Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Euskarak galdutako idazlea

Euskarak galdutako idazlea

xme 2005/06/16 09:18

Idazle berriak modu askotara iristen dira argitaletxeko atera. Batzuk bere kasa eta beste batzuk editoreak deituta, sariketa batean edo aldizkariren batean ikusi eta gero; baina badira beste hainbat modu ere. Gogoan dut Joxean Azpiroz zenak (Europako dozena erdi hizkuntza eta euskararen beste hainbeste dialektu praktikatzea gustatzen zitzaion tipo berezia, Heinrich Böll euskaratu zuena) Kutxako bere lankide jator bat ekarri zigula behin: Patxi Cano, Granadako semea oker ez banago, Donostiara etorri eta euskara ikasi zuena, eta, honetara nentorren, seme bat zeukana izugarri ondo idazten zuena.

Garaitsu hartan, gure lantokian bankuekiko harremanez arduratzen zen Xabier Legarra etorri zitzaidan, BBVn ezagutzen zuela gizon bat, Iñaki Izagirre, seme bat zeukana izugarri ondo idazten zuena. "Hara -pentsatu nuen neure artean-, lehen baserria eta seminarioa bezala, aurrezki-kutxa izango da orain idazleen harrobia; edo idazleen gurasoena behinik".

Orain dela hamabost bat urteko kontua da hau, Harkaitzek hamabost urte eta Anderrek hamalau zituztela. Handik bolada batera, 1992an oroimena ondo baldin badabilkit, biak izango ziren Lubaki bandaren sortzaileetakoak. Kazetari onak, bertsoetako gai-jartzaileak, musikari showmanak eta tabernari artistak sortu dira handik, besteak beste; idazleak, ez horrenbeste. Bat Cano, dudarik gabe; eta bestea Ander Izagirre, gure artean hain ezaguna ez bada ere. Izan ere, eta hauxe da nire arantza, erdal idazle bihurtu baitzen Izagirre.

Gaztetxoa zela euskaraz idatzitako hainbat ipuin saritu ezagutzen nizkion, eta bazuen ezpala, dudarik gabe. Gero Iruñera jo zuen, Opuseko unibertsitatean kazetaritza ikastera; handik urte batzuetara entzun nuen sari berezi bat eman ziotela, karrera osoa matrikulaz gainditu zuelako, eta bertan eman zioten irakasle-postutxo bat. Sakristau ez baizik abenturero izateko bokazio handiagoa zuen, ordea, eta bidaia exotikoak egiten eta bidaietako kontuak idazten espezializatu da. Besteak beste, munduko sakongune behekoenetara joan zen Pangea espedizioko partaidea izan zen, eta ibilaldi hartan oinarriturik aurkeztu berri du liburu bikain bat: "Los sótanos del mundo".

Ez du lehenengoa. Aurretik plazaratuak ditu "Palestina, ombligo del mundo", "El testamento del chacal" (oraingo liburuaren aurrekaria, Jibutiko bidaldia kontatzen duena), eta Tourreko abenturez osaturiko "Plomo en los bolsillos".

Zergatik erdaraz?, galdetzen diogu. Euskaraz ederki egiten du, ahoz nahiz idatziz. Pangea-ko bidaian zehar, kronikak bidali zituen "Zabalik"era eta Rikardo Arregi kazetaritza-saria eman zioten. Bidaiakide izan ditu euskaldun eta euskaltzale ezagunak: Josu Iztueta abentureroa, Maialen Lujanbio bertsolaria, Joxemi Saizar "Tolosaldeko Hitza"ko zuzendaria, Migel Mari Elosegi biologo eta hartzaren gaineko espezialista... Garbia bezain sinplea da arrazoia egilearen hitzetan: gaztelaniaz hobeto idazten du; arinago, aberatsago, adierazkorrago. Erantzun horren aurrean, ideologian oinarrituriko aitzakiak besterik ezin dizkiot aurpegiratu, eta horretarako gogorik ez nik.

Hala ere, Anderren liburu bat ikusten dudan aldiro, horren ondo idazten zuen mutiko hura galdu izanaren pena sentitzen dut; baina berak ere, ni ikusten nauen bakoitzean, kontzientziako harra sumatzen du, barrenean hozka eta hazka. Ea eraginik baduen!

etiketak: Saski Naski
aitor
aitor dio:
2005/06/16 13:26

Ez dut kasua denik esan nahi, baina inguruan begiratuta jendearen irakurgaiek eragin zuzena dutela uste dut. Irakurtzeko ohitura duen jende asko dut inguruan zorionez, eta aberasgarri izanik ere, orohar gazteleraz irakurtzen du jendeak. Are gehiago, batik bat gaztelerara itzulitako liburuak irakurtzen ditu jendeak. Nire ustez horrek guztiak sormenean eragin zuzena du, eta (ez naiz Anderri buruz ari, nik ere idazle ona dela uste dut eta zalantzarik ez dut irakurlea ere ona izango dela) jendeak "ponpoxokeria" erderaz idatzi eta elegantetzat jotzen du, esate baterako. Euskarazko ponpoxokeria kutrea da, ordea.

