxoa zela euskaraz idatzitako hainbat ipuin saritu ezagutzen nizkion, eta bazuen ezpala, dudarik gabe. Gero Iruñera jo zuen, Opuseko unibertsitatean kazetaritza ikastera; handik urte batzuetara entzun nuen sari berezi bat eman ziotela, karrera osoa matrikulaz gainditu zuelako, eta bertan eman zioten irakasle-postutxo bat. Sakristau ez baizik abenturero izateko bokazio handiagoa zuen, ordea, eta bidaia exotikoak egiten eta bidaietako kontuak idazten espezializatu da. Besteak beste, munduko sakongune behekoenetara joan zen Pangea espedizioko partaidea izan zen, eta ibilaldi hartan oinarriturik aurkeztu berri du liburu bikain bat: "Los sótanos del mundo".

Ez du lehenengoa. Aurretik plazaratuak ditu "Palestina, ombligo del mundo", "El testamento del chacal" (oraingo liburuaren aurrekaria, Jibutiko bidaldia kontatzen duena), eta Tourreko abenturez osaturiko "Plomo en los bolsillos".

Zergatik erdaraz?, galdetzen diogu. Euskaraz ederki egiten du, ahoz nahiz idatziz. Pangea-ko bidaian zehar, kronikak bidali zituen "Zabalik"era eta Rikardo Arregi kazetaritza-saria eman zioten. Bidaiakide izan ditu euskaldun eta euskaltzale ezagunak: Josu Iztueta abentureroa, Maialen Lujanbio bertsolaria, Joxemi Saizar "Tolosaldeko Hitza"ko zuzendaria, Migel Mari Elosegi biologo eta hartzaren gaineko espezialista... Garbia bezain sinplea da arrazoia egilearen hitzetan: gaztelaniaz hobeto idazten du; arinago, aberatsago, adierazkorrago. Erantzun horren aurrean, ideologian oinarrituriko aitzakiak besterik ezin dizkiot aurpegiratu, eta horretarako gogorik ez nik.

Hala ere, Anderren liburu bat ikusten dudan aldiro, horren ondo idazten zuen mutiko hura galdu izanaren pena sentitzen dut; baina berak ere, ni ikusten nauen bakoitzean, kontzientziako harra sumatzen du, barrenean hozka eta hazka. Ea eraginik baduen!

Ezkertiarrak museorako pieza

xme 2005/06/15 08:00

Orain dela aste batzuk Belen Gopegui entzuten izan nintzen Artelekun. Espainian badira nobelagiIe onak, mordoxka, eta badira idazle ezkertiar konprometituak, gutxixeago agian, baina bi taldeetan batera daudenak oso-oso bakanak dira. Horietako bat Gopegui. Horregatik azaldu nintzen, jakin-minez. Aurkezpen jakintsu usteko negargarri bezain aspergarria egin zioten, baina Gopeguiren hitzaldia (paperetik irakurri zuen artikulua, zehatzago esanda) ondo egon zen, iraultzaren proiektuari eutsi beharraz eta. Gero mahai-inguruan nahiko maila eskasa eman zuela esan zidaten, baina ni alde egina nintzen ordurako eta ezin hitz egin ikusi ez nuenaz.

Dena dela, ez nuen Gopeguiren hitzaldiaz hitz egin nahi, azken aldiko joera batez baizik: ezkerreko intelektualek aspaldi samar utzi zioten kalean hitz egiteari, ez hainbeste haien utzikeriaz baizik kalea eztabaida-gune moduan basamortu bihurtu zelako; telebistan ere ez dituzu sarri ikusiko, audentzia ez dagoelako txapak entzuteko prest, eta boterea ere ez mezu subertsiboak etxe-zoko guztietara sartzen uzteko. Zirrikitu bat uzten zaie, ordea, Interneteko foro alternatibo eta aldizkari antisistema guztiez gain. Zein? Museoak.

