Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Beste dilema bat: ederra ala azkarra?

Beste dilema bat: ederra ala azkarra?

xme 2005/06/09 07:16

"Hobe da guapoa eta tontoa izatea, itsusia eta bizkorra baino".

Hori esan zidanak edertasuna eta argitasuna, biak batzen zituen beregan. Asaldatu egin ninduen esaldiak. Pixka bat pentsatzen jarri nintzen. Kontzeptuak oso lausoak ziren: polit-itsusi, ergel-bizkor...

Saia gaitezen itxura zientifikoa ematen berez matematikoa ez den auzi honi: har dezagun magnitude bat, edertasuna, eta egin dezagun eskala bat, zerotik hamarrera: 0 guztiz itsusi eta zatarra izango litzateke, begiratzeak nazka ematerainokoa, eta 10 guztiz ederra, denen begiak erakarri eta itsutzeko modukoa. Egin dezagun beste horrenbeste argitasunarekin: 10 erabateko inteligentzia litzateke, eta 0 haren gabezia osoa.

Zer nahi genukeen galdetuz gero, erraza da bietan 10 nahi dugula esaten, edo 9na bestela, puntaren puntan egotea deseroso samarra izan liteke-eta. Orain imajinatu, jaio orduko, puntu kopuru bat ematen digutela, eta nahieran banatzeko aukera, bi ezaugarri horien artean. Adibidez, zuri 12 puntu egokitu zaizkizu bizitzaren loterian; nola banatuko zenituzke: 6 eta 6? 7 azkarrean eta 5 guapoan? Alderantziz akaso?

Hizpidea eman zidan lagunak garbi zeukan puntu gehiago hartuko lituzkeela edertasunean argitasunean baino, eta nabarmen gainera; nik kontra egiten nion, baina sendoa zen haren argudioa: "Mundu honetan zoriontsuagoa izan ohi da ergel polita azkar itsusia baino; eta gainera -jarraitu zuen- azkar itsusia ohartu egiten da bere zoritxarraz, eta bi aldiz sufritzen du horrenbestez". Biok ezagutzen genuen adibide bat ekarri zuen bere argudioen sendogarri, eta isildu egin nintzen.

Adibidetzat hartu genuena emakumezkoa zen; edertasunaren nagusitasuna aldarrikatzen zuena ere bai. Gure gizartearen falokrazia, misoginia, matxismoa egon liteke horrelako sentieren oinarrian. Esan nahi baita, gehiago baloratzen (are esijitzen) zaiola edertasuna emakumeari gizonezkoari baino, eta emakume bizkorra lan-munduan etsaitzat hartu. Ez dut ur handitan sartzeko astirik ordea. Gainera, ez dago gure izaera faktore bi horietara mugatzerik: hor dago alaitasuna, eta ontasuna, eta beste hainbeste.

Eskerrak, hala ere, tokatzen zaiguna tokatzen zaigula, ez dugun guk aukeratzen; erotu egingo ginateke bestela.

etiketak: Saski Naski
Petrus
Petrus dio:
2005/06/15 00:36

Azken komentarioak kendu dit mingainetik (teklautik?) buruan nuena: beti "edo"ka ibili beharrean zergatik ez "eta"ka? Tontoa ta itsusia; guapoa ta azkarra.

asier
asier dio:
2005/06/09 10:53

"Mundu honetan zoriontsuagoa izan ohi da ergel polita azkar itsusia baino; eta gainera -jarraitu zuen- azkar itsusia ohartu egiten da bere zoritxarraz, eta bi aldiz sufritzen du horrenbestez".

Hori bai esaldi borobila.

Patxi
Patxi dio:
2005/06/09 12:39

Bada nere herrian gizon bat, jubilatu bat, zeharo liluratuta naukana. Okotza falta zaio. Oso desitxuratuta dago. Ahalegin haundiak egin behar dituzu hari ulertzeko, ezin baitu ondo hitzegin. Pentsatzen jartzen naiz beti haren tokian nik ez nukeela bizitzeko gogo haundirik izango. Kontua da, bera pozik dagoela beti, beti irripartsu...

Argitasuna definitzerakoan kontuz ibili behar da. Neretzako lagun argia da bizitzako gauza oinarrizkoak oso ondo ulertzen dituena. Gizon argi argiak, intelijenteak, oinarrizkoena ikusteko gauza ez direnak, nahi beste aurki ditzakezu, egunero, edonon.

Berekoi izan gabe lasaia dan hura, hori emaidazu neri. Itsusia ala ederra berdin dit. Halakoa nahi det izan haunditan nik. Lasaia. Okotzik gabe ere, berdin dit.

Orain errezegi urduritzen naizen mutiko guapo guapo azkar irresistiblea naiz. (tarteka lasaitzeko gauza naiz eta asko gozatzen det bizitza, baina honetan ez da konformaerreza izatea komeni. Etengabeko lasaitasuna bilatu behar da. Ea egunen batean lortzen dedan)

Dolly
Dolly dio:
2005/06/09 13:00

Ahizpa eta biok egin genion elkarri hurrengo galdera, artean herabe txoriburuak ginela: jenio bati desio bat eskatzeko aukera izatekotan, zer eskatuko zenioke: edertasun gehiago ala intelijentzia gehiago? Nik edertasuna eskatuko nioke, nire ahizpak, berriz, intelijentzia. Zalantza izpirik gabe erantzun genuen biok. Garai hartan nerabeek izan ohi duten itxura trantzitorio horren jabe nintzen, argalegia, granoz beterik. Eta edertasunaren aferan laguntza behar nuela sentitzen nuen. Nire ahizpa, ordea, beti izan da oso polita. Eta eskatzekotan, azkartasuna hoberizten zuen.

Orain nire iritzia aldatu dut -ahizpak ez dakit, galdetu egingo diot- azkartasun eta edertasunean "que me quede como estoy" eskatzen dut, txisteak zioen bezalaxe. Bestelako gauzak eskatuko nizkioke jenioari: adorea, indarra, zuzentasuna, gehiago disfrutatzeko eta gutxiago sufritzeko kapazidadea... baina, pentsatzen jarrita, geroz eta gehiago zabaltzen ari dira intelijentzia determinatzeko irizpideak, eta agian, aurrean aipaturikoak ere intelijentziaren ebidentziak dira.

aitor
aitor dio:
2005/06/09 14:48

Oker ez banago Einsteini (ez nago ziur, agian beste norbait zen, baina kasurako balio du) galdetu omen zion modelo eder batek: Albert, sekula pentsatu al duzu nolako umeak izango genituzkeen zure inteligentzia eta nire edertasunarekin?

Eta Einsteinek erantzun omen zion: Eta.. nire edertasunarekin eta zure inteligentziarekin irteten badira?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.