Alegia, erdaraz mila buelta eta kiribuelta emandako esaldi amaiezina "literaturatzat" du jendeak, eta euskarazkoa ia kode ulertezintzat.

Esan nahi dudana da, ama-hizkuntza euskara duen eta erdaraz (gazteleraz, hobeto esanda) irakurtzen duen jendeak gutxienez ustezko idaz-maila hobea duela gazteleraz euskaraz baino.

Askotan pentsatu izan dut euskarazko luma guztiak pedanteak ote diren edo gazteleraz luma pedanterik ez ote dagoen. Nik zalantzarik ez dut, denean dago denetik.

Eta bai, niri ere gustatuko litzaidake euskarak Ander bezalako idazleak errekuperatzea.

grego
grego dio:
2005/06/19 13:06

Hor faltan bota zen kontratu millonario bat.

Patxi
Patxi dio:
2005/06/18 02:38

Nik oso ondo ulertzen det Anderren erabakia.

Nik txikitan dana, edo ia dana, erderaz jasotzen nuen. Komikizale amorratua nintzen. Telebista zalea ere bai. Eta gozatu egiten nuen txikitan erderaz idazten eskolan.

Xabierrek arintasuna, adierazkortasuna eta aberastasuna aipatzen ditu.

Baina seguruenik, Anderrek beste arrazoi batzuk ere izango dituela, guztiz sentimentalak. Bere bereak. Oroimenak, bizipenak, lagunak...

Guzti hauek euskeraz dituenak, nekez joko du maitale erdaldunarengana.

Nere kasuan adibidez, nere oroimenik politenak, bizipenik politenak, lagunik onenak, euskaldunak dira.

Nik erderaz oso ondo (euskeraz bezain ondo) idatzi nezake, hartara jarri ezkero, baina ezin nere maitea alde batera utzi beste batekin juteko.

Eta horretaz gain, hizkuntza ez da mekano soil bat, pieza gehiago edo gutxiago dituena. Hizkuntza beste zerbait da: musika da, izaera da.

Euskaldunon akatsa da, pentsatzea hizkuntza zenbatu edo neurtu daitekeen gauza dala. Hau, bestea baino... ago.

Eta horrek - beste arrazoi batzuren artean - eramaten du euskaldun asko, ustezko "seat 600"az (euskeraz) lotsatu, eta Marseratia (erdera) erabiltzera.

Begi bistakoa dana ezin ikusiz: Seat 600 bat baino, Rolls Royce dotore imitaezina dala gurea.

Ander
Ander dio:
2005/06/19 20:20

Xabier:

Zurekin esker onekoa izateko beste aukerarik ez daukat. Alfonbra gorria jarri didazu beti -argitaletxeen labirinto arantzatsu horretan idazle gutxik izaten duten suertea- eta azken urteotan nire bide eta erabakiak errespetuz eta kariñoz ere jarraitu dituzu. Zure blog horretako testuan ere hala tratatu nauzu. Eskerrak, beraz.

Gazteleraz zergatik idazten dudan ondo ulertzen duzu. Nire etxeko hizkuntza da, gertuko lagun gehienena, nire heziketa unibertsitarioan eta lanbidean gehien irakurri, idatzi eta landu dudana, naturaltasun handiagoz erabiltzen dudana. Euskara ere lanerako eta sormenerako tresna da niretzat (azken hilabeteotan argitaratu ditudan kazetaritza lan gehienak euskaraz idatzi ditut; beste kontu bat da horiek zenbateko arreta pizten asmatu duten, zeingoiou). Bai, arinago, aberatsago, adierazkorrago idazten dut gazteleraz (edo okerrago euskaraz :-). Eta seguru naiz gazteleraz idazteko erabaki hori inoren aurrean justifikatzeko beharrik ez dudala pentsatzen duzula, nik bezala; hemen ere hori egiteko obligaziorik ez nuela.

Baina batzutan halako azalpenak emateko beharrean egon naiz, zurea bezalako errespetuaren ordez liburuak euskaraz idatzi beharko nituzkeela exijitu didanik ere topatu izan dudalako: asmo onez eta modu gozo antzekoan ia beti, baina kargu hartzen duenaren tonu horrekin, ondokoari lana nola egin behar duen esaten dionaren lotsagabekeria punttu horrekin. Ez daukat eztabaida horretan denbora eta energia asko galtzeko asmorik. Euskara lanerako eta sormenerako tresna dudala esan dut lehen: tresna, eta ez helburu. Bakoitzak bere batailak aukeratzen ditu, eta nirea ez da hizkuntzaren defentsarena (bide batez: literatura hizkuntzaren defentsan nahastea ez zait oso estrategia egokia iruditzen... literaturarentzat). Nik ez dut idazten hizkuntza bat ala bestea sustatzeko, nire ustez merezi duen zerbait kontatzeko baizik. Nire lanetan, nire liburuetan eta agian nire bidaietan ere beste mota bateko batailak aurki daitezke: horien inguruko epaiak eta kritikak dira gehien interesatzen zaizkidanak. Interes eta aukeraketa kontua.

