Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Estatistikak sinetsi gabe

Estatistikak sinetsi gabe

xme 2005/06/13 09:56

Txistea egin ohi zen, estatistika zenbaterainoko zientzia arriskutsua den erakusteko-edo, nonbaiteko soziologoek, bataz bestekoak kalkulatu eta ondorioa atera zutela, herri hartako kide guztiek zeukatela titi bana eta zakil erdia. Ez dakit beraz datuak guztiz sinestekoak diren baina, aurreko batean, politikan dabilen lagun ezkertiar batek komentatu zidan euskaldunak zein neurritan gabiltzan puntaren puntan (edo atzeko ipurdian) zenbait estatistikatan: batetik, munduan ume gutxien egiten duen herria omen gara oraintxe bertan, eta bestetik, berriz, oporretan turismo gehien egiten duena, eta biztanleko taberna kopururik handiena daukana.

Hotzean pentsatuta, esne-bitsetan bizi baina gainbehera hurbil daukan herri baten erretratua aterako litzateke, ezta? Denys Arcand quebectarraren film zoragarriak berrikusteko moduan: "Le déclin de l'empire américain" eta "Les invasions barbares".

Datu horiexekin gogoratu nintzen aurreko asteburuan: lagun-talde bat genbiltzan tabernaz taberna, denak ere haurrik gabekoak, oporretan nora joatekoak ginen berriketan: bata, aste santuan Sirian egona, Myanmarrera zihoan orain; beste bat Kubara abuztuan eta New Yorkera udazkenean; hurrena, Vietnamen egona eta orain ez dakit nora... Ez da noski inkesta zientifikoa, baina bai esanguratsua.

Hedonisten antzutasun sozial hau konpensatzeko bezala, nire lankide batek alaba eder bat eduki zuen atzo: Uxue. Zorionak, Agurtzane, eta muxu handi bat.

etiketak: Saski Naski
xme
xme dio:
2005/06/13 15:26

Arrazoia!

Eskerrak ez dudan EGA atera behar, bestela...

jj
jj dio:
2005/06/13 15:22

Galdera bat bakarrik (ez du intentzio txarrik). Umea eduki? Orain edukiko du umea, ezta? Izan eta gero!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.