Arteleku arte modernoaren ikerketa eta sustapenerako zentro bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Gopegui bezala, ezkerreko pentsalari ugari pasa da bertatik; adibidez Negri, Italiako ezker muturraren intelektual garrantzitsuena izandakoa. Baina ez pentsa Loiolako kuartelaren eta Martuteneko espetxearen tartean dagoen etxe hori gorrien azken sator-zuloa denik, ez. Orain dela gutxi zabaldu dute, Salamancan, Gaztela-Leongo Arte Garaikidearen Museoa (MUSAC), eta berriki iragarri duten hitzaldi-zikloan ikusi ditut, besteak beste, Ignacio Ramonet eta Stellman, pentsamendu alternartiboaren pope ezagunak, "boloak" egiten espezialistak.

Fenomeno honetaz lagun batekin eztabaidan jardun nuen aurrekoan. Berak zioen normala dela, kapitalismoak ia osorik irentsi duen gizarte batean artea dela bestelako mundu bat amesten dutenentzako lubakia, hortik antolatu eta gero erasoa jotzeko. Baliteke (banuen beste lagun bat, zinez sinesten zuena rock'n'rollak min egiten ziola sistemari). Apur bat zinikoa izanda, ordea (apur bat bakarrik), pentsa liteke sistema horri horixe komeni zaiola: gauza arraroen txokoan ibiltzea pentsalari iraultzaileak, bideo-arte kontzeptualarekin edo musika esperimental elektronikoarekin batean, xelebre guztiak nahas-mahas, beren jolas eta diru-laguntzatxoekin entreteniturik egon daitezen, munduko nagusiek mundua nahieran manejatzen duten bitartean.

Nazioen Nazioa

xme 2005/06/14 08:57

Editore katalan, galiziar eta euskaldunen topaketa izan genuela kontatu nizuen joan den astean. Horrelako bilerak Espainiako gobernuaren diru-laguntzaz egin beharko lirateke, "Autonomien Espainiaren" egiazko gauzatzea egiten baitugu: nork bere nortasunaren defentsa, baina elkarrekiko adiskidetasun jatorrean, ahalik eta paralelismorik gehien bilatu nahian, eta erdaraz jo eta sua: Ibarretxeri buruz, Fragaren gainean, Carod Roviraz...

Geure arlo profesionaleko kontu pare bat aipatuko dizuet ordea, idiosinkrasia espainola eta beronen barruko berezitasun erregionalak ezagutzeko aproposak izango direlakoan. Entzliklopedien salmentaz ari ginen; sektorean "kreditu-salmenta" esaten zaiona. Aspaldian gainbehera etorri da etxez etxeko salmenta modu hori, eta ez du burua altxatzeko itxura handirik, puska batean bederen.

Galizian bazuen indarra, hala ere, eta oraindik ere badu. Bizileku txikien sakabanaketagatik? Ez nuen galdetu. Nolanahi dela, era horretako liburukoteak egiten zituen enpresa galiziar batek bere eremu geografikoa zabaltzea pentsatu zuen, Espainian barrena saltzeko. Eta, horra poza, Andaluzian izugarri ondo saltzen zutela. Hura kultur egarria, hura liburuak hartzeko irrika! Era horretako liburuek bi arazo izaten dituzte, ordea, saltzailearentzat: bat, eroslea konbentzitzea; eta bigarrena, egiazki kobratzea. Eta Andaluzian gertatu omen zitzaien saldu bai, saltzen zutela, baina ordain-agiriak bueltan etortzen zitzaizkiela gero bankutik.

Jose Manuel Lara andaluz bizkor bat zen, Kataluniara joan eta inperiotxo kultural bat eraiki zuena: Planeta. Bere entziklopedien saltzaileak motibatzeko, sistema bitxi bat erabiltzen omen zuen Larak: saltzaileengana joan, haiekin zer edo zer hartzeko, nagusi-langileen arteko harreman sanoen bila edo; saltzailearen kotxean joatea gustatzen omen zitzaion horrelakoetan, eta orduan hasten omen zen zirika: "Kotxe xaxtar hau al daukak hik? Opel Astra bat? Hire kategoriako batek Mercedes bat eduki behar dik". Eta saltzailea eragozpenekin hasiz gero: "Dirua? Lasai, motel! Nik utziko diat, merke gainera". Auto berria erosteko konbentzituz gero, pozik Lara: bazekien gizajoa zorretan leporaino sartu zuela, eta egin ahala guztian saiatuko zela handik aurrera entziklopediak saltzen, batean eta bestean.

