Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Nazioen Nazioa

Nazioen Nazioa

xme 2005/06/14 08:57

Editore katalan, galiziar eta euskaldunen topaketa izan genuela kontatu nizuen joan den astean. Horrelako bilerak Espainiako gobernuaren diru-laguntzaz egin beharko lirateke, "Autonomien Espainiaren" egiazko gauzatzea egiten baitugu: nork bere nortasunaren defentsa, baina elkarrekiko adiskidetasun jatorrean, ahalik eta paralelismorik gehien bilatu nahian, eta erdaraz jo eta sua: Ibarretxeri buruz, Fragaren gainean, Carod Roviraz...

Geure arlo profesionaleko kontu pare bat aipatuko dizuet ordea, idiosinkrasia espainola eta beronen barruko berezitasun erregionalak ezagutzeko aproposak izango direlakoan. Entzliklopedien salmentaz ari ginen; sektorean "kreditu-salmenta" esaten zaiona. Aspaldian gainbehera etorri da etxez etxeko salmenta modu hori, eta ez du burua altxatzeko itxura handirik, puska batean bederen.

Galizian bazuen indarra, hala ere, eta oraindik ere badu. Bizileku txikien sakabanaketagatik? Ez nuen galdetu. Nolanahi dela, era horretako liburukoteak egiten zituen enpresa galiziar batek bere eremu geografikoa zabaltzea pentsatu zuen, Espainian barrena saltzeko. Eta, horra poza, Andaluzian izugarri ondo saltzen zutela. Hura kultur egarria, hura liburuak hartzeko irrika! Era horretako liburuek bi arazo izaten dituzte, ordea, saltzailearentzat: bat, eroslea konbentzitzea; eta bigarrena, egiazki kobratzea. Eta Andaluzian gertatu omen zitzaien saldu bai, saltzen zutela, baina ordain-agiriak bueltan etortzen zitzaizkiela gero bankutik.

Jose Manuel Lara andaluz bizkor bat zen, Kataluniara joan eta inperiotxo kultural bat eraiki zuena: Planeta. Bere entziklopedien saltzaileak motibatzeko, sistema bitxi bat erabiltzen omen zuen Larak: saltzaileengana joan, haiekin zer edo zer hartzeko, nagusi-langileen arteko harreman sanoen bila edo; saltzailearen kotxean joatea gustatzen omen zitzaion horrelakoetan, eta orduan hasten omen zen zirika: "Kotxe xaxtar hau al daukak hik? Opel Astra bat? Hire kategoriako batek Mercedes bat eduki behar dik". Eta saltzailea eragozpenekin hasiz gero: "Dirua? Lasai, motel! Nik utziko diat, merke gainera". Auto berria erosteko konbentzituz gero, pozik Lara: bazekien gizajoa zorretan leporaino sartu zuela, eta egin ahala guztian saiatuko zela handik aurrera entziklopediak saltzen, batean eta bestean.

Goiko istorioak han entzun nituen. Gogoan neukan pasadizo euskaldun bat, baina isildu egin nuen, herri-lotsaz edo. Gutarren artean kontatuko dut orain. Bazen gure herrian entziklopedia-saltzaile bat, jendeari egundoko porru-haziak sartzen zizkiona: Mitxelenaren hiztegia salduko zuela esan eta RIEV aldizkariaren facsimileak bidali gero, berak saldotan eskuratuak (Revista Internacional de Estudios Vascos); horrelako trapukeriez gainera, bazuen jokabide maltzurrago bat: biktima-tipoa, mutilzahar abertzale, kultura gutxiko baina borondate onekoa; horrelako batengana joan, eta hor hasten omen zitzaion: "Bai, zuek manifestaziora joan eta Gora Euskadi esan bai; eta kulturea? E, kulturea zer?". Mutilzaharrak, lotsatuta, Mitxelenaren hiztegia erostea onartzen zuen arte. Eta RIEVen facsimileak jaso gero.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.