Gogoan dut argitaratzaile gazte batek iritzi-artikulu batean nolako kezkak azaltzen zituen idazle euskal herritarren artean “euskal” idazleak benetan zein ziren argitzeko. Sailkapenetarako obsesio horiek barregarri samarrak iruditzen zaizkit, niri adjektibo hori batzutan erantsi eta beste batzutan erori egiten zaidalako, eta ondorioz ez dakit argitaratzaile horrek non sailkatuko nindukeen. Barregarriak baino, antzuak iruditzen zaizkit. Label horiek ez dutelako literaturarekin zerikusirik. (Lokatzetan sartuko naiz: label horiek garrantzitsuak dira, hori bai, habitat paraliterario bat antolatu nahi dutenentzat, dirulaguntzak banatu, elkarte eta kofradiak antolatu edo Frankfurteko Azokara zein idazle kataluniar joango den erabakitzeko, adibidez. Kasu horretan ez dakit Azokak lurralde bateko idazleak gonbidatzen dituen ala hizkuntza jakin batean idazten dutenak. Irizpidea lurralde batekoak gonbidatzearena baldin bada, lurralde horretan hizkuntza desberdinetan idazten dutenak baztertzea aberastasun kultural bat ukatzea da: Katalunian katalunieraz, gazteleraz eta, inshallah, arabiarrez ere idatziko luketen idazle kataluniarrak baleude, panorama askoz interesgarriagoa litzateke, jakina, Frankfurten eta edonon erakusteko. Lurralde bat = hizkuntza bat formula triste horren kontra).

Kontua hauxe da, beraz: idazle baten ezaugarria edo berezitasuna edo balio literarioa ez dela idazten duen hizkuntzaren baitakoa. Literaturaren ikuspegitik, idazle bat “euskal” ala “erdal” izateak ez du garrantzia erabakigarririk. Horregatik, ez dakit nirekin euskarak idazle bat galdu ote duen, baina zuk idazle bat galdu duzunik ez dut uste (hizkuntzaren aukeraketaren erruz behintzat). Enpresa-ikuspegi batetik esaten baduzu bai, zuekin ez dudalako inoiz libururik argitaratu, baina hori ere seguruenik zuen ekonomiaren mesederako izango zen : -)

Kontzientziako harrak hozka eta hazka egiten dit ikusten zaitudan bakoitzean, egia da. Baina ez euskararekiko balizko konpromiso bati huts egitearen sentsazioa dudalako. Tira, horrelako zerbait ere badagoenik ezin dut erabat ukatu. Baina kontzientziako harraren arrazoi nagusia bestelakoa da: zuk argitaletxeko ateak beti zabalduta izan dituzula niretzat, eta orain arte aukera hori aprobetxatzeko modurik ez dudala aurkitu.

Itxaropenik ez dugu galduko. Besarkada bat,

Ander

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/06/21 14:13

Oso argi eta modu lasaian adierazi dau Ander Izagirrek esan beharrekoa, baita Xabierrek be. Izan behar dan moduan.

Eta neure eritxia emoten badot, aukeraketa kontu askeez gabilzala uste dot. Aukeratzeko askatasunaz, kasu honetan zer idatzi eta zer irakurri erabakitzeko askatasunaz. Eta hori positiboa eta unibertsala izan behar da. Inork inor-inoiz-ezer ez inposatzea. Ez ideologia baten izenean, ez merkatuaren logikaren izenean, ezta hiztunen kopuruen izenean be. Eta ildo horretatik, irakurle batzuk erdaraz beti irakurtzeko erabakia hartzen dabe, nahiz eta beste arlo batzuetan euskaraz aritu. Kasu hauek oso arruntak dira, arruntegiak neure eritxiz, baina tira.

Hain ohikoa ez dana da euskaradun gazte batek erdaraz idazteko erabakitzea. Lehengo egunean be, Bilboko Liburu Azokan, idazle zarauztar gazte baten lanaren barri eduki neban. Ez naz izenaz gogoratzen, baina bai poseia lantzen dauala, erdaraz.

Kasu hauetan euskarak (hizkuntzak) ez dau idazlerik galtzen ezta libururuk be. Galtzen dogunok irakurle euskaldunak gara, euskal hiztunok galtzen ditugu liburu horiek euskaraz irakurteko posibilitatea.

Eta argi dagoenez, idazleak zein hizkuntzataz idaztea erabakiten dauan moduan, irakurleok be zein hizkuntzataz irakurri ebazten dogu. Zein irizpideren arabera erabakitzen dogu? Batzuk plazerragatik, bestetzuk ideologiagatik, edo identitateagatik, edo estetikagatik (Fermin Etxegoienek esaten dauan legez),...

Baina, behintzat, irakurle euskaldunok erdara edo euskara artean aukeratzeko posibilitatea deukogula, erdaldunek ez deukiena. Zeozer bada, ezta?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.