Goiko istorioak han entzun nituen. Gogoan neukan pasadizo euskaldun bat, baina isildu egin nuen, herri-lotsaz edo. Gutarren artean kontatuko dut orain. Bazen gure herrian entziklopedia-saltzaile bat, jendeari egundoko porru-haziak sartzen zizkiona: Mitxelenaren hiztegia salduko zuela esan eta RIEV aldizkariaren facsimileak bidali gero, berak saldotan eskuratuak (Revista Internacional de Estudios Vascos); horrelako trapukeriez gainera, bazuen jokabide maltzurrago bat: biktima-tipoa, mutilzahar abertzale, kultura gutxiko baina borondate onekoa; horrelako batengana joan, eta hor hasten omen zitzaion: "Bai, zuek manifestaziora joan eta Gora Euskadi esan bai; eta kulturea? E, kulturea zer?". Mutilzaharrak, lotsatuta, Mitxelenaren hiztegia erostea onartzen zuen arte. Eta RIEVen facsimileak jaso gero.

Estatistikak sinetsi gabe

xme 2005/06/13 09:56

Txistea egin ohi zen, estatistika zenbaterainoko zientzia arriskutsua den erakusteko-edo, nonbaiteko soziologoek, bataz bestekoak kalkulatu eta ondorioa atera zutela, herri hartako kide guztiek zeukatela titi bana eta zakil erdia. Ez dakit beraz datuak guztiz sinestekoak diren baina, aurreko batean, politikan dabilen lagun ezkertiar batek komentatu zidan euskaldunak zein neurritan gabiltzan puntaren puntan (edo atzeko ipurdian) zenbait estatistikatan: batetik, munduan ume gutxien egiten duen herria omen gara oraintxe bertan, eta bestetik, berriz, oporretan turismo gehien egiten duena, eta biztanleko taberna kopururik handiena daukana.

Hotzean pentsatuta, esne-bitsetan bizi baina gainbehera hurbil daukan herri baten erretratua aterako litzateke, ezta? Denys Arcand quebectarraren film zoragarriak berrikusteko moduan: "Le déclin de l'empire américain" eta "Les invasions barbares".

Datu horiexekin gogoratu nintzen aurreko asteburuan: lagun-talde bat genbiltzan tabernaz taberna, denak ere haurrik gabekoak, oporretan nora joatekoak ginen berriketan: bata, aste santuan Sirian egona, Myanmarrera zihoan orain; beste bat Kubara abuztuan eta New Yorkera udazkenean; hurrena, Vietnamen egona eta orain ez dakit nora... Ez da noski inkesta zientifikoa, baina bai esanguratsua.

Hedonisten antzutasun sozial hau konpensatzeko bezala, nire lankide batek alaba eder bat eduki zuen atzo: Uxue. Zorionak, Agurtzane, eta muxu handi bat.

Enbajadak eta enbaxadak

xme 2005/06/10 08:44

Ez dira gauza bera, badakizue, eta lehenengoak hurbilago izaten ditugu denok ere besteak baino. Hala ere, egun hauetan halako diplomazia antzeko zereginetan ibiltzea egokitu zaigu: editoreen Galeusca ari da ospatzen Donostian, argitaratzaile galiziar eta kataluniarrak dauzkagu bisitari, eta jendetasunez ibili behar.

"Badakik -azaldu nion lagun bati-: hitzaldiak entzun, hau eta beste komentatu, zurikeria pixka bat... paripea"

"Paripe... aparipe (afaririk gabe)?", galdetu zidan lagun adar-jotzaileak.

"Ez, ez: aparikin".

Enbajadak ugariago izaten ditugu hala ere, eta gehienak komentatu ezin direnak. Aipa litekeen bat kontatuko dizuet gaur. Auxtin Zamorak zuzentzen duen Hatsa elkarteak poema-liburu bat kaleratu ohi du urtero, eta azken urteetan Oñati, Tolosa eta Baionako batxilergoko ikasleak izan ohi dira bertan idazten dutenak. Horraino, ondo. Orain, berriz, zer izango eta, horrako hitzaurrea eskatu didatela. Zer esan, klixe gastatu eta intentzio oneko belaxkakeria izango ez denik? Besterik ezean, ironiara jo eta txantxa giroko testutxo hau bidali diet:

"Jorge Luis Borges idazle argentinarrari galdetu omen zioten behin batean, idazle ezagunei aldian behin egiten zaien galdera kursi horietako bat: Zer esango zenieke idazten hasten diren gazteei?

Borgesen erantzuna, antologikoa, topikoak galdetzen dituzten kazetarientzat neurri-neurrikoa: Ideia txar hori kendu beharko genieke burutik, ezta? ('Habría que disuadirles, ¿no?', izan ziren jatorrizko hitzak).

Eta orain niri eskatzen didate idazle gazteen poesia-bilduma baten hitzaurrea egiteko. Zer esan? Poesia dela biziaren arnasa, lorea, kolorea? Harrika ematekoa litzateke. Zuek gazteok bizi duzuela biziaren hatsa, lilia, pilpira? Zuzen-zuzenean hartu eta fusilatzeko modukoa.

Beraz, horixe: ez dizuet animozko hitzik botako. Ideia txar hori burutik kendu beharko zenuketela esango dizuet, probetxuzko gizon-emakume izango bazarete. Nik ez nion kasu egin aholku zuhur horri, eta ikusten duzue, nolako txorakeriak egiten nabilen orain."

Beste dilema bat: ederra ala azkarra?

xme 2005/06/09 07:16

"Hobe da guapoa eta tontoa izatea, itsusia eta bizkorra baino".

Hori esan zidanak edertasuna eta argitasuna, biak batzen zituen beregan. Asaldatu egin ninduen esaldiak. Pixka bat pentsatzen jarri nintzen. Kontzeptuak oso lausoak ziren: polit-itsusi, ergel-bizkor...

Saia gaitezen itxura zientifikoa ematen berez matematikoa ez den auzi honi: har dezagun magnitude bat, edertasuna, eta egin dezagun eskala bat, zerotik hamarrera: 0 guztiz itsusi eta zatarra izango litzateke, begiratzeak nazka ematerainokoa, eta 10 guztiz ederra, denen begiak erakarri eta itsutzeko modukoa. Egin dezagun beste horrenbeste argitasunarekin: 10 erabateko inteligentzia litzateke, eta 0 haren gabezia osoa.

Zer nahi genukeen galdetuz gero, erraza da bietan 10 nahi dugula esaten, edo 9na bestela, puntaren puntan egotea deseroso samarra izan liteke-eta. Orain imajinatu, jaio orduko, puntu kopuru bat ematen digutela, eta nahieran banatzeko aukera, bi ezaugarri horien artean. Adibidez, zuri 12 puntu egokitu zaizkizu bizitzaren loterian; nola banatuko zenituzke: 6 eta 6? 7 azkarrean eta 5 guapoan? Alderantziz akaso?

Hizpidea eman zidan lagunak garbi zeukan puntu gehiago hartuko lituzkeela edertasunean argitasunean baino, eta nabarmen gainera; nik kontra egiten nion, baina sendoa zen haren argudioa: "Mundu honetan zoriontsuagoa izan ohi da ergel polita azkar itsusia baino; eta gainera -jarraitu zuen- azkar itsusia ohartu egiten da bere zoritxarraz, eta bi aldiz sufritzen du horrenbestez". Biok ezagutzen genuen adibide bat ekarri zuen bere argudioen sendogarri, eta isildu egin nintzen.

Adibidetzat hartu genuena emakumezkoa zen; edertasunaren nagusitasuna aldarrikatzen zuena ere bai. Gure gizartearen falokrazia, misoginia, matxismoa egon liteke horrelako sentieren oinarrian. Esan nahi baita, gehiago baloratzen (are esijitzen) zaiola edertasuna emakumeari gizonezkoari baino, eta emakume bizkorra lan-munduan etsaitzat hartu. Ez dut ur handitan sartzeko astirik ordea. Gainera, ez dago gure izaera faktore bi horietara mugatzerik: hor dago alaitasuna, eta ontasuna, eta beste hainbeste.

Eskerrak, hala ere, tokatzen zaiguna tokatzen zaigula, ez dugun guk aukeratzen; erotu egingo ginateke bestela.

Txekhov-en dilema

xme 2005/06/08 08:00

"Nesdrovia Txekhov" antzezlana komentatu genuen txoko honetan orain dela aste batzuk; zinez ikustea merezi duen obra. Gaur ez nator propaganda egitera ordea, hango pasarte bat aipatzera baizik, zer pentsatua eman baitzidan entzun nuenean, eta zuei ere emango baitizue, ausaz, irakurritakoan.

Zenbait istorio korapilatzen dira antzerki horretan; horietako batean, protagonista seduktore bat da, Piotr Semionitx, emakume ezkonduak limurtu ohi dituena, metodo bitxi eta jakingarri batekin (isilpean gordeko dut sistema hori hala ere, ezin utziko ditut agerian sekretu guztiak). Emazte zintzo izandako bat bere sarera erakarri du Piotr Semionitxek, eta, limurtzailearen besoetara jausi baino lehen, aitorpen bat egiten dio; aitorpena egin, eta dilema bat planteatu. Hona antzezleak esandako testua, Ritxi Lizartzaren bertsioan:

"Baina aurretik utzidazu azkeneko gauza esaten: nik... nik izugarri maite dut nire senarra. Ez da ez apasionatua ezta erromantikoa ere. Gure elkarbizitza ez da idilikoa, baina bizimodu adeitsua da Beharbada gure harremanak ez du antzik nik ametsetan irudikatzen nuenarekin. Baina hala ere, ezin dut esan bere ondoan zoritxarreko emakumea naizenik. Zuregana nator, jakinik zuk besoetan hartzen nauzun unetik bertatik, nire ezkon bizitza, Maitasunezko nobela bat idazteko aukerarik emango ez duen ezkon bizitza hori, baina elkar ulertzea eta benetako kariñoa ematen digun ezkon bizitza hori, iragana izango dela. Zeuri dagokizu aukeratzea. Zure aukerak, edozein dela ere, miserable egingo nau, baina aldi berean betiko eskertuta egongo naiz. Ez nazazu erabili zure entretenimendurako... Nahiz eta hori egingo duzula ziur jakin, ez nizuke ezetz esango. Zurea naiz, egizu nirekin nahi duzuna. Piotr Semionitx... Desiratzen banauzu, zabaldu zure besoak eta zurekin joango naiz... Baina maite banauzu, emazu buelta, alde egingo dut, eta ez zaitut berriro ikusiko, ezta hitz egingo ere. Aukera zurea da, maitea, nire amodio maitea."

Aukera egin behar duenak jada galdu duela esan ohi zuten existentzialistek, eta antzeko zerbait sentitzen bide zuen Txekhovek. Piotr Semionitx seduktoreak zer egin zuen jakin baino lehen, begiratu zeure barnean, irakurle gizonezko horrek, eta esan zer egingo zenukeen, benetan, egoera horretan; galdetu zeure bihotzari, irakurle emakumezko horrek, eta pentsa zer nahiko zenukeen egitea Piotrek. Orain, eman diezaiogun hitza Txekhovi, istorioaren amaiera entzuteko:

"Piotr zalantzatan geratuko da. Ez daki zer egin. Ikusleei begiratuko die, emakumeari... harengana hurbildu nahi du, baina zerbaitek oztopo egiten dio. Azkenean buelta erdia emango du".

Roland Garros eta nobelistak

xme 2005/06/07 08:37

Ez esku-pilotako finala ez tenisekoa ikusi gabe geratu nintzen igandean; Aimar Olaizolaren garaipena galtzeak pena handiagoa eman zidan baina Roland Garrosekoa hartu nahi dut ahotan, aspaldi samarreko oroitzapenak ekarri baitizkit gogora.

Gaztetxoa nintzela, egunak luuuzatzen diren sasoi zoragarri honetan, arratsaldeak ez ziren horren zoragarriak izaten ikasten genbiltzanontzat, azterketak prestatzeko garaia baitzen, urte osoko bizimodu goxoaren ordain mikatza. Halakoetan, gainera, telebista piztu eta tenis-partidak, Paristik. Ez dakit tenisa zen zirraragarria, ala burua apunteetatik aldentzeko gogoa izugarria, baina orduko partidak eta jokalariak buruan iltzatuta geratu zaizkit, ordurako kiroletarako zaletasuna galdu samarra izan arren: Ilia Nastase, Ivan Lendl, Guillermo Vilas, John McEnroe, Jimmy Connors, Borg... Txikitako izarrak adieraztea bezalakorik ez dago gure adina agerian uzteko.

Tenisaren eta apunteen arteko norgehiagokaren antzekoa bizi izan dut geroztik. Orain dela gutxi Katixa Agirrek galdetzen zuen ba al dagoen nobela bat idazten ari den norbaitekin bizitzea baino okerragorik. Bai, erantzungo nioke: norbera izatea nobela bat idatzi nahian ari dena. Tira, ez naiz kexuka hasiko: Gustavo Martín Garzo-ri irakurri berri diot, liburu bat ateratzean, berau idaztea zenbat kostatu zaigun esatea dela, gutxi gorabehera, baten bat afaltzera gonbidatu eta hari aurpegira esatea bezala afaria zein garesti atera zaigun. Ez dut negarrik egingo beraz; baina bai komentatu, sormenezko zerbait idazten hasten naizenean, orduantxe pizten zaidala, inoiz baino biziago, hau eta beste irakurtzeko premia, gaztetan tenis-partidekin bezala. Liburu-denda eta liburutegietan sartu eta ezin erakargarriagoak iruditzen zaizkit apaletan ikusten ditudanak, eta ezin eutsi bat edo beste hartzeko tentazioari: Martín Garzo eta Martin Amis, Ian McEwan eta Iñaki Segurola... Horrelako liburuak irakurtzeko modua edukita, zertarako hasiko naiz ba ni ezer idazten?

Roland Garrosen, bosgarren setera iristen ziren partida haiek egundokoak ziren, baina halako batean amaitzen ziren, eta orduan apunteei ekin beste erremediorik ez nuen izaten. Ea nik ere, halako batean arrastoan sartu eta esku artekoari heltzen diodan.

Larre motzekoak

xme 2005/06/06 09:03

(Goierriko Hitza-n atzo argitaratua)

Baditut bi lagun, senar-emazteak, Goierrikoa bata eta Beterrikoa bestea. Urtean behin-edo ikusten dugu elkar, sagardotegian gehienetan, eta, halakoetan, bi eskualde hauen arteko aldeak nabarmentzera jotzen du sarritan berriketaren hariak.

Nire lagun beterritarrak dio, beren inguru hartan “dagoenean bon-bon ez dagoenean egon” jokatu ohi duela jendeak, diru pixka bat irabazitakoan pozik gastatuz, eta bestela nola-hala aguantatuz. Goierrikook, berriz, larre motzean ohitutakoak omen gara, eta larrea hazita ere lehengo legeari eusten diogunak; goierritarraren ametsa izaten omen da, hasteko, lana gogor egin, dirua ondo irabazi, irabazitakoa ondo gorde; eta gero, Donostian pisua erosi. Hori esaten duenean beterritarraren irri gaixtoa ikusi beharko zenukete.

Topiko guztiek izaten dute egiazko oinarri bat, eta erretratu horretan gutako askok ikusi ahalko du bere buruaren irudia. Hala ere, iruditzen zait garaiak asko aldatu direla, eta aspaldi honetan ederki berdintzen ari garela denok ere: goierritar eta beterritarrak hasteko, euskaldunak eta espainolak ondoren, eta, aurki, baita europar eta txinatarrak ere.

Gauzen martxa halakoa bada, zertan geratuko da gure larremotzeko izate hori? Alde batera, galtzen bada penarik ez: ondo bizitzeko moduan baldin bagara ikas dezagun bizitzaz gozatzen, seme-alabentzat geratuko den Donostiako pisuaz pentsatu ordez; gure bailararen arlotekeria kulturalak ere badu zerikusia lana eta irabazia ez den beste guztiari egin diogun ezikusiarekin.

Bestetik, baina, noiz artekoa izango dugu behi gizenen aldi hau? Historiak bezala zentzuak ere argi erakusten digute ez dela betiko. Gero zer etorriko den ezin jakin, baina, badaezpada, kalterik ez larre motzean moldatzen ikasten badugu, bai guk bai gure ondorengoek. Beterriko gure lagunek noren lepotik barre egin eduki dezaten.

Bolero japoniarra

xme 2005/06/03 09:52

Alessandro Baricco-k idatzitako "Zeta" eleberriaren antzerkirako bertsioa prestatu dute Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak, eta, azken horrek zuzendurik, oholtzara eraman du Hika taldeak. Atzo egin zuten estreinaldia Donostiako Antzoki Zaharrean, eta asteburu osoan izango da ikusteko aukera.

Orain dela bederatzi urte kaleratu zuen Baricco italiarrak bere nobelatxoa, eta egundoko arrakasta lortu zuen Europa osoan: milaka ale saldu ziren, sariak eta kritika onak eskuratu, beste hizkuntza askotara itzuli zen... baita euskaraz ere, Igela argitaletxearen eta Koldo Biguriren eskutik.

Bariccoren lanak gai zahar bat aurkezten du (maitasun-hirukia), baina halako erakargarritasuna duen inguru exotiko batean kokatua eta edertasun erromantikoa ematen dion planteamenduaz: XIX. mendearen erdi aldera, zeta egiteko harren bila doa gazte frantziar bat Japonia isolatura; emazte gaztea uzten du herrian, emakume misteriotsu bat deskubrituko du ekialdean, eta bien artean bihotz-urratuta sentituko da. Bolero zaharrak zioen moduan: "Nola maita litezke / ber denboran bi andre / erotu gabe".

Osagai horiekin istorio sentimental ohiko bat egin zitekeen, baina "Zeta" berritzailea da: egitura etenkaria du, pieza txikiz osaturiko mosaiko bat balitz bezala, gauza asko erdizka esanda uzten ditu, iradokizuna bilatzen du, sentsualtasuna dario, eta poetikotasunaz blaitzen gaitu. Horrez gainera, istorioa ere ez da betiko topiko gastatuz eraikia, eta baditu osagai bereziak, hemen aurreratuko ez ditugunak; horrek guztiak liluratu zituen hainbat irakurle, baita antzerki-talde honen arduradunak ere, eta horixe transmititu nahi izan digute ikusleoi. Lortu duten? Bai eta ez.

Nobelatik antzerkirako pausoa ondo egina dago; egokitzea egokia da. Eta jatorrizko lanaren elementu guztiak daude hemen, Intxaurragak bere obretan maite dituen ezaugarriez hornituak: fru-fru egiten duten eszenografiak eta aktoreen mugimendu koreografikoak. Patchwork egitura gordetzen da, sujerentziaz betea dago argiztatzea, sentsualak dira japoniarrena egiten duten aktore emakumezkoen atzera-aurrerak... Eta hala ere, antzezkizunak ez ninduen konbentzitu: amaitu ezinik ibili zen azken partean; aktoreak lotuegi, zurrunegi; dekoratua motz samar...

Hala ere, gauza bat argitu behar dut: niri ez zitzaidan gustatu Baricco-ren nobela; beraz, hortxe egon liteke beharbada ikuskizunaz ezin gozatuaren funtsa, eta ez antzerkiratzeko moduan.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.